"Garaia da kolonizazioari eza emateko"

  • Idazlea (1959, San Frantzisko, AEB). Urteak daramatza antzerkigintzan, haietako hamar Hiru Punttu taldearekin. Harentzat prestaturiko Fauxto antzezlanetik abiaturik idatzi du Euskal Kultura? liburua (Pamiela). Diagnosi moduko bat egiten da bertan, mekanikaren azterketa moduko bat. Haren arabera Frantziak erabakitzen du zer den kultura eta zer ez, eta delegazioa onartu egin du neurri batean Ipar Euskal Herriko euskal kulturgintzak. Besteren begiz ikusten du bere burua kulturgintzaren zati batek. Horren aurrean, besteek maite dutena ahantzi, eta aritzeko aldarria da Lukurena. Gure gisa, gure kasa, gure lekuetan. Liburuan dioenez “Apartheid”-a irauli behar dugu gure alde.
Antton Luku
Donibane Garaziko Kalaka ostatuan eserita hitz egin du Antton Lukuk Euskal kultura? liburuaz. Hiru Punttu taldearekin bukatu ondoren dituen planez ere galdetu diogu. Bukatu duela pentsatu nahi du: "Nik nahi nuke horrela bukatu. Bat oroitzen da, "˜gizon hori omen idatzi zuen antzerki bat denboran"™, eta beste batek "˜ah, bai?"™, eta hor uzten dute dena. Hori gustatzen zait niri". Bob Edme

Euskal kultura? Galdera hori da zure liburuaren izena. Galdera ikurrarekin. Liburuaren azalean, baina, sator moduko baten irudia agertzen da hatzarekin seinalatuz. Eta esango nuke gehiago duela liburuak hatz horretatik, salaketatik, galderatik baino.


[Eten luze bat] Ez dut uste. Fauxto antzerki lanaren afixa da azaleko irudia, eta ageri diren lau irudietatik bakarra ari da hatzarekin. Zirtzilak dira irudi horiek, edo beltzak. Herri antzerkiko pertsonaiak. Ongi izatearen kontra, eta pentsamendu zuzenaren kontra altxatzen den posizio bat irudikatzen dute. Erdikoa da seinalatzen duena, baina seinalatu baino gehiago hasten da orroz. Kopeta apaltzen ez duenaren jarrera da. Salaketa bat bano gehiago “fuck” moduko bat. Hori da zirtzilaren jarrera; ausartzearena.

Ez makurtzearena.


Ez dut egundaino pentsatu “liburu bat idatziko dut hortaz”. Nik antzerkia egin nahi nuen. Eta Fauxto idatzi nuelarik, karrusa bat izan zedin nahi nuen. Toberaren sinonimoa da karrusa, Garaziko hizkeran, baina libreago dago hitza, tobera, azken urteetan epaiketa, jujamendu eta salaketarentzat baliatua izan delako. Eta aukeratu nuen euskal kulturaren gaia, atzematen bainuen gai horretan polemika zela, eta, beraz, toberagai zela.


Galdera ikurra sortzen duela, beraz.


Bai, eta antzerkia prestatzen hasi nintzela konfliktoak sortu ziren hortik. Pentsatu nuen: nor da zirtzil hori? Zer pentsatzen du euskal kulturaz zirtzil horrek? Eta hark? Ikuspegi desberdinak atera ziren. Eta nire buruari egin diot galdera; ni non naiz? Fauxtoren istorioa hortik atera dut. Fauxto gara espresuki euskaltzale konbentzitu, edo euskaltzale militante, edo ari diren horiek oro. Eta ari dira, nolabait ere, gure euskal kultura ikuspegia inposatzen, euskaldun guztien apaizak balira bezala, edo bagina bezala. Eta ikerketa intimo baten gisa idatzi dut liburua, horregatik. Xerkatu dut mekanika, nola funtzionatzen zen euskal zera, eta orduan fabrikatu dut euskal mekanika horren nire ulermena. Galdera ikurra bazen enetzat, egiazki.

Salaketa eta aldarria ez dira urrun. Nahiago baduzu aldarria esango diogu.


Orain diagnostikoarena iragana da, nire problema da nola luzatu liburuaren azken atala, misioena. Konprenitu dut batzuek ez dutela egiten euskal kultura, baizik eta euskal etiketa duten ikuskizun batzuen difusioa. Egin bezate. Hor dira bereizten gure bideak. Ene arazoa ez da hori, ene arazoa da euskaldun guztiek berena kontsideratzen dutena egitea, eta ez saltzen dena.

Elkarrizketa batean hauxe esan zenuen: “Profesionalak merkatu batean kokatzen dira, eta amateurrak komunitate batean”.


Profesionalena ez da ene problema, mekanika frantsesarena da arazo hori, ze haiek dute bereizketa hori egiten. Guk horien gain utzi dugu ardura ere, eta onartzen dugu sailkapena. Baina sailkapen horrek ez du deus erran nahi enetzat. Ni ari naiz kontzentratzen gure egitekoetan. Artistaren libertatea oinarrizkoa da. Musikari bati, adibidez, ezin zaio erran zer egin behar duen, baina ezin zaio erran jendeari ere, “behar duzue hori preziatu, edo bestela ez duzue fitsik konprenitzen kulturaz”.

Badira kodeak; gero, bada alfabeto bat jendea hau edo hori maitatzera daramana. Eztei guztiak hasten dira vals batez, bai, baina goizeko lauetan botatzen ahal duzu New Yorkeko funka, eta, gainera, errango dute geniala dela musika. Alderantziz eginez gero ez. Hortik behar dugu abiatu. Euskal antzerkia izan dadin, jendeak jakin behar du zirtzila zer den. Ez badakite, hobe dut No antzerkia egin!


Eta hor sartzen da liburuan aipatzen duzun beste gai nagusietako bat, transmisioarena. Jendeak kode horiek ezagutzen ez baditu, ezin funtzionatu.


Bai. Euskal Kulturan euskal komunitatea ukan behar da gogoan, euskaraz funtzionatu nahi duen komunitate guztia. Publiko birtual hori gogoan atxikitzen baduzu, delako kode horiek behar dituzu gogoan hartu. Eta kode horiek denenak izan daitezen, transmititu behar dira nonbait. Hori da bilatu behar dena.


Transmisio guneak behar.


Bai, eta bada beste gauza bat izugarri inportantea dena niretzat: arteen arteko gurutzaketa. Musika, dantza, antzerkia... mundu bera da hori dena, sorkuntzarena. Horiek orain, klaseak ematen baitira, ez dute haien artean kontakturik. Eta hala ez da sorkuntzarik izaten ahal. Lekuak behar dira, eta pentsatu beharra da leku horiek non ezarri behar diren. Antzerkilari bat eta musikari bat, aldagela berean izan behar dira, eta sartu behar dira ate beretik.


Batu egin behar, ez soilik komunitatea kode batzuen barruan, baizik eta baita sorkuntza alor ezberdinak sorkuntzaren beraren baitan.


Antzerki hitza neologismo bat da, adibidez. Hemen erraten da besta. Dena bat eginda. Hitz generiko bat bada, bere pean musika, dantza eta bestelakoak hartzen dituena. Dibertitzeko egiten den zerbait. Eta nik uste dut batasun hori, gure libertimentua dena, berreskuratu behar dela. Uste dut zubiak naturalki hor direla.

Liburuan aipatzen duzunez, baina, besta horrek ez du lekurik kultur erakundeen finantzaketa sisteman.


Orain Iparraldean den arazo handiena lekuarena da. Badira herriko salak, baina ez direnak eginak ikuskizunerako, beste batzuk Frantziatik kontrolaturiko zirkuitu ofizialarenak direnak. Ez da leku fisikorik. Jendeak naturaltasunez bilduko dituen gune fisikoak atzeman behar dira. Plaza zena, egun, aparkaleku bat da. Ez da leku bat non jendea gurutzatzen den. Transmisioa egin behar bada, pentsatzekoa da gunea. Bizi espazioei lotuta egon behar da lekua. Hori da lehena.

Bigarrena, liburuan aipatzen den utzikeria aldatzea. Jendeak pentsatzea: “Bai lortu dugu instituzio bat, eta horrek eginen du lana, eta ni joaten ahal naiz promenatzera”. Behar da erran, dakienari erakutsi behar dela, hori beti izan dela horrela, eta horretan behar dela berriz sinetsi. Dirua lortzeko bidea gero dator. Lekua baduzu, eta maisua baduzu, eginen da zerbait. Soilago, agian.

Nolabait ere, gure burua besteen begiez ikusi dugula diozu, eta hori gainditu beharra dagoela.


Kanpoko begiarentzat aritzea da gure akatsa. Guk egiatasun handiz behar dugu bilatu zer maite dugun, zeri deitzen diogun besta. Nik uste dut liburuaren akatsetariko bat dela (anitz ditu) Iparraldeko ikuspegitik ikusia dela Hegoaldera eramateko. Wilhelm Von Humbodlt-ek jadanik XIX. Mendean erran zuen euskaldunak ez direla bat; badela Iparraldea eta Hegoaldea; Hegoaldean badutela nazioa diren kontzientzia, eta Iparraldean hizkuntza dutela aberria. Niretzako funtsezkoa da definizio hori, izugarri irekia, efikaza, integratzailea atzematen dudalako. Akatsa ere bada, ordea, eskaera politikorik ez dugula, eta pentsatzen dugula kolonizatuaren bidetik, behar dugula handiari galdegin ongi ari garenez edo ez. Uste dut, nahiz eta pentsatu hizkuntza dugula aberri, garaia dela kolonizazioari eza emateko, ze deskolonizazioa fini da aspaldi. Euskal kulturak ez du justifikapenik behar kanpoan.

Liburuak bat baino gehiago haserraraziko zuela pentsatzen dut.


Uste dut liburua gaizki ulertu dela, baina jende horiek gaizki ulertu nahi zutelako. Erreakzioa orain arte ez ditut baikorrak baizik entzun, baina lagunak dira mintzo. Badakit badela mundu bat ez dena ados izanen errandakoekin. Herri tradizioan bertsoari ematen zaio arrapostua bertsoz, eta liburuari liburuari buruz. Egin bezate.

Zuk Hiru Punttu antzerki taldea izan duzu hamar urtez guzti horri neurria hartzeko. Badirudi baina bukatu egin dela bide hori, ezta?


Antzerki talde amateurrak beheraka zihoazenean hasi ginen. Antzerki baten emateko, testua eta aktoreak behar dira, eta Tu Quogue Fili antzezlana idatzi nuen. Sei pertsona bildu ginen, eta sei pertsonaia behar genituen. Bestetik, antzerkiak memento goxo bat pasatzeaz gain, beste zerbait izan behar duela uste dut. Eta hitz hartze hori zen lortu nahi genuena. Hori izan zen Hiru Puntturen sorrera. Hitza hartzera joatea, fite montatzera joatea, eta taldea diren jendeekin egitera.

Baionan Bizi, Hotel du Fronton, Lurra, Beltzeria, Escualdunac eta Fauxto dira lehen emanaldi haren ondoren Hiru Punttuk plazara atera dituen lanetako batzuk. Luku da taldearen hamar urteetan denetan izan den bakarra ordea, eta dioenez, hori izan da taldea amaitutzat emateko arrazoietako bat. Antzerki taldeek proiektu mugatuak behar luketen sinesmena izan da bestea: “Berpentsatu egin behar direlako gero”.

Eta orain zer egin behar duzu?


Nik orain... eh... nahi dut pentsatu bukatu dudala. Memento horren beharra dut.

Isiltasuna, beraz; urte sabatikoa?


Bai, halako zerbait. Biziki maite dut orain nire inguruan, azokan eta, jendeak erraten duenean: “Badakizu gizon hori? Horrek klarinetea jotzen zuen”, edo “badakizu hori sekulako dantzaria izana dela?”, eta hark ahantzia du dantzan, guztiz ahantzia. Nik nahi nuke horrela bukatu [malkorik isuri ez, baina begiak nabarmen busti zaizkio hitz horiekin]. Bat oroitzen da, “gizon hori omen idatzi zuen antzerki bat denboran”, eta beste batek “ah, bai?”, eta hor uzten dute dena. Hori gustatzen zait niri.

Azkenak
José Manuel Uriagereka. Frantziskotarra Hego Korean
“Koreara joan ginenok euskara ederto kontserbatu dugu”

Bermeon jaioa, frantziskotar eginik Hego Korean egin zuen bizimodurik gehiena, 40 urte. Sasoi batean mutil-koskorretan askok egin zuena egin zuen, komentura bidea hartu. Gero, handik mundura jauzi egin zuen Uriagerekak, bestelako hizkuntza eta kultura arrotzetara.


Bilagailuen urrutiko leherketa masiboa
Milaka zauritu eta hamabi hildako Libanon, Israeli leporatu dioten atentatu indiskriminatuan

Israelek lehergailuak jarri zituen Hezbollahk inportatutako milaka bilagailutan, Reuters agentziak kontsultatutako iturrien arabera. Urriaren 7tik jasandako “segurtasun haustura handiena” izan da, talde armatuaren hitzetan. Erantzun bortitza hitzeman du Hezbollahk,... [+]


2024-09-18 | Jon Alonso
Bosgarren zutabea

Erribera, historian, sekula euskalduna izan ote den; horra hor Nafarroan, duela berrogei urtetik hona, hainbestean behin errepikatzen den eztabaida bizantziarra (eztabaida bizantziarra: eztabaida alferrekoa, zeinean alde bakoitzak ezin baitizkio frogatu bere baieztapenak beste... [+]


2024-09-18 | Castillo Suárez
Aldairak

Etxez aldatzen naizenean, edo, areago, norbait etxetik joaten denean, oroiminak hartzen dizkit burua eta bihotza. Orduan hasten naiz zer gordeko dudan eta zer ez erabakitzen saiatzen. Izan ere, objektu guztiek lotzen gaituzte zerbaitetara, edo norbait ekartzen digute gogora;... [+]


Lurraren altxamenduak

Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


Pentsamendu askeak

Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Esaldi hori iltzaturik geratu zitzaidan Gorka Urbizuren diskoa osorik eta patxadaz entzun nuenean. Uste nuen aurkikuntza itzela egin nuela identifikazio horrekin, inozentea ni! Gerora ohartu naiz, merchandising-erako leloa izateaz... [+]


Indarkeria, endogamia eta baztanga Trebiñun

Trebiñu, VI. mendea. Eremita talde bat Las Gobas kobazuloetan bizitzen hasi zen, eta historiaurretik okupatutako Laño ibaiaren haitzarte hartan kobazulo berriak hondeatu zituzten. Hurrengo mendean kobazuloetako bat nekropoli modura erabiltzen hasi zen bertako... [+]


Teknologia
Mundu ikuskerAA

Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik,... [+]


2024-09-18 | Estitxu Eizagirre
Haziak eta etorkizuneko auziak

Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]


“Migratzaileak autoan hartu eta Polizia egon zitekeen errepideak saihestuta eramaten nituen”

Pertsona migratzaile asko eraman ditu Aritzek bere autoan, Poliziak ez ditzan harrapatu, gaueko iluntasunean ez daitezen galdu eta batetik bestera seguru ibili daitezen. Bereziki gogoan ditu Irundik Hendaiara muga gurutzatzen lagundu eta etxean lotan izan zituen emakumea eta... [+]


Ziga (Baztan)
Herri baten sorrera, eskalaz eskala

Zer da herri bat? Galdera horrek oso erantzun desberdinak izan ditzake alderdi materialari edo inmaterialari begiratuz gero: eraikin zein etxeei, edo komunitateari zein elkarbizitza arautzeko moduari. Baina herriek ingurumenari eta lanari estuki loturiko iragan bat dute, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude