"Ekologiari buruzko ideia aldatu behar da ekonomia aldatzeko"

  • Aiherra (Baxenabarre), 1948. Soziologia ikasketak egina. Maoista eta CFDT sindikatuko kide ohia. Erizaintza izan du ogibide. Ipar Euskal Herriko Berdeen bozeramailea eta Akitania Erregioko kontseilaria da gaur egun: “Hogei urteko lanaren ondoren, gure ideiak instituzioetan eta eguneroko praktika politikoan zutik jartzeko garaia heldu da” erran digu Itsasun (Lapurdi) bizi den aiertarrak.
Jean Lissar
Jean LissarGaizka Iroz
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Akitaniako Kontseiluko bozak martxoan eginen dira: 14an lehen itzulia, 21ean bigarrena. Alderdi sozialistako (PS) Alain Rousset da Akitania Erregioko presidentea. Azken bi legealdietan (12 urtez), PSk gehiengo osoz gobernatu du Berdeak alderdiaren sostenguarekin. Europako Parlamenturako azken bozetan Berdeek lideratutako Europe Ecologie zerrendak emaitza historikoak lortu zituen: “14 eurodiputatu ditugu Frantzian, PSk bezala. Hautesleek Berdeen aldeko bozak berritzen badituzte nolabaiteko aldaketa izan liteke Akitaniako Gobernuan” erran digu lurralde horretako kontseilari Jean Lissarrek.

Lurraldeen erreforma legea ari da lantzen Frantzian. Hori dela eta, datorren legealdiak 2014ra arte iraunen du, hots, lau urtekoa izanen da.

Nola azalduko zenuke Europe Ecologie hautagaitzak ukan zuen arrakasta?


Arrazoietako bat zerrenda-buruen karisma izan zen: Daniel Cohn-Bendit edo Eva Jolyk, besteak beste, casting ona osatu zuten. Halaber, konparazione, euskaldunon zerrendako [Sud-Ouest] José Bové eta Catherine Grèze, herritarren ondo-ondoan ari diren itzal handiko militanteak dira. Bestalde, PSk barne arazo anitz ditu. Frantziako presidentziarako kandidaturaren inguruan kalapita handiak ditu. Bere politika Nicolas Sarkozyren politikaren aurkakoan oinarritu da azken bost urteetan. Alderdi sozialistak ez die herritarrei ezkerreko politika zer den azaltzen, boz horietan ere ez zuen Europa zer den azaldu. Ezkerreko hautesle askok ez zuen onartu eta gure alde egin zuen.

Martxoko erregio bozei begira Aquitaine Ecologie hautagaitza aurkeztu duzue orain gutxi. ABri gonbita egin diozue zuen zerrendan parte hartzeko.


Europako bozen biharamunean egin genion proposamena ABri. Iparraldean erdietsi genuen arrakasta ABrekin izaniko harremana eta lan dinamikoaren ondorioa izan zen. Adibidez, Biarnoko eta Euskal Herriko zenbait kantonamendu konparaturik, laborantza sektorea nagusi den eskualdeetan bereziki, batez beste, %5 puntuko aldea lortu genuen Biarnokoekikoan. Gure zerrendek bozen %16 erdietsi zuten eta Biarnokoek %12. Lau puntuko diferentzia hori abertzaleen ekarpenari esker izan zen. Hartakoz, ABri elkarrekin segitzea proposatu diegu.

Proposamena ez da gauzatu, alta.


ABko Biltzar Nagusiak lauzpabost boz eskasez ez du onartu gure proposamena. Abertzaleek, irudiz, EHBai koalizioa osatuko dute. Eta domaia da, bilduko duten boz kopurua sinbolikoa izanen baita berriz ere. Zorigaitzez, abertzaleen ideiek ez dute politika praktikoan eragiten.


Zer lor zezaketen abertzaleek Berdeekin joanez gero?


Hasteko, Europako bozetan egin genuen bezalako kanpaina dinamikoa egitea berriz ere. Bigarrenik, Akitaniako Kontseiluan hautetsi bat ukateko lekua eskaini diegu. Kontseilari abertzalea izateko xantza galdu dute.

Kontseiluan PSren gobernuan aritu zarete azken bi legealdietan. Zein da lankidetzaz egiten duzun balorazioa?


Balorazioa edo bilana ez da txarra. Egia da guk PSrekin diferentzia handiak ditugula garapen sozialaren politikan. Alain Rousset sozialista izanik ere, enpresak eta proiektuak handizki kudeatzea maite ditu. Alabaina, Rousset gure bideetara hurbilarazi dugu doi bat bederen. Mundua aldatzen ari dela ohartu da, konprenitu du ekonomia ezin dela lehen bezala kudeatu. Berdeek garatu nahi dugun ideia asko bereganatu du Roussetek. Erraterako, ni ekonomia sozialeko arduraduna naiz Kontseiluan. Akitaniako enpresetako lanpostuek ekonomiaren %10 osatzen dute. Ehuneko hori ez da aski ekonomia soziala indartzeko, alta. Guk lanpostu finko gehiago lortu nahi dugu. Xede hori betetzeko ezker aldeko indarrak batu eta azkartu nahi ditugu. Gure lema nagusiak hauxe dio: ekonomian aldaketa izan dadin ekologiari buruzko ideia azkartu eta aldatu behar da.

Zer estrategia garatu nahi duzue lema zabaltzeko?


Berdeen lemak alor anitzetan aitzinatu direla ohartu gara azken urtetean. Egun, arinago eta aitzinera joateko alderdien harremanen arteko lehia irabazi behar dugu, gaur egungo rapport de force irabazi behar dugu, eta bereziki alderdi sozialistaren aurka.

Europe Ecologieren emaitzen haina lor dezakezue Akitanian?


Bai. Arrazoi berak erabiliko ditugu kanpainan. Sozialisten politika ez da hobetu, beraz, emaitza onak espero ditugu. Egia da Akitanian sozialisten aitzinetik ateratzea zaila dela, alabaina, hainbat lurraldetan ikerketa aburuak egin dira, eta horietako zenbaitetan presidentea berdea izanen dela diote inkestek. Île-de-Francen adibidez.

Akitanian, lehen itzulian bakarka joanen zarete. Bigarrenean nola jokatuko duzue?


Orain arte sozialistek ez dute gure beharra ukan gobernua osatzeko, agian orain bai. Ganibeta luzeen gaua izanen da. Garaia da Berdeek aldarrikatu ditugun lemak eta nahiak betetzeko. Jende anitz ohartu denez, guk proposatzen dugun bidea da urratu beharreko bide soziala. Beraz, emaitzen arabera betiere, hainbat gauza ez dugu aise onartuko. Alderdi sozialistak onartu beharko du gure programako hainbat puntu, edo gutxienez, politika egiteko gure ideiak kontuan hartu beharko ditu.

Bozek eragin dezakete Sarkozy egiten ari den Estatuaren erreforman.


Lurralde gehienetan ezkerrak aitzina eginen balu, eta guk, Berdeok, hainbat lehendakaritza irabaziko bagenitu, emaitzek boterearen kontrako balantzan eragin lezakete. Baina, egia erran, momentuz erregioek ez dute egiazko botererik, sozialisten politika uzkur eta ahula da. Nehork ez daki erreforma delakoa zer den, noraino joanen den. Bozen emaitzek indar korrelazioaren aldaketa ekarririk ere, inork ez daki aldaketak nola eragin dezakeen erregioetako instituzioetan eta deszentralizazioari buruzko politikan. Ez dut uste Frantziako Gobernuak Estatua deszentralizatzeko asmoa duenik, kontrakoa baizik, berzentralizazio politika ezarri nahi du. Deszentralizazioa estatu arazoa da Frantzian. Federalismoaren ideia desonestoa da.

Iparraldeak izan dituen baliabideak galdu litezke...


Nehork ez daki ezer, ezta zer egin ere. Pays izendapenaren bidez garatutako instituzioak ezeztatuko dira. Kantonamenduko Sindikata Mistoa formularen bidez aterabidea xerkatzen ari direla diote. Nik ez dut bide horretatik arazoei erantzuteko molderik ikusten. Ni instituzio espezifikoaren aldekoa naiz. Frantziako legealdiak onartzen duena, Korsikako Biltzar gisako bat, bere exekutiboa duena. Ez da utopia bat.

Azpiegiturak hizpide: Frantziako Burdinbide Sarea konpainiak (RFF) Abiadura Handiko Trena (LGV) bideragarria dela dio. RFFko buru Christian Maudetek oraingo bidea hobetzea eta berria egitea xede bateragarriak direla dio.


RFFren dosierrean gezur asko dira. Aurka dauden elkarteek aise desmuntatu dute dosierra, baita gezurrak agerrarazi ere CADEk sustatu dituen eztabaida publikoetan. Suitzako kabinetaren ikerketak agertu zuen oraingo burdinbidearekin posible dela jendea eta merkantziak ibilaraztea beste hamar urtez. Proiektuaren aurka gaudenok TGVren aurka gaudela dio RFFk. Baina jendeak konprenitu du hori ere gezurra dela, eta RFFren helburua ez dela trenbidea hobetzea soilik.

Nola ikusten duzu trenbidearen afera Hegoalderekiko harremanetan?


Euskal Y delako trenbidea jendearen garraiatzeko dela ikusten dugu hemendik, funtsean trenbidea merkantzien garraiorako biziki guti erabiliko dutela. Finean, AHT jendea garraiatzeko izanen da. RFFk trenbide berria (LGV) merkantziendako dela erraten du, baina hori estakurua da, gezurra. Iparraldeko eta Hegoaldeko azpiegituren artean ez da lotura praktikoa izanen. Afera kudeatu duen Europako komisarioak proiektua inkoherentea dela dio, alegia, Iparraldean merkantzia garraiatzeaz ari dira eta Hegoaldean jendea eramateaz. Hori da proiektuaren kontraesan handiena. Frantziako Gobernuak kezko oihal bat zabaldu du gibelean dauden interesak tapatzeko.

Zertan da afera?


Burdinbide berriaren aurkako mobilizazioak azkartzen ari dira. Urtarrileko 23an Hendaian manifestatuko gara berriz ere. Manifestazioa bozetarako test garrantzizkoa izanen da, trenbide berria kanpainaren ardatza izaki. Alain Rousset trenbide berria egitearen aldekoa da. Aquitaine Ecologiek jende anitzen boza eta sostengua bildu litzake Euskal Herrian, Roussetek badaki hori.

Trenbideen garapenari dagokionez, zer proposatzen duzue?


Guk, besteak beste, Topo trenaren segidako bidea egitea proposatu dugu. Eta ez bakarrik hiriko bazterreko geltoki nagusiekin lotzeko. Finantzaziori buruz ohartu gara ez dela sos aski bi azpiegiturak garatzeko, hots, AHT erraldoiak tokian tokiko azpiegiturak garatzeko behar diren sosa xahutu duela. Akitanian 600 milioi euro aurreikusi dira, baina zati handiena AHTrentzat izanen da.

Eurohiria delakoaz zer iritzi duzu?


Koonurbazioa handituz doa, 600.000 bizilagun gara. Hiri hau antolatzea ez da aise, baina aireportuen gaia, adibidez, guk argi eta garbi diogu bi aireportuak [Hondarribia eta Biarritzekoak) garatu daitezkeela, eta bien inguruan, kronobusen eta ibilbide laburreko trenen bidez, zerbitzu osagarriak eskaini behar direla.

Bizi! mugimendua plazaratu da berriki. Garraioaren gaiaz arduratzen da, besteak beste. Zer deritzozu?


Mugimendua biziki interesgarria da, zenbait abertzalek bultzatua. Abertzaleen sektore horietan benetako aldaketa bat ematen ari da, eta kontent naiz. Berdeendako gazteak berriz ere mugitzen direla ikustea, gure errebindikazio, lema eta helburuen inguruan ari direla ikustea gauza handia da. Gaur egun, hori da bidea gai sozialetan aldaketa eman dadin.

Euskal gatazka bideratzeko ekimenetan agertu zara Berdeen izenean. Nola ikusten duzu egoera gaur egun?


Ezker abertzaleak irtenbide baten aldeko proposamena egin du... Proposamena ez izatea soilik taktikoa da ene esperantza. Iruditzen zait Loiolako negoziazioen aldian baino sektore gehiago ari direla akordioa bilatzen. Ohartu dira ez dela irabazterik, garai batean uste zuten bezala. Ene irudiko intentsitate apaleko bortizkeriaren eraginez segitzen badugu, egoera politikoa dramatikoa bilakatuko da.


(....)


Konparazione, Iparraldean abertzaleek eta ABkoek partikularki, EHBai zerrenda osatu dute berriz ere Batasunekoei laguntza ekartzeko. Abertzaleak ez daitezen elkarrengandik gehiago aldendu, gatazka bideratu ahal izateko. Baina horren arriskua da halaber, beti zurrunbilo beraren inguruan ibiltzea, eta egoera txar hau luzaz egonkortzea. AB gurekin koalizioan joan liteke bozetara, baina Batasunak “traidoreak” izateaz akusatuko lituzke berriz ere. Errespetatzen dut beren erabakia, baina zirkulu horretatik ateratzen ez bagara ez dugu inoiz politika eraginkorra eginen.

Azkenak
2025-03-05 | Leire Artola Arin
Zaintza eskubidea aldarrikatuko dute sindikatuek ostegunean

Martxoaren 6an 11:00etan Bilbon eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua interpelatzeko, zaintza eskubide kolektiboari dagokionez.


Tutankamon eta gero, Tutmosis II.a

Luxorren, Erregeen Haranetik gertu, hilobi garrantzitsu baten sarrera eta pasabide nagusia aurkitu zituzten 2022an. Orain, alabastrozko objektu batean  Tutmosis II.aren kartutxoa topatu dute (irudian). Horrek esan nahi du hilobi hori XVIII. dinastiako faraoiarena... [+]


Trumpek miresten badu...

AEB, 1900eko azaroaren 6a. William McKinley (1843-1901) bigarrenez aukeratu zuten AEBetako presidente. Berriki, Donald Trump ere bigarrenez presidente aukeratu ondoren, McKinleyrekiko miresmen garbia agertu du.

Horregatik, AEBetako mendirik altuenari ofizialki berriro... [+]


Ura erein daiteke, eta inkek bazekiten nola

Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura lurrean infiltratzen da eta horrek bizia ekartzen dio inguruari. Peruko... [+]


2024an Euskal Herrian estreinatutako 900 filmetatik bi baino ez dira euskaraz izan

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]


“Herri Mugimendua saretu eta eraginkortzeko tresnak eskaini nahi ditu BAMek”

Euskal Herriko bi muturretatik datoz Itziar (Bilbo, 1982) eta Ekaitz (Erriberri, 2002), sortzen ari den Burujabetzaren Aldeko Mugimenduaren berri ematera. Euskal Herrian diren burujabetza prozesu ugariak arloz arlo bultzatu eta indartu nahi ditu BAMek. Lan horretan hasteko,... [+]


2025-03-05 | Gorka Menendez
Ordezkapen Handia

Aurrekoan, ustezko ezkertiar bati entzun nion esaten Euskal Herrian dagoeneko populazioaren %20 atzerritarra zela. Eta horrek euskal nortasuna, hizkuntza eta kultura arriskuan jartzen zituela. Azpimarratzen zuen migrazio masifikatua zela arazoa, masifikazioak zailtzen baitu... [+]


2025-03-05 | Itxaro Borda
Espantuka

Ez dut beti ulertzen nola aritzen ahal diren lur planeta honetako zati okitu, zuri, gizakoi eta kapitalistako aho zabal mediatikoak, beraiena, hots, gurea, zibilizazioa dela espantuka. Berriak irakurtzen baldin baditugu, alta, aise ohartuko gara, jendetasuna baino, barbaria dela... [+]


C2ko ikasleei eskerrak

Administrazioko hainbat gai, LGTBI+ kolektiboko kideen beharrizanak, segurtasun subjektiboa, klima aldaketa, gentrifikazioa, ikus-entzunezkoak erabiltzeko modu berriak, audientzia-datuak jasotzeko moduak, dislexia, ikuspegi pedagogiko aktibo eta irisgarriak, literatur... [+]


Elebitasunaren tranpa

Auzitan jar ez daitekeen baieztapen orokor eta eztabaidaezinaren gisan saldu digute hizkuntzak jakitea printzipioz ona dela, baina baditu bere "ñabardurak", edo esanahi ezkutuagokoak. Hemengo ustezko elebitasun kontzeptuaren azpian dagoen baina kamuflatzen den... [+]


2025-03-05 | Karmelo Landa
Gure esku dagoena

Otzandu egin gara, katalanak eta euskaldunok, ekaitzaren ondoren. Saiatu ginen, bai; sendo ekin genion, eta gogor kolpatu gaituzte; ezin izan genien gure helburu zuzen, ezinbesteko, sakratuei eutsi. Eta porrotaren mingostasuna dastatu dugu, eta bigundu egin gara irabazleen... [+]


1936ko Gerrako Haurrak
Bidaia itxi gabea

1936ko Gerran milaka haurrek Euskal Herria utzi behar izan zuten faxisten bonbetatik ihes egiteko. Frantzia, Katalunia, Belgika, Erresuma Batua, Sobietar Batasuna eta Amerikako herrialdeetara joandako horien historia jasotzeko zeregin erraldoiari ekin dio Intxorta 1937... [+]


Eguneraketa berriak daude