Aupa Bobo!

  • Demografia apalak iradokitzen duenari oldartuz, folklore aniztasun ikaragarria dauka Nafarroako Pirineo aldeak. Dantza mota asko kilometro gutxian, eta hain desberdinak... Luzaideren baimenaz, ezagunenak Otsagabiak ditu. Luze gabe emango dituzte, irailaren 7 eta 8an. Herria hamaikagarrenez bisitatzeko aitzakia hoberik ez zaigu bururatu.
Bobo Otsagabian
Bobo OtsagabianSantiago Yaniz
Ama Birjina, ohituraz, bakarrik dabiltzanei agertu izan zaie; lekukotza bat baino gehiagoren kontrastea deserosoa suerta daiteke, eta hobe batengan uztea ardura. Gero, norberaren fedeak erabaki dezala haren hitzak sinetsi ala ez. Otsagabian, duela mende batzuetako artzain batek izan zuen pribilejioa, mendian zebilela. Ardiek ez zuten haren esandakoa ukatu.

Ondo errotutako beste ohitura bati men eginez, herritarrek elizatxoa paratu zuten agerpena gertatu omen zen lekuan: Muskildako Ama Birjinaren tenplu aski ezaguna, dotorea, txikia, bukolikoa. Beti ere bisitatzeko gomendagarria, balizko txangoak arrazoi erantsia du udaren amaierak normaltasunaren mehatxua dakarren honetan, han izaten baitira Otsagabiko dantzak irailaren 8an. Bezperan, herriko plazan.

Zale eta ez hain zaleen kutunetakoa da Otsagabiko dantza sorta. Euskal dantzetan ikusgarriena hau sinatzen duenaren aburuz, esportagarrienetakoa da zalantzarik gabe. Herriaren Barne Produktu Gordinari ere laguntzen dio, ez baitira gutxi Euskal Herri osotik Otsagabiko jaietara joaten direnak Boboaren eta zortzi danzante-en emanaldiaren amua irentsita. Bisitari horietako askok eta askok urtero, edo ia, errepikatzen dute bidaia. Edonondik joanda ere Otsagabira iristeko hartu behar diren ehunka kurbak banan-banan ezagutzeraino agian.

Hainbeste bihurguneri aurre egiteak badu saria: Otsagabia oso ederra da, eta ez da ederragoa inguruko herri guztiak ere halatsu direlako, eta ailegatu orduko askotatik igaro garenez begia Pirineotako arkitekturaz asetzen hasia dugulako. Gainerakoak baino bereziki politagoa ez da, beraz, baina badu Otsagabian aireak beste zerbait, giro halako bat, eskualde buru izateak ematen diona edo auskalo zerk. Jaietan, zer esanik ez. Kaletar amorratuek era honetako txokoetan bilatu ohi duten lasaitasunaren xerka bazabiltza, aukeratu beste garai bat bidaia hau egiteko.

Dantzak ikusteko, tamalez, ez dago oraingo hau besterik, kasualitatez herriko dantzariek zure ingurura hurbiltzen ez badira, hori ere egiten dute eta. Otsagabiar modernoek ez dute lotsarik euren ondarea kanpoan erakusteko, eta dagoeneko ez omen dira haserretzen beste talde batzuek kopiatzen dituztenean. Garai batean, diotenez, ez zuten erakutsi nahi izaten, baina ez egin kasu zurrumurru guztiei. Gure aldetik, ziurtatu egin dezakegu beraiek direla etxean maisu, esan nahi baita Otsagabiko dantzak Otsagabiko dantzariek ematen dituztela hoberen. Pernandoren egia dirudi, baina ez pentsa, Euskal Herrian ez da beti hala gertatzen.

Baina kasu, gogoeta hauetan galduta gabiltzala, herriaren magiaz gozatzea ahaztu dakiguke. Barkaezina, bi egun soil baititugu Otsagabia arnasteko, dantzek libre uzten diguten denboran, ez gara etorri folklorearen karietara bakarrik, aizue. 7ko goiza baliatu dezakegu Muskildako Ama Birjinaren baselizara gerturatzeko, hurrengo goizeko jendetza gabe. Jende askotxo ibiliko da hala ere, seguru. Arratsaldean dantzak dira plazan, baina lasai, hau ez da Zuberoa, urrun ez gauden arren; Otsagabiako dantzak maskarada bezain luzeak balira, herrian ez legoke jadanik gazte bakar bat ere bizirik, hain dira gogorrak (dantzez ari gara noski, gazteak eurak ez dira makalak hala ere). Esan nahi duguna da badela astirik karriketan galtzeko, Montxo Armendarizek Secretos del corazón filmerako aukeratu zituen karrika ezin pirineotarrago horietan. Eskualdeko beste herriekin alderatuta, Otsagabiak badu abantaila bat norabiderik gabeko paseo horien maitaleentzat: handiagoa denez, kale gehiago dauka.

Ez dira hainbeste hala ere. Hobe, plazan leku egokia hartzea komeni baita. Jendez mukuru dago, irailaren 7 guztietan errepikatzen den fenomenoa da. Azken hamarkadetan bai bederen, ez dakigu nola zen kontua XVI. mendean, ordukoak dira-eta dantza hauei buruzko lehen aipamenak.


Plaza hartuta

 


Boboaren jantzi gorri-berde ikusgarriek plaza osoa betetzen dute, nola aurreko orrialdeko argazkia. Denen begiak harengana doaz, hain da handia figura honen indarra. Europako artzain gizarteetako folklorean, eta Euskal Herritik irten gabe ere bai, sano ezagunak dira jite honetako pertsonaiak, aurpegi biko mozorroa daraman besterik ez dugu ezagutzen ordea. Ikusmena boboak betetzen digu, entzumena berriz kaskaineten hotsari eskaini diogu, dantzariak plaza erdiko beren lekura doazen seinale: Euskal Herriko dantzetan ez dira batere ohikoak kaskainetak, baina Pirineo alde honetan ezagun dituzte, bistan da.

Lau makil-dantza, Pañuelo izeneko zapi-dantza eta Jota. Otsagabiko dantzek egitura finkoa dute, ez pentsa horregatik ehunka urtetan ezer aldatu ez denik, gure kolaboratzaile Oier Araolazak gogorarazten digunez. Adibide bat: Modorro izeneko makil-dantzan, dantzariek makilaz jotzen dute lurra, baratzean lanean ariko balira bezala, zenbait espezialistak dio lurra esnatzeko egiten dela hori, emankor izan dadin gero. Badakigu gure arbasoek ez zituztela dantzak libertimendu hutserako asmatu, hemen denak dauka funtzioren bat, Boboren mozorrotik hasi eta eskuan daraman makil luzeraino. Kontua da garai batean buelta bat egiten zela lurra jotzen, norbaiti bururatu zitzaion arte gutxiegi zela eta bi aldiz egin behar zela. Gaur egun hala egiten da, itzuli bat eskuinera eta beste bat ezkerrera. Tradizioak gordetzearen benetako esanahia esplikatzeko adibide ederra.

Eta tradizioetan tradizioena, Otsagabiaz den bezainbatean, irailaren 8koa da. Dantzariak mendiko bidetik igotzen dira Muskildako santutegira, errepidez herritik hiruzpalau kilometrora dagoena, eta han egoten dira, zain, bezperako saioa errepikatzeko tenorea heldu bitartean. Eta orduan, Amabirjina ikusi zuen artzainaren artaldea baino askoz handiagoa den jendetzaren aurrean dantzatuko dute berriz, baina badu bigarren egunekoak, kristau atmosferaren eraginez-edo, beste seriotasun bat, edo hala iruditzen niri.

Otsagabia ez da bakarra

Nafarroako alde honetako dantzen aniztasuna goratzen hasi dugu bidea, eta injustua litzateke orain Otsagabiaren auzokideak ez aipatzea. Espazioan mendebaldetik ekialdera doan eta denboran urte sasoi gehientsuenetatik igarotzen den alegiazko txango honetan, nahiko eskuman ageri da Otsagabia, mapan nahiz egutegian. Goazen bada ezker muturreraino, Luzaidera, Pazko Igandera edo Aberri Egunera nahiago baduzue. Banaketa administratiboak besterik dioen arren, Nafarroa Beherekoagoa da Luzaide Garaikoa baino, orografia gupidagabeak hala aginduta. Otsagabiarekin batera, inguru honetan bere dantzak hobekien gorde dituen herria da, eta ezin dantza desberdinagorik irudikatu. Herri erdiak hartzen du parte Luzaidekoetan, Arretxe pilotari ohi ezagunak barne. Non eta haren izena daraman pilotalekuan egiten da arratsaldeko emanaldia, goizekoa kaleetan zehar, biak begi askoren parean. Eta begientzat gozamena da Luzaideko karnabala, bere pertsonaia saldoarekin, bere jantzi konplikatuekin. Euskal Herriak atzerrian sal dezakeen beste postaletako bat.

Bitxiagoa da Auritz, Jaurrieta eta Erronkari Ibarreko dantzen historia, azken urteetan –Jaurrietakoaren kasuan 40 bete dira aurten– berreskuratuak izan baitira, bertako nahiz kanpoko ikertzaileen lanari esker. Ahaztutako koreografiak, dantzak, urratsak... berpizteko egin diren bideek eztabaida ere piztu dute, batzuetan ia ezerezetik sortu baita zerbait. Baina hori beste istorio bat da, bere kontakizuna merezi duena. Hitz ematen dizuegu ez duzuela luzeegi itxaron behar izango orriotan irakurri ahal izateko. Ez, bederen, Boboa berriz kalera atera arte bezain luze.

Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude