...ele irudi kanta pun!

  • Zai Zoi Bele dokumentala (Orio Produkzioak) ETB3n eskaini berri dute eta ETB1en emango dute urtarrilean. Eriz Zapirain zuzendariak eta Amets Arzallus aurkezle-gidariak Ez dok amairuren historia jasotzen duen dokumentalaz hitz egin digute Pausun (Lapurdi).
Eriz Zapiain eta Amets Arzallus
Eriz Zapiain eta Amets ArzallusDani Blanco
Ez dok amairu entzundakoan, hitzak eta soinua abstraktuak eginen zaizkie hogei urte bete gabeko egungo gaztetxoei. Zai Zoi Bele entzun, eta menturaz, Mikel Laboaren ahots berezi eta eztiarekin gogoratuko dira:

Baga, biga, higa,
laga, boga, sega,
Zai, zoi, bele,
harma, tiro, pun!
Xirristi-mirristi
gerrena plat,
Olio zopa
Kikili salda,
Urrup edan edo klik ...
ikimilikiliklik...

Zai Zoi Bele ele sortak eman dio goiburu –1965etik 1972ra iraun zuen– Ez dok amairu talde abangoardistaren esperientzia jasotzen duen dokumentalari. Lanaren egileak ez dira gaztetxoak ez helduak ere: Eriz Zapirain zuzendaria (Donostiako Antigua, 1974) eta Amets Arzallus kazetaria (Hendaia, 1983). Ez dira egile bakarrak, noski. Dokumentala sei ataletan eraikia da eta hamaika dira lantegian parte hartutakoak. Guztiak ezin aipaturik, zuzendariaren eta aurkezlearen izenez gainera, hona beste bost: Martin eta Unai Ibarbia aita-seme ekoizleak, Juantxo Sardon eta Carlos Sedano kameralariak eta Xabier Zapirain errealizadorea.

Euskal kantagintza berria

Eriz Zapirain Ez dok amairu taldearen ibilbidea amaitu ondorengo urtetan munduratu zen, rock-and-roll eta folk-rock garai bete-beteen ostean. 1980ko hamarkadako Euskal Rock Erradikala fenomeno musikalak gaztetxo zela harrapatu zuen. Garai hura Salda badago dokumentalean (Orio Produkzioak) jaso zuen Zapirainek 2001ean: “Salda Badago egin ondoren, ekoizleak [Martin Ibarbia] euskal rock erradikalaren aurretiko garaira jotzeko zuen nahia azaldu zidan”. Euskal rockak arrasto sakona utzia zion Zapiraini, euskal folkak ez hainbeste; alabaina, Salda badagoren egileari euskal kantagintza berriaren sorrera ezagutzeko irrika iltzatu zitzaion: “Eta duela lau urte ekin genion, gogotik. Dokumentaleko lehenengo hiru elkarrizketak 2005ean egin genituen, JoxAnton Artze, Benito Lertxundi eta Jose Angel Irigarayri”. Eta ibilaldiaren amaieran, 30 pertsonatik gora elkarrizketatu eta gero, Xabier Leteri. “Leteren atzetik bi urte ibili ondoren, lortu genuen elkarrizketatzea. Bera azaltzea ezinbestekoa zen”, dio Zapirainek. Lau elkarrizketa horiek nabarmentzen dira dokumentalean, “gure kulturako lau factotum horiek dira dokumentalaren bizkarrezur”.

Mikel Laboari ez zioten elkarrizketa egiterik izan. Laboa ez elkarrizketatzea handicap handia zen, baina hala edo nola moldatu dira. Haren hitzak “artxibotik” hartu dituzte: “2000n EHUk Benitori, Artze anaiei eta Mikeli berari urrezko domina eman zien. Bai Artze anaiei Usurbilgo Plazan eta zio berberaz Mikeli Donostiako Trinitate enparantzan egin zizkieten elkarrizketa laburrak berreskuratu ditugu”. Susana Mujika eta Arantxa Iturbe kazetariek Euskaldi Irratian Laboari egindako elkarrizketen pasarteak ere bildu dituzte: “Mikel Laboak musikarako dohain izugarriak zituen baina hitz egiteko ez hainbeste. Hala ere, bere testigantza jasotzea inportantea zen niretzat”.

Amets Arzallus kazetari

Eriz Zapirainek, hogeitaka elkarrizketa egin eta gaiaren inguruko dokumentazio guztia arakatuta, gidoiaren lehen zirriborroa osatu zuen. Horrekin, berak eta Unai Ibarbia ekoizleak Amets Arzallus kazetariarekin kontaktatu zuten. Bi solaskideekin bildu garen toki berean hasi zen harremana, Pausuko (Lapurdi) Xaia ostatuan: “Hementxe bertan bildu ginen Unai, Eriz eta hirurok. Nik ez nuen ezagutzen proiektua, ez asmoa ez produktua. Orio Produkzioak ere, entzutez besterik ez. Telebistako munduak beti eman dit atzerako bat. Ez naiz inoiz irudiarekin lan egiteko gustura sentitu, nire irudia ez dut inoiz begi erosoetatik ikusi. Ez nintzela irudia emateko kazetari pentsatu dut beti”.

Irudiak deserosotasun eta beldur puntu bat emateaz gain, dokumentalaren ideiak eta gidoi potoloak zer pentsa eman zioten kazetari hendaiarrari: “Ez dok amairu izenak magia abstraktua dauka. Oso tentagarria da, baina ez dakizu ondo nondik hartu edo jo, ez dakizu forma nola eman. Hala ere, ezetz nola esango nien pentsatuz joan nintzen etxera”.

Astebete zuen erantzuteko eta pixkanaka berotzen hasi zen: “Ezetz esatera ez nintzen ausartzen, eta baietzak tentatzen ninduen”. Egunak aurrera joan ahala ezezkoaren zalantza-balantza baiezkoaren aldera pasa zen: “Eskerrak ez nuen segituan erantzun, bestela, pena handia hartuko nuen dokumentala ikustean”.

Arzallusek etxean eta eskolan entzuna zuen Ez dok amairu izena: “Izenak entzuten dituzu, baina izenak ez du formarik. Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, JoxAnton Artze, Jose Angel Irigaray izen sendoak dira, badakizkizu gauzak haietaz, baina nik lan hau egin arte buruan nuen Ez dok amairuren marrazkia eta oraingoa oso dira ezberdinak”.

Eriz ari da segidan: “Hogeitaka elkarrizketa xehatu eta gidoia egiteak luze jo zuen. Ez zen inola ere ordu bateko dokumentalean sartzen. Beraz, bidaiaren ideia irudikatu nuen. Unai eta biok bidaia tira handiko kazetari gazte batek kontatua izan behar zela erabaki genuen. Gazteek badakite egun zein diren Lertxundi edo Lete, baina Ez dok amairu? Garai hartatik gaurrerainoko zubi lana egingo zuen gazte bat behar genuen”.

Arzallus kazetaria, gidoi hura oinarri hartuta, Euskal Herrian gaindiko bidaia egitera ausartu zen, Ez dok amairuren historian zeresana izan duten lekuen bila. Bidaia fisikoa eta bidaia denboran zehar. Eta bidaia bikoitz hori da, hain juxtu, dokumentalaren hari nagusia.

2007ko irailean, bi astetan jardun zuen Ametsek: “Nik ez neuzkan elkarrizketak ikusita, eta abiatzean ez nintzen guztiz kontziente bidaia nolakoa zen. Nik bidaia deskubritu dut dokumentala ikusi dudanean”. Zuberoan edota Baztango Lekarozen bildutako irudiak, esaterako, oso naturalak dira. “Gezurra badirudi ere bat-batean egindakoak dira, inongo prestaketarik gabe, inprobisazioari lekua utziz”, dio Erizek.

Ametsen autoan

Amets Arzallusen autoan egin zuten bidaia. “Alokatuko al dugu kotxe bat?”, esan zuten ekoizleek. “Nik ez nuen arazorik nire autoan egiteko. Hasi baino egun bat lehenago erabaki genuen. Areago, Unaik eta Erizek nire janzkera narratsarekin ateratzea” erabaki zuten. Erizek, irribarrea ezpainetan: “Bazegoen beste kotxe bat aukeratzea, txikiagoa edo handiagoa, baina norbera ohituta dago berea gidatzen”. Ametsek: “Norberak hamaika automatismo eta postura dauka, bere kotxea bere etxea da, hortxe dauka bere klima”. Erizek ebatzi du: “Amets kantu kantari azaldu behar zela ere garbi genuen, gure imaginarioan dauden hainbat kanta abestuz, askok autoan egin ohi dugun moduan”.

Txalaparta funtsezkoa

Ez dok amairuren historian txalaparta oso da garrantzitsua. Zuaznabar anaia txalapartarien argazki historikoak bildu dituzte, baita Pelotari film laburreko euren pasartetxoa ere. Artze anaiak oholak astinduz ere ikusi ditugu: “Ama-Lur pelikulan agertzen dira biak, gazte-gazte, baina irudi horiek baino ezezagunagoak diren batzuk lortu ditugu, Iruñean egin ziren kultur topaketa batzuetakoak, 1972koak. Artze anaiak Gayarre antzokiaren kanpoaldean ageri dira, jende pilaren artean”. Badira beste une historiko klabe batzuk, baina horiek argazkien bidez jaso dituzte, ezinbestean. Esaterako, Donostiako Trinitate Plazan Baga Biga Higa sentikaria eman zutenekoak benetako perlak dira, baina argazkiak dira. Garai hartako film gutxi dago.

Larraitz

Ez dok amairuren historian badago gertakari biziki aipatu bat: Txindoki mendiaren magalean, Larraitzen, akelarrea berpiztu omen zuten Ez dok amairukoek. Dokumentalaren egileek pasarte hori ekarri beharra zuten ezinbestean: “Larraitzeko jaialdia oso presente genuen. Nola irudikatu ordea?”, diosku Zapirainek. “Behin Mikel Laboaren etxean ginela, Mikelen emazte Marisol Bastidak ekitaldiaz dagoen argazki bakarra atera zigun. Sorpresa eta poz izugarria hartu genuen errealizadoreak eta biok”. Omen, Larraitzeko kantaldi “mitiko” haren 36 bat argazki aterata zeuden, bobina oso bat, baina errebelatzean belatu egin ziren. Haiek garaiak! Marisolek gordea zuen argazkiarekin konformatu dira egileak.

Argazki bilaketa eta bilketa lanetan pasadizo ederrak kontatu dizkigu lanaren zuzendariak. Juan Jose Etxaberi eta Lezo Urreiztietari Labeguerie-ren diskoekin gertatutakoa antologikoa da; Ximun Haran eta Ugutz Robles-Arangizen elez eta irriz jasota dago: “Urreiztieta eta Etxabe Ziburutik-edo 1.000 diskorekin txalupa batean abiatu ziren, Lekeitio edo Bermeora iristea zuten xede...”. Kontakizunek eta argazkiek osatu dute Ez dok amairu agerkari sozio-kulturalaren lekukotasuna.

Dokumentalean hainbat pertsona nabarmentzen dira: Jorge Oteiza eta Mixel Labeguerie, esaterako. Baina, Lourdes Iriondo da egileak gehien harritu dituena: “Lourdes Iriondo isilean pasa zen Ez dok amairuren historia gogoratzean. Guk ez genuen ia ezagutzen, baina klabea da. Lourdes oso garrantzitsua izan zen Ez dok amairuren historian”.

Desegitea

Ez dok amairuren esperientziak urradura txiki batzuk utzi zituen protagonistengan. Taldearen musika eta kantuak bildu zitzaketen bi diskoak ez ziren azkenik argitara eman. Gaia minbera da. Gure herriaren historia minbera den legetxe. Dokumentalak orduko “zauritxoak” eztitzeko balio dezake. Zuzendariak dioenez, kide guztiek pozarren hartu dute dokumentala. “Partaideak ez ziren kontziente hilzorian zegoen kultura berpizten ari zirenik. Agian batzuk bai. Baina, nire ustez, gehienak urteen joanean jabetu dira horretaz”.

Azkenak
2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko

Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


Ardi moztaileak

Uharteko artzain egunean azaldu zuten Euskal Herriak nazioarteko ardi mozketa txapelketatan aritzeko onarpena lortu duela. Ofizialtasuna Eskoziako 2023ko munduko txapelketan etorri zen, euskal moztaileek aurkeztutako dosierra eta bertan egindako defentsa bikainaren ondorioz... [+]


2024-12-11 | Itxaro Borda
Opari

Segur aski, gutariko gehienek jada erosiak dituzte, han eta hemen, Eguberrikari banatzeko opariak. Olentzeroren bisita gautar hori hitzordu handia baita, bereziki haurrentzat. Denak prestatzen dira urteko garai emankor horretarako: Bilbo sutan agertzen da, Gasteiz, Iruña... [+]


Ateratzeak, elkartasunaren zirkua eta alzheimer politikoa

Zerk harritu zintuen gehien kartzelatik atera zinenean? Galdetu didate maiz azken urte eta erdian.

Bilboko kaleak turista eta bi hankadun txakurrez lepo daudela ikusteak, adibidez? Edo egoera politikoaren aldaketak? Lehenengoak akitu eta amorratu nau, badago zer borrokatzen... [+]


Behar direlako tituluak

Benetan nahasia da euskara ikasteko dirulaguntzen kontu hori. Euskara ikasi nahi duen herritarrak leihatila bat baino gehiagotara jo beharko du egin nahi duen ikastaroa zenbat kostatuko zaion eta dirulaguntzak nondik, nola eta noiz lortuko dituen jakiteko. Oraindik ere dirua... [+]


Ez kontzeptuak

Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat... [+]


2024-12-11
Guhaur

Frantziako eta Espainiako konstituzioek eta legediak euskaldunon eskubideak baztertzen dituzte. Kulturak folklorizatu eta turismo eta kontsumorako apaingarri bilakatzen ditu neoliberalismoak. Indarrean ditugun askotariko hezkuntza sistemek ez dute ikasleak osotasunez... [+]


Teknologia
Esaten dena...

Beharbada gizakion ahultasunetariko bat gehiengoari entzuteko eta kasu egiteko dugun joera da. Ziur gure espeziearen garapenaren ezaugarri garrantzitsua izan dela, eta beharrezkoa biziraupenerako. Baina digitalizazioarekin, dugun ezaugarri horrek zaurgarriagoak bilakatu... [+]


Eguneraketa berriak daude