Epsilon-EuskadiEpsilon-Euskadi
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskal iritzi publikoaren zati handi batek uste du Epsilon-Euskadi kirol-lasterketetarako autoen enpresa bat baino ez dela; hau da, kirol-autoen enpresa bat. Gutxik dakite, baina, Epsilon-Euskadi hori baino askoz gehiago dela. Gasteizko instalazioak bisitatu ditugu kirol-autoen leiho horren atzean zer dagoen jakiteko. Hala, Joan Villadelprat presidentearekin, Jordi Caton merkaturatze-zuzendariarekin eta Sergio Rinland ingeniaritza-zuzendariarekin batera, Arabako Teknologia Parkean dauden Gasteizko instalazioak zehatz-mehatz ikusteko parada izan dugu.
Kanpoaldea ikusgarria bada –karbono-zuntzaren kolorezko aurrealdea du– are gehiago barrualdea: ekipamendu modernoak, energia aurrezteko leiho handiak... Gainera, eraikinaren diseinuak turismorako erabiltzeko balio lezake, bertaratzen direnek aukera izan dezaten leiho horietatik kirol-autoen muntaketa edo goi-teknologiako beste produktu batzuen ekoizpena ikusteko. Gasteizko instalazioa egundokoa da: 33.000 metro koadroko azalera erabilgarriaren 17.000 metro koadro betetzen ditu. Bestalde, Azkoitian jada abian da Epsilon-Euskadiren Automobilgintzaren Teknologiako Goi Errendimenduko Zentroa; 4.000 m2-ko azalera du, eta instalazio modernoak eta teknologikoak.
Masterra Berrikuntza Teknologikorako Zentroan
Epsilon-Euskadik berrikuntza teknologikoa sustatzeko proiektu estrategiko osoa landu du; behin instalazio guztiak ezartzean, egindako inbertsioa 60 milioi eurotik gorakoa izango da, eta goi-kualifikazioko 200 lanpostu baino gehiago sortuko ditu. Horrez gain, haren instalazioak eta azpiegitura teknologikoak erabilgarriak izango dira beste enpresa batzuen proiektuak ere aurrera eramateko; batez ere, euskal enpresenak.
Berrikuntza Teknologikorako Zentroak, auto-lehiaketen esparruan parte hartuz, lehiakortasun-sena sustatzeaz gain, komunikazio-bitarteko bikaina lortu du bere proiektuak oihartzuna izan dezan, lortu nahi duen helburuari begira: nazioartean berrikuntza teknologikoaren eta ikerketaren erreferente izatea. Bere jarduerak autoelikatzen den zikloa osatzen du, lau negozio-lerro finkatuz: Prestakuntza, Diseinua eta Ikerketa, Fabrikazioa eta Kirol Taldeen Kudeaketa. Orain arte, kirol taldeen kudeaketa izan da, zalantzarik gabe, Epsilon-Euskadiren esparrurik ezagunena.
Prestakuntzaren arloan, METCA Automobil Lehiaketarako Espezializazio Teknikoko Masterra da ikurrik bereizgarriena. Master hori 2005etik ematen da, Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan, eta haren bidez, goi-mailako lehiaketarako ingeniari kualifikatuak prestatu nahi dira, betiere alderdi praktikoa oinarri hartuta. Gainera, METCA masterraz gain, aerodinamikari buruzko edukiak lantzeko beste master berri bat abian jartzea aurreikusten dute. Gasteizko Berrikuntza Zentroko ikasgeletan, 56ren bat ikasle hartu ahal izango dituzte.
Berrikuntza Zentroa prestatuta dago lehiaketarako autoei buruzko ikerketak egiteko, eta halako autoak diseinatzeko eta ekoizteko, bai eta goi-teknologiako beste edozein produkturen piezak eta osagarriak egiteko ere. Helburu hori lortzeko, azken belaunaldiko ekoizpen-bitartekoez hornitu da: esaterako, hiru autoklabeak, 30 CNC makinen parkea eta beste hainbat ekipamendu. Bitarteko horiek baliatu nahi ditu Epsilon-Euskadik amaierako produktuak muntatzeko piezak eta osagarri sofistikatuak ekoizteko. Ekoizpen-azpiegitura horrek Epsilonen proiektuaren filosofiaren bi zutabe nagusiak ditu oinarri: autosufizientzia –bide ematen baitu ekoizpen-logistika kontrolatzeko–, eta berrikuntza –ekoizpen metodoan zein prestakuntza arloan–. METCA masterreko ikasleek ekoizpenari begira diseinatzen ikasiko dute, eta prestakuntza ziklo osoan zehar, hurbiletik ezagutuko dituzte ekoizpen-bitartekoak.
Utopiatik errealitatera
Epsilon-Euskadiko arduradunek azaldu dutenez, ez da erraza izan arlo horretan sartzea eta erakundeen, politikarien, enpresarien eta gizartearen babesa lortzea. Beraien esanetan, lehen aldiz Euskadira iritsi zirenean, 2003an, ez ziren oraindik agerian jarri lehiaketa-talde horren benetako helburu estrategikoak: nazioarteko adituak erakartzea, eta aukera teknologiko berriak zein I+G azpiegitura industriaren zerbitzuan jartzea. Gaur, Miñaoko lurretako eraikin adierazgarri horretan, jada abian dira lehenengo proposamen praktikoak, hala nola haize-tunela eta beste batzuk. Horri esker, hasieran utopikotzat jotzen zutena, proiektu garrantzitsu bihurtu da berrikuntza teknologikoaren arloan.
Epsilon-Euskadi
Haize-tunela eta superordenagailua
Epsilon-Euskadi Zentroan sortu da zoru mugikorra duen Espainiako Estatuko lehenengo haize-tunela, hainbat industria-sektoretan aplika daitezkeen aerodinamikari buruzko ikerketak egiteko. Tunelak itzulera indibidualeko zirkuitu itxia du; perimetroaren luzera 140 metrokoa da, eta zabalera eta altuera, hurrenez hurren, hamasei eta zortzi metrokoak. Saiakuntza-ganberak haizearen abiadura berean (260 km/h) mugitzen den zoru mugikorra du, eta 660 Kw-eko potentzia har dezakeen motor batez higitutako turbina bat. Haren barruan egoteak inpresio handia eragiten du. Proiektuko harribitxitzat jotzen den haize-tunel hori jada funtzionatzen ari da, eta horri esker, besteak beste, lortzen dira instalazioen eraikuntzan aurrera egiteko behar diren baliabide ekonomikoak.
Zentro horrek, gainera, badu superordenagailu bat ere; Espainiako Estatuan, ahalmen handieneko bigarren ordenagailua da; horri esker lortzen dute simulazio-programak ahalik eta gehien optimizatzeko beharrezkoa den kalkulu gaitasuna. Ordenagailu hori beste enpresa batzuei ere eskainiko zaie, konputazio-orduak alokatzeko. Horrez gain, Espainiako Estatuan bakarra izango den bederatzi eragingailu hidraulikoko esekidura-simulagailu bat ere izango du, bai eta elektronika zein sistema adimenduetarako softwareak garatzeko laborategiak ere. Bertako bulego teknikoa 60 ingeniari baino gehiago aritzeko prestatuko da.