Mikel KormenzanaIñigo Azkona
Nekazaritza ekologikoaren erreferenteetako bat da Urduña (Bizkaia): hamaika baserritar daude altan emanda ekologikoan, eta beste lau alta emateko zorian. Duela zazpi urte ereindakoaren uzta hasi da etortzen. Garai hartan, Abeltzainen Elkartea sortu zen, batetik, eta bestetik udala plan estrategikoa prestatzen ari zen. Planean garbi geratu zen turismoa, abeltzantza eta nekazaritza klabeak zirela Urduñarentzat, industriarik ezean. Etorkizuna nekazaritza ekologikoa izan daitekeela ere jasotzen du lanak, herriaren ezaugarriengatik: lurra badago, ingurune natural babestua du, industria 10 kilometrora gelditzen da...
Nekazaritza Ekologikoa Garatzeko Plana egin zuten, eta beste ekintzen artean, nekazaritza ekologikoa bultzatzeko zerbitzua sortu zuten. Horixe da Ekoizpen Orduña. Eusko Jaurlaritzak bi urterako proiektu pilototzat onartu ostean, 2006an jarri zen martxan zerbitzua. Egun 40 baserritar ari dira zerbitzu honekin harremanetan.
Baserritarrekin eta herritarrekin lanean
Ekoizpen Orduñak egin zuen lehen gauza izan zen agroekologia foro bat eratzea, herri osoarentzat, ez nekazarientzat bakarrik. Foroan, hilabetero gai bat debatitzen dute, adituak ere ekarriz: sagarrondoen kimaketa, produktu kimikoak xaboietan, Brasilgo emakume nekazariak... Gai oso ezberdinak, kontsumoaren inguruan herritarren kontzientzia lantzeko. Aldi berean, Abeltzainen Elkartearen proiektu bat ere gauzatu zuen Ekoizpenek, elkarteko kide den Mikel Kormenzanak kontatu duenez: “Azterketa bat egin dugu nahi izan duten baserrietan, euren ekonomia aztertuz, esaterako, esplotazio kontua: zer daukazun, nola duzun antolatua, zer zenbaki dituzun, non zaren errentagarri eta non ez, zer aldatu behar duzun zure zenbakiak hobetzeko...”. Herritarrak eta baserritarrak aldi berean eragitearen garrantzia azaltzen du Ekoizpen Orduña zerbitzuko langilea den Marijo Imazek: “Ekoizpen eredua aldatzen baduzu baina kontsumo ohiturak ez, ez du eraginik. Eta alderantziz, kontsumoa aldatzen baduzu baina ekoizpena ez bada gai eskari horri erantzuteko, atzera egiten du”.
Baserritarrei ez esan “ekologiko”
“Bilatzen genuena zen euren baserriak errentagarri egitea” dio Imazek. Horretarako landu dutena izan da nekazaritza ekologikoaren oinarria: lurrari loturiko ekoizpena. “Abeltzainak bazarete, zuen lurrak belar bat ekoiztuko du eta horrek elikatuko duen abere kopurua eduki behar duzue, eta hortik gora esplotazioaren kostuak igotzen dira, eta errentagarritasuna jaisten da. Logika horretatik iritsi ginen nekazariengana eta gero esan genien horixe dela ekologikoa. Ez ginen hasi esanez etiketa bat edukiko duzue, kontsumitzaileak gehiago erosiko du... Kontu horrek ez die balio, eta atzera botatzen ditu”. Kormenzanak gaineratu duenez: “Guk argi duguna da zein eredu den errentagarriena, eta inguru honetan gehiago. Dirutik hitz egiten dugu, baina dena dago eredu batekin lotuta. Behin eredu horretan zaudenean, orduan planteatzen duzu ‘zergatik ez dugu pausoa emango etiketa lortzeko?’. Argi geneukan hemen ekologikoaz hitz egitea zaila zela, administraziotik jaso duten mezua izan delako: ez apuntatu ekologikora. Zenbakiekin demostratu behar genuen”.
Etxeko kontuak aztertzearekin batera, formazio ikastaroei ekin zieten, EHNEren bidez, albaitari batekin. Imazek gogoan du nola denak joan ziren euren paper eta boligrafoekin eta kontuak egin zituzten: “Norberak bere baserria ezagutzen du eta arazoak non dauden planteatzen direnean berehala ikusten dituzte”. Beste gauzen artean, ikasi zuten nola hobetu euren elikagaiak, alegia, belarra nola landu, indar handiagokoa izateko. Eta hirugarren pausoa, orain egiten ari direna, da zelan hobetu lur horiek larrea hobetzeko.
Baserriaren itokinak aurkitu eta itxi
Baserriaren zulo nabarmenenak atzeman dituzte: belarra ez lantzea eta horren araberako behi edo artaldea ez izatea. Imaz: “Askotan pentsatzen da larreak paseatzeko direla, eta pentsua erostea dela irtenbidea. Eta ikusi dute hor doala galera guztia eta aukerak dituztela beste abeltzantza bat egiteko, lurra daukatelako. Kormenzana: “Diskurtsoa izan da errentagarri izateko handitu eta intentsifikatu egin behar zenuela produkzioa, pentsuen bidez eta abar. Baina horrek zenbakiak eginda ez du ematen. Ikusi dute ez dietela larreei ateratzen duen errentagarritasuna”. Baserrietan urte askoan jaso duten aholkularitza, pentsu etxeek eta kimiko etxeek egiten dutena izan dela salatu dute: “Eta hori ez da aholkularitza, hori da salmenta!”. Imaz: “Ongarri etxea dator esanaz hau eta bestea erosi behar dugula... Eta ez, ez dugu behar! Lehengoek bazekiten zer lur zeukaten, oraingoek ez!”.
Horri buelta emateko, aurten bertako lurrak aztertu dituzte laborategian, eta horren arabera hasi dira zer ongarri erabili pentsatzen eta baserritarrei aholkuak ematen. Sarri lurrak ezer behar ez duen arren, baserritarrak beti zerbait botatzen ohituta daudela dio Imazek: “Hain ohituta daude erosten, eta komertzial horiek kasik kasik lan teknikoa egiten... Oso zaila da ulertarazten ez dutela behar, eta beste kasu batzuetan beharko dutela, baina ea zer eta nolakoa”.
Pentsu eta ongarriekin batera, beste zuloa makinariarena dela ohartarazi du Kormenzanak: “Galbiderik handiena da. Kristolako traktore batek gure baserrietan ez du zentzurik. Erabiltzen ditugulako ordu batzuez urtean, eta hori ez dugulako amortizatzen inoiz. Nekazariek jada argi dute erosi behar dutela traktore xinple bat, zaldi minimoekin... Eta lehen argi zutena zen euren auzokoarena baino handiagoa izan behar zuela”. Imazek: “Konturatu dira nahiz eta inbertitzeko diru laguntza bat eduki, gainerakoa baserritik ordaindu behar dela”. Abeltzainen Elkartean hizketan hasi dira makinaria komun bat erosteko, “baina hori ere prozesu bat da. Pixkanaka hasiko gara, mendi komunaletarako desbrozadora bat erosiz”, zuhur mintzo da Kormenzana.
Kontsumo taldea eta azoka
Agroekologia foroan ateratako bi ideia gauzatu dituzte, salmentari lotuak: batetik, plazako merkatua berreskuratu dute, hilean lehenengoa baserritarrena da orain. Kormenzana: “Baserritarrak itzuli dira produktuekin azokara jaistera, eta jendeak erosi egiten du”. Eta bestetik, kontsumo taldea sortu dute. Imaz: “Apustua izan zen bertako produktuak bultzatzea: batzuk ekologikoak, besteak zigilurik gabeko ekologikoak, besteak bestelakoak... baina denak bertakoak. Ez dugu inor kanpoan utzi nahi izan, batzuek ekologikora pasatzeko oso zaila dutelako. Eta ikusi da kontsumitzaileen beharren arabera produzitzen ere hasi direla: ogi ekologikoaren eskaria zegoen taldean, eta pastelak egiten dituenak zail ikusten bazuen ere bere pastela ekologikoan egitea, ogia bai egiten du ekologikoa, kontsumo taldearentzako”.
Kanpotik ere ekartzen dituzte produktuak, baina ekoizleekin harreman zuzenean, eta eredu jakinetan ekoitzitakoak, “etiketa izan edo ez”. Dilistak eta garbantzuak Valladolid-etik, laranjak Valentziatik, olioa, ardoa... Eta bestaldera ere gertatzen hasi da, txerri haragia Valentziara saldu dute.
Kontsumo taldea aurrerapauso handia ematera doa: hilean txekor bat hil eta taldekideen artean banatzea, 5 kiloko paketeetan, eta prezioa denen artean adostuta.
Bizkaian ugaritzen eta indartzen ari dira kontsumo taldeak. Horri jarraika, EHNE Nekasarea antolatzen ari da, alegia, kontsumo taldeen sarea, talde batean soberan dagoen produktua bestera eramateko. Kormenzana: “Kontua da sortzea sare bat talde txikiena, eta erlazio zuzena izatea ekoizle eta kontsumitzaileen artean. Oso garrantzitsua da bi horiek elkarrekin eztabaidatzea produktuaz, prezioaz, ereduaz... Kontsumitzaileak baserriak ezagutzea... Saiatzen ari gara komertzio txikiak hemen sartzen, garrantzitsuak direlako eurak ere”.
Baserritarrek berek osatzen dituzte saskiak. Ez dago tartean kooperatibarik, ez liberaturik. Argi dute zein hankasartze saihestu nahi duten: “Ardurak banatu ditugu, baina ez dago langilerik. Kooperatiba gehienen helburua kooperatiba bera mantentzea bihurtzen da, ez baserritarrak. Gure helburua baserritarrak dira, eta ez kooperatiba” Kormenzanak esandakoei, zera gaineratu die Imazek: “Eta baserritarrak ulertu behar du taldea ez dagoela bere produktua ateratzeko. Deitu izan didate esanaz behi bat daukat, eta salduko didazu? Gu ez gaude horretarako”.
Kontsumo taldea harreman pribatu bat dela argitu du Kormenzanak: “Ez dugu ezer komertzializatzen. Ez da salmenta hitzik erabiltzen, banaketa sistema bat da, truke bat, talde pribatu baten barrukoa”. Horregatik, merkatuko legeek ezin dute tratu horretan sartu: “Taldeak erabakitzen badu baserritar bati erostea, erabakia gurea da, gure arazoa delako” dio Kormenzanak. Kontsumitzaile eta ekoizleen arteko konfiantza da, beraz, oinarria, ez etiketak.
Kalean sumatzen den aldaketa
Imazek kalean sumatu du egiten ari diren lanaren emaitza: “Nekazari askok ez dute ekologikorako pausoa eman, baina euren diskurtsoan ere sartu da lurrari lotutako abeltzantza egin behar dela, agian behi gutxiago eduki, belarra hobetu... Alegia, abeltzainak izanagatik pixka bat nekazari bihurtu”.
Herrian egiten diren aktibitateetan ere bertakoa kontsumitzea bultzatzen dute, herri bazkaritan, adibidez. Imazek kontatu duenez: “Kosta da baina lortu da. Aurten, hoteleko aurkezpen horietako batean alkatea kexatu zen ardoa atera zutelako, Urduñako txakolina atera beharrean. Gabonetako otarretan hemengo produktuak sartzen dira...”. Sarri arretarik jartzen ez zaien gauza horiek ekoizle txikientzat oso garrantzitsuak dira, herri bazkari batean jango diren arkumeak izan baitaitezke baserritar batek urte osoan salduko dituenaren erdiak. Hurrengo jomuga begitan du Kormenzanak: “Eskolako jangela, eguneko zentroa eta zaharren egoitza. EAEko legeak ez du uzten hauetan bertako produktuak kontsumitzen, katering bidez egitera derrigortzen gaitu. Eta lege hori aldatu behar dugu”.
Tokiko politikarien diskurtsoa ere aldatu dela nabari dute, orain nekazari eta abeltzainak politikarien agendan daude.
Baserritarrek etorkizunarekiko duten perspektiba ere aldatzen ari dela ikustea oso pozgarria da Imazentzat: “Badira hiru baserritan seme gazteak, 15-20 urtekoak, abeltzantza gustatzen zaienak eta baserrian jarraitu nahiko luketenak. Etxean beti jaso duten mezua izan da ez eta ez. Eta orain esaten diete beno, orain ikusi mundua eta estudiatu, baina gero... Eta batzuek jada kalkuluak ateratzen dituzte, semeak hemen jarraitu nahi badu ikasi dezala lotura duen zerbait, harakin modulo bat, salmenta zuzena egiteko. Ulertu dute eurek aldaketa batzuk egiten badituzte eta errentagarriago egiten badute baserria, semeek aukerak izango dituztela”.
Belarraren sekretua
Goiko herrietan (Kiko/Osakimendi: 2'5MB) lurrak udan asko sikatzen dira eta arazo bat dute: udako eta udazkeneko jana zelan egin. Kormenzanak dioenez: “Beti entzun zaie esaten bertan ezin zutela ezer landatu eta ezin zutela bazkarik egin”. Imazen aholkularitzarekin aurten neguko bazka bat landu dute. “Ikusi dute lur horietan ateratzen zuten produkzioa txikia zela, baina gaizki aprobetxatuta zegoelako, eta zelan handitu produkzio hori”, gaineratu du Kormenzanak.
Lortutako emaitza ikusita, aurtengo neguan baserritar denek ekingo omen diote bazka hori egiteari. Belarraren taldea ere martxan dute. Iaztik, hilean behin elkartzen dira abeltzainak, aldiro etxe batean, norberaren froga txikiak taldean partekatu eta eztabaidatzeko. Belarrak harremanak goxatu dituela kontatzen du Imazek: “Ni kanpotik etorria naiz, eta iruditzen zitzaidan abeltzain denek harremana zutela elkarrekin. Garai batean agian bai, baserriko lanak elkarrekin egiten zituztelako, baina konturatzen zara pixkanaka bakoitza bere etxean geratu dela, eta horrelako proiektuekin berriro ere jendea elkartu egiten da”.
Raquel Rabina Alava
Raquel Rabina (abeltzaina): “Aurten 50 arkume salduta gehiago irabazi dut iaz 100 salduta baino”
Ruzabal juntaren zati den Belandia herrian hartu gaitu Raquel Rabinak, eta etxe ondoko zelaira eraman gaitu bere ganadua erakustera. Umetarako 40 behi ditu. Hauek erditutako txekorrak hiruzpalau hilabeterekin saltzen ditu Zeanuriko gizendegira. “Eta urtean hiru-lau txekor uzten ditut aurrerako, behiak zahartzean ordezkatzeko”. Ardi latxa eta ahuntzak ere baditu, “gutxi batzuk”. Ardi esnea gaztatarako saltzen du. Erabat abeltzaintzara dedikatzen da, eta senarrak fabrikan egiten du lan.
Bere lurraz gain, alokairuan hartuak ditu batzuk, eta kontatzen du nola komunala den bere oinarria: “Negua egiten dute etxe inguruko larre hauetan, eta maiatzan igotzen ditut Tologorriko komunaletara, eta abuztu-irailean jaitsi. Gure aitona igotzen zen lehen, gero gure aita, artzaina, eta orain ni. Mendian uzten ditut eta asteburutan igotzen naiz ikustera”. Arazoa ardiek dute, otsoarekin. “Duela 20 urte inguru hasi zen otsoa. Tira, beti egon da, baina lehen pasokoak ziren, artaldea eraso eta alde egiten zuten. Baina orain bertan bizi dira”. Eta etengabe egon beharra dute ardiei kontu egiten: “Gau bat eman zenezake lorik egin gabe, baina bi eta hiru gau ez! Horregatik, ardi asko kendu ditut. Gure oinarria lur komunalak dira eta ezin bagara komunaletara igo, ez da errentagarria ardiak edukitzea. Hemen behean uraren menpe gaude, eta begira zelaia, dena erreta dago. Eta pentsutik jaten ematea oso garestia da”.
Ekologikora aldatzea ez zaiola batere kosta aitortzen du: “Duela 10 urte egiten nuena eginaz jarraitzen dut. Pentsu mota da aldatu dudana. Lehengo bera eginaz irabazten atera naiz, lehen ez zidatelako ezer ordaintzen. Hori bai, jarritako baldintzak bete behar dituzu: ongarri egoki batzuk, pentsu egokiak... Horrelaxe ohituta gaude, badirudi ongarririk botatzen ez bazenuen ez zenuela ezer bilduko. Analisiek diote ez omen dela beharrezkoa ezer botatzea, baina...”.
Salmenta zuzena izan da errentagarritasunaren beste gakoa: “Kontuak aterata, aurten 50 arkume kenduta gehiago irabazi dut iaz 100 kenduta baino. Zuzenean saldu ditudalako, eta prezioa bikoiztu egiten da. Horregatik, abere gehiago edukitzeagatik ez duzu diru gehiago aterako. Batzuetan abere gehiago edukita gastu gehiago duzulako. Ni orain nagoen bezala primeran nago, egia esan”. Zuzenean erosi nahi duten pertsonak bilatzea da kontua: “Eurak irabazian aterako dira, oso ondo zainduko diogun produktua eramango dutelako, eta askoz merkeago aterako zaielako, supermerkatuetan baino. Eta niretzat askoz errentagarriagoa izango da, noski. Gauza bera txekorrekin”.
Kontsumo talderako urrian hilko du lehen txekorra. Jendea hasia da 5 kiloko haragi paketeak jasotzeko izena ematen.
Komunalak eta komunitatea
Urduñako bailara ikus daiteke
argazkian (Kiko/Osakimendi: 2'5 MB), baita goiko lau herriak ere, erabat abeltzantzatik bizi direnak: Lendoñobeiti, Lendoñogoiti, Belania eta Mendeika. Hauek Ruzabal junta administratiboa osatzen dute, Bizkaiko junta administratibo bakarra. Hiru mendi komunal mota daude: Orduñakoa bata, bestea Ruzabal juntakoa, eta herri bakoitzaren mendiak, hirugarrena. Lau herri horietan batez ere abeltzantza estentsiboa egin izan da eta erabat utzia zegoen. Abeltzainen Elkarteak lotu ditu goiko eta beheko herrietako jendeak –euren arteko pikeak baretuz– eta esplotazio motak.