"Gero eta gutxiago hitz egiten dugu"

  • Ahozkotasunak erakarrita Gargantuaren sabelera sartu da. Mingainetik tira diogu, guk ere.

    Leku bateko hizkerari erreparatuta zer jakin daiteke bertako jendeari buruz?


    Dena. Hizkerari erreparatuta baino, hiztun horrek esandako gauzei eta esateko moduei begira, jakin genezake zer pentsatzen duen kultura batek, hiztun komunitateak errealitatea nola bizi duen. Hizketa-ekintza sozio-diskurtsiboa da, eta horrek esan nahi du komunikatzen garenean sozialki komunikatzen garela. Nolako gizartea, halako komunikazioa. Horregatik, nekazal giroko hizkerak transmititzen duena edo ingurune industrial bateko, hiri bateko hizkerak transmititzen duena desberdina da. Eta genero aldetik ere berdin: desberdina da gizonezko baten jarduna eta emakumezko batena.


Dani Blanco

 

Euskaldunon ahozko hizkuntzari erreparatuz, zer esan daiteke gutaz?


Erantzun arriskutsua da hori. Topiko asko daude. Askotan esaten da euskalduna gogorra eta hitz motxekoa dela. Ba, guk edadetu asko elkarrizketatzen ditugu, eta haien etxeetara joaten garenean barrua erakusten digute: maitasunaz hitz egiten dute, sexuaz, beraien ezintasunez... Topikoetatik aparte, esan daiteke oso biziak garela, ez garela jardunean luzatzen. Argentinarrekin konparatuta, adibidez, gurea askoz elkarrekintza azkarragoa da, eta ahal bada jolastu egiten dugu hitzarekin. Eta esaten dugunak, normalean, mezua agerian dauka. Beste muturrean, argentinarren kasuan, adibidez, ez da erraza gari artean alea topatzea. Gurean dena da alea, dena informazioa, ahal bada lasto gutxi.

Zeintzuk dira ezagutzen ditugun ahozko generoak?


Batetik, ahozko literatura daukagu: baladak, kantak, bertsolaritza, antzerkia, xaribariak, pastoralak, maskaradak, ipuin-kontaketa, txisteak, esaera zaharrak... Eta bestetik, ahozko egoera arruntetan sortzen ditugun generoak. Hauek ez dira literatura, baina ahozko generoak dira: kazetaritza-elkarrizketa, lagunen arteko elkarrizketa, debatea, jende aurreko azalpenak, irakaslearen instrukzioak, edozein kontaketa mota...

Mintzolak badu bere zuzendaria, baina zeintzuk izango dira ikerlariak?


Hainbat lan-talde osatzeko asmoa dago. Ahozkotasunean interesa duen jendea harremanetan jarri eta batzarrak sortuko dira. Horren harira, ikerketa mota desberdinak sortuko dira. Demagun unibertsitateko talde batek interesa duela “ahozkotasuna ikasgelan” aztertzeko. Ba, ziurrenez, haiekin proiektu bat garatuko da. Edo Bertsozale Elkarteak definitzen dituen ikerketa beharrak lantzeko proiektuak garatuko dira. Edo Antzerkizale Elkarteak baldin badauka gure herri antzerkigintza ikertzeko gogoa, ba, aurrera. Oraindik proposamenak ez daude mahai gainean, baina ikerketak aplikatuak izango dira. Zer behar dauden, haiei erantzungo diegu, eta zuzenean transmisiora bideratuko. Gu hainbat erakunderekin jarriko gara harremanetan, eta haiek esaten badute “behar hau dago”, ba, gu behar horiei erantzuten saiatuko gara. Gizartearen esku dago zer ikertuko den eta zer transmitituko den.

Zein erakunderekin harremanetan egingo duzue lan?


Batetik, ezagutzaren edo ikerkuntza teorikoaren dimentsioa handitzen dutenak daude, unibertsitateak: EHU, Deustuko unibertsitatea, Mondragon unibertsitatea, Nafarroakoa, Baionakoa... Bestetik, ahozko generoetan interesa daukaten erakundeak: Labayru, Badihardugu Elkartea, Ikastolen Elkartea, Bertsozale Elkartea, laster sortuko den Antzerkizale Elkartea... Horietan esperimentazio bizian daude, bizia ekoizten dute, bizia ematen dute eta gainera galderak dauzkate. Osagarriak dira, ezagutza dimentsioaren mailan daudenek metodoa ezagutzen dute, badakite non dagoen jakintza. Ezkongarriak izan daitezkeen bi eremu handi dira.

Ahozko genero batzuk desagertuta daude, beste batzuk bizi-bizirik, beste batzuk erdibidean... Nola markatu ikerketa lehentasunak?


Lehentasuna gure ahozkotasunaren mapa egitea da. Jakiteko zer daukagun, zein egoeratan gauden eta zer behar dauden genero bakoitzean. Ondoren, lehentasuna zeri eman? Hori parte hartzen duten erakundeen eta egitasmoen araberakoa izango da. Lehenengo, ikertzeko prest dauden pertsonak behar ditugu, norbanakoak. Baldin badaude, horiei laguntzen saiatuko gara. Mapa egin, eta dugun errealitate horretatik abiatuko gara.

Zer premia dauzka gure gizarteak ahozkotasunari dagokionez?


Gero eta gutxiago hitz egiten dugu. Lanean gaudela lanaz hitz egiten dugu, “hau egiten ari naiz...” eta abar. Orainaldian hitz egiten dugu ia beti. Gure diskurtsoak ezaugarri jakin batzuk ditu. Lagunartean ere gero eta gutxiago elkartzen gara, gure harremanak Internet bidez egiten ditugu, telebista ikusten dugu... Ez dugu gure adinduek daukaten jakintza jasotzen, transmisioa eten dugu. Familietan ere, gurasoen eta haurren artean badago lotura, baina beste belaunaldi horrekiko harremana ez da garai batekoa bezalakoa: lehen hiru belaunaldi edo lau elkarrekin harremanetan zeuden. Askoz ere komunikazio txikiagoa da egungoa, estuagoa, eta komunikazio egoerak ere gutxiago dira. Ahoz gutxi komunikatzen gara, eta komunikatzen garenean ezaugarri jakin batzuetako diskurtsoa eraikitzen dugu, beste ezaugarri asko falta zaizkigu garatzeko eta praktikan jartzeko. Ikaragarrizko beharra dago jendaurrean hitz egiten ikasteko ere. Ez gaituzte jartzen, ez gaituzte jarri eskolan, edo jarri bagaituzte ez modu landuan, eta orduan urduri jartzen gara, asko kostatzen zaigu, ez dakigu zer esan...


Zergatik ematen du halako beldurra jendaurrean hitz egiteak?


Gure gizartean ez dugu positiboki baloratzen jendaurrean hitz egitea. Jendaurreko hizketa hori, hemen, ez da gozamenean oinarritzen, beste ikuspegi bat dauka. Pertsona bat jendaurrean hizketan hasten bada, protagonismoa nahi duela ulertzen dugu. Eta emakumezkoa bada are gehiago. Txip hori daukagu: zenbat eta gutxiago eta zenbat eta gutxiagoren artean hitz egin, hobeto. Beste kultura askotan juxtu kontrakoa gertatzen da. Badaukagu sozialki arazo hori, ez nabarmentzeko beharra. Bertsolariek dute horretarako zilegitasuna, bertsotan egiten dutelako eta kantatu egiten dutelako, baina besteek, nola ba? Ez dakigu jendaurreko komunikazioa modu gozagarrian bizitzen, sufrimenduarekin lotzen dugu.

Zertan aldatu da erretorikaren artea?


Erretorikaren artea desagertu egin da. Lehen garrantzi handia ematen zitzaion, batik bat, mundu erlijiosoan. Apaizek erretorika landu dute eta beren sermoiak horren arabera landu dituzte. Oraindik entzun beharra dago zenbait apaizek ze elegante hitz egiten duten! Jakintza hori ez da transmititu. Garai batean, apaizen bitartez ume txikiei erakusten zitzaien. Askotan gertatzen zait pentsatzea: “Hori seguru frantziskotarrekin ikasia dela” edo “hori, jesuitekin”, eta asmatu. Bakoitzak bere estiloa du, eta hitz egiterakoan igarri egiten zaie. Baina eskolan ez zaio horri heldu.

Zenbateraino dago ahozko komunikazioa gorputz adierazpenarekin lotuta?


Gure irakasle batek esaten zuen ahozko komunikazioan %80 dela gorputza, eta %20 hitza. Ni ez nago erabat ados proportzioan, baina hark esaten zuen filologook beti ari garela hizkuntza gora eta behera, ez diogula gorputzari erreparatzen, eta gorputzak askoz gehiago komunikatzen duela ahozko diskurtsoak baino.

Beti entzuten dugun zerbait da lehengo zaharrak gu baino askoz ere kontalari trebeagoak zirela. Guk ez dauzkagun zer baliabide zeuzkaten haiek?


Haiek jaso egin zuten kontaketa, eta gainera, egunero kontatzen zuten. Artazuriketan ez bazen sukaldean, ilarrak aletzen ari ziren bitartean. Batetik, eredu onak zeuzkaten, eta bestetik, kontatzeko astia eta aukera. Elkarri zuzenketak egiteko eta gauza bat behin eta berriz kontatzeko eta hobetzeko aukera zuten. Transmisioa erabat pedagogikoa zen, nahiz eta ez zen kontzientea: horretarako guneak eta uneak zituzten.

Eta inguruari erabat lotua.


Inguruaren erreferentziak etengabeak ziren diskurtsoan: ez zen berdina sare-konpontzaileen solasa edo nekazariena. Guneak eta uneak zeuden: errutinak. Pedagogikoki horixe da errutina: beti gune eta une berean egiten den zerbait. Horrela ikasten da hizkuntza, eta hizkuntza bezala, hizkuntzari loturiko beste alderdi batzuk ere bai. Garai hartan, errutina horiek lanarekin eta alderdi ludikoarekin lotuta zeuden. Herrira etortzen ziren ipuin-kontalariak zeuden, edo bazen norbait paper hori betetzen zuena. Hileten ondoren beti omen zegoen norbait gaubela egin ondoren ipuinak kontatzen zituena giroa alaitzeko, edo gogoeta egiteko, edo mitoez hitz egiteko. Bazeuden pertsonaiak, uneak eta guneak lanari eta alderdi ludikoari lotuta. Ez ziren, ba, gu baino kontalari hobeak izango!

Eta gaur egungo belaunaldiek, errekurtso horiek galdu arren, ez al dute baliabide berririk sortu?


Gu, batez ere, deskribapenean eta argudiaketan oinarritzen gara. Lehen, helburua trasnmititzea zen: zer garen, zer izan dugun... Baina orain arrazionalagoak eta praktikoagoak gara. Lehenaldia oso gutxi erabiltzen dugu, ipuina ere apenas. Ez gara dimentsio horietara joaten, ez dugu ihes egiten. Gurea da “hemen gaude eta hau horrela egin behar da”. XXI. mendeko munduan bizi gara, hedabideetan oinarrituta dagoen errealitatean, proiektuetatik, berrikuntzatik eta etorkizunetik jaten duen munduan. Eta hori dena islatu egiten da gure jardunean, sozio-diskurtsiboak baikara.

Debateetan zahar eta gazteen arteko elkarrekintza aztertzean, zerekin egin duzu topo?


Gazteek ez dituzte beren argumentuak leuntzen. Helduak adituak dira horretan, iritzia emateko askoz diskurtso luzeagoak erabiltzen dituzte. Gazteak ez du leuntzen, “hau horrela da” esango du, eta gainera, beste hiztunei ez die biderik irekitzen. Aurkaritza ikuspegia du. Zaharren diskurtsoetan argudiaketa ireki egiten da eta aukera ematen du tartean iritzi desberdinak sartzeko, adibideak eta anekdotak tartekatzeko. Nik komunikabideetako debateak aztertu ditut, eta helduak oso kontuan dauka debate horretan hartzailea berarekin dagoen jendea dela, baina baita ikus-entzulea ere. Eta hori antzeman egiten da bere diskurtsoan, erabiltzen dituen makuluen bidez edo zeharbidezko argumentuen bidez. Gazteak testuinguruaren kontzientziarik ez du. Etengabe ixten ditu gaiak, eta moderatzailea derrigortuta dago etengabe gai berriak ateratzera. Helduen artean ez da halakorik gertatzen: haien artean moldatzen dira diskurtso osoa eraikitzeko.

Telefonoa, txat-a... ahozko genero berriak ari dira sortzen.


Eta izaera desberdinak dituzte. Gero eta ohituago gaude solaskidea ikusi gabe komunikatzen. Txatarekin are gehiago. Ez dugu ahotsa entzuten, ez dugu ikusten eta letren bitartez komunikatzen gara. Ahozkoa da baina oso maila apalekoa. Ahozkoa da fonetikoki hitz egiten dugun bezala idazten dugulako, eta irakurri beharrean entzun egiten dugulako, pantailan ikusten dugunari ahotsa jartzen diogulako irudimenarekin. Baina hala ere ahozkoaren ezaugarri pila bat falta zaizkio. Ahozkoan asko errepikatzen dugu, esaldiak amaitu gabe uzten ditugu, erritmo eta tonu aldaketak daude, gorputz adierazpena... Txatean hori dena galdu egiten da.

Komunikazio mota berri hauek mezura mugatzen dira?


Hori da gure gizartearen isla. Muinera goaz, eta beste guztiari garrantzia kendu diogu: hizketarekin gozatzeari, hitz berriak sortzeari, hitz-jokoak egiteari, hitzarekin jolastearen plazerari...

Hedabideek zer ahozkotasun eredu transmititzen digute?


Niri telebista ez zait interesatzen, ez nau harrapatzen. Komunikazio eredu bat daukate pentsatua, eta ni ez naiz eredu horretako parte sentitzen, ez naiz identifikatuta sentitzen hitz egiteko modu horrekin eta ez dit ekarpen handirik egiten. Telebista gizarte berdin bati zuzentzen zaiola esango nuke. Ez da kontuan hartzen gizartean errealitate desberdinak dauzkagula, interes desberdinak dauzkagula. Horren arabera, aukera desberdinak eman behar lirateke bai irratian, bai telebistan... Gaztea izan arren, esaterako, ez naiz sekula Gaztea irratiarekin identifikatu, iruditzen zait ez direla niri hizketan ari. Eta berdin telebista saio askorekin edo iragarki askorekin. Masa gizartea hartzen dute kontuan, eta beste asko hortik kanpo gelditzen gara eta ez gara asebeteta sentitzen.

Ahozkotasunaren transmisioa izan dugu hizpide, baina zer moduz gaude kulturaren transmisioari dagokionean?


Gizartea tradizionala izatetik modernoa izatera igaro zen, eta modernoa izatetik gizarte postmodernoa izatera. Transmisioa iraganetik orainera ekartzea da, eta gaur egungo gizarteak beste behar batzuk dauzka. Dena den, gizarte postmoderno batean gauden arren, euskaldunok, agian, oraindik moderno izaten jarraitzen dugu. Oraindik etorkizunari begira bizi gara, eta badauzkagu esperantza batzuk iraganean amestu ziren gauza batzuei lotuta. Iraganean amestu ziren asmo batzuk etorkizunean lortuko diren esperantza dugu oraindik. Alde horretatik, gizarte modernoa ginateke, baina bestalde, ezaugarri asko dauzkagu postmodernitatearen barruan sartzen gaituztenak: beste kultura batzuetako jardun kulturalak eraikitzen eta berreraikitzen ditugu gureak baztertuta, denborak eta espazioak beste zentzu bat hartu dute...

Ez dago belaunaldien arteko kultur transmisiorik?


Ez, nik uste dut eten egin dela. Industrializazio garaian gauza askok balioa galdu zuten, eta ez ziren transmititu. Eta transmititu direnak, beste era batean transmititu dira. Dantza, esaterako. Gaur egun, dantza-eskoletan irakasten da dantzan, eta zerbaitetarako dantzatzen da, baina lehenagokoa galdu egin da: etxean ikasi eta plazan dantzatzearena. Kultur transmisioa ez da etxetik egiten, orain beste eremu batzuk daude horretarako, ez du familiako jendeak parte hartzen, horretarako propio prestatuta dagoen norbaitek baizik. Eta pentsatzen dut kontakizunekin-eta gauza bera gertatuko dela, hemengo kondairak bilduta daude, baina horien transmisioa nork egin behar du? Seguru aski, beste espazio batzuk sortuko dira horretarako. Bertsoekin bezala: gaur egun bertso-eskoletan ikasten da bertsotan, horretarako propio sorturiko guneetan. Transmititzen da, baina horretarako propio egituratuta dauden beste sistema batzuetan, eta modu kontzientean. Eta bidean, jarduera hauen erotika galdu dela iruditzen zait. Gure edozein kultur jardueratan plazera eman eta jasotzeko geneukan gaitasuna, jolasera generamatzan barne-gogoa piztuta izatea. Erakustaldi, kantaldi edo txapelketa kontzeptuekin lotzen ari gara kultura, eta merkatu bihurtzen.
Nortasun agiria
Josune Zabala Donostiako parte zaharrean jaio zen 1978an, baina Errezilen bizi da, aitaren herrian. Euskal Filologian lizentziatua da, hizkuntza kudeaketan aditua, eta ikerketa eta didaktika arloetan jantzia. Ahozko komunikazioan espezializatu zen, eta zahar eta gazteen arteko elkarrekintza ikertzen aritu da komunikabideetako debateak aztertuz. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoko aurreneko zuzendaria izan zen, eta joan den maiatzaren 4tik ahozkotasuna ikertuko eta transmitituko duen Mintzola Fundazioko zuzendaria da.
Azken hitza
Mintzola
“Mintzola etorkizunari begira dagoen egitasmo handia da, bi ipar nagusi dauzkana. Ezkongarriak, biak. Lehenengo iparra gure ahozkotasunaren iraganari begiratzea da, eta iraganetik ikastea zer izan garen eta nola komunikatu izan garen. Ikustea zein ahozko genero eraiki ditugun euskaldunok eta, alde horretatik, ikertzea bertsolaritza, ipuin kontaketa, baladen erabilera eta transmisioa, euskal antzerkia... Beste iparra etorkizunera begira dago: sortzen ari diren ahozko genero berriak zeintzuk diren identifikatzea eta horiek ikertzea. Iragana eta gaur egungoa uztartu nahi ditugu ahal den neurrian, eta batez ere, ikertu eta transmititu. Jakin eta ekin”.

ASTEKARIA
2009ko uztailaren 05
Azoka
Azkenak
Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Estatu aparatuetatik Juan Mari Jauregi eta bera hil nahi izan zituztela esan du Maixabel Lasak

Donostiako La Cumbre Jauregian bizi ziren orduan Juan Mari Jauregi senarra eta bera, lehena Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen garaian, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk Tolosan.


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Erizain indigenek herri zapalduentzat ekitatezko osasun zerbitzua aldarrikatu dute

Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]


Espainiako monarkiak Nafarroako Vianako Printzearen sarietan parte hartzeari ezetz esan dio Parlamentuak

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute  Borboiak Nafarroako kultura sari nagusitik at gera daitezen. Espainiako erregeak 2015etik, Uxue Barkos lehendakari zenetik, ez daude ekitaldi handi honetara gonbidaturik.


Hodeiak murrizten ari dira, klima-aldaketaren kalterako

Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]


Arartekoaren ustez, Martuteneko Agustindarren eraikineko operazioa barruan zeudenak identifikatzeko egin zuten

Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten,... [+]


2025-01-10 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


2025-01-10 | Gedar
Ate birakariak: Gasteizko klinika pribatu bateko zuzendari izango da Gotzone Sagardui

Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.


Independentziaren aurkari Alcide Ponga izanen da Kanakyko presidente berria

Abenduaren 24an erori zen gobernua, Kaledonia Elkarrekin alderdi loialistako ordezkariek dimititu zutelako. Hori horrela, loialistek berreskuratu egin dute independentistek 2021ean lehen aldikoz lorturiko presidente kargua. Maiatzaz geroztik krisi politiko, sozial eta ekonomiko... [+]


2025-01-09 | Julene Flamarique
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten Euskal Sagardoa Iparraldera zabaltzeko bidea martxan da

18 urterako plan estrategikoa garatzeko Europako diru-laguntzak jaso ditu Euskal Sagardoaren Jatorri Deiturako proiektuak. Iparraldea batu da jada, eta Nafarroa zein Trebiñu sartzeko urratsak ematen hasiak dira.


Eguneraketa berriak daude