McNamararen papera Vietnamgo gerran eta Munduko Bankuan

  • “Vietnamgo gerraren arkitektoa” deitu diote Robert Strange McNamarari kazetariek hil-oharretan. Milioika gizon-emakume masakratu zituen gerraren sustatzaile izan zen. Geroago, Munduko Bankuaren buruzagitza ere eduki zuen, eta haren garaiko kredituek itotzen dituzte gaur txiroak.
Robert Strange McNamara

Norman Morrison-en izena betiko geratu zen lotua Vietnamgo gerrarekin eta Robert McNamararenarekin 1965eko azaroaren 2an. Egun hartan, Morrison Washingtongo Pentagonora hurbildu zen besoetan urtebeteko Emily txikia zeramala, atarira iritsitakoan han zegoen norbaiti haurra utzi zion eta ondoren bere burua sutu zuen: Vietnamgo sarraskiaren kontra aldarri kiskalita suizidatuz egin zuen Morrisonek.

Ekintza ikaragarria AEBetako Defentsa ministroaren leiho parean burutu zuen. Eta politikaria bereziki inarrosi omen zuen, hala aitortu zuen McNamarak askoz beranduago, The Fog of War (Gerraren lainoa) film dokumental famatuan. Dimititzeko adina ez zuen hunkitu, noski: AEBetako gerra aferez okupatu zen 1961etik 1968ra, John F. Kennedyrekin lehenbizi eta Lyndon B. Johnsonekin gero. Vietnamgo gerraren urterik odoltsuenetan.

Uztailaren 6an 93 urterekin hil den politikari zaharrak azken urteotan autokritika publikoa egina zuen behin baino gehiagotan. Hori nabarmendu da McNamararen biografietan. Baina ez autokritika izan zen anbiguotasunik gabea eta ez Vietnamgo gerratik apartatzearekin bukatu ziren AEBen helburu inperialarekiko McNamararen zerbitzu oso bereziak. Bereziki azkarra zen gizon bati zegozkionak.

Kaliforniako Berkeleyn ekonomian lizentziatu berritan harrapatu zuen II. Mundu Gerrak. Kapitain sartu eta lotinant koronel atera zen, tartean armadari zerbitzu handia egin ziolako hegazkinen bonbaketen eraginkortasuna hobetzen. 1946an Ford konpainian hasi eta buruzagitzaraino iritsi zen laster. Haren izena kronikek Forden Falcon eta batez ere Lincoln Continental modeloekin lotzen dute.

1960ko azaroan Fordeko presidente izendatu zuten, baina bost aste beranduago Kennedy lehendakari berriak deitu zion AEBetako gobernurako. Harekin sartu zen politikan... eta Vietnamgo sarraskian. Hiru milioi vietnamdarretik gora eta 50.000 soldatu amerikar hiltzea eta herrialde haren suntsitzea ekarriko zituen.

Vietnamgo gerra amerikarren hanka-sartzea izan zela, damutzen zela eragindako heriotzez, ongiaren aldeko eta gaizkiaren kontrako guduketan bortxaren proportzioa zaidu behar dela beti... elkarrizketetan bezala filmetan esplikatu izan ditu zahartzaroan McNamarak.

Jonathan Schell irakasle eta idazleari 1995ean hau esan omen zion: “Herrialde txiker horretan (Vietnamen) aliatuek II. Mundu Gerra osoan botatako bonba guztien hiru edo lau halako erabili genituen. Ez sinestekoa izan zen. 3.200.000 vietnamdar hil genituen, Hego Vietnamgo soldaduak kontatu gabe. Jainko maitea! Gehiegikeria izan zen. Militarki inposiblea zena saiatu ginen lortzen: jendeen borondatea makurraraztea”.

Armaz ezina, zorrez irabazi

Gerrak bere garaian sortu zuen polemikaren barruan oihartzun handia izan zuten “McNamararen paper” famatuek, berak dimititu ondoren plazaratu zirenek. Haietan bildu zuen ministroak Vietnamgo sarraskiaren gezurra, herritarrei ezkutatzen zitzaiena. Baina paperok kaleratu zituen Daniel Ellsberg Nixonek eta estatu osoak pertsegitu zutenean, McNamara isilik egon zen. Bazuen motiboa.

Vietnamgo triskantza buruzagi berriekin aurrera zihoan bitartean, Robert McNamara Munduko Bankuko presidente egin zuten. Kronika batean baino gehiagotan irakur daiteke gerraren txikizioak eragin zizkion damuzko burutazioek eraman zutela Munduko Bankutik gosea, gaitzak eta txirotasuna borrokatzera. Ez da hori pobreziaren aditu batzuek McNamaraz duten ustea.

ATTAC elkarteko Eric Toussaintek idatzi du McNamarak 1968tik 1981era ezarritako politikek baimendu dutela herrialde askoren zorpetzea eta agintarien ustelkeria, kanpo zorra erabiliz komunismoaren kontrako eta inperioaren zerbitzurako tresna geopolitikotzat.

“1968tik 1973ra – idatzi du Munduko Bankua, etengabeko estatu kolpea-ren egileak– kreditu gehiago eman zituen 1945tik 1968ra baino. Hegoaldeko herriei bultz egiten zitzaien zor handietan sar zitezen, esportazioak handitu eta munduko merkatuan sartzekotan. McNamararen eraginez izugarri zorpetuz herriok berenganatu zituzten alferrikako azpiegiturak (...), ingurugiroa hondatzen zuten urtegi gaizki eginak, eta abar. Diru freskoa erakusten zitzaien amuan, agintarien ustelkeriaren kontrako batere mekanismorik gabeko diru likidezia, eta gobernu gehienek onartu zituzten Munduko Bankuaren gomendioak”.

MBak baldintzarik onenak eskaintzen zizkien Mendebaldeko potentzien aldeko agintariei (Mobutu Zairen, Suharto Indonesian, Brasil, Txile edo Argentinako diktadurak...) eta aldiz zorrotz baldintzatuta uzten zien dirua aginduak obeditu nahi ez zituztenei (Egiptoko Nasser, Indonesiako Sukarno, Ghanako NKrumah, Jamaikako Manley...”.

James Bovard-ek Counterpounch gune amerikar ezkerrekoan garai horretako bi kasu adierazgarri nabarmendu ditu. Bata Vietnam da. Hango gerra okerreko kalkuluekin eta gezurrekin genozidioraino eraman ostean, McNamarak Munduko Bankutik lagundu zuen Vietnamen berreraikitzea. Geroztik han komunismoaren labelarekin multinazionalen azpikontrataziorako ekonomia kapitalista antolatu izanak izanen du zerikusiren bat.

Bigarren adibidea Afrikakoa da. McNamararen liderrik gogokoena Julius Nyerere omen zen, Bovardek dioenez, Tanzaniako buruzagia. Horregatik, Tanzaniak hamarkada hartan beste ezein herrialdek baino laguntza gehiago jaso zuen MBtik. 1970ko hamarkadan Nyererek, MBren gomendioei segituz, Tanzaniako nekazaritza sistema kapitalistan txertatzeko deliberoa hartu zuen, baserritarren bizimodua hankaz gora jarriz. Soldaduek betiko bizileku zaharrak erre zizkieten nekazariei, jendeak kamioietan sartu bortxaz eta herri berrietan bildu, etxola berriak eraikitzera behartu, kanpoan lo egitea debekatu...

Munduko Bankuaren esperimentuok gosea eta txirotasuna urritzeko balio ez dutela kontu jakina da. 1980ko hamarkadatik zorren interesak igotzen hasi eta estatu osoak dirurik gabe geratu direla bezala.

Hona Eric Toussaint-ek McNamaraz egin balantzea: “Haren hogei urteko kudeaketak bi helburu bilatu zituen arrakastaz: independente izan nahi zuten herriekiko abantaila berreskuratzea eta Hegoaldeko herriak menpekoagotzea”.

Informazio gehiago:


Azkenak
2025-01-22 | Julene Flamarique
‘Independentziara egunak’ antolatu ditu Ernaik Hego Euskal Herriko 75 udalerritan

“Independentziara egin beharreko bideaz” hausnartzea da helburu nagusia. Apirilaren 20an, Aberri Egunarekin batera,  Berriozarren ospatuko duten Gazteon Eskutik jardunaldia izango dute azken geltoki.


Esa-ko urtegiaren handitzea
Apurketaren mamua beti hor

Valentziako tanta hotzaren ondoren hondamendiaren itzala beste leku batzuetara ere hedatu da: zer gertatuko litzateke horrelako denborale erraldoi batek Esako urtegi handitua kolpatuko balu? Eutsiko ote lioke presak? Urak gainezka egingo ote luke? Galderak hor daude eta... [+]


2025-01-22 | Leire Ibar
Brasilgo suteek 2024an suntsitutako eremua Italiaren azalera baino handiagoa izan da

Brasilen suteek 30,86 milioi hektarea baso eta eremu natural suntsitu zituzten iaz, Italia osoaren azalera baino gehiago. Suteek %79ko igoera izan zuten 2023arekin alderatuta, Fire Monitorren ikerketa batek agerian utzi duenez.


2025-01-22 | Julene Flamarique
Gorriz margotu dute Iruñeko Erorien Monumentua, ‘Caídos eraitsi’ eta ‘Faxismoaren aurka lehen lerrora’ aldarripean

Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.


Groenlandia erosi nahi dute

Groenlandia, X. mendearen amaiera. Lehen esploratzaile eta kolono eskandinaviarrak uhartera iritsi ziren. Baina XV. menderako kokaleku horiek abandonatuta zituzten eta jatorrizko inuitak geratu ziren. Baina 1721an, Hans Egede misiolariak espedizio bat antolatu zuen eta kolonoak... [+]


2025-01-22 | ARGIA
140.000 eurorekin zigortu du Jaurlaritzak Zarauzko ikastola, ezarritako matrikulazio muga gainditzeagatik

Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzarako ezarri dion matrikulazio muga gainditzeagatik, baina zortzi ikasleak mantenduko ditu, negoziazioen ondorio. Hezkuntza Sailaren erabakiak eta jarrerak salatu ditu ikastolak.


2025-01-22 | Julene Flamarique
Martxan da Errobiko hezegunea “Natur Erreserba Nazional” gisa izendatzeko proiektua

Lapurdiko hezegunea funtsezkoa da biodibertsitatearen biziraupenerako. Proposamena eremuan zabaldu dute eta Errobi inguruko sistema hidrauliko osoa barnean izango luke; Baionako, Angeluko, Basusarriko, Milafrangako eta Uztaritzeko Aturri ibaiaren ibaiadarrak, esaterako. Bost... [+]


2025-01-22 | Inma Errea Cleix
Ez gara aire

Nafarroa Arenan Mitoaroa ikusten izandako lagun batek “telurikotzat” jo zuen entzun-ikusi-sentitutakoa. Niri ere hala iruditu zitzaidan telebista medio etxetik hauteman nuena.

Pentsa daiteke Mitoaroak piztutako grinak eta atxikimenduak proiektuaren ikusgarritasuna... [+]


2025-01-22
Armagintza moldatu gizartea eraldatzeko
Gerra hotsei aurre egin beharra

"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar... [+]


2025-01-22 | Sukar Horia
Semaforoa vs. herritarrak

Zirkulazioan lehentasunek garrantzi handia dute. Gidatzeko ikasten dugun lehen gauzatakoak dira: biribilguneak eta STOPak menperatu ezean nekez lortuko dugu gidabaimena.

Hala ere, lehentasunak ez dira kontu neutroak, eta historiak eta interes kontrajarriek aldatu izan... [+]


Benito, gure emozioen alkimista hori

Oholtzak betiko utziko dituela jakinarazi zigun Benito Lertxundik badira jada hainbat aste, eta geroztik asko gara maila batean ala bestean umezurtz sentitzen garenak, halako galera edo abandonu sentsazioarekin, triste. Iruindarroi, behintzat, bere zuzenekoen zirrara azken aldi... [+]


2025-01-22 | Karmelo Landa
Korapilo-morapilo mordoilo

Hiru korapilotan mordoilotzen digute euskaldunon elkarbizitza, eta urte luzez, pazientzia handiz eta erabakitasun irmoz ekin arren, loturok askatu ezinean gabiltza. Hiru bederen badira uneko korapiloak: presoak, euskara, etorkinak.

Urte berriarekin elkartu ohi gara milaka... [+]


Eguneraketa berriak daude