"Gutxiengoarekin jokatu nahi dute gehiengoaren kontra"

  • Donostiako Igara auzoko egoitzan bildu gara LABeko idazkari nagusiarekin. Ainhoa Etxaidek (Hondarribia, 1972) oso garrantzitsutzat jo du, krisi garaiotan, gehiengo sindikalak dekalogo bat adostu izana. Ezker abertzalearen kontrako azken polizia-operazioaz, berriz, honako hau dio: “Gure egoitzak zabalik daude bestelako eredu baten alde”.
Ainhoa Etxaide
"Beste greba orokor bat? Krisia langileen eskubideetan atzerapausoak inposatzeko erabili nahi dutenean, tamainako erantzunak emateko aukerak beti egon behar du hor".Karlos Corbella

Maiatzaren 21eko greba arrakastatsua izan zela esan zenuten. Enpresarien eta erakundeen aldetik izandako erantzuna ikusita, jakin al duzue deitzaileek arrakasta hori kapitalizatzen?


Greba orokorra mugarria izan zen. Langileen borroka indartzeko fase berria ireki zuen, kalera irtetea beste irtenbiderik ez dagoela barneratu behar zen, eta alde horretatik arrakastatsua izan da. Greba horrek ekarri du gehiengo sindikalaren eskutik proposamen zehatz bat egotea, ekarri du krisiaren aurrean langileok gure eskubideen defentsari ez muzin egitea, ekarri du patronalaren eskaera bidegabeen aurrean burumakur egon baino, langileok beste jarrera bat edukitzea... bide onean ari gara.

Greba hartatik egoera larriagotu egin da langileentzat. Kontziente al dira aurrerantzean ere larriagotzen jarrai dezakeela berdin segituz gero?


Azterketa ikuspegi historiko pixka batekin egiten duenak konturatzen da krisi guztietatik langileak jipoituago ateratzen direla eta patronala, aldiz, indartuago. Langilea jabetzen ote den gure etorkizuna instituzioen esku utziz gero ez dela ezer onik etorriko... Hori da guk egin behar dugun bataila. Falta zaiguna da sinestea benetan daukagun gaitasunean. Dena den, milaka langilek greba orokorra atera zuten, eta horregatik esaten dugu asmatzen ari garela.

Uda aurretik elkarlanerako eskaintza egin zenuten. Ematen du udan lanean aritu zaretela, dekalogoa adostu duzue-eta. Gehiengo sindikalaren gutxieneko baldintzak al dira horiek?


Dekalogoa apustu orokor batean dago kokaturik: beste eredu ekonomiko eta soziala ekartzeko, politikak goitik behera aldatu behar ditugu, eta horretarako, langileek erabakietan parte hartzeko aukera izan behar dute. Beraz, badago apustu orokor bat, baina ibilbide luze baten ondorio izango da. Horregatik, momentu honetako larritasunari erantzuten dioten urgentziazko neurri zehatzak ere jarri ditugu mahai gainean. Guri ezin zaigu eskatu hori baino gutxiago aldarrikatzerik, neurri oso zehatzak eta errealak baitira. Gainera, Europa erreferentziatzat duten instituzio horiek aintzat hartu beharko lituzkete, zeren eta ez dugu ezer berririk asmatu.

Udazkenean gaude eta EEE uholde berri bat iragarri digute, beste “buelta bat” izango duten erregulazioak gainera. Sindikatuen aldetik, zein borroka bide zehatz erabiliko duzue?


EEEn aurrean eskatzen duguna da langileek ziurtasuna edukitzea administrazioak ez diola enpresariari onartuko adostu ez den erregulaziorik. Bestela, lan gatazka horien negoziazioan eskuak lotuta eta umezurtz aurkitzen gara. EEE bat aurkeztean, ikusi behar da enplegua defendatzeko ote den edo enpresa ajustatzeko baliatzen den. Enpresaz-enpresa joan eta egoera zehazki aztertu behar dugu, gero langileei proposamena egiteko. Hortik aurrera, EEEn kontrako jarrera orokorra dugu, horien bidez patronala diru publikoa erabiltzen ari baita enpresaren gorabeherak kudeatzeko.


Testuinguru horretan, sartzen al da beste greba orokorrik zuen agendan?


Ezin dugu bitarteko bezala sekula baztertu. Eta krisia langileen eskubideetan atzerapauso berriak inposatzeko erabili nahi dutenean, tamainako erantzunak emateko aukerak beti egon behar du mahai gainean. Orain, kontua ez da zenbat greba orokor egiten ditugun, baizik eta mobilizazio bakoitzarekin zein aurrerapauso eman ditzakegun.

Dekalogoaren harira, instituzioetatik eta patronaletik jaso duzuen erantzuna isiltasuna izan da. Boikotaturik sentitzen al zarete?


Hemen arazoa ez da instituzioek sindikatu batzuei zer erantzun ematen dieten, baizik eta langileen egoeraren aurrean zein neurri hartzen diren. Eta dekalogoak badauka indar bat: proposatzen dituen neurriei ezetz esateko arrazoirik ez dagoela, hortik dator isiltasuna.

Izan liteke elkarrizketa sozialean ez parte hartzearen prezioa...


Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako gehiengo sindikal bat existituko ez balitz bezala portatzea oso ibilbide motzeko jarrera politikoa da. Gu ez gara boikotaturik sentitzen; egiten dugun irakurketa da gutxiengo bati gehiengoaren izaera eman nahi zaiola eta gutxiengoarekin jokatu nahi dela gehiengoaren kontra. Zentzu horretan argi eta garbi dugu: hori iruzurra da.

Elkarrizketa sozialaren bide horretan, ate guztiak itxita al daude Gobernuarekin?


Guk badakigu gobernuarekin ateak irekita ditugula, baina irekita ditugu egoera hau gestionatzeko beraiek hartutako erabakiekin. Elkarrizketa sozial delako hori ez da langileen eskubideen inguruan negoziatzeko mahai bat, hori da Lopez lehendakaria eta bere ekipoak patronalaren interesak defendatzeko hartutako neurriei abala emateko mahaia.

7.000 lanpostu sortzeko akordioa erdietsi zuten.


Zazpi milako hori Patxi Lopezek aurkeztu zuen bere inbestiduran eta horretan geratu da. Gu ez gaude lanpostuak sortzearen kontra, hori txorakeria litzateke, lanpostuak behar dira, baina ez doaz hori sortzera, zazpi mila langabeturi sei hilabetetan agoantatzeko aukera emango zaie soilik. Salatzen duguna da, berriz ere lanpostuak diru publikoz sortuko direla enpresarien diruarekin baino, ez dira lanpostu orokorrak eta gainera subentzio bati lotutako iraupena izango dute. Beraz, hori ez da enplegua sortzea.

Parte-hartze organismo batzuk geldirik daude. EGABaren (Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea) kasuan aldaketa normatiboak egingo dituela esan du Lopezek. Zeini ari zaio keinuka?


Lopezek “aldaketaren Gobernuarekin” sasi aldaketak egin ditu, urratsak ematen ari dela esateko, baina betiere gauzak sakonean ez aldatzeko asmoz. Organismo horiek ez daude geldirik, Gobernuaren bitarteko hutsak dira. Beraz, guri keinuka ari bazaigu, badaki guk ez ditugula keinuak eskatzen, herritarren parte-hartzearen aldeko urratsak baizik. Eman ditzatela urratsak eta ez keinuak.

Dekalogoa, mobilizazioak... gehiengo sindikalaren ekintza puntualak dira horiek. Noizko akordio orokor eta iraunkorra?


Langileak jipoitzen ari diren fase honetan, sindikatuok ditugun desberdintasunen gainetik batasuna lantzea inportantea da. Egia da guztiok gaudela ez dakit zein goi-akordiori begira, baina horrek ez lieke garrantzirik kendu behar akordio zehatzei. Akordio orokorra, integrala, estrategikoa...? Bide horretatik jarraitzen badugu, pasa den urtean baino gertuago gaude. Asko hitz egitea eskatzen duten eztabaida sakonak daude eta ezin dira arinkeriaz hartu.

Negoziazio kolektiboan dituzuen desadostasunak dira akordio horretara ez iristeko arrazoietako bat.


Galdera izan beharko litzateke zergatik eskatzen zaigun adostasun batera iristea ikuspegi ezberdina dugunean. Adostasunak iritsiko badira, horrek eztabaida eta denbora eskatzen du. Kontua da, ez dezagula sindikatuok hori oztopo bilakatu langileak krisiari erantzuteko artikulatu behar den borrokan. Eta lortu dugu oztopoa ez izatea, eskaintza bateratua egin dugu.

Erakundeak diru gabe daudela esaten den honetan, fiskalitateaz asko hitz egiten ari dira. Datu adierazgarri bat: langileek ekarpen handiagoa egiten diote fiskoari enpresek baino. Non dago iruzurra?


Iruzurra politika fiskala bera da. Gauza ez da langileak ekarpen handiagoa egiten duela, baizik eta zein alde dagoen bien artean, eta alde hori handitu egingo dela orain hartzen ari diren neurriekin. Bestalde, iruzur fiskalaren datuak eskuratzea zaila da, Espainiako Estatuan BPGaren %20tik gorakoa omen da... Beraz, guk ez dugu ontzat jotzen esatea erakundeak diru gabe daudela, dirua egon badago. Pasatzen dena da enpresariei eta kapitalei oparitu zaiela ekarpen fiskalik ez egitea. Aberastasun banaketaren kontu bat da.

Eta neurri horiek hartzen dituztenean, zeinen beldur dira gobernuak? Zer presio dute?


Krisi honek erakutsi du, beste gauza askoren artean, botere erreala non dagoen. Instituzioak joan dira pixkanaka boterea patronalaren esku uzten, eta hemen, benetako erabakiak, kapital handiek hartzen dituzte. Instituzioak txotxongilo hutsak dira, apustu hori egin zuten eta orain horren kontra agertu nahiko balute ere, muga hori dute, ez dute botererik.
Ainhoa Etxaide
“Beste aukera jipoituz, Estatua indartu nahian ari da”

Nola ikusten duzu hemengo gobernuen eta gobernu zentralaren arteko harremana?


Espainiako Gobernuak apustua egin du EAEko erkidegoa zuzenean kudeatzeko, Nafarroan ere UPNrekin akordioetara iristeko apustu egin du, eta beraz bi “gobernutxoekin” estrategia konpartitua du uniformizaziorako urrats berriak emateko.


Badira hilabete batzuk Lopez agintean jarri zela. “Tolerantzia zero” politika zein testuingurutan kokatzen duzue sindikatutik?


Herri honentzako alternatiba bat eskaintzen duen sektore politikoa errepresio bidez indargabatzeko estrategia orokor batean. Hori oso lotua dago momentu honetan aldaketa politikoa gauzatzeko sortutako aukerarekin; Estatuak bere posizioa indartu nahi du. Ez da ezer berria, lehenago bere mugak izan zituen eta orain ere baditu. Dena den, ezin da esan “orain agintean nagoenez tolerantzia faltan urratsak emango ditut” eta gero horren ondorioak ez aurreikusi.

Beraz, etorkizuneko negoziazio baten aurrean indarra hartzeko modu bat da?


Nik ez nuke Euskal Herriaren etorkizuna negoziazio jakin batekin lotuko, baina errealitatea da hemen aldaketa politikoa behar dela eta horretan sartuta gaudela. Jokoan dagoena da zein aldaketa izango den: 1978ko oinarrien gainean izango ote den, edo benetan sakoneko arazori heldu eta ukazioaren garaiari amaiera emango diona izango ote den. Bi aukera horien aurrean ari da Estatua indartzen, batetik, beste aukera jipoituz eta bestetik, berean urratsak emanez. Baina ez nuke Euskal Herriko egoera konplexua negoziazio prozesu bati begira mugatuko.

Ba al dago baldintzarik independentisten arteko akordiorako?


Euskal herritarrok egindako borrokari esker aldaketa politikoari ateak ireki dizkiogu, fase horretan bizi gara. Aldaketa hori emango bada, hori nahi eta behar dugunon arteko adostasun eta akordioei esker izango da. Baldintzak dauden akordio horietara iristeko? Nire ustez badaude aldaketa politikoa eragiteko, markoa agortua dagoelako eta gehiengo bat dagoelako aldaketa exijitzen duena.

Eta horrela bada, zer oztopo dago epe ertainera akordio hori ez lortzeko?


Momentu honetan eztabaida ez dago ezta artikulatuta ere, euskal estatu bat eraikitzeko zein estrategia behar dugun eztabaidatu behar dugu. Dena den, guk ez dugu sinesten akordio handietan, kokatzen gaituelako herritarrok begirale; guztiok gaude ez dakit noiz iritsiko den akordio handiaren zain eta horrek pasibotasuna elikatzen du.

Nire ustez beste akordioetarako baldintzak badaude. Nazio Eztabaidaguneak, esaterako, proposamena egin du bitarteko independentista bat eraikitzeko: ados gaude? Bada eraiki dezagun. Hori “akordio handia” ote den... segur aski akordio sakonagoetarako aurrerapauso bat izango litzateke.
Polizia-operazioa Igarako egoitzan
“Egoera hau ez da berria, baina larria da oso, proiektu politiko bat defendatzeagatik pertsonak atxilotzen eta kartzelaratzen baitira hemen. Gure egoitza okupatu eta miatu dute, Rafa Diez eta Txelui Moreno atxilotu dituzte... Hau guztia LABen kontrako erasoa ere bada, beraz. Gure herrian bizi dugun ukazio garai hau betierekotu nahi dute, eta guk, urriaren 13ko gertakarien aurretik bezala gerora ere, tinko eusten diogu aitortzan eta errespetuan oinarritutako ziklo berria irekitzeko apustuari.

Sindikatua sortu zenetik gaur arte euskal herriko langileei alternatiba estrategikoak eskaintzeko lanean aritu gara LABen, independentziaren eta sozialismoaren alde, bestelako eredu sozioekonomikoaren alde, langileen interesak defendatzeko ardurari erantzunez. Horretarako daude gure egoitzak zabalik, eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere, beti bezala, publikoa eta ezaguna den sindikatuaren lanari segida emanez, langileen beharrei erantzuteko”.

Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


Eguneraketa berriak daude