Euskarazko kazetaritza modernoaren zimenduak

  • Denboraren makinan sartu, 1969. urtera atzera egin eta Donostiako Okendo kaleko 22. zenbakirantz goaz zuzen. Atariko atea zabaldu, korridore luzea zeharkatu eta... Zeruko Argia-ko erredakzioan gaude. Agustin Ezeiza eta Nemesio Etxaniz agurtu ondoren, urrutixeago dagoen Miren Jone Azurzarengana jo dugu, kaputxinoek zuzendari izendatu berri duten erredaktorea. Alearen zuzenketa lanetan ari da zorrotz. 2009ko uztaileko zurrunbiloan ez gara ohartzen, baina hamarkada hartan jarri ziren euskarazko kazetaritza modernoaren zimenduak.
Dani Blanco
Mikel Atxagari apirilaren hasieran Donostian egin zitzaion omenalditik ateratzen ari ginela egin genuen topo berarekin. Elixabete Garmendiak aurkeztu gintuen: “Begira, hemen oraingo ARGIAko lan taldekoak”, esan zion Azurzari, “eta hemen Miren Jone Azurza, Zeruko Argia-ko zuzendari ohia”, luzatu zigun guri. Topo egin izanaren poza agertu, lau berba gurutzatu eta elkarrizketa egiteko deituko geniola esan ondoren abiatu ginen arrapaladan autorantz, TAOko ordua igarota bere lekuan egongo ez ote zen beldurrez.

Hurrengoan Donostiako bere etxean ginen, aurrez aurre, iraganera jauzi egin eta hizketaldi beroan Estitxu Eizagirre eta biok. “Aizue, niri horrek urduri jartzen nau, nik ez dut inoiz halako filmarik egin”, diosku irribarrez eta bizi. Estitxuri eta bioi zuzendu zaigu Miren Jone Azurza, baina Dani Blanco du buruan, klik eta klak, jo eta su ari den argazkilaria. Bideo kamera ere lanean ari da eta gure grabagailua ere bai. Multimediaren garaia da; gu, ostera, 1960ko hamarkadako Zeruko Argia-ko erredakzioan murgilduta gaude.

1963an abiatu zen enegarrenez Zeruko Argia, egunkari formatuan eta oraingoan astekari gisa. Salbuespen txikiren batekin, harrezkero astez aste kaleratu da astekaria, 1980tik Argia gisa. 1967an erredaktore lanetan hasi zen Azurzak dioskunez, “60ko garai hartan ere Zeruko Argia zen, baina Zeruko hizki txikiz eta Argia handiz agertzen ziren. Eliza eta erlijio kontuak biziak ziren garai hartan eta, beraz, bazen albisterik haien inguruan, baina beste gaien parean landu nahi ziren”. Hasiera hartan Iñaki Gabilondo kazetari ezaguna izan zen aldizkariko zuzendari formala –praktikan ez–, komunikabide bateko zuzendaria izateko ezinbestean kazetari titulua behar baitzen.

Azurza ere kazetaritza ikastera abiatu zen Madrilera 60ko hamarkadaren hasieran: “Hiru urte egin nituen, ez nuen ezer ikasi baina titulua lortu bai. Hala ere, hango giroa arrotza zen. Ni beti izan naiz euskalduna eta abertzalea, han ez nenbilen oso gustura eta Donostiara itzuli nintzen lanari ekitekotan”. Etxean Zeruko Argia erosten zuten eta aldizkariko fraideei ere berehala utzi zien bere txartela; hauek handik bi urtera deitu zuten. Andoni Iturria zen orduan zuzendari eta Azurza erredaktorea, baina hark utzi zuen eta 1969an kaputxinoek azken honi eskaini zioten zuzendaritza. Aldizkariaren 400. zenbakia egin zuten 1970eko azaroaren 1ean eta zenbaki berezia eginez ospatu zuten.

Ordurako, argitalpenak baserri girotik hirirako jauzia egina zuen jada. Mari Karmen Garmendia, Begoña Arregi, Carlos Santamaria, Rikardo Arregi, Nemesio Etxaniz, Txillardegi (Larresoro) eta beste asko ari ziren bertan idazten. Oraindik, dena den, Azurza zen kazetari lanetan egun osoko ordainketarekin bertan lanean aritzen zen bakarra. “Berehala ohartu nintzen hura ez zela nik bakarrik eramateko proiektua. Gainera, euskaraz ez nintzen ondo moldatzen, ordura arte euskaraz idatzitako bakarra Madrildik etxera bidalitako gutunak ziren. Eskerrak Nemesio Etxaniz zegoela erredakzioan! Fenomeno bat zen, jakintsua eta ausarta zen, edozertaz idazten zuen, itzuli, asmatu... Nire hasiera hartan haren lanagatik ateratzen zen aldizkaria hainbat moldeko informazioz osatua”.

Urrezko erredakzioa

Mikel Atxagak ere idazten zuen Zeruko Argia-n, apaiza zen artean eta Usurbilgo baserritarren kooperatiban ari zen lanean. Laster bihurtu zen editorial egileetakoa eta Miren Jone Azurza honek idatzitako testuak biltzera joaten zen bere lantokira. 1970ean Donostiako Okendo kaleko 22. zenbakiko erredakzioan egun osoz aritzea eskatu zion zuzendariak eta Atxagak onartu. Gero eta lan gehiago sortzen zen eta idazle on bat kontratatu behar zen. Azurzak ez zuen zalantzarik izan Mikel Atxaga proposatzeko, hori bai, baldintza batekin: “Gizarte segurantzan sartu behar zen, bestela ez nion deituko. Nik neuk gabe jardun nuen denbora guztian. Benetako militantzia zen niretzat. Soldata hileko 6.000 pezeta. Behar nuen seiscientosa erosi ahal izateko eskatu nuen igoera 15.000 pezetara eta hori bera irabazten zuen Atxagak”.

Gerora euskal kulturan izen ezagunak bilakatu direnak kukuka ari ziren jada aldizkariaren orrietatik. Elkarrizketaren hainbat unetan izen ugari atera dira Azurzaren ahotik: Andu Lertxundi, Mikel Ugalde, Mikel Atxaga, Txomin Izagirre, Donato Unanue, Joxemi Zumalabe, Martin Ugalde, Agustin Zubikarai, Joxe Azurmendi, Juan San Martin, Gurutz Ansola, Amatiño, Xabier Lete, Basarri, Xalbador Garmendia, Edorta Kortadi, Joxe Artetxe, Joxe Alkiza, Xabier Kintana, Gorka Knörr... Horietako batzuek, gainera, asteroko erredakzio bileran esku hartzen zuten eta denen artean ateratzen zituzten asteko gaiak. “Oso jende jantzia zegoen hor”, zehaztu du Azurzak. Urtean behin aldizkarian aritzen ziren guztiek bazkaria egiten zuten Villa Santa Teresan, bertan 50en bat lagun bilduz. “Gure herrietako lagun ugari izan ziren euren herri-kronikak zintzo asko bidaltzen zituztenak, ale bakoitzaren atal gozo eta interesgarria osatzen zuten, irakurle ugari sortuz. Horiekin beti zorretan senti ohi ginen. Urteroko bazkaritxo hau izaten zuten sari bakarra”.

Gogoan du nola fitxatu zuen Luis Alberto Aranbarri, Amatiño. “Egia esan, korrespontsal aritzen zen Eibartik, kronika ederrak egiten zituen. Eta joan ginen Edorta Kortadi eta biok Eibarko bere tindategira eta orrialde erdia eskaini genion astero. Berak baietz. Baina arratsaldez telefonoz deitu zidan, berak erdi ez, orrialde osoa behar zuela, eta nik baietz”. Orduan ekin zion Zenbat Gara sail ezagunari.

Euskaldun guztientzat

Gaurkotasuna interesatzen zitzaiela diosku eta ondorengo berbak guri ere oso ezagun egin zaizkigu: “Aldizkari zabala egin nahi genuen, euskaldun guztiek irakurtzeko bezalakoa. Alderdietatik ere egiten ziguten presio, baina horiek gainditzen genituen”. Eta orduko Zeruko Argia-ren izaera hobeto ulertzeko, 1970eko azaroaren 1eko data duen testua ere atera digu:

«Euskaldun desberdinentzat egiten da: sinestun eta sinesgabe, ezkertiar eta eskuindar, aurrerakoi eta atzerakoi, baserritar eta kaletar, jakitun eta ezjakin, zahar eta gazte, hemengo eta mugaz handikako.

Bagara zerbaitetan bat: euskaldunak, euskaldun menperatuak, gaitzetsiak, minduak, erasoak, urrutiratuak. Batzen gaituzten alderdi eta lokarriei eutsi nahi genieke. Batzen gaituen sua indartu.

Zeruko Argia-k oso irekia, talde jakin bati lotu gabea eta lotan daudenen esnalea izan nahi du. Euskal iritzi eta jokabideetan dabiltzan guztientzat irekia. Idazle eta irakurle, denon artean egingo dugu Z. A. bizi, gaurko, ireki. Esnatzaile eta euskalduna».

Batzokia: 25.000 pezetako isuna

Aldizkaria Azurzak maketatzen zuen eta honek ere ekarri zion atsekabe bat baino gehiago. “Joan zen Gipuzkoako gotzaina herri batera umeak konfirmatzera eta nik herriko kronikagileak egindakoa maketatu behar nuen. Argazkian gotzaina, umea eta apaiza agertzen ziren, baina testua ez zen sartzen eta maketagatik hiruetatik norbait kendu behar nuen, eta apaiza moztu nuen. Handik denbora batera etorri zen apaiza eta, ‘zuk ba al dakizu nor naizen ni?’, galdetu zidan. Eta nik ezetz. ‘Ni argazki honetan zegoen apaiza naiz eta nahita kendu nauzu!’, berak haserre. Nik ez nekien nor zen eta edozein izanda ere hala egingo nukeen, protagonistak gotzaina eta umea zirelako”.

Baina horiek txantxetakoak ziren frankismoaren isunekin alderatuta. Azurzak astero irakurtzen zuen astekaria goitik behera, baina zentsoreek ere bai eta behin “batzokia” izena idatzia agertzen zelako 25.000 pezetako isuna jarri zieten, eta beste horrenbeste “naziotasuna” hitzagatik. “Halakoetan –dio Azurzak– herritarrek oso ondo erantzuten zuten eta dirua handik eta hemendik berehala biltzen zen. Hala ere, urtero egiten genuen milioi erdi pezetako zuloa eta hori kaputxinoek beraiek berenganatzen zuten”.

H-aren lurrikara

Euskal kulturan gertatzen ziren mugimenduen ispilu zen aldizkaria garai hartan ere eta areago hizkuntzarekin zerikusirik bazuen. 1968an Euskaltzaindiak euskara batuaren kongresua egin zuen Arantzazun, eta H-aren lurrikarak bete-betean harrapatu zituen orrialdeak. Hasieran kazetari bakoitzak nahi bezala idazten zuen eta batzuek H-a berehala bereganatu zuten eta beste askok ez. Xalbador Garmendia ere urte haietan iritsi zen aldizkariko euskara zuzentzaile lanera. Batzuentzat latza izan zen. Donato Unanuek 2005ean Uztarria aldizkarian egindako elkarrizketa batean zioenez, Joxe Artetxek H-aren auziagatik egin zuen alde.

Azurzak berak ere ez zekien H-ari nondik tiratu. “Xalbador Garmendia edo Koldo Mitxelenari galdetuz gero, banekien alde egingo zutela”. Manuel Lekuona Euskaltzaindiako buruak argitu zizkion kontuok, Okendo kaleko Tanger kafetegiaren aurrean: “On Manuel, zer egin behar dugu H-arekin?”. Eta berak, “Euskarak H berea du, eta oraindik ere Nafarroako toki askotan ahoskatu ere egiten dute”. “Beraz, Euskaltzaindiako buruak hori bazioen, Zeruko Argia-k ere bai. Garai hartan jauzi handia egin zen hizkuntzaren garapenean: historiaurretik euskara nahiko normalizatu batera iragan ginen”.

1972an utzi zion zuzendari izateari Miren Jone Azurzak, nahiz eta handik urte eta erdira oraindik bere izena agertzen zen formalki zuzendari gisa. Geroago, 1977an, Deia-ren sorreran, Azurzak hara zuzendu zituen bere kazetari lanak, Zeruko Argia-ko beste kazetari askok moduan. Beste batzuek sortu berria zen Egin-era jo zuten. Deia-n luzez aritu ondoren, aurre-jubilazioa hartu eta 1990etik 1996ra Jose Maria Setien gotzainaren prentsa bulegoan jardun zuen boluntario, gotzaindegiko goi kargu batek proposatuta. Gaur egun ere majo astintzen ditu informazioz betetako e-postak: “Ni hil arte izango naiz kazetaria”.

Azkenak
Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


2025-04-02 | Mara Altuna Díaz
Arberoa ikastolaren suteak elkartasuna piztu du Ibarran

Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.


Okupazioaren kontrako epaiketa azkarrak indarrean sartuko dira ostegunetik aurrera

Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen... [+]


2025-04-02 | Hala Bedi
Haizea eta Mikelsa (Euskal Udalekuak):
“Adin baten ematen du gauza guaiak ezin direla euskaraz egin”

Hemen da "uda bete abentura bizitzeko aukera." Zabalik dago aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. 6 urtetatik 17 urtera arteko haur eta gazteentzako hamaika txanda antolatu dituzte Bernedo, Abaigar eta Goñi herrietan.


Bridgestonek 335 langile kaleratu nahi ditu Basauriko plantatik

Japoniako multinazionalak egin nahi duen erregulazio txostenak plantako langileen herenari baino gehiagori eragingo die. Enpresa batzordeko kide Luis Escalonak adierazi du "langileen aurkako eraso bat" dela, eta lanuzteak egingo dituztela iragarri du.


2025-04-01 | Axier Lopez
Eskuindar nahiz progre, 10 urtez mozalarekin

Duela hamar urteko martxoaren 31an Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten denok Mozal Legea gisa ezagutzen dugun araudia. Espainiako Estatuan ez ezik, nazioartean parekorik gabeko aurkakotasuna eragin zuen lege makurra. Hamarkada pasa da eta jaio zenean bezain... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Espainiako polizia bat bi urtez infiltratu zen Lleidako mugimendu politiko eta sozialetan

Directa hedabideak ikertu eta argitaratu du poliziaren infiltrazioa. 2019ko irailean hurbildu zen lehen aldiz Lleidako Ateneu Cooperatiu taldera, Joan Llobet García izenpean, eta 2021eko azaroan utzi zuen militantzia, Bartzelonan lana aurkitu zuela eta amonaren... [+]


Migratzaileen kontrako makro-operazioa: 135 pertsona atxiki ditu Poliziak Irun-Hendaia artean

350 poliziako "Force Frontière" dispositiboa baliatu dute Gipuzkoako eta Lapurdiko mugetan migratzaileen kontra egiteko martxoaren 26 eta 27an. Aurrez "terrorismo islamistaren" aurka egiteko aitzakiaz erabiltzen zituzten dispositiboak, orain "migrazio... [+]


Asteazkenean ere kanpaldia egingo dute irakasleek Lakuan, Jaurlaritzak ez baitu negoziatuko “mobilizazioak amaitu arte”

ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.

Gaurko greba deialdiak %75eko jarraipena izan du sindikatu deitzaileen arabera... [+]


EAEko espetxeetako kultur emanaldiei Jaurlaritzak ezarri nahi dien “zentsura”-ren aurkako manifestua sinatu dute 51 kulturgilek

'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]


Laborantza lur sail bati buruzko eztabaida piztu da berriz Arbonan

Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]


Eguneraketa berriak daude