Udazkenean Babcock enpresako eta Eusko Jaurlaritzako hainbat arduradun epaituak izango dira lindanoaren gestioa dela-eta. Lindanoa oso kutsagarria da eta iraganean Nerbioiko bi lantegitan sortu zen. Epaiketa aitzindaria da eta ekologistak pozik daude. Halere, pestizida horretaz kutsaturiko lurrak agertzen dira oraindik. Norentzako da kondena?
Babcock & Wilcox (BW) enpresako bost goi kargu auziperatuen eserlekuan izango dira laster, enpresa horrek Sestaon zuen nabe batean lindanoa modu desegokian gordetzeagatik 1995 eta 2001 artean. Bizkaiko Auzitegiak ingurumenaren kontrako delituak leporatzen dizkie arduradun horiei eta haiekin batera Tomas Epalza ere epaituko dute, sasoi hartan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Kalitate zuzendaria izan zena. Inoiz ez da lindanoaren gestio publikoagatik auzi bat hain urrutira iritsi eta Lur Maitea –lindano kutsaduraren kontra aritzen den talde ekologista– pozik da, bere ustez “domino efektua” izan bailezake epaiketa horrek lindanoaren inguruko beste auzietan.
Lindanoa burukomin ugari ematen ari da azken hamarkadatan Nerbioiko herri industrializatuetan: kutsatutako lurrak behin eta berriz agertzen dira, lindano arrastoak gordetzeko zelden zuzentasuna zalantzan dago, erakunde publikoen zeregina ere bai, eta herritarrak kutsaduraren inguruko informazioa eta analisi klinikoak eskatzen ari dira.
1940ko hamarkadan plagizida gisa hasi ziren erabiltzen lindanoa AEBetan eta segituan hedatu zen munduko beste herrialdeetara. Nekazaritzan, albaitaritzan edo pertsonen osasunaren industrian erabilia izan da, berdin balio baitu intsektuak edota animalien parasitoak hiltzeko.
Ingurumenarentzat eta osasunarentzat kaltegarria zela jakin zenean, lindanoaren erabilera debekatu egin zen herrialde askotan. Pestizida honek osasunari kalte egin diezaioke arnastuz, ukituz edo xurgatuz gero: burukomina, goragalea, sukarra... sortzen du. Halaber, denbora askoan edo neurri handitan gorputzarekin kontaktuan izanez gero koma egoeran utz dezake pertsona. Baina, batez ere, arriskutsua da elikadura katean sartzen delako eta ez delako desagertzen denborarekin: oso iraunkorra eta biometagarria da. Beraz, epe luzera hainbat gaitz sor dezake, eta Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, horien artean minbizia dago.
1947 eta 1987 artean Barakaldoko Bilbao Chemicals eta Erandioko Asua auzoan zegoen Nexana Industrias Químicas lantegietan produzitu zuten, etengabe, lindandoa. Hasieran, hexakloroziklohexanoa (HCH) deitzen zaion gaia ekoitzi zuten intsektizida bezala saltzeko, baina ondoren gai horren isomeroak bereizi eta lindano –isomeroetako bat– huts-hutsa hasi ziren merkaturatzen. Bereizketa horren ondorioz hasierako produktuaren %91k ez zuen ezertarako balio eta milaka tona hondakin kutsagarrirekin aurkitu ziren enpresetako jabeak. Gaur uste da behintzat 80.000tik gora tona HCH (lindano hondakinak) bota zituztela, inolako kontrolik gabe metropoliko 36 zabortegi eta bazterretan.
1980ko hamarkadan, administrazioa jabetu zenean lindanoaren hondakinek sor zitzaketen arazoez, hondakinak lantegian pilatzera derrigortu zituzten enpresa horiek. Hala ere, kasu askotan modu irregularrean segi zuten HCHaz gabetzen –Bilbao Chemicalseko administratzaileari isuna jarri zioten hondakina Palentziara eramaten saiatzeagatik–. Azkenean lantegiek ateak itxi behar izan zituzten pozoiak gaindituta.
Lindanoa produzitu zuten enpresek herentzia gaiztoa utzi diote Bizkaiari. Arazoa biderkatu egin zuten gainera, produktu toxikoa lurrarekin nahastean bolumen kutsatua izugarri handitu baitzen. Horrela, 90eko hamarkadan Ezkerraldean lur azpitik lindanoa han-hemenka agertzen hasi zenean, Eusko Jaurlaritzak neurriak hartu zituen eta enpresa horien jabe ziren multinazionalekin –Merck eta Boehringer– auzitan sartu zen.
Baina berriki ekologistek salatu dutenez, inoiz konfirmatu ez den kontratu bat sinatu zen 1994an Jaurlaritza eta multinazionalen artean: azkeneko hauek soilik 650 milioi pezeta ordaindu omen zituzten immunitate osoaren ordez. Orduan Ingurumen sailburu zen Jose Antonio Maturanak zera esan zion El País egunkariari salaketa honen ostean: “Egin behar genuena egin genuen. Negoziazio oso gogorra izan zen eta guk erbia altxa genuen zabortegi ilegalen gaiarekin. Aurpegia eman genuen”.
Eusko Jaurlaritzak, lindano hondakinei soluzioa emateko, Bilbao Chemicals lantegiaren partzelak –gaur egun BEC, Megapark... dauden lekua– erosi eta kutsatutako lurraren ardura IHOBE sozietate publikoari eman zion. Erakunde hori 1983an sortu zen Jaurlaritzaren eskutik eta bere zereginen artean dago kutsatutako lur industrialen kudeaketa. IHOBEk, Ezkerraldeko lurretan azaldutako lindano hondakinak biltzeko behin-behineko irtenbide gisa, bi segurtasun-zelda eraiki zituen 1999an: bata Barakaldoko Argalario mendian eta bestea Loiuko aireportuan.
Zabortegi berezi horiek herritarren protesta sortu zuten; gainera, Europar Batasuneko txosten batek zalantzan jarri zuen Loiuko zeldaren zuzentasuna, ez zelako egin ingurumen-inpakturako ebaluaziorik. Enrique Múgica Espainiako Arartekoak ere zelda hori “irregularra” zela adierazi du eta segurtasun neurriak betetzen ote dituen jakiteko ikerketa eskatu du. Dena den, bi zabortegien iraungitze data 25 urtekoa da eta ikusteko dago horren ondoren zer egingo den bertan gorde zuten 600.000 metro kubo lur kontaminatuekin.
Bizkaian lindanoak gehien kaltetu duen herria Barakaldo da zalantzarik gabe. Argalario mendiko zeldara eramandako lurren %85 Barakaldotik jaso zuten; Max Center, Megapark, BEC eta beste hainbat merkatal azpiegitura egitean azaleratu zen gai kutsagarria. 90eko hamarkadatik Barakaldoko herritar ugari lindanoaren kontrako borrokan jardun dira, eta gaur egun, Ezpitsua talde ekologista da haien herentzia jaso duena.
“Boom bat saldu ziguten esanez zelda hori zela arazoaren soluzioa –dio Javi Vazquez Ezpitsua taldeko kideak–, baina ez da horrela izan, hor lindanoaren zati bat bakarrik sartu zuten. Megaparkeko eremu guztia diru publikoz garbitu zen operazio urbanistiko batekin espekulatzeko”. Ekologistek salatu dute Barakaldoko Ansio inguruan –Bilbao Chemicals lantegia zegoen parajetik gertu– lindano gehiago agertu dela etxebizitzak egiten hasi direnean. “Kasualitatez lindanoa agertu da jabetza publikoko eremuetan eta ez partzela pribatuetan”, Vazquezek zalantzagarri jo du hori eta arazoa Lurzoruaren Legean dagoela dio, lege horrek ez baitu promotorea derrigortzen kalitate azterketa bat egitera obra bakoitzean, baizik eta soilik susmoa dagoenean: “Eta noski, inor ez da ezertaz enteratzen...” dio.
Bestalde, kutsatutako lurrekin segitzen den protokoloa ere kritikatu du Ezpitsuako kideak, obra hori kontrolatzeko ingurumen kudeatzailea promotoreak berak kontratatzen duelako, “hori ez dago ondo” dio. IDOM ingeniaritza enpresa da ingurumen kudeatzaile nagusietako bat arlo horretan. Ezpitsua taldeak salatu egin zuen enpresa hori, Ansioko partzela batean protokoloa ez betetzeagatik: emisio-kaptatzailerik ez zuten erabiltzen; haizea zegoenean ez zuten sarerik jartzen kutsadura hedatzea eragozteko; lurra garbituta zegoela frogatzen zuen agiria jaso aurretik hasi ziren zimenduak jartzen.
Espedientea ireki zioten enpresari. “Orain badakigu Lur Kutsatuen Katalogoan agertzen direnaz gain, gutxienik hiru partzela gehiago daudela lindano hondakinekin eta beste bitan kutsadura analisiek positiboa eman dutela uste dugu. Baina ezkutatu egiten dute, zeren eta horrek garapen urbanistikoa oztopatzen du; ez bakarrik Barakaldon, Bizkaia osoan ere pasatzen da hori, Miribillan esaterako”. Bilboko Miribilla auzoan kiroldegi handi baten proiektua geldirik egon da lindanoa azaldu delako lur azpian (ikus aurreko orrialdeko koadroa).
Lindanoaren arazoa ez da lur kutsatuetara mugatzen. 2008ko udaran Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak Trapagarango Oiolako urtegia itxi zuen HCH arrastoak agertu zirelako bertako uretan. Hilabete batzuk beranduago Administrazioak onartu zuen Barakaldoko biztanleen zati bat kutsatutako ura edaten aritu zela denbora batez, baina beti “segurtasun neurrien azpitik”. Ekologisten ustez baina, kutsadura leku gehiagotara iritsi da, ur hodiak interkonektaturik daudelako. Bestalde, Ezpitsua taldeak Barakaldo zeharkatzen duen Castaños ibaian lindano hondakinak aurkitu ditu 62 puntutan. “Leku batean, batez ere, urak lindano kirats handia zuen, nabaritzen zen hor zegoela” dio Vazquez-ek. Izan ere lindanoa oso ongi bereizi daiteke duen kolore arre eta usain sarkorragatik.
HCH edo lindano hondakin kutsadura zantzu larriak ikusita, Barakaldoko Instrukzio Epaitegiak ikerketa epidemiologikoa egitea agindu zuen duela gutxi herritarren artean. Aspaldiko eskaera bat zen eta joan den urtarrilean atera zizkioten odol frogak 120 boluntariori. Juan Jose Aurrekoetxea aditua arduratu da analisiak egiteaz eta oraindik ez dituzte argitara eman emaitza orokorrak.
Bizkaiko Audientziak berretsi egin du BW enpresako bost goi kargu eta Tomas Epalza Ingurumen Kalitateko zuzendaria auziperatzea lindano pestizidaren gestioagatik. Auziaren jatorria jakiteko ia hamabost urte atzera egin behar da.
1995ean BWk Sestaon zituen lurrak saldu zizkien enpresa pribatuei bertan industria poligono bat eta hainbat merkatal gune egiteko (Pryca, Lidl...). Lur horiek HCHz kutsaturik zeuden, 80ko hamarkadatik lindanoa sortzen zuten enpresek beraien lantegietan biltzen baitzituzten hondakinak derrigorrez –Bilbao Chemicalsek ere horixe egin zuen eta ondoren abandonatuta utzi zituen bere nabe batean milaka tona lindano puru–. BWk irtenbide bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzari HCHz kutsatutako lur horientzako: soluzioa izan zen hondakinak aldameneko nabe zahar batera eramatea behin-behinean, Argalarioko segurtasun-zelda egin artean. Horrela, 1995 eta 2001 artean lindano hondakinak 3.500 poltsa handitan gordeta egon ziren BWko pabilioi horretan.
Lur Maitea talde ekologistak akusazio partikular bezala azaldu du bere burua auzi honetan, bere ustez, “zabortegi klandestinoa eta ilegala” baitzen hura. Auziak urte asko egin ditu ez atzera ez aurrera, baina 2008an Barakaldoko Instrukzio Epaitegiak auto bat kaleratu zuen pertsona horiek prozesatuz: “Depositoa ia abadonaturik zegoen eta horrek negligentzia garbi bat uzten du agerian” dio epaileak. Autoak kontuan hartzen ditu hainbat txosten, azkenekoa Nicolas Olea Granadako Medikuntza Unibertsitateko katedradunarena: “Pertsonen osasunarentzako arriskua egon zen” ondorioztatzen du. Izan ere, zakuak estalperik gabe zeuden, hautsita eta hezetasunak hartuta.
Epaileak ingurumenaren kontrako delituak ikusi ditu BWko zuzendarien kasuan, eta Tomas Epalzari dagokionez, prebarikazioa ere egotzi dio. Epalzak hondakinak biltegian gordetzeko epea luzatzea baimendu zuen, besteak beste. Epaiketa urri aldera izango da seguruenera. Gaur egun, Uraren Euskal Agentzia zuzentzen du Epalzak eta auziperatzea jakitean honakoa adierazi zion El Correo egunkariari: “Gure jarduera eredugarria izan zen eta Europar Batasunaren abala izan zuen” –segurtasun zeldak eraikitzeko 38 milioi euro eman zituen EBk–. Eusko Alkartasuna ere bere alderdikidearen defentsan atera da eta adierazi du epaiketan demostratuko dela Epalzaren errugabetasuna.
BWko auziak eta Ezkerraldean lindano gehiago azaldu izanak pestizida honen arazoa azaleratu du beste behin ere. Sakonean, oraingoz desagerrarazi ezin diren hondakin guztiekin sortzen den arazo berbera da: zer egin beraiekin? HCHaren kasuan larritasun bat gehiago dago: oso hondakin kutsagarria dela. Hain zuzen, duela gutxi gehitu zaio Nazio Batuen Estockholmoko Konbentzioan sortutako 12 produktu kutsagarrienen zerrenda beltzari. Horrek erabaki irmoak hartzea eskatzen du, ingurumenaren eta pertsonen osasuna lehenetsiz beste ezeren gainetik.
Mungiako zabortegi zaharrera sartzea eragozteko neurririk ez dagoela esan dute Ekologistan Martxan-ek eta Butroi Bizirik Trantsizioan-ek.
Lindanoak eragindako kutsadurak okerrera egin du ibai eta lurzoruetan, Ekologistak Martxanek jakinarazi duenez. Kontrolik gabe isuri zen eta emaitzak orain dira ikusgai.
Ekologisak Martxan taldeak erakunde publikoetan kexa jarri du Lemoizko Jata mendian Puente Baray Forestalek egin dituen lur-mugimendu eta zuhaitz-mozketengatik. Talde Ekologistak 2019an egindako azterketak erakutsia du inguruko zuhaitz-landaretzan lindanoa dagoela eta... [+]
Ekologistak Martxan-ek egin du salaketa, zuhaitzen laginak aztertu eta gero. Erakundeen arduragabekeria salatu du. Sutea piztuz gero lindanoa gas hilgarri bilakatu daitekeela ohartarazi du.
AMVISA udal enpesa pribatuak aurkeztutako memoriaren datuek berretsi dute Zadorrako ura lindanoarekin kutsatuta dagoela
Ekologistak Martxan talde ekologistak Filtrala plataformaren bidez jakin nahi du zein toki zehatzetan egin ziren isurketa horiek. Gai toxikoa duela urteak debekaturik dagoen arren, oraindik Espainiako Estatuko erreka askotan aurki daiteke, baita Euskal Herrian ere.
Lindano isuriak direla eta, URAk hiriari isuna jarriko diola jakin eta gutxira egin dute iragarpena.
Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean izan dira, EH Bilduen eskariz, Espainiako Estatuan lindanoak eragindako kalteei buruzko txostena aurkezten. Europako Legebiltzarrean egindako azken bisitan talde politiko guztiek arazoari... [+]
Bizkaiko Armintza eta Bakio lotzen dituen errepidearen inguruan, Jata zabortegitik gertu, topatu dute kontrolatu gabeko isuria, Ekologistak Martxan-eko kideek zabaldu dutenez. Agintariei helarazi diete informazioa konponbidea eman diezaioten. Ertzaintza zonaldera hurbildu da.
Lindanoak Espainiako Estatuan eragindako kutsadurari buruzko txostena argitaratu du Ekologistak Martxanek, Pozoitze iraunkor eta isil baten kronika izenburupean. Taldeko bozeramaile Javier Vázquez Velascok Barakaldon aurkeztu duen txostenean azken mendean fabrikatutako... [+]
Europako Batzordeak finantzaketa lortuko luke Trapagareneko Oiolako urtegiaren arazoa konpontzeko, eskumena daukaten erakundeek behar bezalako proiektua aurkeztuz gero. Hala jakinarazi die Daniel Calleja Batzordeko Ingurumen zuzendariak Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren... [+]
Ekozinemaldiak hamargarren edizioa du 2016an. Ekologia sozialari buruzko dokumentalak eta film luze eta laburrak eskaintzen ditu Ekologistak Martxanek antolatutako ekimenak; aurten energi eredua, klima aldaketa eta energi trantsizioa izango ditu ardatz nagusi.
Joan den azaroan Marina Albiol (Izquierda Unida) eta Josu Juaristi (EH Bildu) europarlamentarioen bisita jaso eta gero, Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako zenbait kide Europako Parlamentuan izango dira martxoaren 14 eta 15ean, bertako Eskaera Batzordean... [+]
Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako kideek ondo ezagun dute Europako Legebiltzarrera joateko bidea. Orain, berriz, hango diputatu biri egokitu zaie Barakaldora bisita egitea: EH Bilduko Josu Juaristi eta Izquierda Unidako Marina Albiol. Biek ala biek gertutik... [+]