Krisia eta iraultza erromatar garaian

  • V. mende erdialdean, Erromatar Inperioa azkenetan zenean, hainbat jende armatuk biolentziaz eraso zuten boterea: bagaudak. Historian zehar konflikto horren zergatia azaltzen saiatu dira, baskoiekin ere lotu izan dituzte, baina oraindik inork ez daki nor ziren eta zerk eragin zuen protesta sozial hura. Dakigun gauza bakarra da krisi eta nahasmen urteak zirela.
Bagaudek Tarraconensiseko hainbat lekutan sarraski ugari eragin zituzten
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
K.o. 408. urtean Sabiniano izeneko erromatar ordezkariak Honorio enperadorearen gutun bat ekarri zien Iruñean (Pompaelo) babesturik zeuden legionario britainiarrei. Enperadoreak guarnizioa animatzen zuen gutun horretan, eskatuz ez zezatela kanpoko erasoen aurrean etsi. Garai bertsuan, Didymo eta Veriniano anaia patrizio aberatsek ejertzito pribatuak antolatu zituzten, Pirinioaz hegoaldeko servuliekin, mendikateko pasabideak ahalik eta azkarren ixteko asmoz. Zer ari zen pasatzen, menderen mendetan ezagutu ez den Inperio distiratsuenak holako estutasuna agertzeko?

Europa ekialdeko eta iparraldeko gentium barbarum ugari erromatar probintzietan barrena ari ziren hedatzen eta Hispanian sartzeko zorian ziren. 409an Ataulfo buruzagi bisigodoak Akitaniako hiri nagusiena zen Bordele erraustu zuen. Urte horretan, vandaloek, suevoek eta alanoek Pirinioak gainditu eta hortik aurrerako eremu guztiak masakratu zituzten, tartean ziren Iruñea, Hiriberri, Andelos... Inperioaren erorketaren urterik beltzenak dira –Erroma 410. urtean hartu zuten bisigodoek–, baina krisia sakonagoa da, luzeagoa agonia.

Izan ere, arriskua ez zetorren soilik kanpotik, Inperio barruko habeak ere pitzatzen ari ziren. Horrela, hurrengo urteetan segurtasun falta, zorrak, inflazioa, lapurretak ugaritu ziren. Mendebaldeko mundu klasiko osoa kili-kolo zen, bai Erroman eta baita Ebroko bazter honetan ere. Desegonkortasun horri loturik daude tierra hauetan ezagutzen diren lehenengo matxinoak: bagaudak.

Hidacioren kronika

Bere sonoritateagatik-edo, norbaitek pentsatzen badu “bagauda” hitza euskal errokoa dela, oso oker dago. Teoria batek dio zeltiarrezko bagud hitzaren eratorria dela eta “basoko batzarra” edo “oihaneko jendea” esan nahi omen du. Bagauden lehenengo berriak K.o. III. mendekoak dira; Galiako Armorican –gaur egungo Bretainia– izandako matxinada batzuk identifikatzeko erabili zen hitz hori. Ondoren, V. mendean, bagauden atakeak Galian ez ezik, Hispaniako Tarraconensisen ere gertatu ziren –Ebroko arro guztia hartzen zuen probintzia horrek–.

Hidacio apezpiku hispaniarrak Chronicon izeneko obran idatzi zuen hemen inguruko bagaudei buruz, K.o. 460 inguruan. Apezpikua izateaz gain historialaria ere bazen, eta bere lanean suevoen etorrera irudikatu zuen ilunpearen etorrera balitz bezala, “azken juizio” moduko bat. Izan ere, Hidacio erromatar possessoreen ordezkaria zen eta barbaroak begitan zituen. Bere kronikan bagaudez dioena gutxi da, oso gutxi... Hain gutxi, ezen bizpahiru esaldi besterik ez diren. Nola liteke, horrela, matxinada oso baten historia berreskuratzea? Hori da bagauda erreboltariak inguratzen dituen misterioaren arrazoietako bat: ezezagutza. Baina historialariek lerro artean irakurtzen badakite eta isiltasunak interpretatzen.

Hara zer dioen Hidaciok, lehenik, antzinako jende ezezagun horietaz: “...Asturius, dux utriusque militiae, ad Hispanias missus, Tarraconensium caedit multitudinem Bacaudarum...”. Alegia, Asturius jeneralak bagauda ugari sator artera bidali zituela Tarraconensisen. 442an gertatu zen hori eta hamahiru urteren buruan beste hainbat istilu jazo zen bagauden eskutik. 443an Aracaeli izeneko hiri ustez baskoia aipatzen du Hidaciok. Dioenez, Asturius general erromatarraren suhiak, Merobaudes izeneko “poetak”, bertako insolentiam bacaudarum-ak zapaldu zituen.

Baina dena ez zen porrota izan bagaudentzat. 449an erreboltariek sekulakoak eta bi egin zituzten Ebro haran osoan. Basilio izeneko bagauden buruak azala erakutsi zuen Turiaso civitas parean (Tarazona). Hiriko elizan zeuden soldadu godo federatuei gibelak atera ondoren bertako León apezpikua ere hil herioan utzi zuten. Ondoren, barrabaskeriak egiten segitu zuten Ebron behera suevoen errege Rechiario batu zitzaien gainera. Zaragoza inguruan hamaika triskantza egin eta gero, Ilerdan (Lleida) sartu ziren etsaiaren deskuidua aprobetxatuz: “...Irrupta per dolum Ilerdensi urbe...” dio Hidaciok. Ilerda zen probintzia hartako hiri estrategiko eta zaharrenetakoa, iberoen kontrako borroketatik oso ezaguna erromatarren artean. Hiria arpilatu eta bertako herritarrak atxilo hartzean, matxinoek denen bistan utzi zuten hura ez zela soilik lapur edo pauperes batzuen kontua, nahiz eta suevoen laguntza izan. Agian, horregatik, Erromak serioskiago hartu zuen bagauden hurrengo altxaldia, K.o. 454ekoa. Theodorico II.a bisigodo aliatuari laguntza eskatu zion eta honen anaia Fredericok bagaudak borratu omen zituen, sekula betiko, Erromako Inperiotik.

Mitoa: kristau heroiak eta proletarioak

Horraino gertaerak. Baina hortik aurrera... Zein ziren bagauda horiek? Antzinako bandoleroak? Sin Tierradunak? Lehen gerrillari karlistak? Beren legenda bizirik atera zen Erdi Aroko lehen mende ospeletatik, baina ez lapur basatiak bezala, “kristau heroi” gisa baizik. Ziaboga hori iturri klasikoen interpretazio berezi batetik dator. Izan ere, nola esplikatu daiteke, kristauak izanik, Tarazonako León apezpikua hiltzea? Erraza: bagaudei errua kendu eta krimena godoena zela esanez. Horixe egin zuen Isidoro Sevillakoak –VII. mendeko eruditu ezaguna– Hidacioren kronika berrikusi zuenean. Horrela, eliz-iturrietan, ahozko tradizioan eta baita etimologian ere, galia eta hispaniako bagaudak umant fededunak izango dira.

Ikuskera horrek XIX. mendera arte iraun zuen, ismo ideologiko modernoek antzinako “iraultzaile” bagauden historia bereganatu zuten arte. Frantziarrek lehen nazionalistatzat jo zituzten bagaudak, eta hastapeneko sozialistak ere haiek erakarrita sentitu ziren. J. M. Benoit Lyongo langileen liderrak, esaterako, insurrection du prolétariat deitu zuen bagauden matxinada. Émile Zola idazle handiak ere bagaudez idatzi zuen La tierra (1887) eleberrian. Nekazarien historia petrala kontatzen du Zolak liburu horretan eta zapalduen artean sartzen ditu antzinako gure matxinoak: artzainen artean, oinutsik doazenen artean, croquants edo behartsuen artean... Naturalista frantziarra, hala ere, ez zen gehiegi “busti” lan horrekin, ez Germinal-ekin bezain beste behintzat. Beraz, ezin esan bagaudak sozialistatzat ote zituen edo ez. Hurrengo urteetan, “sozialismo errealaren” garaietan, bagaudek marxisten begiramena izan zuten. 1952an idatzitako artikulu batean, E. A. Thompsonek dio bagaudak iraultzaileak zirela eta terratenienterik gabeko estatu errudimentarioa sortu nahi zutela.

Baskoiak ote?

Bagauden kontu honek nahikoa informazio eskasa du eztabaida ideologikoak elikatzeko. 1961ean Italiako Spoleto hirian sesio itzela izan omen zuten Mazziano eta Claudio Sanchez Albornoz historialariek. Lehenengoak Tarraconensiseko bagaudak anarkismoarekin lotzen zituen, bigarrenak euskaldun edo baskoiekin. Sanchez Albornozen iritziz bagauden matxinadak hurrengo mendeetan baskoiek bisigodoekin eduki behar zituzten saltsa famatuen aurrekari bat besterik ez ziren. Funtsean, “euskal arazoa”ren bertsio klasikoa litzateke.

Akademiko espainiarraren tesi “independentista” beste hainbat ikerlek ere defendatu izan dute gutxi gehiago. Koldo Larrañaga Antzinaroko ikerlariak, esaterako, ñabardura askorekin bada ere, baskoien itzala ikusi zuen V. mendeko bagauden gertaera horietan.

Ezin ukatu daiteke bagauden notiziak Ptolomeok deskribatutako baskoien lurraldean agertzen direla. Adibidez, bagauda Aracellitanorum batzuk aipatzen ditu Hidaciok. Badira izen horren erroa eraman dezaketen bi toki Ebro inguruan: lehenengoa Uharte-Arakil litzateke eta bigarrena Corella ondoko Araciel izeneko herri abandonatua. Uharte-Arakiletik erromatar galtzada garrantzitsua pasatzen zen; Araciel herrixkan, berriz, erromatar aztarnak aurkitu dituzte. Biak hala biak baskoien lurraldean daude.

Dena dela, hipotesi horrek indarra galdu du azken urteetan, batez ere hainbat aurkikuntzekin –Oiassoko portuko aztarnak, besteak beste–, euskal saltus basati erromanizatu gabearen topikoa hankaz gora jarri baita. 80etako hamarkadatik hainbat idazlek (J.J. Sayas, J. Sanchez Leon, G. Bravo...) bagauden problematika berrirakurri dute eta uste baino mugimendu sozial konplexuagoa izan zela ondorioztatu.

Orduan, zein ziren bagaudak?

Fugitivi, agrestes, latrocinatum, insolentia... adjektibo gordinak jarri zizkieten erromatarrek bagaudei, delinkuentziarekin lotuz betiere. Baina badirudi Ebroko bagauden matxinadan parte hartu zutela prototipo zeharo ezberdineko jendeek: esklabo iheslariak batzuk, lurrik gabe geratutako kolonoak besteak, libertoak, nekazari pobretuak, baskoi “egonezinak”...

Zerk bultzatu zituen bagaudak Erromatar agintea biolentzia horrekin erasotzera? Testuingurua garrantzitsua da. Herri “barbaroen” etorrerak ezustean harrapatu zuen erromatar aristokrazia eta horrek botere hutsune arriskutsua ekarri zuen. Bestalde, krisi ekonomiko larria jasaten ari zen Inperio osoa; nekazarien gaineko presio fiskala handitu egin zen, hirietako merkatuak hustu... Funtsean, des-hiritartze prozesua –Euskal Herriko civitas erromatarren artean Iruñeak soilik iraun zuen zutik– eta esklabotza sistemaren desegitea gertatu zen. Feudalismorako bidean ziren. Adituen ustez koktel horrek guztiak ekarri zuen bagauden matxinada.

Salviano izeneko idazle eta fraile galoa 426. urtean iritsi zen Marseilara eta Mare Nostrumeko hiri hartatik idatzi zuen Inperioaren gainbeheraz; holaxe deskribatu zituen Hispania eta Galiako bagaudak: “Erromatar ugari godoetara, bagaudetara eta beste barbaro batzuetara pasa dira, eremu zabalak menperatuz, eta egiatan ez dira horretaz damutzen, zeren eta nahiago dute libre bizi esklabotza itxura baten azpian, esklabo izatea baino, libertate itxurapean”. Beraz, Salvianoren esanetan pobreek ezinbestean irauteko ematen zuten izena bagaudetan. Zentzu horretan, nola ulertu dezakegu bagauden fenomenoa? Behe Inperioko korrupzioaren, botere borroken eta ekonomia desegitearen uzta litzateke.

Besterik da jakitea “talde” izaera ote zuten eta iraultzaren hazirik ote zegoen haien erraietan. Segurtzat jotzen den gauza bakarra da Erromak aspaldi utzi ziola “betiko” izateari –ahazturik zeuden Augustoren eta Trajanoren garaiak–, erromatar administrazioak kiebra jo zuela eta katarsi egoera etsigarrian aurkitzen zela Mendebaldeko Inperio erraldoia.
Bagauden ondoren
Erromatar Inperioaren “erorketa” esplikatzeko hainbat teoria azaldu izan dira denboretan zehar. Batzuen ustez, zibilizazio oro bezala, Erromak azkeneko mendeetan gainbehera egin zuen, nola lorea ihartzen den. Bestetik, badaude diotenak bat-bateko suntsiketa izan zela hura, nola gehiegi puztutako burbuila lehertzen den. Bukatzeko, trantsizio modu bat egon zela defendatzen dutenak daude. Hau da, erromatarrak ez zirela erabat joan. Izan ere, haien bidez zabaldutako kulturak gaur arte iraun duela esan liteke: arkitekturak, hizkuntzak, hiri ereduak... “Mendebaldea” bezala ezagutzen duguna, azken finean.

Euskal Herriari dagokionean, bagauden matxinadak eta gero, Tolosako bisigodoek Pirinioak gurutzatu eta erreinua sortu zuten. Baskoiek botere berriaren kontra egin zuten arren, badirudi hauen eredu germaniarra kopiatu zutela –Arabako Aldaietan aurkitutako aztarnak dira horren testigu– eta atzean utzi zutela, landa eremuan behinik behin, latinizazio prozesua. Aldiz, ematen du Iruñean erromatar tradizioak jarraitu zuela eta apezpikua zela bertako Elizaren eta agintearen buru.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inperioaren krisia
Satlantis Microsats, Bizkaiko enpresa bat Europako mugen zainketa eta azpiegitura militarra garatzen

Satlantis Microsats enpresa bizkaitarrak aldarrikatzen du gaurko “Gerra Hotz Berrian” Mendebaldeari laguntzen diola: berak darama lidergoa Europako Defentsa Programaren esparruan 4,8 milioi euroko dirulaguntza jaso duten bi proiektutan. Eusko Jaurlaritzak eta... [+]


Trump eta Salvini, inperioaren beste estrategia bizirauteko

Matteo Salvini denbora laburrean Italiako jaun eta jabe egin da aurretik Donald Trumpi AEBetan garaipena eman zion formula berdintsua erabiliz: herritarren arazo guztien errudun bihurtu etorkinak eta oro har atzerritarrak. Baina zer datza gorroto eta arrazismo horien... [+]


2009-09-16
Ustelkeria duela 2.000 urte
Vindolanda (argazkian), Ingalaterrako aztarnategi erromatarra da, Adrianoren harresitik hurbil. Duela zenbait urte idazkunak topatu zituzten egurrezko taulatan eta berriki amaitu dute 111 lerroko testuaren itzulpena. Lerrook agerian utzi dute duela 2.000 urteko Erromatar... [+]

Ponpeia suntsituta... bigarrenez
Kanpania (gaurko Italia), K. o. 79. Vesuvio mendiak eztanda egin eta Ponpeia eta Herkulano hiriak errautsetan estali zituen. Ordura arte Erromatar Inperioko hiri oparoak izandakoak bat-batean desagertu ziren, mapatik nahiz historiatik.

Ponpeiarren zorigaiztoa arkeologo eta... [+]

Gerra kimikoa 256. urtean
Dura-Europos (Siria), K. o. 256. Sasanidar pertsiarrek erromatarren esku zegoen hiria setiatu zuten. Ordura arte Erromatar Inperioa nagusi izan zen Mediterraneoan, baina handik aurrera Sasanidar Inperio jaioberriak konpetentzia gogorra egin zion Ekialde Hurbilean. Hala, III... [+]

Antzinako Erroma 3D-n
Google Earth-ek Inperio garaiko Erroman txango birtuala egiteko aukera ipini du Interneten. Milaneko, Kaliforniako eta Virginiako unibertsitateek, elkarlanean, Erromatar Inperioaren hiriburuko hiru dimentsiotako erreprodukzio fidela egin zuten, eta orain Googlek sarean jarri du... [+]

Eguneraketa berriak daude