JerusalemJerusalem
Hiri kolonial anitzen moduan, Jerusalemek auzo ilunak dauzka biztanle natiboentzako, mugako poliziek zainduak, barrioen arteko ezusteko kontrolekin. Jerusalemen bizi diren palestinarrentzako, bertan dauden juduentzako ez bezala, dena dago planifikatuta alde egin dezaten. Horrela mintzo da Eyal Weizman arkitektoa liburu berrian: Hollow Land tituluak (Lurralde Zulatua) hitz jokoa egiten du eskualde horri eman zaion “Holy Land” (Lurralde Sakratua) kontzeptuarekin. Bigarren titulutzat dauka Israelen okupaziozko arkitektura.
Eyal Weizman arkitektoa judua da eta Londresko Goldsmiths College uniberstitatean ari da irakasle. Berrikitan erakusketa antolatu zuen Israelen bertan, eta bukaerako epea baino lehen itxi zioten, Palestinako okupazio urbanistikoaren irudiek eragin zuten zirraragatik. Liburuaren berri emanaz, hiri sakratuari dagokion atalaren zati bat ipini dute Jerusalem Quarterly aldizkari palestinarraren gunean.
Weizmanek bere analisian 1967ra arte egin du atzera. Garai hartatik, Jerusalemen garapena zaindu duten arkitekto eta plangileek hiriari “estilo nazionala” eman nahi izan diote esku batekin eta bestearekin 67ko oreka demografikoa betikotu: hiru judurentzako palestinar bat.
1993an hiriaren plan nagusiaren arduradun Elinoar Barzacchik publikoki aitortu zuen hirigintzaren helburua izan behar zuela palestinarrak %28an atxikitzea eta juduak %72an. Helburua lortzeko, arkitekto eta plangileek beren armak erabiliko dituzte, eta Weismanen hitzetan, populazioaren derrigorrezko lekualdaraztea gerrako krimena baldin bada, politikari eta militarrenaz gain arduradun zibil horiena ere gerra krimentzat hartu behar da.
Palestinarrek juduek baino ume gehiago egiten dutenez, are urduriago mugitu dira agintari juduak, gero eta neurri gogorragoak ezarriz.
Irizpide nagusi bi erabili dituzte planak egiterakoan. Bat, auzo juduetan etxegintza sustatu. Bi, auzo palestinarretan eraiketa oro galarazi. Ondorioz, 1967tik gaur arteko desorekekin palestinarrak 25.000 etxebizitzaren beharrean daude. 600.000 biztanle dituen Jerusalemnez ari gara.
Nonbait bizi behar eta, palestinar askok legez kanpo eraiki du etxea. Horrelako 18.000 badirela kalkulatu dute iturri batzuek. Gehienak auzo txiroenetan. Jerusalemgo udalak arrazionaltasun urbanistikoaren izenean horietako 500 eraitsi ditu 1987tik 2004a bitartean.
Natiboak urruntzeko taktika gehiago ere badira hirigintza planetan. Juduen auzo berriak auzo palestinarren artean eraiki dira, horien arteko hesitzat gera daitezen betiko, biztanlego palestinarraren eremu-jarraipena eteteko. Palestinarrek ezingo dute horrela komunitate gisan funtzionatu eta Jerusalemen bizitzea oso neketsu egingo zaie.
Hirigintza arma da
Etxebizitza faltan, eta eraikitzeko baimen urritasunak lurzoruak izugarri garestitu dituelako, milaka palestinarrek Jerusalemetik kanpo joan behar izan du bizileku bila. Baina hiritik alde egiten dutenek Jerusalemdar izateari uzten diote, lanerako bezala eguneroko mila aferetarako oztopo askoz handiagoak dauzkaten Zisjordaniako palestinarren sailera eroriz. 50.000 palestinarrek galdu omen du Jerusalemdar estatusa azken lau hamarkadotan.
Palestinarren itotzeko hirigintzazko trikimailu haboro bada. Adibidez, zein eremu gordetzen da eraiki ezineko espazio publikotarako? Palestinarrak bizi diren auzo inguruetan eraikitzeko balioko lukeen zoruaren %40 horrela utzi da hutsik; teorian auzotarren bizi kalitatea bermatzeko, praktikan lehendik pilatuta bizi diren kaleetara kondenatzeko.
Ez pentsa gune libreak menperatze kolonialetarako erabiltze hori Eyal Weizmani gau bateko amesgaiztoan bururatu zaionik. 1965etik 1993ra bitartean Jerusalemgo alkate izan zen Teddy Kolleck-en aitormen hau bildu du Weizmanek: “Shu’fat tontorra [garai hartan muino soila, izen hortako auzo palestinarraren aldamenean] berdegunetzat atxikitzearen lehenengo helburua izan da arabiarrei han eraikitzea eragoztea, auzo judu berri bat eraikitzeko eguna iritsi bitartean”.
Bizilekuen dentsitatearekin ere jokatu dute Jerusalem etnien arabera birmoldatzeko helburua zutenek. Auzo palestinarrei teoriazko babes maila zorrotzagoa ezarri zaie, batzuetan gune historiko preziatuak omen direlakoan eta bestetan nekazaritzako eremu atxikitzekotan. Total, dentsitate gutxiko eraikuntzak besterik ez dela baimentzen haietan.
Horrela, Talpiot-Mizrah auzo juduan bost solairutaraino etxeak eraiki daitezkeen bitartean, aldamenean dagoen Jabal al Mukaber auzo palestinarrean etxe batek eraikitzeko baimena duen lurzoruaren %25 hartu dezake, etxe txiki bakarra.
Palestinar jendea bizi diren auzotegiak mugatuta daude bai alboetatik, berdegunez, eta bai gainetik, balizko babes neurriengatik. “Eta azkenean –dio Eyal Weizmanek– auzo horik bihurtu dira artxipelago bat juduen eraikuntza den ozeanoaren erdian ‘autentikotasuna’ omen duten ugartez osatua. Auzo horien arkitekturari funtzio hau eman zaio, hormigoiz eraiki baina harriz apaindutako etxadi juduetatik objektu estetikotzat begiztatua izatea. Parkez inguratuta dauden ‘zonalde babestu’ horiek 1918ko McLean plana indartzen dute eta hiriburu mailan errepikatzen dute Zisjordaniako bantustanak, palestinarrentzako osatu direnak”.
William McLean ingeniari eskoziarrak ospe handia izan zuen inperio ingelesean. Orduan britainiarrena zen Sudango hiriburu Khartum berak berrantolatu zuen, bertan jende zuria erosoago bizi zedin. Hortik Egiptora eraman zuten Londresko agintariek, eta artean Israelik ez zeukan Palestina handia britainiarren protektoratua zenez, McLeani eman zioten Jerusalem antolatzeko lana.
Teorian, 1918ko lehen plan orokorrarekin McLeanek Jerusalem hiri historikotzat babestu behar zuen, baina helburu hori eta juduen eta arabiarren arteko elkar bizitzea uztartu behar zituen paraje hartan, juduek lurraldea osatzeko eskubidea zutela zioen Balfour deklarazioa ezarriz, guztia sionisten babeslea zen Sir Herbert Samuel britainiar komisionatuaren oniritziarekin.
Irakurle gazteak jakin behar du Hego Afrikako gobernu arrazistak apartheid garaian sasi-autonomiaz mozorrotutako bantustan izeneko eremuetan metatu zituela jende beltzak, zurietatik bereizi eta hobeto menperatzeko. Eta Israel izan zela Pretoriako gobernu arrazista haren aliatu bakarretakoa.