Elektrizitatea ‘pirateatzea’ mundu osoan da ohikoa, eta herrialde txiroetan aski orokortua. Ez da hain usu ikusten, ordea, korporazio handiari energia ostu eta jende behartsuari berreskuratzen dion pirata elkarte militantea.
Soweton dago bat, Hego Afrikako hiri famatuan, hango Mail&Guardian egunkariak ikusi ditu bere kideak lanean eta elkarrizketatu ere bai. Levy Nhlapo argiketari gaztearekin ibili da Karabo Keepile kazetaria Sowetoko Diepkloof auzoan, “konponketa lanetan”. Etxe txiki batera hurbildu dira, Nhlapok ireki du argindarraren kontagailua daukan kutxa plastikozkoa, etenda dauden harien arteko “zubia” egin, txinparta ale batzuk atera dira eta kito: etxekoek badaukate berriro elektrizitatea.
Nhlapo Soweto Electriticy Crisis Comittee (SECC) elkartean ari da bolondres. Militante talde honek eskua luzatzen die fakturak ordaindu ez izanagatik argindarra edo ura moztu dieten herritar txiroei. Korporazioek piratatzat dauzkatela? Beren ustez teknikari konprometituak dira.
Bitxia da SECCk bulego irekia izatea, egun argitan diharduten seinale. Gela txiki bat baino ez omen da, mahaia, bi aulki eta fotokopiagailua, baina Sowetoko erdigunean dago. Thabo Molefe bozeramaileak nahi adina informazio eskaini dio kazetariari. “Ez da egunik elektrizitatea eten dioten dozena bat herritar baino gutxiagok deitzen digunik. Bulego hau zabalik izateak erakusten du zenbateraino den beharrezkoa gure lana”.
Orain artean SECCko kide bakar bat ez dute auziperatu agintariek. Areago, tarteka elkarrizketan eta negoziatzen aritzen dira elkartea eta Sowetoko argindarra kontrolatzen duen Eskom enpresako buruzagiak. Bitxikeria bat gehiago eransteko, elkarteak mini-bulegoa dauka Eskomen aurrez aurre, apartheidaren kontrako borrokalari famatua izandako Chris Hani-ren izena daraman karrikan.
SECC bere bazkideek finantzatzen dute hein batean eta gainera baditu kanpoko laguntzak, Johannesburg-eko Rosa Luxemburg Foundation-en eta War on Want (Gabeziari Gerra) Gobernuz Kanpoko Erakunde ingelesarenak.
Eskom argindar konpainiaren bozeramaileek bestelako kontuak aipatzen dituzte. Hego Afrika osoan urtean 2.800 milioi rand (250 milioi euro) galtzen omen dute pagatu gabeko fakturengatik. Erdia baino gehiago, 1.800 milioi rand, Soweton geratzen dira zorretan. Hego Afrikan kontsumitutako argindarraren %10 legez kontra hartzen omen da. Eta arriskutsua omen da, edonor hil dezakeelako oker egindako konexio batek. Eskomek herritarren on beharrez berriro eteten ditu.
SECCkoek erantzuten dute haien txispas borondatezkoek ondo egiten dituztela tranpak, inor ez dela inoiz hil edo zauritu horrelakoetan. SECCk ez duela nahi hau besterik: ANC alderdiak 2000. urtean agindu zuena egia bihurtzea, argindarra denentzako dohainik izatea alegia.
ANCren promesak, ordea, bazuen azpian letra txikerragorik eta legeak etxe bakoitzari debalde bermatzen dizkio lehenbiziko 50 kilowattak, doi-doi telebista txikia, irratia eta plantxa berotzeko lain. Eta gainerako argindar guztiak igoera handia jasan du geroztik.
Datozen hiru urteetarako Eskomek proposatu du tarifak %45 garestitzea. Honek are familia gehiago kondenatuko ditu ilunpera. Familiaz gain, ordea, udalak, ikastetxeak eta ekipamendu publiko asko aurkituko dira ezinean.
Egoera oso zailean daude auzo txiroetako ikastetxeak. Diru sarreren zati bat ikasleen familietatik datorkie, eta eskola askotan ikasleen erdia baino gehiago da pagatu ezin duena. SECCko Levy Nhlapok kazetariari aitortu dio berari egokitu zaiola argindarraren konexioa puenteatzera joatea pagatu ezinean zebiltzan komertzio txikietara, parrokietara, haurtzaindegietara, mediku baten kontsultara...
Hala ere, familien etxebizitzak kolpatu ditu batik bat energiaren garestitzeak. Ulertzeko adina ingeles dakienari on egingo lioke Mail&Guardianeko bi kronika txiki irakurtzeak. Batean erdi mailako emakume batek, Yolandi Groenewald-ek, kontatzen du nola ari diren familia asko energia kontsumoa kontrolatzen. “Kiloak galdu nahian” izenburupean, hitzekin jolas polita egiten du: ez da uda ondoren jendea argaldu nahian ari dela, baizik eta kilowattak nola aurreratuko saiatzen. Euskarazko prentsan intentzio oneko kazetariok idazten ditugunak bezalako gomendio askoren inguruan ari da Groenewald. Bainua kontrolatu, argindarraren ordez gasa erabili, ontzi-garbigailua buruz usatu, kontsumo urriko bonbillak ipini...
Kontrastea egiteko, Karabo Keepile kazetaria Mavis Sebola emakume gaztearen etxean egon da, argindarrik gabe nola bizi daitekeen ezagutzen. Tituluak dio: “Kantatzeak uxatzen du iluntasuna”. 37 urteko ama da Mavis, Mathapelo (15) eta Shoni (8) alabekin bizi dena.
Gela bakarreko etxola zinkazko eta zurezkoan bizi dira. Baimenik gabe eraikia denez, argindarrik ez. Deretxoa balute ere berdintsu, ezingo lukete-eta ordaindu. Entxuferik ez da. Sakeleko telefonoa karrikako denda batean kargatzen dute, pagatuta noski, beste askorekin batera ilaran luze itxaronda.
Kozinatzeko tresna parafinaz dabil. Hozkailurik ez da; haragia edo arraina erostekotan, egunean bertan jatekoa edo potoan. Kanpoan ilundu orduko, etxeko argi izpi bakarra kandelarena da. Ilundu bezain fite denak ohera. “Aspertzen bagara, batzuetan elizako kantuak abesten ditugu”.
Mathapelo neskatxa zaharrenak etxeko lanak nekez egin ditzake bertan: besteak baino goizago doa eskolara, hango lanparak aprobetxatzera. Mahairik ez da, ez ikasteko eta ez jateko. Mathapelo goizeko 05:30etan jaikitzen da, karrikako iturritik ura ekartzera. Ohe gainean ahizpa txikia garbituko du, zinkazko kankartan, ondoren uniformea jantzita pertxent eskolaratzeko.
Shoni ttikiak telebista maite du, batez ere Generations saila eta filmak. Auzokoena ikusten du ataritik. “Baina ez ditugu bizilagunak gogaitu nahi eta kanpotik erreparatzen diogu”. Elizara joatea da iluntasunari ihes egiteko beste modu bat. “Maite dut eliza –dio Mavisek– han bestelako gauzez pentsa baitezaket”. Familiarekin egin bideoak zirrara eragiten du Mail&Guardianen webgunean.
Erreportajean Levy Nhlapo elektrikari kortsarioak diotsu: “Jesus berriro itzuli arte segiko dugu. Ez gara besoak tolestaturik egongo hura noiz etorriko zain”.
Argazki oina: Johannesburgeko Indymediak dauka argazki hau sarean ipinita. Eskom argindarraren kontrako manifestazioan ari dira jendeak Sowetoko auzune batean, poliziak –foto honetan ez dager baina Indymediako irudi sailean bai– hurbil dituztela. Lehen planoko emakumeak tresna berezia erakusten digu: konpainiak Sowetoko pobre jendeari argindarra konektatzen dienean aurrez ordaindutako txartelez dabilen kontagailua ezartzen die. Sakeleko telefonoetako pre-pago sistema, elektrizitatearentzako egokituta. Energiaren krisiaren ondorioak aspalditik nozitzen dira munduko leku askotan, klimaren aldaketarenak adina edo gehiago. Energia garestitzeak itotzen ditu milioika familia, batez ere munduaren Hegoaldean baina baita herrialde aberatsetan ere.
Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.
Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.
Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.
Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]
Eneko Mendiluze Plaza psikologoak gaueko beldurren inguruko zenbait gako eman ditu. Nabarmendu du guraso bakoitzak ikusi behar duela zer datorkion hobeto umeari.
Hamaika eraso Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierko ikastetxe katolikoan gertatu ziren, beste biak Domintxaineko (Zuberoa) ikastetxe katolikoan eta Angeluko (Lapurdi) San Josepe ikastetxe publikoan. Uztaritzeko ikastetxean ikasitako bost gizonek beren testigantzak eman... [+]
Carli Pup (Udine -friuleraz Udin-, 1973) Friuli [friuleraz, Friûl] herriaren ekintzaile kultural garrantzitsuenetako bat da. Bere hizkuntza gutxituaren idazle, hizkuntzalari eta bere herriaren historialari bihurtu da.
Gaur egun, Informazione Friulana kooperatibako... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Martxoaren 27an aurkeztu zuen ARGIAk Bizi Baratzea Orria, lurrari begiratzen dion urtarokako aldizkari berria. Martxoaren hasieran zabaldu zen kide egin eta formatu oso berezia duen orri handia etxean jasotzeko aukera. Erantzun oso beroa izan du. Kide hauen profila ezagutu nahi?
Jaitsiera AEBen muga zergen igoerari erantzun ez dieten eta negoziatzeko prest azaldu diren herrialdeei aplikatu diela argudiatu du Donald Trumpek, Europar Batasuna barne. Txina eta AEBen arteko lehia komertzialak gora egiten jarraitzen du.
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.
Iazko abuztuan, Irundik gertu, ertzainek atxilotzean izan zuen bihotzekoa gizon batek. Eneko Valdésen heriotzaren ikerketan, Polizia errugabetu zuten.
Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugarren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin.