Ametsa bukatu da

  • Dirutza, fama, arrakasta. Eta buruan, asmo bakarra: hurrengo entrenamendua, hurrengo lehiaketa. Egun batetik bestera, baina, podiumetik jaitsi eta dirutzarik, famarik, arrakastarik, kirolik gabeko bizimodura ohitu behar dute goi-mailan arituek.
Abraham Olano
Abraham OlanoDani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
“Eman dizkigute autoak, zapatilak, denetik ordaindu digute… Famara eta dirura ohitu gara urte pilotan, eta bat-batean diru-iturria eten egiten da eta fokuak itzali, ez zara maitatua sentitzen, jendeak jada ez dizu deitzen, eta lehen gauzarik txikienarekin ondoan beti fisioterapeuta eta medikua izan dituzunean, orain gizarte segurantzara jo behar duzu. Berria da dena, berriz jaioko bazina bezala. Bizi izan gara beste frekuentzia batean eta tokatzen da gizartearen mailara egokitzea, frekuentziaz aldatzea. Kosta egiten da, ez gaudelako prestatuta, eta ez dagoelako horretarako baliabiderik, psikologorik…”. Horrela laburbildu du Andoni Imaz futbolari ohiak elitean aritu diren kirolari askori gertatzen zaiena erretiratzeko unea iristen denean, gazte oraindik.

Kasu dramatikoak ezagunak zaizkigu: Marco Pantani igotzaile handia txirrindularitzatik kaleratu zuten, dopinaren kontrako kontrol bat ez zuelako gainditu, eta kokaina gaindosi batek akabatu zuen; Jesús Rollán waterpolo jokalariak bere buruaz beste egin zuen, depresioa eta drogak tarteko; Agustin Sagasti txirrindularia urkatuta agertu zen duela gutxi, istripu baten erruz kirol profesionaletik erretiratu ostean. Muturreko egoerak dira, ez da arruntena, baina oro har trantsizio zaila dute gehienek: ikasketak gazteegi utzi zituzten, kirolari emanak bizi dira, eta zortzi orduko lanaldia aurkitu –eta horretara egokitzen ikasi– behar dute orain, bizi-maila apaldu arren irabazitako dirua ez baita nahikoa mantentzeko.

Gainera, kolpetik iristen da egoera berria, gure elkarrizketatuek aitortu digutenez. Andoni Imazek, Joane Somarribak eta Abraham Olanok diote maila profesionalaren burbuilan gaurko partidarako eta biharko lasterketarako beste pentsamendurik ez dutela, eta etorkizunak ez duela lekurik. Oso bizimodu erraza dela uste du Olanok: “Badakizu zer egin behar duzun: entrenatu, deskantsatu eta jan, hori da txirrindularitzan inportanteena. Eguneroko hori utzi eta derrepente beste arloko gauzez arduratu beharra, biharko egunean pentsatzea… gogorra egiten da”.

Eta orain zer?

Reala utzi eta Athletic-era aldatu zenean, lesio oso txar baten ondorioz futbola uztea erabaki zuen Imazek duela zortzi urte, 30 urterekin. Bere belaunaldiko gehien-gehienak bezala, ez zuen beste prestakuntzarik, ez zuen teknikari titulurik atera, eta etorkizunarekin zer egin deliberatzeko urtebete sabatikoa hartu zuen: “Urte atsegina izan behar zuen, konpromisorik gabe, lagunekin alde batetik bestera joateko, bizikletan ibiltzeko… baina oso urte gogorra bihurtu zen, diskutitzen, edo bizikletan atera eta disfrutatu gabe. Parentesi hura bukatzean zertan hasiko nintzen ez jakiteak ezinegona sortzen zidan, ondoeza. Umetatik izan duzun ametsa bete duzu, baina oraindik gazte zarela bukatu da ametsa, urte asko dituzu aurretik eta erabaki behar duzu zer egin dezakezun eta zer egin nahi duzun hemendik aurrera”.

Lagunartean eta etxean bilatu zuen aholkua, baina ez da erraza lagunek aintzat hartzea; nolako kezkak dira horiek, nahi duzun guztia duzula uste dutenentzat? Azkenean, gauzak bide onetik joan zaizkio Imazi, lehenengo Tolosako kiroldegiari lotuta, Belca enpresarekin ondoren, kirol-klinikako koordinatzaile egun. Aldiz, sarri bestelakoa da egoera, egunero kirolariekin lan egiten duen Iñaki Arratibel medikuaren esanetan: askok uste dute bukatu eta dena eskura izango dutela, arrakastatsuak izan direlako, baina gehienei ez die funtzionatzen; “bizitza arruntean zein zara? Etorriko da norbait zu baino famatuagoa, eta atzean geratuko zara. Uste dute komertzial sartu (asko horretan sartzen dira) eta ugari salduko dutela, euren izenagatik, baina konplikatuagoa da”.

Hain zuzen, Imazen inguruko gehienek komertzial lana hautatu zuten. Beste hainbat, entrenatzaile ikastaroa egiten ari dira, ondoen ezagutzen duten mundura, futbolera, itzuli asmoz. Eta aldaketa asimilatu ez zuenik ere ezagutzen du, behea jo zutenak, edota oraindik ere buelta eman nahian kili-kolo jarraitzen dutenak. “Tamalez, edaria irteera oso erraza izaten da kasu hauetan”, dio.

Ez da garai ona bizikleta-denda irekitzeko

Zortzi urterekin lasterketen munduan murgildu zen Joane Somarriba. Txirrindularitza zuen bizitza, harik eta erabaki zuen arte ama izan nahi zuela eta profesionalki une onean egon arren (Munduko Txapelketan bigarren geratu ostean) utzi egingo zuela, 34 urterekin. Bi ume ditu orain, eta eurekin disfrutatzeko lanik egin gabe egon da denbora batean, baina lana topatzeari ekin beharko ziotela segituan konturatu ziren senarra eta biak, senarrak ere, Ramon Gonzalez txirrindulariak, kirola utzi zuelako. Ateak jotzen hasi zirenean, ordea, ikusi zuten zaila zela kirolarekin loturiko jarduna aurkitzea. Bizikleta-denda irekitzea otu zitzaien, baina inbertsio handia da, eta krisi garaian erabaki zuten ez zela negozioa irekitzeko unea.

Azkenean, emakumezkoen Espainiako txirrindularitza selekzioan entrenatzaile postua lortu du Gonzalezek, baina ez dela finkoa azaldu du Somarribak, eta berak ere lanari heldu nahi diola. “Sakrifizio aldetik, kirol gogorrak egin izanak asko erakusten dizu eta zailtasunen aurrean borroka espiritua barruan daramagu”, dio gernikarrak. Hala ere, faltan bota du ikasketa gehiago egin ez izana, bizitza laburra duelako goi-mailako kirolak: “17-18 urterekin lasterketetan ondo moldatzen diren gazteek profesional izatea dute gogoan, ikasketak albo batera uzten dituzte eta hor etortzen da benetako arazoa, txirrindularitzan gehienez 35 bat urtera arte egongo direlako eta ondoren urte asko geratuko zaizkie aurretik”.

Txirrindulari askorekin aritua da Iñaki Arratibel medikua, eta aholkulari lanak egin ditu behin baino gehiagotan, eguneroko lanean, entrenamenduetan, hoteletan… sortzen diren elkarrizketak medio: Ferrarya edo txaleta erosi nahi dutela entzun dienean, hainbeste diru gastatzeak dakartzan arriskuez ohartarazteko premia izan du Arratibelek: “Diru asko mugitzen den kiroletan handiagoa da arazoa, futbolean esaterako. Adin horrekin 60 milioi euro jartzen dizkizutenean, ez duzu kontrolatzen, gastatu beste era batera egiten duzu, eta gero datoz arazoak. Begira zer salto urtean 60 milioi irabaztetik ezerezera...”. Berdin ohiturekin: batetik bestera bidaiatzen aritzetik etxean sartzea edo zereginik ez izatea latza izan daiteke; dena eskura duzula bizitzetik eguneroko arduretara moldatzeak arazoak ekar ditzake elkarbizitzan.

Dena den, Euskal Herriko kirolariak diru kontutan zuhurragoak direla dio Arratibelek: “Andaluzian esaterako, diru gutxiago irabazita ere, erregeen pare ibiltzen dira. Eta nik esaten diet: ‘Ez al duzu ikusten honekin nahikoa daukazula ondo bizitzeko, eta gehiago erosten baduzu gero ez duzula diru nahikorik izango?’. Baina han ez didate kasurik egin, egunerokoan dute burua, momentua ondo bizi nahi dute, eta hemen gehiago pentsatzen dugu etorkizunean”.

Txirrindularien patua

Salbuespentzat du bere burua Abraham Olanok, txirrindulari gehienek ez baitute diru erreserbarik izaten berak bezala urtebete lasai hartzeko, eta lehenbailehen hasi behar dute lanean: “Lagunei horrela egokitu zaie eta gogorra da, ohituta zaudelako zer egin jakitera, egunero berdin, gosaldu eta bizikletan atera. Kolpetik hori galtzen da, ez duzu lanbiderik, ez duzu ikasketa nahikorik, zure irudiaz aprobetxatu ahal izatea ere ez da beti erraza… eta denek ez dute berdin asimilatzen. Kirol profesionalean aritutako askok izaten ditu depresioak, batez ere lehenengo urteetan”.

Anoetarrak duela sei urte utzi zuen txirrindularitza, 33 urterekin. Berak ere, karrera punturik altuenean uztea erabaki zuen, gainbehera hasi baino lehen. Unipublic enpresan hartu aurretik, zalantzazko etorkizunak sortu zizkion kezka handienak, baina gaineratu du ez ziola beldurrik edozein motako lana egin behar izateari, kontuan hartuta duela urte batzuk lana egon bazegoela.

Alegia, kirol ibilbidea bukatutakoan ez dela mundua akabatzen. Burua ondo jantzita izatea da gakoa, profesional zarenean jasotako laudorioetara eta bizimodura gehiegi ez ohitzeko, eta aldaketaren presioari aurre egiten jakiteko. Helburu horrekin, Espainiako hiruzpalau erkidegotan Kirolariarentzako Arreta Bulegoa ireki dute (Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren laguntzaz), besteak beste zerbitzu juridikoa eta psikologikoa eskainiz. Profesional izan bitartean laguntza ematen dute hainbat alorretan, eta utzi ostean ere, jarraipena egitea da asmoa, bizimodu berrira nola egokitu diren ikusten joateko.

Zailtasunak zailtasun, gure elkarrizketatuek argi dute ez lioketela muzin egingo bizitako esperientziari. Andoni Imazek ez du zalantzarik, belauna txikituta bukatuko zuela aurretik jakin izan balu ere, berriz jaioz gero futbola aukeratuko luke: “Amets bat bete dut, eta ametsak betetzea ez da erraza”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Nazio askapena; arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako antidoto bakarra

Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]


Ehun mugimendua desegingo da, independentziari buruzko mozioa erregistratu ostean 101 udaletan

Independentziaren aldeko ekimenak aurrera eramateko baliabide faltagatik "itzaliko" da. Aurretik, Euskal Herri osoko 101 udaletan independentzia mozioak erregistratuko dituztela iragarri dute, euskal errepublikaren aldeko prozesuan urratsak egiteko. Baliabide faltaz... [+]


2025-03-24 | ARGIA
Akordio batetik urrun, hezkuntza sindikatuek bost greba egunetarako deia egin dute

Joan den astean, Hezkuntza Sailarekin hainbat aldiz bildu dira hezkuntzako sindikatuak irakasleen lan baldintzak negoziatzeko. Akordio batetik “urrun” daudela adierazi dute eta martxoko eta apirileko bost greba egunetarako deialdia egin diete irakasleei. Lehenengoa... [+]


Trintxerpetik hasita, “auzo seguruen alde”

Trintxerpen hasi eta Donostian bukatu da hainbat kolektibok deitutako XXVIII. Arrazakeriaren Kontrako Martxa.


Samariar baltsamoa

Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]


Haur eta gazteen osasun mentalaren alde mobilizatu dira herritarrak

Psikiatria zerbitzua Bidasoatik Donostiako ospitalera lekualdatu dute. Hori salatzeko, 'Osakidetza entzun: osasun mentalik gabe ez dago etorkizunik' lemapean manifestazioa egin dute 12:00etan.


2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Eguneraketa berriak daude