Industria eleanitza: Lehiarako ezinbestekoa

  • Hizkuntza-kudeaketa enpresan izeneko mintegia, Elgoibarko (Gipuzkoa) Erreminta Makina Institutuak (IMH) antolatuta. Hamabost hitzaldi eta mahai-ingurua. Enpresa-hizkuntza bikotea ari da mugitzen, nahiz eta oraindik, nahi baino gutxiago gerturatu enpresa eragileak.
Hizkuntzak enpresetan
Hizkuntzak enpresetanGarbine Ubeda Goikoetxea
Mintegia bukatuta, tripa zorriak genituela, mokadu goxoa eskaini zigun IMHk Makina Erremintaren Museoan. Partehartzaileok antolatzaileei mintegiaz gure iritzia emateko aukera izan genuen. Batek baino gehiagok hala adierazi genien: hitzaldi gehiegi, edo laburregiak behinik behin. Antolatzaileetako baten erantzuna: ados, asko eta laburrak jartzen ditugu enpresaria dugulako buruan, lanpetuta daudela diotelako eta egun osoko mintegia ez luketelako egingo. Enpresa erakarri nahi dugu eta asko kostatzen zaigu.
Enpresarekin baino hizkuntzarekin lotura zuzena zuen jende gehiago zegoen, egia. Dena dela, ale politak izan ziren. Batek baino gehiagok nabarmendu zuen Adegiko presidentea hara joan izana, lehen aldiz zegoen horrelako gune batean. Han zen baita ere Zamudioko ITP enpresako Giza Baliabideen zuzendaria, eta Xabier Erize Nafarroako Kutxaren ordezkari gisa, CAN euskararik gabe irudikatzen ez zuela.

Fagor Etxetresna Elektrikoak

Hamabost hitzaldietan enpresetako hizkuntza plangintza bat baino gehiago azaldu ziren. Horietako bat Abel Irizar Emun-eko hizkuntza aholkulariak aurkeztutakoa: Fagor Etxetresna Elektrikoak Kooperatiba Elkarteko plana. Xehetasunak kontatu baino lehen azaldu zuen nola hizkuntzen garapen iraunkorrean sinesten duen, hori guztia enpresen nazioartekotzeari lotuta. Zer da hizkuntzen garapen iraunkorra? Bada, ekologia enpresetara eramatea nolabait. Alegia, munduko espezieek ekosistema orekatua bilatzen duten bezala, hizkuntzek ekosistema soziolinguistikoa behar dute. Ikuspegi ekosistemikoaren arabera aniztasuna ona da, beraz, hizkuntza aniztasuna ona da. Hizkuntza guztien arteko oreka bilatu behar da, handiak eta txikiak direla tartean. Nola lortzen da oreka ingelesa edo gaztelania bezalako, eta euskara bezalako hizkuntzen artean? Menpeko hizkuntzei funtzio esklusiboak emanez. Hau da, gure kasuan euskaraz egin litekeen guztia euskaraz egingo genuke eta gainerako esparruak utzi funtzio globalagoetarako. Enpresak, gizarte erantzukizunaren ikuspegitik, neurri ekologikoak hartzen baditu zergatik ez hizkuntzarekin? Hizkuntzen garapen iraunkorra ona da enpresarentzat, langileentzat eta hizkuntzarentzat.

Europako 29 estatutan, 2.000 enpresa esportatzailetan, egindako ikerketaren berri eman zigun Irizarrek. Hizkuntzak ez jakiteak Europako ekonomian duen eragina aztertu zuten. Enpresen %11k aitortu zuen negozio aukerak galdu zituztela oztopo soziokulturalengatik, enpresa erdiek ez zeukaten hizkuntza estrategiarik eta hizkuntza kudeaketaren gaian gaizkien agertzen ziren enpresak britainiarrak ziren. Azken horiek elebakarrak ziren eta merkatu berrien aurrean (Txina, Errusia, Brasil...) arazoak zituzten.

Plantaz planta

Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresak Euskal Herrian, Marokon, Polonian, Frantzian eta Txinan ditu plantak. Hamabi hizkuntza dituzte identifikatuta: euskara, gaztelania, ingelesa, poloniera, frantsesa, italiera, lonbardera, arabiera, marokoarra, amazigh, txinera eta wu. Hizkuntza nagusiak zortzi ziren, estatu hizkuntzak. Bederatzi hizkuntzatan funtzio defizita atzeman zuten. Bost hizkuntzek funtzio gehiegi betetzen zituztela ondorioztatu zuten: gaztelania, ingelesa, frantsesa, italiera eta txinera. Kontuan hartzeko sei hizkuntza zerrendatu zituzten: euskara, lonbardera, arabiera, marokoarra, amazigh eta wu. Hizkuntza errealitatea ikertuta hainbat jarraibide abiarazi zuten. Horietako batek planten arteko hizkuntza harremana zehazten du. Planta baten barruan lekuan lekuko hizkuntza, hizkuntza gutxitua lehenetsiko da. Bi planten arteko harremanetan lekuan lekuko estatu hizkuntzei funtzio gehiago emango zaizkie, ingelesa baztertuz. Adibidez, Euskal Herriko eta Poloniako planten artean dokumentu finkoak euskaraz eta polonieraz egongo dira eta ahozko komunikazioa gaztelaniaz edo polonieraz egingo da. Hiru edo planta gehiagoren arteko harremanetan ingelesa erabiliko da.

Beste batzuk ere berdin dabiltza

Bertako enpresetako esperientziak izan ziren gehienak mintegian, baina Jiri Nekvapil txekiarrak hango adibide bat ekarri zuen. Enpresak egoitza nagusia Alemanian du eta adarrak munduan zehar. Txekiako adarreko hizkuntza errealitatea gerturatu zigun. 2.182 langileak txekiarrak, eslovakiarrak eta poloniarrak dira, besteak beste. LINEE proiektuaren (Hizkuntza Kudeaketa Europa Erdialdeko enpresa multinazionaletan) arduradunak azaldu zuen nola nekez altxatzen duen burua txekierak alemanaren eta ingelesaren aurrean. Gogoratu dezagun txekierak 12 milioi hiztun dituela eta hizkuntza ofiziala dela Txekian.

Mintegian Internet bidez parte hartu zuen batek halako zerbait idatzi zuen: zein bitxia egiten den txekiarren hitzetan entzutea guri gertatzen zaigun gauza bera.


Patata beroa itzultzaileentzat

Nazioarteko enpresen esperientziak ez ezik bertakoenak ere entzun ahal izan genituen. Horietako bat Bilboko Doble sentido komunikazio agentzia izan zen. Agentzia horrek euskaraz eta gaztelaniaz egiten du lan. Izaskun Aranbarri enpresako kideak azaldu zigunez, beraien apustua elebidun izatea da. Testuingurua azaltzeko adibide bat jarri zigun: Bizkaiko komunikazio agentzien elkarteak argitaratzen duen La Revistak enpresei eskatu zien iragarki bat egiteko euren burua promozionatuz. 49 gaztelaniaz egin zituzten eta bi ele bitan. Aranbarrik hainbat elementu nabarmendu zituen hizkuntzen kudeaketa azaltzeko.

Bata: gauza bat da lana ondo egitea eta bestea da balio erantsia ematea. Esate baterako, urari buruz egindako iragarki batean Axularren pasarte bat jarri zuten.

Bigarrena: hizkuntza batean baino gehiagotan lan egiteak esan nahi du hizkuntza horiek oso ondo menperatu behar direla. Aipatu zuen, adibidez, ingelesa edo alemana jatorrizko hizkuntza duen norbait lan taldean izatearen abantaila.

Hirugarrena: itzulpenaren gaiak hautsak harrotu zituen ikastaroan. Aranbarrik aitortu zuen ia beti gaztelaniazkoari euskarazkoa egiten ibiltzen direla eta ez dela batere erraza, itzulpen soilak ez duelako askorako balio. Esate baterako, nola eman euskaraz “Vale no es lo mismo que ya te vale”?. Gaztelaniazko mezua sortu duenak patata beroa jarri du itzultzaileen eskuetan. Beste adibide batek ageriagoan jarri zuen itzulpenaren arduraren gaia. Sarean parra-parra zabaldu den “ehiztaria” atera zuen mahai gainera partehartzaile batek. Hau da, arropa denda batean “cazadora” hitzaren itzulpen gisa agertu da “ehiztaria”. Irribarrea sumatu zitzaigun gehienoi, baina parte-hartzaileak segituan esan zuen: “Denok barre egiten dugu ‘ehiztaria’ hitza ikusita, baina guk nola itzuliko genuke?”. Parte-hartzailearen bigarren galdera: “Nor da ‘cazadora’ euskaraz ematearen arduraduna? Itzultzailea? Nola itzuli ‘Just do it’ esamoldea? Mezu kulturala osatu du, hizkuntzari lotua, hobeto esan, batzuetan hizkuntzari iltzatua”.

Izaskun Aranbarrik bezero pribatua eta publikoa bereizi zituen. Bezero partikularrek publizitatea gaztelaniaz egiteko eskatzen dute eta horrelakoetan Doble sentido agentzia bera ibiltzen da ele bitan egitearen onurak azaltzen. Erakunde publikoek berriz, bi hizkuntzetan eskatzen dute, baina gaztelaniazkoa ematen diete komunikazio agentziei. Patata beroa itzultzaileek dute, ea nola itzultzen/ematen duten euskaraz gaztelaniaz sortua.

Inork galdetu ez bazuen ere Aranbarrik aurrea hartu eta zera esan zuen: “Ez zarete ausartuko galdetzen, baina badakit buruan hauxe duzuela: ‘Zer dela eta dauka agentziak izena gaztelaniaz?’ Bada agentzia sortu zenean izen hori hartu zuelako. Euskara lanean txertatzearen kontua geroago etorri zen, zuzendaritzak hala erabaki zuelako. Markak enpresa munduan duen garrantzia kontuan hartuta izena ez aldatzea erabaki genuen”.

Euskara hutsez eta ele bitan

Fagor Arrasate Kooperatibak 500 langile ditu Arrasaten, Markinan, Donostian eta Txinan. %80k euskara badaki, gazteak alfabetatuak dira eta helduak berriz ez. Hamaika urte dira euskara planak abian direla kooperatiban. 2005ean euskara batzordeak proposamen bat egin zion Kontseilu Errektoreari. Helburua ondokoa zen: euskara zekitenek idatzizko oharrak (paperekoak eta e-postak) euskara hutsean jasotzea eta elebakarrek euskaraz eta gaztelaniaz jasotzea. Kontseilu Errektoreak onartu egin zuen proposamena eta egitasmoa martxan jarri zuten. Hasteko, langileen euskara maila aztertu zuten eta ondoren bi talde sortu zituzten. Batzuek euskara hutsean jasoko zuten informazioa eta besteek ele bitan. Baina nola jarriko zuten abian egitasmoa, langileei ohartarazi gabe?, ohartarazita? Euskaldunei aukera emango al zitzaien informazioa ele bitan hartzeko? Azkenean denei mezu orokor bat bidali zitzaien komunikaziorako bide berria jakinaraziz eta argi utzi zitzaien taldez aldatzeko aukera izango zutela. Jarritako irizpideak betetzen ez zirenerako akuilu taldea prest izaten zen zegokionari gogorarazteko lan prozedura zein zen. Internet bidezko komunikazioan baino zailtasun gehiago aurkitu zuten nominekin. Nominarekin batera hainbatetan bestelako oharrak banatzen dituzte eta hizkuntza irizpideak mantentzean nekezagoa zen. Langile baten borondateari esker nomina guztiekin bi talde egiten dira eta horrela, bestelako oharrak euskara hutsez eta ele bitan banatzen dira.

Egitasmoa azaldu zuen Elias Zumaldek balorazioa egin zuen. Baikortzat jo zituen honako elementuak: komunikatzeko modu hori laneko gestio sisteman txertatu izana, arduradunek sistema betetzea, sistema betetzen ez denerako akuilu taldea egotea eta langileek talde batetik bestera igarotzeko aukera izatea. Zumaldek nabarmendu zuen lau bat langilek baino ez zutela eskatu euskara hutsekotik elebikora pasatzea. Ondorio ezkorren artean ondokoak aipatzekoak: lan bikoitza egin beharra, batzuek sistema ez errespetatzea, nominarekin banatutako oharrak prestatzeko lan dezente egin beharra eta alfabetatugabekoak ulertzeko zailtasunak izatea batzuetan.
Euskararen balio komertzialaz
Mahai-inguruan jende asko bildu zen. Hasi Andoni Cendoya ITPko Zamudioko enpresako Baliabideen zuzendaritik eta Jirí Nekvapil Pragako Charles Universityko irakasle eta ikerlariraino (ikus aurreko orriko argazkia). Puntua Antton Aranburu moderatzaileak jarri zuen: Zein balio komertzial du euskarak?

Hara entzunen puzzlea:

- Igor Calzada (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Koordinazio zuzendaria): Enpresa barruan ari gara lantzen balio hori, baina kanpora ez. IKEAk suedierarekin egiten duena adibidez, ez dugu egiten. Tokion Ternua marka ikusi nuen eta dardara eragin zidan.

- Mikel Irizar (Kutxako Hizkuntza Plangintzaren arduraduna): Ez gara euskarari buruz ari, eleaniztasunaz baizik.

- Andoni Cendoya (Zamudioko ITPko Giza Baliabideen zuzendaria): Kanpora begira euskarak ez du balio komertzialik, txinerak eta bestelako hizkuntzek bai. Euskarak balio erantsia du bertako bezeroarentzat eta enpresako langileentzat. Nik hala uste dut, baina nire lankideek? Zamudioko ITPn %10 da euskalduna.

- Mikel Irizar: Uste dugu balio erantsia dela gaztelaniaz egitea eta euskara ezkutatzea. Sukaldari euskaldunek ez dute euskaldunak direla ezkutatzen. Kutxak liburu bat argitaratu eta bezeroen artean banatu behar zuen. Lau hizkuntzetan (euskara, katalana, galegoa eta gaztelania) egin genuen. Urte batzuk lehenago bestela egingo genuen, bata gaztelaniaz Madrila bidaltzeko eta besteak elebitan.

- Miquel Strubell (Linguamon Eleaniztasunaren Katedra): Suitzan batez besteko soldata ikertu zuten langileek zekizkiten hizkuntza kopuruaren arabera. Elebidunek elebakarrek baino soldata hobea zuten, hirueledunek elebidunek baino hobea, laueledunek hirueledunek baino hobea... Katalanarekin tankerako zerbait gertatzen da, ahoz eta idatziz zenbat eta gehiago menperatu orduan eta soldata hobea.

- Xabier Erize (Nafarroako Kutxako Berrikuntza eta Estrategiaren Garapena): Balio monetarioa tangiblea da eta badira beste balio asko intangibleak direnak. Gure erronka da balio horiek ikustaraztea. Adibidez, enpresaren literaturan hizkuntza kokatu behar dugu, intangiblea tangible bihurtu behar dugu.
Txarridunaren kontuak
Elgoibarren bada Txarriduna izeneko taberna bat, aro modernoetan eraikina berritu eta hotela ere bihurtu dena. Txarriduna harremanetarako leku garrantzitsua izan da Elgoibarren, instituzio bat. Gaur egun berdin-berdin ikusiko dituzu bertan gaztagile sarituak zein itxura exotikoko tratulariak. Elgoibar kapaza da erakartzeko nola bertako jendea, hala munduko enpresariak.
Inori txarriduna deitzea aberats izatearen pareko zen garaiko abegikortasuna topatu genuen 30+10 mintegian, Txarriduna hoteletik gertu dagoen Erreminta Makina Institutuan. Urtero bezala, hizkuntz industriaren azoka izateko borondatea duen jardunaldian programa interesgarria antolatu zuten IMHkoek. 250 lagun bildu ginen bertan, 70 aurrez aurre, gainontzeko 180ak modu birtualean bideo streamingari esker.

Birtualtasuna eta eleaniztasuna edozein azokatan eros litezkeen garai honetan, nik inpresio bat eta lan-lerro bat ditut irakurlearekin partekatzeko:

Uste dut “dena edo ezer ez” dinamikan erortzen garela sarri, birtualtasuna erreala denaren antonimoa zen garaietara egiten dugula atzera. Inpresioa dut terrenoaren gainean lanean dabilen aholkularitza-enpresei ez zaiela behar beste aitortzen beren ekintzailetasuna, berrikuntza, arintasuna, sormena eta abar, gaur egungo lehengaiak. Zer hobetua badute, jakina, baina etxeko intxaurrek know-how handia metatu dute.

Beharbada intxaurrek Txarriduna hotelaren modukoetara joateko maleta berria beharko dute edota errezeta berrietarako lehengai bezala erabiliko dituen sukaldari sortzaile ahaltsua. Era berean, ikusi beharko lukete merkatu berriak zabaltzen zaizkiela etorkizunean, hots, bere bisioan aurrera egiteko aukera berriak eta beren burua prestatu beharko lukete eleaniztasunaren kudeaketan aitzindari izateko. Hezkuntza arloan dugu eredua.

Horretarako, sakondu egin beharko da sektorearen klusterizazio prozesuetan, harreman iraunkorrak landu beharko dira nazioarteko sareetan, komunikazio eta publizitatean gehiago erein beharko da eta gaitasun eleanitzetan espezialdutako teknikariak beharko dira enpresetan. Arlo horretan ez ditugu lehiakide izango ingelesa ama-hizkuntza dutenak, beraiek baitira (European Commision, 2006 ) Europako elebakar kopururik handiena dutenak (%66 Irlandan, %62 Britainia Handian). Ez eta gertuagoko frantses zein gaztelaniadunak (%56). Bai, ordea, katalanak.

Miquel Strubell katalan-britaniarrak ELAN-CAT ikerlerroa azaldu zuen Elgoibarko mintegian. Linguamon katedratik bultzatzen ari diren lan-lerro honetan Stephan Haugen irakaslearen lanak dituzte abiaburu. Haugen aztertzen ari da zein ondorio ekonomiko dituen enpresen elebakartasunak. Alegia, nola neur litezkeen parametro ekonomikoetan trebetasun eleanitzen gabeziak. Katalanek berezko hizkuntza integratu dute langintza horretan. Beraz, Kataluniako enpresek eleaniztasunaren kudeaketa egokiarekin zein abantaila izan ditzaketen aztertzen ari dira edo beste era batera esanda, zein mehatxu dituzten eleanitzak ez izateagatik.

Krisi garai hauetan lan-lerro interesgarria iruditzen zait euskara esparru sozioekonomikoan normaltzeari begira, aukera bat, baina argi izanik saltsa bertako intxaurrekin egin behar dugula. Intxaur horiei horretarako gaitasuna aitortu behar zaie, industria izaera. Diru-laguntzez baino inbertsioez hitz egingo bagenu? Ea Elgoibarko azokak laguntzen duen. Adegiren presentzia ez da hasiera txarra. San Martin, bierrak bierra eragin.

ASTEKARIA
2009ko azaroaren 08a
Azoka
Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


2025-04-16 | Jon Alonso
Zozo zuriak

Jada bizpahiru aste izango dira irakurri nuenetik, Maialen Akizuren zutabe batean. Aner Peritzek telebistan esandakoak zekartzan: “Bertsolaritza da gizon zis heteroekin ez harremantzera eraman nauena, bertsolaritza delako disidente egin nauena, eta, era berean,... [+]


Eguneraketa berriak daude