Askatasunaren bila barkuz eta pateraz

  • Gerra Zibilak milaka lagun eraman zuen Pirinioak gurutzatzera. Itzuleraren esperantza altzoan zeramaten, baina mugaz bestaldean ezusteko itzela jaso zuten: kontzentrazio zelaiak eta Bigarren Mundu Gerra aurreko giro ozpindua. Askok Ameriketan ikusi zuten salbazioa, baina gaitza izan zen hara iristea. Euskaldun batzuek arbasoen marinel senari jarraitu zioten, eta patera itxurako bi ontzitxotan bidaia miragarria egin zuten ozeanoan barrena.
Euskaldunek aspaldi izan dute Ameriketara joateko joera. Argentina, Uruguai, Mexiko, AEBetako sartaldea... Horiek izan dira, besteak beste, XIX. eta XX. mendeetan euskal migratzaileen jomuga. Indianoen ametsak errepikatu nahian, lan eta bizitza berriaren bila abiatu ziren milaka lagun itsasoz bestaldera. Ohiko emigrazio “ekonomiko” horri baina, beste mota bateko emigrazioa gehitu zitzaion: 1936-1939ko gerra zibilak eragindako erbesteratze politikoa. Kopuru aldetik txikiagoa zen, baina, emigrante horien prestakuntza eta ezaugarri politikoak medio, eragin handia izan zuen Amerikan oso errotuta zegoen euskal komunitatean.

Dena den, ezustezko handia izan zen Espainiako Estatutik alde egin zutenentzat, itsasoz bestaldera jo behar izatea. Espainian gerra galduta zuten arren, Europako zurrunbiloan sarturik, Francoren erregimena laster eroriko zela pentsatzen zuen askok. Komunistek, esate baterako, Negrin presidentearekin bat egin eta Eustea irabaztea da leloari heldu zioten, lehertzear zegoen Munduko Gerrak erregimen faxista guztiak deseginen zituelakoan. Beste askok ordea, etorkizun politikoa erabateko ezkortasunez begiratzen zuten. Bazuten argudiorik ezkortasun horretarako: Alemania eta Italia, gero eta lotsagabeago zebiltzan eta ez zituzten beraien asmoak ezkutatzen. Dagoeneko Austria irentsita zuen Alemaniak, Britainia Handiarekin eta Frantziarekin sinaturiko 1938ko hitzarmenak tartean zirela; germaniarrek gero eta nabarmenago erakusten zuten berrindartze politiko-militarra.
Espainiako Estatu frankistari zegokionez, 1939ko otsailerako –Gerra Zibila amaitu baino bi hilabete lehenago– frantziarrek eta britainiarrek jada onetsita zuten Errepublikari bizkarra ematea.

Garai berdintsuan, gerratik alde eginez Frantziara edo Ipar Afrikara iritsitako errefuxiatuei honako aukera eskaintzen hasi zitzaien bertaratu bezain pronto: Negrinekin jarraitu ala Francorekin joatea. Berehala jakin zuten zertan zetzan aukeraketa hori: diktadura frankistaren kartzelak eta errepresioa sufritu edo Frantziako kontzentrazio zelaietan nolabaiteko aterpea izatea. Bidegurutze horretan, asko izan ziren Hendaiatik edo Port Boutik atzera egin zutenak berriz ere Espainiara itzultzeko; baina gehiengoak nahiago izan zuen Errepublikaren laguntzat jotzen zuten Frantzian gelditu. Horiek, armarik gabe, gatibuen antzera, arrapaladan irekitako Saint Cyprien, Le Barcarés, Argelés, Le Vernet, Age, Gurs, Sept Fonds bezalako esparruetan gelditu ziren, jendarmez eta txarrantxez inguraturik. Buruzagi politiko gehienek kontzentrazio zelaiak saihestu bazituzten ere, errefuxiatu gehienak hor igaro behar izan zituzten 1939ko lehen hilabeteak.

Mexiko eskuzabala: lehen espedizioak

Testuinguru horretan, Ameriketara joateko aukerak gero eta oihartzun handiagoa hartu zuen Frantzian zeuden errefuxiatuen artean. Baina helmuga berri horretara iristea ez zen batere erraza. Alde batetik, errefuxiatuen kopurua oso handia zelako –Espainiara berriro jo zutenak kenduta, 200.000 lagunetik gora zeuden Frantzian momentu horretan–; gainera, horietako askok ez zuten inongo baliabiderik bidaia-txartelak erosteko, eta espedizioak gutxi izan zirenez haiek garesti zeuden. Bestetik, Frantziatik ateratzeko ezinbestekoa zen itsasoz bestaldeko herrietako baimena edo bisatua. Auzi horretan, bakarrik Mexikok jokatu zuen eskuzabaltasunez, eta jende guztiari herrialde hartan sartzeko aukera eman zion, inolako salbuespenik gabe. Erbesteratuei sarrera orokorra eskaintzeaz gain, Lazaro Cardenas-en gobernu mexikarraren ordezkariak Frantziako kontzentrazio zelaietan eta errefuxiatuak aterpetuta zeuden hiri nagusietan ibili ziren, jendeari beharrezkoak zituzten izapideak errazten, orduan prestatzen ari ziren espedizioak gorpuzteko helburuz.

Amerikako gainontzeko lurraldeek –Errepublika Dominikarra, Txile, Uruguai, Venezuela eta Argentina–, beraien immigrazio-kolonizazio politikaren arabera jokatu zuten. Batzuetan etorreraren aukera zabaldu zuten, baina bestetan sarbidea itxi zieten Europatik etor zitezkeenei, bereziki Espainiatik alde egindako “gorriei”. Jarrera horrek baldintzatu zuen, neurri handi batean, erbesteratuen jarioa eta bere kokapena. Mexiko izan zen espedizio aitzindarien eta handienen helmuga, eta ondorioz, espedizioak amaitu zirenean ere, berau izan zen etorkin berrien aterperik abegikorrena: 25.000tik gora iheslari iritsi ziren Cardenasen agindupean zegoen estatura. Argentinara 10.000 heldu ziren, eta beste 5.000 Venezuelara.

Espedizioak 1939ko udaberrian hasi ziren, Sètetik eta Bordeletik abiatuta, milaka lagun Veracruzeraino eraman zituztenean Sinaia, Ipanema eta Mexique itsasontzi mitikoetan. Lehen bidaia Sinaia zamaontziak egin zuen, urte horretako maiatzaren 26a eta ekainaren 14a bitartean. Veracruzera iritsitakoan, milaka lagun zeuden zain, Europatik joandako erbesteratuei harrera beroa eskaintzeko. Sinaia Veracruzera iritsi zen egun berean, Bordeletik bigarren ontzia itsasoratu zen, Mexikoko portu horretara iristeko asmoz. Lehenengo bi espedizio hauek SEREk antolatu zituen (Errefuxiatu Espainiarrak Ateratzeko Zerbitzua) eta bidaiariak hexagono frantziarrean zeuden kontzentrazio zelaietatik ateratako errefuxiatuak ziren gehienbat.

SERE erakundeak antolatutako espedizio erraldoi horietatik aparte, beste hainbat barkuk ere eraman zituzten espainiar eta euskaldun anitz Venezuelara, Errepublika Dominikarrera eta Argentinara. Bretagne Flandre eta Cuba barkuetan, esate baterako, 200dik gora euskaldun La Guaira-ra iritsi ziren, Venezuelako agintariek Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako baimenari esker.

Ontzi txuri polit bat... Euskaldun batzuen epopeia

Hain zuzen, Venezuelara iritsi zen espedizioen artean txikiena baina bitxiena izanen zena, kasik gaur egungo pateren bidaien antzekoa egin baitzuen ozeanoan barrena: 1939ko irailaren 6an, hamazazpi errefuxiatu Venezuelara arribatu ziren bi ontzitxotan, Jose Manuel Odriozolak Baionan martxan jarritako ontziolan eginak. Donibane eta Bigarrena deitutako itsasontzi horiek Aturriko ontziolan eraiki zituzten. Biek egurrezko kroskoa zuten, eta 14 metro luze eta 2,5 metro zabalekoak ziren. Itsas bazterreko arrantzan aritzeko eginak ziren eta ez ozeanoz haraindiko bidaiak burutzeko. Hala eta guztiz ere, Frantziatik alde egin nahian, Baionatik Venezuelarainoko zeharkaldia egiteko prestatu zituzten nola edo hala. Zortzi lagun joanen ziren bakoitzean eta gelditzen zen leku apurrean –bai kubiertan eta baita sotoan ere– urez, erregaiz eta janariz betetako kupelak sartu zituzten ongi lotuta. Errefuxiatu horien asmoa zabaldu zenean, inguruko jendeak eta ontziolaren arduradunek beraiek ere, aho batez esan zuten ontziak ez zirela gai izango horrelako zeharkaldia egiteko –seguru-etxeak ere bertan behera laga zuen asegurantza poliza–. Baina Frantziako agintarien aldetik barkuak esportatzeko baimena eskuratu bezain laster, zalantzak alde batera utzi eta aurrera egitea erabaki zuten. 1939ko abuztuaren 6a zen, arratsaldeko 6ak, eta Baionako Allées Marines kaitik bi ontzitxoak urruntzen ikusi zituzten, Frantziako bandera mastan zutela. Aturriko barra gainditu orduko, euskal ikurrina eta Venezuelako bandera jarri zituzten, bata brankan eta bestea atzeko aldean, beraien koordenada geopolitikoak agerian utziz.

Bigarrena ontzian, Jose Maria Burgaña mutrikuarra zuten kapitain eta Donibanen, Pedro Ruiz de Loizaga zihoan ardura berarekin. Ontzi bakoitzean zazpi errefuxiatuk osatzen zuten eskifaia. Edo hala uste zuten. Izan ere, lehendabiziko gauean sorpresa galanta izan zuten Bigarrenako tripulatzaileek: sototik ezkutuko bidaiari bat azaldu zen, Miguel Maria Barredo. Itsasertzetik urrun zeuden eta lehorreratzerik ez zenez, beraiekin joanen zen helmugaraino.

Hiru egun behar izan zituzten Kantauri itsasoa atzean lagatzeko, arrantzaleen ohiko guneak eta merkatal ontziak saihestuz, Europatik urruntzen joan ziren. Bi asteren buruan behin-behineko lehorreratzea egin zuten Dakarren. Burgaña kapitainak zehaztasun osoz izkiriatu zuen legez: 3.242 mila eginak zituzten ordurako, 13 egun eta 10 ordutan, orduko 6,97 miliako abiadurarekin, hain zuzen.

Hortik aurrera, Atlantikoa bere handitasunean. Erronka horri aurre egiteko bi egun igaro zituzten lehorrean, beharrezkoaz ongi hornitzeko. Ordura arteko arrantza ugalduz joan zen eta barkuek, nahiz eta matxura pare bat eduki, eutsi egin zioten beren eginbeharrari. Amerikatik Europatik baino gertuago zeudenean, irratien bitartez jakin zuten irailaren lehenean Alemaniako armada Polonian sartzen ari zela, eta horrekin, iragarrita zegoen Mundu Gerra hasi zela.

Handik gutxira, Tobagoko itsasertzetik igaro ostean, Amerikako lurretan lehorreratu ziren, Rio Caribeko badian. Venezuelan zeuden, eta Cumanatik barrena, bi egun beranduago euskaldunendako portu ezaguna izan den La Guairara iritsi ziren Burgañaren marinelak. Euskaldunek denboran atzera egin zutela zirudien, Caracaseko Errege Konpainiaren XVIII. mendeko belaontzien garaietara. Baina ez zetozen merkataritza lanetan, bizitza berri baten bila baizik. Eta horretarako ez zen nahikoa venezuelarren oniritzia izatea, lanean aritu beharko ziren ahal zen lantokitan. Ez zen erraza suertatu. Izan ere, Burgañak eta bere lagunek arrantzatik bizitzeko hainbat ekimen martxan jarri zituzten, baina porrot egin zuten, eta Caracasera jo behar izan zuten bestelako lanei ekiteko.

Egoera zailduz: Alsinaren zoritxarra

Beste espedizio batzuk ere abiatu ziren Frantziatik Ameriketara. Esaterako, euskaldunen bi txalupak itsasoan barrena zebiltzan egunetan, Winnipeg barkuak Txileraino eraman zituen 2.000 errefuxiatu, Pablo Neruda poeta ezaguna –eta orduko diplomatiko txiletarra– oztopo guztien gainetik hori lortzeko tematu zelako. Baina Bigarren Mundu Gerrarengatik premia gero eta handiagoa zegoenez, bidaiak zaildu egin ziren. Frantzian bai Vichyko agintariak, bai Gestapokoak, eta baita polizia frankista ere, saiatu ziren ekimen horiek oztopatzen. Marseilla “eskualde libreko” –hala deitzen zioten Vichyko gobernu kolaboratzailepean zegoen zonaldeari– porturik garrantzitsuena eta atera leku bakarra bilakatu zenean, polizien eginahalak bideratu ziren handik ateratzen ziren espedizioak abortatzera eta politikari ezagunen aurkako atxiloketak burutzera. Ezaguna izan zen euskaldunen artean Rafael Picabea diputatu ohiari gertatutakoa: Alsina barkura igotzen ari zenean, Argentinara joateko, jaitsi arazi eta atxilotu egin zuten.

Alsina barkuak ederki islatu zuen zer zailtasun zeuden 1940ko bukaeran askatasunerako bidaia egiteko. Izan ere, 60 egun Marseillako kaietatik atera ezinik egon ostean, Dakarrera iritsitakoan, britainiarrek berriro geldiarazi zuten, bandera frantziarra zuenez Navigation Act delakoa baimentzen ez ziotelako. Hori dela eta atzera jo behar izan zuen, Casablanca aldera, eta inguruko kontzentrazio zelaietan sarturik igaro behar izan zituzten hainbat hilabete bere bidaiariek; aharik eta beste barku batean –Quança izenekoan– zeharkaldia bururatu ahal izan zuten arte. Horren ondorioz, 20 egun inguruko bidaia behar zuena, 441 egunetan egin zuten azken bidaiariek Buenos Airesera zirenean.

Beraien artean zeuden Niceto Alcala Zamora, Telesforo Monzon, Francisco eta Nestor Basterretxea, Bicente Amezaga, Constantino Salinas... Hau da, ia-ia korronte politiko guztietako ordezkariak. Batzuk eskualde horretan betirako gelditu ziren, eta beste batzuk Amerikan barrena barreiatu ziren. Gehienek, hala ere, itsasoaz harago zihoazen ekimen kultural eta politikoei heldu zieten gogo handiz. Hori dela eta loratu ziren Amerikako eskualde gehienetan Tierra Vasca, Alkartu, Eusko Gogoa eta antzerako aldizkariak, Ekin eta Seneca bezalako argitaletxeak, bai eta hainbat ekimen diplomatiko eta politiko ere.

Oraindik pentsatzen zuten posible zela 1939ko galerari buelta ematea, eta jakina denez, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, itxaropen hori nabarmen indartu zen. Baina Gerra Hotzak laster hoztu zituen aldaketarako beharrezkoak ziren nazioarteko laguntzak eta ekimenak. Ameriketara joandakoak Europara buelta zitezkeen noski, baina ez Espainia frankistara, 1939an gertatu zen legez, 1950az geroztik, AEBek, Frantziak eta Britainia Handiak Francoren diktadura lehenetsi baitzuten berriz ere, errefuxiatu horiek guztiak ordezkatzen zituen eta indarrez hondoratua izan zen demokraziaren aurretik.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nestor Basterretxea
Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2022-01-31 | Leire Artola Arin
Euskaldunen kontrako pintaketak egin dituzte Baionako Nestor Basterretxearen eskulturan

Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]


Basterretxean barrena

Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala... [+]


2021-07-23 |
"GAUR mugimenduaren porrotaren ondoren geure belaunaldia isolaturik bizi da"
Nestor Basterretxearekin elkarrizketan.
NESTOR BASTERRETXEA
"GAUR mugimenduaren porrotaren ondoren geure belaunaldia isolaturik bizi da"
Euskal Herriko 3; eskultura errautsetatik maila gorenera jaso duen belaunaldiak lau hanka ditu: Oteiza, Txillida, Mendiburu eta Nestor... [+]



Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez
Bizitza iruditan

Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina,... [+]


2014-08-19 | Judith Perez
Zarautzeko Photomuseumak Nestor Basterretxea omendu du

Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen du Zarautzeko Photomuseumak gaur, abuztuaren 19an. Aurten Nestor Basterretxea omendu dute, artistari buruzko dokumentalaren proiekzioarekin.


2014-07-15 | Estitxu Eizagirre
Nestor Basterretxea
Artistaren mila aurpegiak

Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) Euskal Artzainari monumentua… ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena burura.


2014-07-15 | Judith Perez
Azken agurra Nestor Basterretxeari Donostian

Senideak, lagunak eta euskal gizarteko ordezkariak bildu dira astelehenean Nestor Basterretxearen hiletan. Donostiako Zorroaga eliza izan da eskultore bermeotarraren omenezko ekitaldia ospatzeko aukeratutako lekua, nahiz eta ez den hileta erlijiosoa izan.


Gure bizitzako irudi banda

“Uso zuria, uso gorria, dantzan nabil suaren gain…”. Nestor Basterretxea hil dela jakin dudanetik  haurtzaroko soinu bandaren parte den abesti hura dabilkit buruan. Basterretxeak berak zioenez, beharbada euskaldunok ahozkotasuna transmititzeko joera... [+]


2014-07-13 | Estitxu Eizagirre
Nestor Basterretxea, berriz arte

Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) "Euskal Artzainari" monumentua ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena.


2012-11-08 | Sustrai Colina
Nestor Basterretxea
"Artistak bere mendearekin haserre bizi behar du"

88 urte eta geroari so.


2012-01-23 | Josu Chueca
Alsina
Euskal exodoaren ezina

1940ko abenduan Alsina baporea Frantziako Marseilla hiritik abiatu zen ehunka errefuxiatu zeramatzala, tartean zen 16 urteko Nestor Basterretxea mutikoa. Ia bostehun egun geroago iritsi ziren Argentinara, itsaso zabaletan eta basamortuetan oinazea jasan ondoren.
Hauxe da... [+]


Eguneraketa berriak daude