Kwame Nkrumah
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Muhammar Gadafi-k 1999an Afrikar Batasuna (AB) aldarrikatu zuenean, ordura arte Afrikaren Batasunerako Erakundeari (ABE) izenarekin batera izaera aldatzeko itxaropenez egin zuen. Kontinente osoaren egituraketa lortzeko jauzia nahi zuen Gaddafik, 1965an erakunde beraren beste biltzar batean Kwame Nkrumah Ghanako presidenteak egin nahi izan zuen tamainako keinua. Baina hutsetik askoz haratago ez ziren iritsi, ez bata eta ez bestea.
Panafricanisme: de Nkrumah à Kadhafi dossierra plazaratu du Afrique-Asie hilabetekariak. Frantsesezko kazeta hau urte luzez Afrikako mugimendu aurrerakoien erreferentzietako bat zen Simon Malley-ren zuzendaritzapean. Malley (1923-2006) kulturaz judua zen eta jatorriz egiptoarra. Gamal Abdel Nasserren kolpea lagundu zuen 1952an eta geroztik Kairoko gobernuak ordezkaritza lanetan erabili zuen.
1969an Frantziara joanik, informazio tresnak sortzeari ekin zion, tartean lehenik Africasia eta gero Afrique-Asie deitu zena, orduan sasoian zeuden indar antikolonialistei eta oro har Hirugarren Munduaren aldeko mugimenduei oihartzuna eskainiz. Afrikaren bilakaeraren gakoak barnetik ezagutu dituzte.
Irailaren 21ean ziren 100 urte Kwame Nkrumah sortu zela. Orduan Urrezko Kosta deitzen zen Ghanan sortua, seminario katolikotik pasa ondoren, Amerikako Estatu Batuetan egin zituen unibertsitate ikasketak. Gaztaroan AEBetan eta Britainia Handian egin urteetan ezagutu zituen panafrikanismoaren teorikoen ideiak eta baita marxistenak ere.
Ghanara itzulita, britainiarren aurkako mugimenduan hasi eta laster azaldu zen buruzagien artean, politikan bezala sindikalgintzan. Convention People’s Party fundatuta, Nkrumah famatu egin zen gidatzen zituen greba, boikot eta bestelako mobilizazio baketsuengatik.
Kartzelan zegoela irabazi zituen 1951ko lehen hauteskundeak eta 1952an izendatu zuten lehen ministro. Ondoko urteetan saiatuko zen mamitzen sozialismo afrikarra deitzen zuena ordurako inguruko herrialdeak baino garatuagoa zegoen Ghanan. Eta nazioarte mailan panafrikanismoa aldarrikatu zuen, mende erdi lehenagotik diasporako afrikarren artean landutako ideia.
Agintea hartu berritako lilurak laster hasi ziren ximeltzen. Kolonialisten hatzaparretatik eskapatzea ez zen erraza. Herrialdea industrialtzea ere ez. Sindikatuekin haserretu zen. Zergak handitu behar izan zituen. Protestak gero eta handiagoak ziren, lehendakariaren bakardadea bezala. 1966ko otsailean, Txina eta Vietnamera joana zela bixitan, militarrek estatu kolpea eman zioten, CIAren laguntzarekin.
Urte bete lehenago, Ghanako Akra hiriburuan, ahalegin berezia egin zuen Nkrumahk Afrikar batasunari irakinaldi berria ematen. Han ziren, besteren artean, Gamal Abdel Nasser, Haile Selassie, Seku Ture, Julius Nyerere eta Afrika askatu berri haren apostolutzat aipatuak izan diren gehienak. Baina Nkrumahren proposamenak ez ziren lege bihurtu. Afrikar Batasuna estatuen arteko erakunde lausotu baten hezurduran geratu zen galduta, hala diote oraindik panafrikanismoa aldarrikatu beharreko asmoa dela uste duten Afrique-Asiekoek.
Afrika ahoan baina ez sakelean
Nkrumahk Africa must unite (Afrikak batu behar du) liburu manifestua idatzi zuenerako panafrikanistak zatituta zeuden Afrikako Estatu Batuak antolatu behar zirela uste zutenen eta urrats laburragoz aitzinatu behar zela uste zutenen artean. Hauentzako haiek iraultzaile ezkertiarrak ziren eta lehenengoentzako bigarrenok neokolonialisten kolaboratzaileak.
Gauza batean historiak eman dio arrazoi Nkrumahri: egitekoa azkar egin behar zela, gainerantzean kanpoko presioek beren fruituak emango zituztela eta Afrika isolamendura eta bazterketara kondenatua izango zela.
1970tik aurrera panafrikanismoa gero eta gehiago bihurtu zen agintarien buruhausteen bigarren mailara mugatutako gaia, eten gabe hitzaldietan lehen planoak aipatua izaten segiko zuen arren. Herrialdeen arteko tirabirak ugaritzeaz gain, 1980tik aurrera Amerikak eta Europak politika neoliberalak indartu zituzten mundu osoan. Azken hiru hamarkadotan Afrikan gertatu diren gerra eta sarraskiak nekez aurrikusiko zituzten amesgaiztoetan ere antzinako ekintzaile antikolonialistek. Eta kontinentea txirotasunaren eta kanpo zorraren leizean murgildu da zintzurreraino.
Afrikako Estatu Batuak izan behar zutenen ordez eskualdekako itunak ugaritu dira. Kritikoek diotenez, hitzezkoak dira itunok beste ezer baino, eta horrela badira herrialdeak bi, hiru eta baita lau eskualde mailako itunetan sarturik daudenak.
Balio izan ote dute ahalegin horiek? Nouvel Afrique-Asiek dio, penaturik, aurrerapen zehatzetan ez direla mamitu: Grandes ambitions et petits moyens (Helburu handiak, bitarteko txikiak). Hasteko, herritarren Afrikan barnako mugikortasunean gutxi aurreratu da. Muga administratiboak zertan diren irudikatzen duten pare bat zertzelada ikusi: Senegaleko herritar batek Kenyara joan nahi izanez gero Britainia Handiak Dakarren duen enbaxadan eskatu behar du bisa; eta keniatarrak Senegalera jo nahi badu Frantziaren Nairobiko enbaxadan.
Afrika erabat zokoratua dago mundu mailako merkataritzan, salerosketa guztien %2 baino ez da afrikarrekiko. Baina kontinente barrukoak ere blokatuta daude azpiegiturarik ezagatik.
Une honetan hiru proiektu nagusi daude eraikitze bidean Afrika barneko merkataritza suspertuko dutelakoan. Batetik Nigeria eta Kamerun batuko dituen 400 kilometroko autopista, Afrika ekialdetik mendebaldera zeharkatuko duen Mombasa-Lagos ardatzaren barruan. Bigarrenik, Burundi, Ruanda, Uganda, Kongo eta Kenyako sare elektrikoak lotuko dituen eskema berria, 800 kilometrokoa. Hirugarrena, Nigeriatik Nigerren barrena Aljeriaraino helduko den gas-hodia, 2.300 kilometro tartean Sahara zeharkatuz, 2015 edo 2017rako egunean 20 edo 30 milioi metro kubo gas garraiatzen eduki nahi dutena.
Panafrikanismotik zer geratzen da? Batzuek Muammar Gadafi ikusi dute amets hura gauzatu lezakeen gizontzat eta libiarrak bera Kwame Nkrumahren oinordekotza aldarrikatu du. Baina asmo handi hartara hurbiltzeko lanean bateko eta besteko nazionalismoak toreatu beharko ditu, potentzia kolonialen presioak orekatu, mundializazio neoliberalari aurre egin, garapen maila oso ezberdinetan bizi diren herriak uztartu... eta afrikarren gehiengoarentzako lider onargarri bilakatu.
Argazki oina: Time astekariaren artxiboetako argazkian ageri da Kwame Nkrumah, Ghanako presidente izana eta panafrikanismoaren ikurtzat ohoratzen dena. 1966an, kolpe militar batek lehendakaritzatik kendu baino urtebete lehenago, afrikarrak ohartarazi zituen kontinentearen batasuna emeki egin behar zela ziotenez: “Berandutzeak gure arteko ezberditasunak handiagotuko ditu eta neokolonialismoaren sarean harrapatuko gaitu. Kontinentearen askatasunerako lasterketa betirako galtzea eraginen digu”.
Informazio gehiago:
* Nouvel Afrique-Asieko dossierra Panafrikanismoaz
* Afrique-Asieko zuzendari zena Simon Malley Wikipedian
* Panafrikanismoaren historia
* Kwame Nkrumah informazio zentroa
* Franz J. T. Lee-ren Kwame Nkrumah: el Chávez negro de Africa
* Ghana gaur egun, Nkrumahren antikolonialismoaren antipodetan, Le Monde Diplomatique gaztelaniazkoan
* Kwame Nkrumah Wikipedian