Transito Amaguaña: oinutsik borrokatu eta oinutsik hil

  • Ehun urte kunplitzeko bezperatan hil da Ekuadorren, maiatzaren 10ean, indigenak ugazaba feudalen atzaparretatik askatzeko borrokako buruzagietako bat.  Transito Amaguañaren bizitzan bildurik daude indio amerikarren trajediak eta itxaropenak.

Transito Amaguaña, Nati Wolfen eta Martin Cuango izeneko gaztearen erdian
Transito Amaguaña, Nati Wolfen eta Martin Cuango izeneko gaztearen erdian'La Chica de la Luna' bloga
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gela bakarreko etxe txikian bizi izan ditu azken urteak Transito Amaguaña borrokalari zaharrak errainarekin eta bilobekin, Quitotik iparrera dagoen Cayambe herrian. Txabola 1997an eman zioten, aurretik izendatutako pentsioa osatzeko. Amandre matxinoa sorterrian eta kasik jaiotzean zeukan txirotasunean hil da.

Zahartzeak zimurtu bai baina ez zuen samurtu: bixitan hurbildutako kazetari eta ikasleek diote fidakaitz ageri zela oraindik. Munduak mende betez emandako jipoiek zaildua izaki. Eta gaztetan baino askoz gutxiago hitz egiten bazuen ere, izaera menderagaitza ageri zuen esanetan. Berrikitan beregana hurbildutako gazte unibertsitario batzuei esan omen zien Amaguañak: “Alde guztietara joan naiz, denetan ibili naiz oinez, baina sekula ez dut saldu nire anai-arreben odola”.

Liburuak idatziak badira emakume honetaz: Lucas Kinttoren Un símbolo del Movimiento Indígena Ecuatoriano, Cecilia Miño Grijalvaren Tránsito Amaguaña, heroína india, Raquel Rodasen Tránsito Amaguaña: su testimonio. Ekuadorreko mugimendu indigenistaren erreferenteen artean aipatu izan dute. Baina famak ez zion xumetasun gogor errealista aldarazi amatxi analfabetoari. 1984an Ekuadorreko Alderdi Komunistak omendu zuen biltzar nagusian, eta buruzagi politikoek lore sorta oparitu ziotelarik, honela erantzun omen zien: “Buket hau ez dut ezertarako behar, eraman ezazue zeuen etxera, han ondo emango du. Ni pobrea naiz, janaria da behar dudana”.

Rosa Elena Tránsito Amaguaña Alba huasipunguero jaio zen. Izen hori ematen zitzaien lurjabe handi zurien huasipungoetan bizi ziren indigenei. Ekuadorrek independentzia ehun urte lehenago lortua izan arren, kolonialismo garaiko sistema feudalak XX. mende erdi aldera arte iraun du. Jorge Icaza Coronel-ek izen bereko –Huasipungo– nobelarekin ezagutarazi zuen munduan 1930eko hamarkadan.

Huasipungueroek etxola eta baratze txikia edukitzeko aukera zuten... baldin eta terrateniente baten langile baziren. Langile baino esklabo esan beharko genuke. Gizonek asteko zazpi egunetan egin behar zuten lan ugazabaren lurretan. Teorian soldata bazuten, baina sarritan ez zitzaien ordaintzen. Semeek mutikotatik joan behar zuten beharrera soroetara eta alabak zortzi-bederatzi urtetatik nagusien neskametzara.

Ugazabek edozer egin ziezaieketen huasipungueroei, jipoitu, zigortu, bidali, bortxatu... Hilketak ere ohikoak ziren. Tránsito Amaguañak txikitan ikusi zituen ugazabaren matoiak bere aita kolpatzen lanera berandu joan izanagatik. Izeba Pascuala urkatuta hil zioten, nagusiaren zekor bat hiltzen uzteagatik: emakumea zintzilikatzeko sokaren beste muturrean hildako animalia ipini zuten dilindan... Horrelakoa zen Ekuadorreko indioen eguneroko ogia.

Emakumeak ez dira mozkortzen

Amaguañak zioen bere aita Venancio beldurti koldarra zela, baina ama Mercedes Alba ausartagoa. “Analfabetoa zen, baina dena belarri entzuteko eta hitz egiteko. Alua zen gure ama, bortitza nagusiei borroka egiteko. Horregatik zen buruzagia amatxo. Hark hasi zuen borroka”.

Amak eskolara bidali zuen arren, bederatzi urterekin lanean ari zen Tránsito txikia. Eta nagusiak bortxatuko zuen beldurrez, hamalau urterako ezkondu zuten gurasoek, 25 urteko gizon alkoholiko batekin. Senarrak jo egiten zuen, baina oldartu egin zitzaion emaztea: “Berriro etorri zen ni jipoitzera –kontatzen zuen– baina ni fuerte nengoen eta esan nion: ‘Senarra zara ala ez? Zure emaztea naiz ala ez? Hil nazazu edo hilgo zaitut, carajo!’. Bi egunez aritu ginen borrokan”. Auzotarrek apartatu zituzten arte.

Hogeita bat urtetan geratu zen bizi-alargun. Ekarritako hiru haurretatik bizirik ziren biak mantentzeko janari truke lan eginez. 1930ean lehenbiziko sindikatuen sorreran parte hartu zuen. Quitorainoko 26 ibilalditan hartu zuen parte, haur bat bizkarrean eta bestea eskutik, jornalen igoera, zortzi orduko lanaldia eta igandea jai eskatzeko.

Borroka horietan ezagutu zuen Ekuadorreko beste buruzagi indigena famatua, Dolores Cacuango. Quitorainoko ibilaldietan haiek zihoazen buru, 66 kilometro oinutsik. “Quitora bost, hamar edo hogei ordezkari joaten ginen. Batzuetan ortotsik, bestetan espartinez. Cayamben espartinak erosi eta bizkarrean jartzen nituen. Taaiticu saltzaileak esaten zuen: ‘Ze emakume klase da hau, zapatak erosi eta janzten ez dituena?’ Bidezidorretatik ibiltzen ginen, garagar irina eta kanaberazko azukrea janaz. Gizonak mozkortzen ziren, emakumeok ez. Guayllabamban oinak garbitu eta espartinak janzten nituen. Calderonen lo egin eta doktoreengana abiatzen ginen”.

Jipoiez gain kartzelaldirik ere jasana zen, beste borrokalari indio askorekin batera. Diruz ez zuten erosi beste asko bezala. Hamabost urte eman zituen etxetik ihesi. Eta borroka horien lehen emaitzak 1944tik aurrera hasi ziren ikusten. Hortik aurrera hasi zen Ekuadorreko gobernua nekazari esklabooi lurrak ematen, zenbait eskubide aitortzen, errebolta garaian nagusiek eta soldaduek eraitsitako etxeak berreraikitzeko baimenak ematen. Askotan gertatzen den moduan, Amaguaña bera geratu zen lurrik gabe... inongo ugazabaren langile ez izateagatik.

1950eko hamarkadan Luisa Gomez de la Torre eta Dolores Cacuangorekin eskola asko antolatu zituzten baserri guneetan, lehenbiziko aldiz gaztelania eta ketxua erabiltzen zutenak. Aldaketa harrigarria garai hartarako. 1961ean Kuba eta Sobiet Batasuna bisitatu zituen Ekuadorreko indigenen ordezkari moduan, eta etxerakoan lau hilabeterako espetxeratu zuten, komunistek ordainduta dirua eta armak ekarri behar omen zituela eta. Gerra Hotzaren garai beroak ziren.

Kooperatibak sortzen ere saiatu zen ondoko urteetan. Bigarrenez ezkonduta, senarra istripuz galdu zuen. Semeak aurretik galduak zituen, eta haietako baten emaztearekin pasa ditu azkeneko urteak sorterrian. Bidean ikusi ditu klase guztietako ustelkeriak hainbeste nekerekin eraikitako egituretan, baina hil arte ez du galdu egoskorkeria borrokalaria.

Joselias izeneko gazte batek blogean dauzka bilduta Tránsito Amaguañari bisitan egindako argazkiak eta entzundako hitzok: “Guk, sufritu dugunok, negar egin dugunok, hainbeste zintako eta makilakada jasan ditugunok, bat eginik egon behar dugu. Batasuna artaburua bezalakoa da, ale bat kenduz gero lerroa galtzen da eta lerroa galduz gero bukatu da artaburua”.

Argazki oina: La Chica de la Luna blogetik hartutako argazkian ageri da Transito Amaguaña Alba, bloga egiten duen Nati Wolfen eta Martin Cuango izeneko gaztearen erdian. Irailean bete behar zituen 100 urte. XX. mende erdira arte Ekuadorren eta oro har Hego Amerikan milioika nekazari indigena morrontzarik basatienean zapaltzen zituen sistema feudalaren lekuko izan da. “Nire gurasoak artzain izanak ziren hamaika urtez, 1.700 ardi zaintzen. Eta ez zieten ezer pagatu!”. Amagandik jasota jenioa eta indarra, nekazari indioen borroka guztietan hartu zuen parte. Ekuadorreko nazio indioen konfederazioak (CONAIE) haren esaldi bat usatzen du gaur: “Mendiko belarra bezalakoak gara: erauzi eta berriz hazten da. Guk mendiko belarrez estaliko dugu mundua”.

Informazio gehiago:


Azkenak
2025-03-12 | ARGIA
Barrionuevoren kontrako kereila, “hilketak, bahiketak, torturak, GAL” eta bestelakoen ardura leporatuta

Felipe Gonzálezen garaian Espainiako Barne ministroa zen José Barrionuevoren aurkako kereila aurkeztuko dute, Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen aurka abiatu zuen estrategiagatik. ZEN Zona Especial Norte Planaren barruan egindako ekintzen erantzule nagusietako bat... [+]


2025-03-12 | Etzi.pm
Zerocalcare: “Nire bihotza taupaka jartzen duen ezer ez da existitzen jada”

SCk Zerocalcareri egindako galdera sorta eta honen erantzunak, jarraian.


EUSKAL HERRIKO TORTURATUEN SAREA
“Milaka gara tortura sufritu dugunak eta hamarkadatan isilaraziak egon gara”

MARTA PIKAZA GARAIGORTA (Laudio, 1968) Euskal Herriko Torturatuen Sareko kideak eta eskualdeko beste torturatu batzuek ekin diote Aiaraldean ekimena antolatzeari. Egingo dituzten urratsak eta helburuak azaldu dituzte.


Hernaniko natur eremuen sarea osatu dute ikasleek eurek

Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]


Ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu du Jaurlaritzak sindikatu nagusiekin

ERNE, ESAN eta SIPErekin egin du akordioa Eusko Jaurlaritzak 2025-2028 aldirako. Besteak beste, urteko soldatan 4.200 euro gordineko igoera "graduala" izango du ertzain bakoitzak. Sindikatuen iturriek El Diario Vascori azaldu diotenez, akordioarekin Ertzaintza Espainiako... [+]


Bost greba egun berri iragarri dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan

LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]


2025-03-11 | Hala Bedi
Izanen gazte aldizkaria jaio da

Euskal Herriko literatura gaztearen eta idazle hauen topagune bilakatu nahi den proiektu berriaren inguruan hitz egingo dugu gaur.


2025-03-11 | Euskal Irratiak
Daniela Albizu euskaltzale eta abertzaleari plaza bat eskaini diote Urruñan

Larunbatean, martxoaren 8an, Urruñako herriak Daniela Albizu izena ezarri dio herriko etxearen aitzineko plazari, emazte abertzale honen memoria omentzeko.


Gurutzetako Ospitaleko Larrialdiak “kolapsoaren ertzean” daudela salatu du ESK sindikatuak

Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean... [+]


2025-03-11 | Estitxu Eizagirre
Makroeolikoez hitzaldia Andoainen eta egunpasa Aranon
Komunitatean hitz egin eta kultura sortu, haize-erroten aurrean

Komunitatea bildu, pilpilean dauden gaiez hitz egin, informazioa trukatu eta beste herrien esperientziak ezagutzea da herritar kritikoek egiten duten lehen ekintza, makroeoliko bat herrian jarriko diotela jakiten duenean. Halaxe egingo dute martxoaren 13an Andoainen: mendi... [+]


‘Statu quo’-a mantentzea espero da Groenlandiako hauteskundeetan, Trumpen presiopean

Inkesta gehienen arabera, Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistaren eta Siumut sozialdemokrataren arteko aliantzak jarraituko du indarrean parlamentuan. Herrialdeko lehen ministro Mute Egedek hauteskundeak aurreratzea proposatu zuen, AEBen "kanpo presioek"... [+]


2025-03-11 | Joan Mari Beloki
Euskal Herria Europa berrian

Ukrainako gudaren amaierak ondorio sakonak ekarriko ditu Europa osora. Europako elite ekonomikoek beren indar guztia jarri dute guda-zelaian eta galdu egin dute. Galtzaileek, elite globalistek, beren egitasmo kuttuna galduko dute, Europako Batasuna, eta Bruselatik europar... [+]


Pablo Gonzálezen aurkako zigor auzibidea itxi du Poloniako Justiziak

Varsoviako Barrutiko Auzitegiak argudiatu du González jada ez dagoela Polonian, eta ezin dutela jakin noiz aterako den Errusiatik. Auzitegiak ez du kazetari nabarniztarraren aurkako bestelako prodezurarik abian jarriko.


2025-03-11 | ARGIA
Euskal Herria antimilitarista dela aldarrikatuko du EH Bilduk apirilaren 20ko Aberri Egunean

Mundua "oso azkar" aldatzen ari dela azaldu du Arnaldo Otegik, militarismorantz eta autoritarismorantz doala, eta norabide horren aurkako jarrera duela koalizio subiranistak.


Eguneraketa berriak daude