Txuri-beltzezko ezkontza argia

  • Enbata mugimendua orain 50 urte jaio zen. Haren eragileek Enbata kazeta sortu zuten segidan. Azken lau urteetan Enbatak bikotekide bat darama berarekin: Alda! Enbata txuri-beltzezko garaian jaio zen eta txuri-beltzez kaleratzen da prentsa koloretsuen garaion.
Enbata-Alda
Enbata-AldaEnbata-Alda
Enbata aldizkaria Embata izenez –”m”-z, eiki– karrikaratu zen hastapenean. Embata hilabetekaria zen. Aldizkaria izan aitzin mugimendu politikoa izan zen. Jakes Abeberrik, mugimenduaren eta aldizkariaren sortzaileetako batek, oroitarazi digu garai hura: “Embata Bordelen ari ziren ikasleek sortu zuten. Abertzale gisa agertzen ziren bakarrak Marc Legasse edo Jean Goihenetche ziren, baina bakarka betiere. Ikasle haiek Bordelen biltzeko parada ukan zuten eta baskismotik abertzaletasunera urratsa eman zuten talde gisa”.

Mugimendua eta Embata aldizkaria ez ziren gauza bera hastapenean. Biak ala biak aribidean eratu ziren. Iparraldeko lehenengo Aberri Egunaren karietara, Itsasun, Julen Madariagak eta Ximun Haranek Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuten. Ekitaldia Frantziako Gobernuak deuseztua izan zen. Beranduago, kimua arbola lerden bilakatua, Itsasuko Agiria daraman harria ezarri zen bere ondoan: “Frantziako Gobernuak 1974ko lehen egunean mugimendua debekatu zuen. Guk kazeta ere debekatu zuelakoan, urte batez ez genuen Embata atera. Gero, alderdi politikoen eta prentsaren legeak ezberdinak zirela jakin genuen. 1975ean, berriz, kazeta Enbata izenez eta astekaria bezala plazaratu genuen”, diosku Abeberrik.

Enbata astekari independentea

Enbata astekaria talde politikoetatik independente jaio zen Abeberriren hitzetan: “Hegoaldeko eta Iparraldeko abertzaleon helburua bera zen eta hala da. Baina gure engaiamendu moldea ezin zen eta ezin da bera izan hamaika arrazoiengatik. Konbateak bestelakoa izan behar zuen orduan eta orain. Egia da, Enbata Gernikako Arbolaren kimua landatu zenean, ETAren inguruan zebilela. EAJren inguruan inoiz ez. EAJ ez baitzen Iparraldean inplikatu. Ez zuen deus jakin nahi gurekin”.

Alabaina, Enbata mugimendua bera zatitu zen bozen ondoren. Abeberri, kazetaren arduraduna zena, arduradun eta gidari nagusia bilakatu zen. Enbata mugimendu politikoaren ondoren EHAS (Euskak Herriko Alderdi Sozialista) lehenik eta EB (Euskal Batasuna) gero sortu ziren. Eta beranduago AB (Abertzaleen Batasuna): “Enbata ABren ingurukoa da, baina irekiak gara guztiz. Abertzaletasunaren ildo guztiek lekua dute gurean. Enbata politikaren erreferentzia bilakatu da, bai abertzaleona bai frantses alderdiena. Prefekturan, Suprefekturan, Justizia Jauregian nahiz tokian tokiko gobernu gunetan irakurria da. Demoen aurkako auzibidean jujeek Enbata aipatu zuten behin baino gehiagotan”.

Enbata sare bat da

Independente izatea zaila da eta Enbata kaleratzea militantziaren emaitza. Sosa beti eskas baita. Ezina ekinez egiten da ordea. Jakes Abeberri kuraia horren pertsonifikazioa da: “Ez naiz bakarra. Ellande hor aritu da ere urteetan. Gero Mixel heldu da. Azken urteotan Alda! inguruan Xabier eta Txetx ari dira. Enbata sare bat da”.

Ellande Duny-Pétré etxean ezagutu zuen Enbata fenomeno politikoa: “Xantza ukan dut bizitzan! Aita Frantziako polizia izanik ere, abertzalea zen. Lehen Aberri Egunera aitarekin joan nintzen, galtza motzetan. Gauza bitxia zen, naski. Aitak frankismoaren aurka borrokan aritu ziren makiak lagundu zituen. Alemaniarren aurkako erresistentzian aritu zen gero. AEBak Francoren alde paratu ziren nolabait eta Europak diktadura onesteak erabat markatu zuen ene aita” erran digu Duny-Pétrék.

1980ko hamarkadan hasi zen Enbata laguntzen, eta geroago, Hegoaldeko kronika politikoa lantzen gaur arte: “Prentsa irakurtzen dut, espainola bereziki. Ezin da Hegoaldeko prentsa soilik irakurriz errealitatea agertu. Espainolen ikuspegia ere behar da zenbaitetan –Hegoaldea ez baita soilik abertzaleena–, beren azalpenek beste argipen bat ematen dute. Diodanak hutsala irudi luke, baina espainolen prentsako ‘zentimetro karratuko informazio kopurua’ izugarria da. Askoz sendoagoa da Madrilgo prentsa euskal prentsa baino, bistan da. Euskal prentsan ere irakurtzen dut, baina ongi bereizi behar da nork hitz egiten dion nori”, gehitu du solaskideak.

AB eta Batasunaren haustura

Duny-Pétréren aburuz AB eta Batasunaren arteko hausturak ez du eragin Enbataren bilakabidean. EB sortu zen garaian hasi zen Enbataren ildo editoriala ETAren estrategiatik aldentzen: “Hipercor-eko atentatua erru bat bezala ‘onartu’ genuen. Baina ondoren, ETA auto-bonba bidezko sarraskiak hasi zen bere gain hartzen. Erabateko haustura PPko Gregorio Ordoñez hautetsia hiltzean eman zen. Ez dugu bataila politikoa irabaziko hautetsiak hiltzen, hauteskundeen bidez baizik” diosku.

Iparraldeko prentsaren monopolioa Sud-Ouest egunkariak dauka. Azken urteetan Le Journal du Pays Basquek tokia egin du kioskoetan. Ez da aise berripaperen etorkizuna: “Enbata iritzi agerkaria da bereziki. Hemen, papera euskarri gisa erabiltzen duen halakorik ez dago ia-ia. Oso arlo berezia da gurea, eremu ahula. Gureak iritzi publikoaren %10 hartzen du. Enbataren rola, bitarteko mugatuekin bada ere, abertzaletasunaren gogoeta eskaintzea da”. Enbata 50 urteetan kaleratu bada, aitzina segituko du Duny-Pétréren eletan: “Abertzaletasuna natura positibista bezalakoa da, dena sortzen da. Ez da deus betiko galtzen, mugimendu oro eraldatzen da. Bistan da, etorkizuna Internetetik pasatzen da. Efikazia behar da ere”. Hegoaldeari begira ari denez, kazetaritzaz harago doan begirada eskaini digu: “Iparraldeko abertzaletasunak asko zor dio Hegoaldekoari. Badago zor gisako bat. Historikoki lilura bat izan zen errefuxiatuen eta bertako militanteen artean. Egun, naski, abertzaletasunaren krisiak hurbilduko ditu bi aldekoak agian. Hegoaldeko abertzaleak ohartu behar dira zein den beren oinarri soziologikoa. Euskal Herriaz mintzo dira denak, baina lehenago herria konbentzitu behar da, den bezala onarturik. Funtsean hori da ere Iparraldeko abertzaleen arazoa: herritarrak konbentzitzea”. Iparraldeko jendartea nahas-mahasean mugitzen ari da azken urteetan. Euskal Herria konplexua da. Une honetan belaunaldi berriak integratu behar dira. Prentsak badu hor lana. Jakes Abeberrirentzat ere hitz hauek ukan ditu: “Animalia politikoa da. Enbataren arima. Eta segitzen du izaten. Herrian Piarres Laffite 40 urtez aritu zen eta kazetak segitu du. Enbatak ere segida izanen du. Nik trufaz erraten diot: ‘Zaude zaude, zuk lurperatuko gaituzu”.

Enbataren garai zaila

Duny-Pétrék “lurperatuko gaituzu” erraitean Mixel Bidegain eta Jean Pierre Brisset ukan ditu gogoan, besteak beste. Honela mintzatu zaigu Mixel Bidegain: “Enbatak langile bakarra du ordainduta, eta denbora erdiz. Lan teknikoa egiten duena. Gainerakoak bolondresak gara. Gure inguruan hogei lagun inguruk egiten dituzte beren ekarpenak, batzuek hilabetean behin, beste batzuek astero”.

Zazpi editore egile dira: “Hiru frantsesez eta lau euskaraz. Zortzi kronikagile. Bi zuzentzaile. Beñat Amestoy apaiza –66 urteko apez gaztea!– da gure marrazkigilea: Etxebeltz. Beste hiru lagun bidalketa, harpidetza eta diru kontuez arduratzen dira. Gurea xinaurrien lana duzu”. Enbata –beren denboraren zatiño bati esker– hainbat lagunek egindako aldizkaria da: “Batzuek pixka bat, eta beste batzuek asko eginez. Harpideduneei esker bizi gara, kazeta maldan behera doa halere: 600 harpidedun pasa dugu. Duela hogei urte doblea zen ordea: 1300. Kioskoetan 200 bat ale saltzen dugu. Hauek zergatik ez diren harpidetzen ez dakigu. Usaiako kontua da, berena jestu militante bat da, naski”.

Bidegainek dioenez “guk aurrekontua biribiltzeko 100 bat harpidedun gehiago ukanez gero, 6000 euro urtean jasoko genuke. Gure aurrekontua osatua liteke, hara! Jakesek dio 50 urte buruan bizirik irautea mirakulua izan dela. Egia duzu, egia biribila!”.

Etorkizunari begira

Etorkizunari begira aritzeko iraganari begiratu behar zaio, pixka bat bederen. Enbata sortu zenean ia frantses hutsez egina zen, euskara gutxi sartzen zen. Enbata sortu zutenek ikasketak frantsesez egiten zituzten. Abertzaletasuna sustatzeko aritu ziren, euskal kontzientzia zuten, baina ez ziren euskaradunak.

Enbata horrengatik gehienbat erdaraz argitaratu da: “Azken urtetan aise gehiago egiten da euskaraz, atalaren arduraduna nor den arabera gehiago egiten du hark. Baina ez da faltsukerietan aritu behar. Frantsesa da nagusi” dio Bidegainek. “Etorkizunean Enbata nola agertuko den, ez dakit, hemendik lau urtetara, beharbada guk ere aldizkari elektronikoa landu beharko dugu. Garai batean entsegua izan zen, webgunea ezin elikatuz gelditu zen ordea. Alda!k hartu du egiteko hori orain”.

Enbatak iraun behar du, bera baita abertzaletasunaren ahotsa, informazioaren ia alor guztiak lantzen dituena: “Abertzaleen arteko zatiketa ere handia da. Nola eragiten du Enbatan? Ez dakit. Belaunaldi bat desagertuz doa. Gure arazoa nekrologikoa da”. Enbata belaunaldi baten ekintza da bere hitzetan.

Abertzaletasuna hirutan edo lautan zatitua dago: EAJ, EA, AB, eta Batasuna. Enbata arazoa gainditzen saiatzen da, halere, politikoki hori sufritzen du. Alta, jomuga Estatua du: “Editorial bat idatzi dugu berriki. Hautetsien eta Garapen Kontseiluekin kritikoa. Garapen Kontseilutik aldizkaria gibelerat igorri zuten. Suprefekturan ere irakurtzen dute, ziur. Botere gunetan termometroa bezala erabiltzen dute Enbata” diosku Bidegainek pozarren.

Enbata-Alda!ren ezkontza

2006ko urtarrilean atera zen Alda!ko lehen alea Enbatan. Xabier Harlouchet hasi berria zen Manu Robles Arangiz Institutuan. Bera da Alda!ren koordinatzailea hasieratik. Institutua 2004tik ari da lanean. Hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen ditu, besteak beste: “Institutuak egiten dituen ekitaldiei leiho bat irekitzea izan genuen xede. Enbata azken mende erdian erreferentzia da hemen. Beste agerkari bat sortu ordez, ari zena, ongi ari dena, elkarlanaren bidez indartzea deliberatu genuen: 1+1=3 egiteko. Beste sare bat sortu gabe, sare erreferentziala zenaren baitatik, abertzale munduko kolore guztiak biltzen ditu Enbata-Alda! bikoteak. Haratago joan da gainera, Institutuak arlo sozialak hurbiletik lantzen dituenez gero” azaldu digu Harlouchetek.

Ekonomiako sail bereziak lantzen dituzte, enpresaz eta kooperatibismoaz. Ekonomia irakasleek eta ikasleek dihardute arloka. Harlouchetek honela ikusten Enbata eta Alda!ren elkarlana: “Institutuan gure lana jendarteko ereduari buruz gogoeta egitea da. Bizi dugun egoera aldatzeko, zerbait berria ekarriz: elikagaien prezioen goititzea edo petrolioarena, garraioa, azpiegiturak eta lan munduko mobilizazioak aztertzen ditugu. 1995tik, mugimendu sozialen bilakabideari segimendu berezia egiten diogu. Egoera sozio-ekonomikoaren datuak erreportajeen bidez eskaintzen ditugu. Klixka zutabean, berriz, hamabi lagunek testu ziztadunak ekartzen dituzte, goitizenez sinatuak, denak hein berean arituz”.

Enbata eta Alda!ren arteko elkarlana ezkontza modernoa da, akordioren bidezkoa. Ez da zertan betirako izan behar: “Alda!k sortzen dituen gastu gehigarriak berak estaltzen ditu. Lau orrialde gehiago horiek tratatzeko moldea aztertzen dugu astero, gaiak kontrastatuz, ez errepikatzeko” diote Harlouchet eta Bidegainek.

Belaunaldiaren afera hizpide izan dugu berriz ere. Elkarlanak abertzale munduan ez diren sektore batzuk ekarrarazi ditu. Institutuaren gaiak hurbilagoak izanda, Institutuak antolatutako kanpaina berezien gogoeten leihoa da Alda!: “Arlo batzuetan publiko berri bat ukitu dugu. Militanteentzako tresna berria eta baliotsua dela sentitzen da. Gai batzuetan ari diren sareek esku ukaldia ematen dute, orain arte gai horiek ez ziren aise plazaratzen. Institutuak gaiak landu ondoren errazagoa da gaiak plazaratzea” gehitu du Harlouchetek.

Bordeleko eta Pariseko diasporaren atxikimendu dute. Herriarekiko lotura gehiago sentitzen da urrunean: “Aurrekontuaren zuloa tapatzeko dei berezia egin genuen 2008an –artean ez dakigu 2009koa tapatuko dugun– eta arauka kanpokoek atxikimendu gehiago eman zuten bertakoek baino. Enbata biziki garrantzizkoa da haientzat. Ez da itsutu behar halere. Nahiz Alda! dugun, Enbata belaunaldi baten aldizkaria da”.

Xabierrek abertzalea ez den mundua erakarri behar dutela dio. Institutua beste mundu batera irekia da, baina, antza, ez da aise hemengo gizartea zer bilakatuko den jakitea: “Enbatak badu abantaila bat. Ni kanpoan izan naiz hamar urtez, eta kazetak ikuspegi orokorra ematen zidan. Ez egunerokoa, baina gaiek egoera soziopolitikoaren sintesia egiteko aukera ematen zidaten. Ari gara aztertzen zein bidetan segitu behar dugun, oraingo heinetik goiti joateko. Elkarrizketatzen ari gara alderdi eta talde ezberdinekin %10etik goiti joateko. Haien ibilmoldeak ezagutu behar ditugu. Alda!k laguntzen du zeregin horretan”.

Enbatak Alda!ren alde egin zuen, biak mundu alternatibo baten alde daudelako. Urrats hori estimatua izan da: “Alda! ez da eslogan hutsetan erori, gogoeta eta mamia ekarri ditugu. Eta hau ez da konplimendu bat, elkarlanean sinesten dugun agerbidea baizik”.

Harloucheten eta Bidegainen azken hitzak: “Ez dakigu nora eginen dugun, baina garbi dugu ez dela kazetan publizitaterik sartuko. Ez erakundeena ez pribatuarena. Astekari politikoa gara ildo argiarekin. Pario hori ez dugu egundaino egin eta ez dugu eginen”.

Azkenak
Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


2024-12-26 | Leire Ibar
Nafarroak garraio publikoaren %50eko deskontuak ekainera arte mantenduko ditu

Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio... [+]


‘Prentsa' bereizgarria zeraman autoa jomugatzat hartu eta beste bost kazetari hil ditu Israelek Gazan

Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.


2024-12-26 | Leire Ibar
10.500 migratzaile baino gehiago hil dira aurten Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ahaleginean

2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Lesakan izango da 2025eko Bertso Eguna

Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]


Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eguneraketa berriak daude