Quetta hirian, Omar mularen itzalpean

  • “Talibanistango kapitala” deitu ohi diote gerrek eta lurrikarek behin eta berriz suntsitutako hiri honi. Asia erdialdeko herri anitzen jomuga ez ezik, talibanek Pakistanen duten gotorlekurik handiena da Quetta.
Quetta
Etnien arteko eztanda talibanen hiriburuanKarlos Zurutuza
Nekez ezagutuko genuke kalean goazela Quettan bizi den gizonik ospetsuena. Gutxik dakite bere benetako izena eta, bestetik, argazki bat besterik ez omen zaio atera bizitzan zehar. Gerlari baten istorioa dugu honako hau. Errusiarrek Afganistandik alde egin zutenean, kaosa nagusitu edo, hobeto esanda, areagotu zen Asia erdialdeko herrialdean. Afganiar herria mendebaldeko potentziek armatutako jauntxoen esku gelditu zen: lapurretak, bortxaketak, sarraskiak… Beti zigorrik gabe gelditzen ziren basakeriak.

Zapaldutako herritar askok apaiz-soldadu batengana jotzen zuten, laguntza eske. Fededun sutsua eta gerlari trebea bezain justua zela zioten. Lehenagoko jauntxo anker haiek bere tankeen kanoietatik urkatzen zituen apaiz-soldadu hark, eta musu-truk. Omar (hala zuen izengoitia) agintaria garaiezina omen zen, eta ez-hilkorrak bere soldaduak. Mitoa lagun, Singesar, Kandahar, Gazni, Jalalabad eta Kabul elkarren atzetik garaitu zituen, eta apenas tirorik botata. Omar izenak sortzen zuen beldur hutsak ia arerio oro uxatzen zuen. Jarraitzaileek “fedearen komandantea” deitzen zioten.

Aipatu erretratu bakar hura Kabulen egin zioten, oso egun seinalatuan. Omarrek Mahoma profetaren mantua bizkarrean jarri eta agintari gorentzat jo zuen bere burua, Afganistangoa, bai eta munduko musulman guztiena ere. Bin Laden lagun min bilakatu zen, eta saudi arabiarraren alabetako bat hartu zuen laugarren emazte Omarrek.

“Fedearen komandanteak” Afganistanen benetako estatu musulman bat eraikitzea zuen amets: “Jainkoaren herrialdea Lurrean”. Hartu beharreko neurrien artean, izakien errepresentazio oro ezabatzea zegoen. 1379an erori ziren Bamiyango Buda erraldoi haiek. Handik sei hilabetera, baina 2001. urtean, beste bi, Manhattanen. Washingtonek Bin Laden entregatzeko eskatu zion Omarri. Apaiz-soldaduak zera erantzun zion: “Nire bizitzan, Afganistan erdiaren suntsipenaren lekuko izan naiz; Bin Laden entregatu baino, beste erdiaren txikizioa ikusteko prest nago”.

Zortzi urte eta hamaika mila hildako eta gero, gerrak ez du etenik. Bin Laden aske dago, eta Omar Quettan bizi omen da.

Koloretako itzalen hiriburuan

Teorian, Quettan eta Pakistan osoan eskuinetik gidatzen da, Britainiar Inperioak garai batean agindu legez. Nolanahi, praktikan oso bestelakoa da trafikoaren garapena. Kamioiak, gurdiak, gainezka doazen autobus koloretsuak, bizikletak, oinezkoak… Denak dira kaos “armoniko” baten zati eta eragile. Eta ezin ahaztu rickshaw izeneko hiru gurpileko taxiak. Rasulek horietako bat gidatzen du egunez, eta askotan, bertan egin behar izaten du lo gauez. Kandaharretik duela lau urte iritsi zenetik, motogurdia izan du ogibide. Dioenez, Hamid Karzai eta Omar mula bere herri berekoak dira.

“Zaila da aurkitzen bertakorik Quettan; Afganistandik etorri gara gehienok”, dio gidari bizardunak, trafiko eroari eutsiz.
Arrazoi du. Quetta ofizialki Pakistango Balutxistango hiriburua bada ere, Quettan Rasul bezalako pastun etniakoak dira nagusi egun. Afganistango muga ordubetera baino ez dago, eta bi ordura Kandahar. Mugako hiriaren paradigma da Quetta, nahikoa da paseotxo bat bere bazarretik horretaz jabetzeko: balutxeak euren kaskete gorriekin; “chitral” izeneko txapel antzekoa daramaten tajikoak; uzbekiar beltzaranak edota mongoliar itxurako hazarak… Eta talibanak, jakina. Beren durbante beltzak ere bazarreko mosaiko koloretsuaren zati dira.

Gizonez ari gara, noski, emakumeekin kalean topo egitea askoz ere zailagoa baita. Batzuk burka baten azpian antzeman daitezke, Sariah edota Jinnah hiribide nagusiak zeharkatzen dituzten mamu urdinen antzera. Sudurra urrezko uztaiek zulatutako ijitoek, ordea, axolagabe erakusten dituzte euren ilea nahiz beso biluziak.

Bai, Quetta kulturanitza izan daiteke, baina inolaz ere elkarbizitzaren eredu. Talde ezberdinen arteko tiroketak, bazarreko postuetako eztandak, hilketa selektiboak eta bahiketak dira egunerokotasunaren taupadak. Eta, askotan, zurrumurru xume bat baino ez: “Lehergailuz zamatutako kamioi bat sartu da Quettan!”, entzuten da aldian behin. Halakoetan, Noordar hiribidea porlanezko blokez josten da, bertako gobernu eraikinak babestu nahian.

Gauzak honela, segurtasuna da negoziorik handienetakoa Quettan. Ikusi besterik ez dago Akhtar Mengalen etxea babesten duen ejertzito pribatua. Ez da harritzekoa, bera baita BNP (Balutxe Alderdi Nazionalista) alderdiaren buru. Bestalde, askok diote Kabul seguruagoa dela Quetta baino.

“Normalean interes tribalak daude hilketa selektiboen atzean, baina denok dakigu zein den gatazka nagusia Quettan eta Balutxistan osoan”, dio Mengalek bere herrialdeko mapa bat atzean duela. “AEBek talibanen kontra emandako dirua nahiz armak gure kontra erabiltzen ditu Islamabadek”, kexu da agintari balutxea. Dioenez, hamar milaka familiak ihes egin behar izan dute euren herrixkak bonbardatuak izan ondoren.

Eta Omar?
“Gauza jakina da Quettan dagoela. Baina guri ez bezala, berari ez diote ile bat ere ukituko zerbitzu sekretuek”, dio Mengalek, buruzagi talibanaren guardia pertsonala balutxez osatua dela gogoratuz aldi berean. Antza, munduko beste agintari asko bezala, Omar ere ez da fio bere ingurukoez.
Hein batean ulertzekoa da, Pakistanen era guztietako trikimaina eta maniobra ilunak baitira nagusi. Ezagunena, Islamabaden azpijokoa talibanak direla eta. Washington baretzearren, Pakistanek arabiar, uzbekiar edo txetxeniar jatorriko taliban bat entregatzen dio noiz edo noiz, baina inoiz ez bertako pastun bat. Haiek dira bertako zerbitzu sekretuen seme kuttunenak. Omarrena dugu, hain zuzen, horren adibiderik garbiena.

Erdibideko herria

“Pakistanek sortu zuen ‘munstro’ hau, amerikarren laguntzaz”, dio taliban mugimenduaz Enayatullah Khan-ek, ANP alderdiko buruzagi pastunak. Mengal bezala, ejertzito pribatu nahiz harresi garai batek babestutako etxean bizi da.
“Oso fenomeno berria da, duela hogei urte inork ez zuen halakorik ezagutzen”, jarraitu du Khanek bere ingeles bikainaz. “Pakistan konturatu da berarentzat ere eraso erreal bilakatu dela, baina beranduegi da jada mugimendua akabatzeko”, dio Khanek, te-esneari azken zurruta eman ostean.

Baina Quettan badira Omar mularen jarraitzaileak. Eta ez dira gutxi.

“Maite dut Omar, munduko gizonik fededunena eta ausartena da”, dio Balutxistango Unibertsitateko ikasle bizardun honek. Hizbula du izena eta Quettan jaioa dela dio. Antza, Hizbularen gurasoak Peshawar-etik, NWFP (ipar mendebaldeko mugako probintzia) eskualdetik etorri ziren duela 25 urte. Joan zen ekainean, Islamabadek berebiziko operazio militarra burutu zuen bertan, Barack Obamaren babes nahiz presiopean. Agintari estatubatuarrak argi asko daki Afganistan menderatu ahal izateko Pakistan ere kontrolatu behar duela.

“Pastunok genozidio hutsa jasaten ari gara”, kexu da Hizbula. Antzera diote bertako balutxeek edota Afganistango hazarrek, besteak beste. Ziurrenik denek arrazoi izango dute.

Siad hazara da eta Kunduz-etik (Afganistan) etorri zen duela hamar urte. Berak eta bere etniakide askok alde egin behar izan zuten, hain zen ankerra eurenganako talibanen presioa. Hazaretaz esaten da Genghis Khanen ejertzitoaren ondorengoak direla, hortik euren sortaldeko ezaugarriak. “Ezohiko” itxura batetik, eta musulman xiita konfesioa bestetik, sekulako bortizkeria jasan behar izan dute beti euren bizilagun sunitengandik.

“Sobietar inbasioaren garaietan, amerikarrek ez zuten eskrupulorik izan era guztietako borreroei laguntzeko: arma nahiz droga trafikanteak, talibanak, Dostum uzbekiar komandantea bezalako hiltzaileak… Errusiarrak garaitu eta jende haren eskuetan utzi gintuzten gero”, damu da Siad. “Egoera hartan, Omarrek erraz lortu zuen jendearen babesa”, gaineratu du, ordenagailuko pantailan duen Kunduzeko argazkiari begira.

Siaden ziberkafe alboko jatetxe ttipia Bahdir izeneko tajik batena da. Bera ere mugaren beste aldetik etorri zen duela ez asko.

“Ba al zenekien ‘kaki’ hitzak ‘hautsa’ esan nahi duela darieraz, gure hizkuntzan?”, dio Bahdirrek irribarretsu, haragizko otordu baten gainean. “Hautsa besterik ez dago Afganistanen. Zer dauka herrialde honek berau menderatu nahi eta ezin izan duten hamaika inperioentzat?”, galdetu dio bere buruari handik iritsitako tajikoak.

Bahdirrek jakin badaki galdera horren erantzuna ez dagoela Afganistanen bertan, alboko herrialdeetan baizik. Britainiar eta errusiar inperioen artean egon zen Afganistan erreserba energetikoen bidegurutzeen erdian dago egun. Hori gutxi ez, eta lau potentzia nuklearren (Errusia, Txina, Pakistan eta India) mugakide da asiar herrialdea. Horixe da, agian, afganiarren zoritxarreko patuaren erroa: erdian egotea.

Eta Omar? Quettan al dago?

“Zer axola dio orain? Jakin badakit ez naizela inoiz etxera bueltatuko”, tajikoak.
Mahmud Khan Achakzai, PMA pastun alderdiko buruzagia: "Afganistango subiranotasuna errespetatu ezean, mundu osoa arriskuan egongo da"
Giza Eskubideen aldeko borrokalaria eta abertzale sutsua dugu Pakhtunkhwa Milli Awami alderdiko buruzagia. Mahmud Khan Achakzaik pastun herriari ukatutako eskubideak aldarrikatzen ditu. Horretaz eta Afganistango egungo egoeraz mintzo da Argiarekin Quettako bere etxean.

Zein da pastunen egoera Pakistanen?


Punjabiek inperio gisa menderatutako estatua da Pakistan. Gauzak honela, pastunak, balutxeak, sindiak eta gainontzeko etniakoak bigarren mailako hiritarrak baino ez gara. Oso esanguratsua da gure eskualdearen izena oraindik NWFP (Ipar mendebaldeko mugako probintzia) izatea. Britainiarrek utzitako arrasto koloniala besterik ez da hau. Pakistan sortu zenetik 60 urte pasa badira ere, Islamabadek ez du oraindik Pukhtuanwa (Pastunistan) izena onartu.

Mendebaldean ohiko joera da pastun herria talibanekin identifikatzea. Zer deritzozu?


Berebiziko amorrua sortzen dit ekuazio horrek. Egia da taliban fenomenoa pastunak nagusi ziren eskualdean sortu zela, baina egon badaude Uzbekistan, Tajikistan edota bestelako herrietatik etorritako talibanak. Pastunak 50 milioi inguru gara eta horietatik, talibanen kopurua nekez iristen da %1era. Areago, pastun herria Asia erdialdeko herririk seglarrena da, nire ustez. Herodotok, Marko Polok eta historiako makina bat kronistek aipatu dute gure herriaren ohiko tolerantzia. Pashtunwali gure jokalege tradizionala Islamaren aurretikoa da eta talibanak giza-antolaketa horretatik erabat kanpo daude.

Nola sortu zen, zure ustez, talibanen fenomenoa?


Funtsean, talibanak AEBek, Pakistanek eta Saudi Arabiak sortu zituzten sobietar okupazioaren garaian. Batetik, Islamabadek babesa ematen jarraitzen du, eta bestetik, gure herria ere manipulatzen du, Afganistanen gobernu subirano bat egoteak sekulako zirrara sortzen baitio. Zoritxarrez, Pakistanek ez du talibanen kontra erreakzionatu bere meskita nahiz gobernuko eraikinak eztanda egin arte. Islamabedek operazio militar bat burutu du berriki baina gauza jakina da Islamabadek sekulako dirutza jasotzen duela honelako ekintza militarrak burutzeagatik; alegia, dirua nahikoa aitzakia dute halakorik egiteko. Edonola, gaur egun bide militarra besterik ez dago talibanekin bukatzeko.

Zer iritzi duzu Afganistango hauteskundeez?


Denok dakigu nekez bidera daitezkeela hauteskunde gardenak gerrak zanpatutako herrialde batean. Oztopoak oztopo, Karzai da herrialdea aurrerantz eraman dezakeen bakarra. Bere ikuspegia errealista da, pragmatikoa, ederki asko baitaki kanpoko laguntza ezinbestekoa izango dela herrialdea aurrera atera ahal izateko.


Baina horrela ez al dago AEBen morroi bilakatzeko arriskurik?


Historian zehar, pastunok askatasuna gauza guztien gainetik maite dugula erakutsi dugu. Ezinbestekoa da Afganistango subiranotasuna errespetatzea. Hala ez bada, Afganistan eta Pakistan mundu mailako guda zelai bilakatuko dira, eta mundu osoa egongo da arriskuan.
Energia-hodien mendeko geopolitika
Gauza jakina da Persiako Golkoko nahiz Asia erdialdeko politika, energia baliabideekin erabat loturik dagoela. Izan ere, aditu askok diote AEBek Afganistan 2001ean inbaditzeko arrazoi nagusia Kaspioko erregai energetikoetara sarrera izatea izan zela. Horretarako TAPI (Turkmenistan-Afganistan-Pakistan-India) hodia dugu proiekturik anbiziosoena. Haren bidez Washingtonek bere erregaien horniketa bermatuko luke, Iran eta Errusiatik igaro gabe. Dena den, ez dirudi erraza azpiegitura hau gauzatzeak. Batetik, Afganistango egoera gorria; herrialdea inbaditu eta zortzi urtera herrialdea kontrolatu ez ezik, talibanen kontrako gerra galtzen ari direla onartu dute Koalizioko hainbat jeneralek. Bestetik IPI (Iran-Pakistan-India) hodi proiektua dago, TAPIren aurkaririk handiena izan daitekeena. Gas-hodi honi “Bakearen hodia” ere deitu diote eta adituek askoz ere bideragarriagoa ikusten dute TAPI baino. Nolanahi, TKT dugu “hodi guztien ama”, Turkmenistandik Txinaraino joango den hodi erraldoia. Bere 7.000 kilometroko luzeran, Kazajistan alderik alde zeharkatuko luke. Antza, Mendebaldeko potentziak uste baino gehiago galtzen ari dira Afganistanen.

Azkenak
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude