Profesionalak, emaitzak bizkortzeko

  • 90 urte bizkarrean, eta bi erronka nagusi orain: egindako lanak sarean zintzilikatzea herritarren eskura dena egon dadin eta barne funtzionamendua aldatzea, hainbeste aldiz kritikatu zaionari itzulia emateko, emaitzak azkarrago plazaratzeko.
Euskaltzaindiako kideak
Euskaltzaindiako kideak Arantzazun
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
90 urte bete ditu Euskaltzaindiak. Ia mendea egin duen honetan, orainari eta geroari begira jarri gara.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren ahotik entzun dugu nora begira dagoen erakundea, non duen jomuga. Internet eta egitasmo bidezko funtzionamendua entzungo dizkiozue hitzetik hortzera Urrutiari. Gizartearen beharretatik urrun ibili fama du erakundeak, erabakiak motel hartzearena. Topikoak omen, eta topikoak baino errealitatea ongi ezagutzen ez duenaren pertzepzioa dela dio euskaltzainburuak, samin puntuarekin. Beraz, lanak azkarrago egin eta emaitzak sarean zintzilikatu.

Euskaltzaindiak azken urteotan hartu duen konpromisoetako bat horixe izan da, barne funtzionamendua aldatzea, horrek lanen abiaduran eragina izango duelakoan. 1970. urtean, Luis Villasante euskaltzainburuak lan moldea aldatu zuen; ordura arte urtean behin biltzen ziren osoko bilkuran euskaltzainak eta hainbat urgazle. Villasantek batzordeak jarri zituen abian. Batzorde bakoitzak lan ildo bat zuen eta hilean behin edo bi hilean behin elkartzen ziren. Azken urteotan emandako jauzia bestelakoa da. Osoko bilkura eta batzordeak mantenduz egitasmoak sortu dira, alegia, lan zehatz bakoitza lantalde batek hartu du eta egunero ari dira horretan lanean. Hau da, profesionalak dira egitasmoetan lanean ari direnak. Egitasmo bakoitzaren buru euskaltzain bat da. Erabakitzeko ahalmena berriz, batzordeek dute subiranotasun hori osoko bilkuraren eskutik jaso dutelarik.

Ondorioa bistakoa da, lanak agudo egiten dira eta emaitzak lehenago datoz. Urrutiak hala dio: “Oraintxe ari gara buru-belarri egitasmoen sistema honekin. Egitasmoek eta teknologia berriek, konbinatuta, ematen dute bidea arinago, errazago eta eskuragarriago izateko gizartearen aurrean eta euskalgintzaren aurrean”. Egitasmoen funtzionamendua kontuan hartuta ari dira egiten esate baterako ondoko lanak: Orotariko Euskal Hiztegia, EEBS (Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa), Euskaltzaindiaren Hiztegia, Lexikoaren Behatokia...

Euskalgintzaren behatokia

“Alfer-alferrik ariko da Euskaltzaindia baldin eta ez badaki euskalgintzaren barruan zer dabilen”. Euskaltzainburuak sinergiarako egiten duen deia da. Erakundeak baditu harremanak euskalgintzako hainbat elkarte eta eragilerekin, hitzarmenak eginak ditu, baina ez dago ezer egituratua. Euskaltzaindiaren nahia da harreman hori sistematizatzea eta aldiro euskalgintzak erakundeari termometroa jartzea. Esate baterako, normatibizazioaren ikuspegitik erakundeak jakin nahiko luke ea hartutako erabakiak egokiak diren ala ez, bide onetik doan ala ez. Normatibizazioaz gaindi, euskararen normalizazio bidean elkarlanerako behatokia osatu nahi du.

Euskararen Historia Soziala

Soziolinguistikaren alorrean, Euskaltzaindiak orain arte esku artean izan duen proiekturik asmo handikoena da Joanes Etxeberri egitasmoa. 2007ko irailean jarri zen abian lantaldea, Mikel Zalbide euskaltzainaren zuzendaritzapean. Joseba Intxausti zuzendari orokorrak honela definitu du lana: “Historia sozialaz dihardu; hortaz, ez da Linguistika edo Filologia, ez da Soziologia soila: gizarteko historia egin nahi du eta iraganetik denboran zehar datozen edukiak bilatu behar ditu, ikertu, ordenatu, aurkeztu eta hedatu”.

Azpimarratzeko beste egitasmo bat Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da. 1987tik 1992ra bitartean Euskal Herriko 145 herritan grabaketak egin zituzten, eta laster atlasaren lehen bi argitalpenak plazaratuko dituzte.

Koldo Mitxelenaren gidaritzapean hasitako Orotariko Euskal Hiztegiaren lehen argitalpena 1987an egin zuten eta azkena 2005ean. Oraintsu jarri dute osorik sarean. Hemendik aurrera eguneratzen joango dira. Hiztegi Batua ere ez da bere horretan geratuko, orain dituen 20.000 hitzetatik 40.000rako jauzia egingo du. Hurrengo pausoa Euskaltzaindiaren Hiztegia izango da, Hiztegi Batuko hitzei definizioak jartzea, euskara-euskara hiztegia, alegia.

Ingurukoei galdezka

Euskaltzaindiak inkesta egin du erakunde barneko kideen artean eta kanpoko, hau da, euskalgintzako kideen artean. Galdeketaren helburua da euskalgintzaren iritzia jasotzea, hots, gizarteak nola ikusten duen erakundea. Inkestaren emaitzen aurrerapena dago Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai liburuan. Adierazgarria da ikustea nola erakunde barneko kideek eta kanpokoek oso antzeko iritzia duten Euskaltzaindiaz. Urrutiak hala dio: “Askok Euskaltzaindiaz hitz egiterakoan topikoetatik ihes egiteko zailtasunak izaten dituzte. Galdeketen emaitzetan badago konstatazio bat, barrukoek eta ingurukoek ikusten dute nondik nora doazen Euskaltzaindiaren lerroak eta ikusten dituzte argi-ilunak, jakina”.
Andres Urrutia
“Euskaltzaindia izan daiteke Euskal Herri osoa hartzen duen foroa”

Urteurrena kari, hedabideetan irakurri dut ondokoa: hitz egiten eta idazten den euskara (ondo ala gaizki) gero eta urrutiago dago Eskaltzaindiaren kezketatik.


Ezjakintasuna ere badago. Ahaztu egin zaigu euskara batua zertarako sortu zen, idatzia izateko. Hortik etorri dira bestelako kontuak, ea euskara batua izan behar den ahozko euskara eta beste... Horretaz eztabaidatu dezakegu.

Normatibizazioaren ikuspegitik garai batean jarri ziren zimentarriak eta orain teilatua ipintzea eskatzen digu. Teilatua ipintzeko alfer-alferrik ibiliko zara baldin eta tarteko solairuak jartzen ez badituzu. Beharbada momentu honetan esker gaiztoko asto-lana eskatzen du solairu horiek jartzeak.

Kaleko euskaratik hurbil-kanpo? Euskaltzaindia beste plano batean dago. Bizirik dagoena kaleko euskara da, horrek ez du kentzen euskara idatzia. Euskararen munduan mailak ez dira ondo bereizten, badirudi kaleko euskara dela onena... Ez, barkatu, zertarako den. Kaleko euskara onena da funtzio batzuetarako eta idatzia beste batzuetarako.

Galdera hau ere irakurri dut: Euskaltzaindiari berehalako jarraipen akritikoak euskarari laguntzen dio ala oztopoa da?


Akritikotasuna? Ez nuke esango halakorik dagoenik. Akritikotasuna egongo balitz bake ederra izango genuke eta ez dut uste bake eder hori behar dugunik. Akritikotasuna baino, esango nuke gizartea bera konturatu dela euskara aurrera atera nahi badugu, nonbaiten erreferentzia bat izan behar dugula. Nonbait hori, gure kasuan, Euskaltzaindia da. Orain dela 90 urte sortu zuten helburu horrekin, badirudi bere testigantza eman duela eta bere lana egiten ari dela. Zergatik ez baliatu hori? Zentzurik zabalenean diot: Euskal Herri osoa hartzen duen erakunde bakarra da, euskalki eta kaleko euskara desberdinen ordezkariak hartzen dituena, normatibizazio eta normalizazioan ari da...

Euskaltzain taldeak hainbat alorretako adituak bildu ditu azken urteotan. Zein alorretakoak gehituko zenituzke?


Ez dut uste beste eraberritzerik egongo denik datozen hamar-hamabost urtetan. Baina badaukat arantza bat: nola lortu urgazleek gure zereginetan beste era batean parte hartzea. Urgazleek hartzen dute parte batzordeetan, proiektuetan... baina beharbada beste zerbait eskaini behar zaie, agian Euskaltzaindiak hartzen dituen erabakietan parte hartzeko aukera eman behar diegu. Oso zaila da, 200dik gora baitira, baina mekanismo batzuk asmatu behar ditugu.

Euskaltzaindiaren inguruko inkestan, datozen urteetan garrantzia zeri eman galdetu duzue. Lehen hiru postuetan ondokoak ageri dira: euskararen erabilera sustatzea, gizartearen espresio bidea izatea, euskaldunen eskubideak bermatzea.


Neurri handi batean normala da. Euskaltzaindiak hizkuntzaren normatibizazio aldetik egin duena bideratuta ikusten da, nahiz eta oraindik asko falta. Momentu honetan gizartearen kezka hor dago, erabilera sustatzean. Normatibizazioak gurean pisu handia izan du, eta hori ahaztu gabe, normalizazio bidean joan behar dugu, modurik zabalenean ulertuta. Esate baterako, eskubideak bermatzea aipatu duzu, badakigu badirela gobernu batzuk hizkuntza politikaren kezka eta ardura dutenak, horretarako aukeratuak izan dira. Alabaina, badakigu Euskaltzaindia izan daitekeela Euskal Herri osoa hartzen duen foroa.
Sagario Aleman
Euskaltzainei galdezka (Sagrario Aleman)

Zertan ikusi zenuen herren erakundea euskaltzain egin zintuztenean?


Igoal barnera sartutakoan baino, aurretik ikusten nuena esan beharko nuke. Barnean sartu baino lehen iritzi bat dugu eta gero ohartzen gara beste zerbait ere badela. Hori bera, irudia alde batera joana zegoela: Euskaltzaindiaren bi egitekoetatik bat, estatusarena (hizkuntza babestea, sustatzea...), ez dela hainbeste ikusten. Ikusten dena beste aldea da, corpusarena. Azken batean, biak oso loturik daude. Corpusak funtzionatu dezan, euskarak beharrezkoa du erabilera, sustatzea... Batez ere, kanpora begira, arau-emaile gisa ikusten da.

Garai batean eginak zituen zenbait pauso, Euskaltzaindia izan zen alfabetatze mugimendua sortu zuena, bertso txapelketak... baina gero ematen zuen beste alor horrek (arautzeak, ikerketak...) indar handiagoa hartu zuela eta besteari gailendu zitzaiola. Egitekoa inportantea zen momentu batean, hizkuntza egokitzea. Batzuendako hor ere okerra izan zitekeen, mantsoegi zihoala. Beste bat da ea azkarrago joan zitekeen. Badira eskasia batzuk, baina aldekoak ere baziren, mantsoegi egitea akatsa da? Neurri batean bai, baina aldi berean azkarregi egitea ere izan zitekeen akatsa. Oreka hori mantentzea batzuetan ez zen erraza.

Zein indargune ditu Euskaltzaindiak?


Euskal Herri osoko erakundea da. Administrazioen, euskalgintzaren eta orokorrean herritarren aldetik aintzat hartua den instituzioa da.

Orain, Euskaltzaindia oreka ere bilatzen ari da, ez irudi aldetik bakarrik, baizik eta halabeharrez albo batera utziak egon zitezkeen hainbat alor berreskuratzen ari da.

Batzordeetan jende asko du oso prestatua, trebea eta langile gaitza, bai euskaltzain osoak, urgazleak eta bestelako langileak.

Euskaltzaindia euskal munduko hainbat talderekin-eta egiten ari den hitzarmenak interesgarriak dira. Bere egitekoa da erne egotea euskararen munduan gertatzen den guztiari, askotan berak egitea baino gehiago da beste taldeen lana babestea, lan horien berri izatea eta gogoeta egitea.
Andoni Sagarna
Euskaltzainei galdezka (Andoni Sagarna)

Zertan ikusi zenuen herren erakundea euskaltzain egin zintuztenean?


Duela hiru urte euskaltzain izendatu nindutenean, Euskaltzaindia bi alderditatik ikusten nuen bereziki bizkortu beharrean: batetik, araugintza motel zihoala iruditzen zitzaidan, eta bestetik, gizartearekiko harremana areagotu behar zela. Ordutik hona aurrerapen interesgarriak egin dituela uste dut. Hiztegi Batuko formak erabakitzeko prozedura berria jarri dugu abian. Gauza guztiak puntuz puntu hileroko Osoko Bilkuretan eztabaidatu eta erabaki beharrean, orain Batzorde Ahaldundu batzuk ditugu, lanak asko bizkortzen ari direnak eta horrela epe jakinei begira ari gara lanean. Lehengo abiaduran urte asko behar izango genituen Hiztegi Batua 20.000 formatik 40.000ra eramateko, eta Euskaltzaindiaren Hiztegia oso urrun ikusten genuen. Hiztegi Batuaren bigarren itzuliak eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak 2012an osatuta egon behar dute. Erronka handia da, baina buru-belarri horretan gabiltza.

Edukiak gizarteratzeko ere ahalegin handia egiten ari gara. Euskaltzaindiaren webgunea asko berritu da, Plazaberri aldizkariak blog itxura hartu du, edukiak formatu digitalean erabiltzaileen eskura jartzeko ahalegin handia egiten ari gara. Une honetan edukien izarretako bat Orotariko Euskal Hiztegia formatu digitalean da. Mozilla Firefox nabigatzailearen Euskalbar osagarriaren bitartez linean kontsulta daiteke eta PDF formatuan norberak bere makinan izan dezake, testu osoko bilaketa egiteko aukerarekin.

Zein indargune ditu Euskaltzaindiak?


Euskaltzaindiak duen altxorrik preziatuena gizarteak dion begirunea da, eta ez begirune pasiboa soilik, begirune aktiboa ere bai. Azken berrogei urte honetan euskarak izan duen eraldakuntzan, aberastean, Euskaltzaindiak izan du lidergoa, baina gizarteak gauzatu du gaur dugun euskara batua, unibertsitateetan, komunikabideetan, ikastetxeetan, herri-administrazioan edo enpresetan erabiltzeko gaituta dagoena. Euskaltzaindia oso eskertuta dago gizarteak egin dion harrerarekin. Altxor hori, ordea, gehiago landu behar dugu. Nire ustez, erabilerarekin lotutako jarduera gehiago bultzatu behar ditugu.
Joseba Andoni Lakarra
Euskaltzainei galdezka (Joseba Andoni Lakarra)

Zertan ikusi zenuen herren erakundea euskaltzain egin zintuztenean?


Ez dut egin Euskaltzaindiaren ebaluaketa orokorrik; horretarako beste jenderik eta bestelakorik beharko litzateke, jakina. Nik, gehienez ere –hemen naizenez gero zerbait egin beharko–, neure prestakuntza, ibilbide edo interesen arabera zer gara litekeen eta nik zertan lagun nezakeen pentsatu izan dut. Uste dut, bestalde, nire bila etorri zirenek bazuketela dagoeneko ideiaren bat niregandik itxaron zezaketenaz.

Hortaz, esango nuke Euskaltzaindiak, Jagon Saila ahaztu ez ahuldu gabe, Iker Saila garatu behar lukeela hainbat garaitan egin den baino gehiago; areago, alderdi horrek eman diola Euskaltzaindiari (Azkuek eta Mitxelenak, laburtzearren) duen ospearen zati on bat. Are gehiago, nago ikerketa jardun sakon eta zabala oinarri izan gabe Jagon Saila bere egiteko gehienetan askozaz kaxkarrago arituko litzatekeela eta horren adibideak lehen eta orain bereon ditugu, Hiztegi Batutik has eta toponimiaren normalizazioan, grafiaren azken puntuetan nahiz ahoskera batuaren lehen urratsetan.

Ikerketa horren barruan, filologian eta hizkuntzalaritza diakronikoan zer aitzinatu badela deritzot, eta are erakundearen barnean aitzinatu beharrik ere, erdi-ahazturik izan den “Euskararen lekukoak” berpiztuaz edota hitzen jatorri eta historian, demagun, eta horietan nahi nuke –besterekin batera– ahal dudantxoa egin.

Zein indargune ditu Euskaltzaindiak?


Euskaltzaindiak indar eta indargune asko du. Batetik, Euskal Herri osoan beste erakunde gutxik duen harrera eta abegi ona; era askotako jendeak bere Akademiatzat du aspaldidanik eta horrek era askotarako erlazio eta elkarlanak ahalbidetzen ditu Euskaltzaindiaren egitekoak burutzeko.

Gainetik, erakundearen beraren jarduna eta historia dira gu guztiontzat altxor eta bide-erakusle bikain, beti hasten bagina bezala ez aritzeko. Azkenik, hainbat gogoeta, ekintza, talde eta erakunde sortu da azken 90 urteotan euskara ikertzeko eta sustatzeko; batzuk oraindik ez dira itzali eta, beraz, ez gaude bakarrik eta horien artean bat baino gehiago izan bide litezke lagun ez eze hobetzeko akuilu ere.
Patxi Uribarren
Euskaltzainei galdezka (Patxi Uribarren)

Zertan ikusi zenuen herren erakundea euskaltzain egin zintuztenean?


Aspaldidanik ezagutu izan ditut Euskaltzaindiaren zenbait lan-eremu, beti hurbilean lanean ibili izan naizelako. Ezagutzen nituen batzorde gehienen asmoak, baita egin bidean zituzten proiektuak ere.

Enrike Knör jaunaren ordez, Arabako ordezkari izateko proposamena egin zidatenean, argi neukan nire lanak batez ere lexikologia alorrari loturikoa izan behar zuela. Batez ere, hiztegi batuko lanari abiada handiagoa eman beharra ikusten nuen.

Iaz lau urtetarako berriztatu zen zuzendaritzak bi urtetarako programa zehazteko jardunaldi batzuk antolatu zituen Urkiolan.

Azken bi urtetan egindako lana zehatz aztertzeaz gainera, bi urtetako helburuak eta garatzeko baliabideak eta epeak zehaztu ziren. Bi batzorde berezi onartu ziren: Hiztegi Batua (2. itzulia) Batzorde Ahaldundua hiztegi alorreko erabakiak hartzea areagotzeko, eta Euskaltzaindiaren hiztegia. Adierak eta adibideak batzorde ahaldundua definiziozko hiztegia egiten ari direnen lana errazteko.

Beste zenbait batzorderen lana ere areagotzea erabaki zen, teknika berriek gure esku jarri dituzten abantailak baliatuz. Azken sei hilabete hauetan hainbat emaitza eder ikusi izan ditugu, Euskaltzaindiak informatika bidezko eskaintzetan izugarrizko urratsak eman dituelarik.


Zein indargune ditu Euskaltzaindiak?


Indargune nagusiak aipaturiko bi batzorde ahaldunduak eta informatika alorra direla uste dut. Bi urteren buruan beste 12.000 hitz inguru normalizatuko dira, eta lehen definiziozko hiztegi ofiziala kaleratuko. Bestalde, Euskaltzaindia, informatika bidez orain arte egindako lanak jendearen esku jartzen ari da.

Hainbat batzordek eta lantaldek dihardute etengabeki ikerketa-lanak burutzen. Lan ugari horien bidez euskararen aberaste-bideak areagotuko dira.

Euskaltzainon artean, nork bere gaitasunak dituenez, bakoitzak bere jakituria-alorrean ahalik eta lanik sakonena eta ugariena egitea bilatu behar da nire ustez. Uste nuen baino lan-esparru ugariago aurkitu dut. Nahi duenak badu aukerarik.

Azkenak
2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-etik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Eguneraketa berriak daude