Adin txikiko neskentzako behin-behineko geltokia

  • Txema Fdez. de Gorostiza: “Guk laguntzea nahi baduzu, hemen gauzkazu”. Hichtcock-en aitak, zinema zuzendaria artean haur txikia zela, kartzelara eraman zuen mutikoa. Hango zaintzaile lagun bati semea ziega ilun batean sartzeko eskatu zion, bertan ordu laurden batez atxikitzeko. Semea jakinaren gainean jarri nahi zuen, antza: bizitza gogorra da eta, kontuz, okerbidetik abiatuz gero hemen amaituko duzu, hemen ustelduko zara…
Geu Aldizkaria
Arrazoiak arrazoi, Andollura (Araba) iristen diren neskak epaitegitik zuzenean etortzen dira –gurasoekiko harremanak ere izaten du horretan eraginik–, noiz Ertzaintzaren autoan, noiz eskuburdinekin. Sarrerako atera Luna zakur otzan handia hurbiltzen zaie, orduan, laztandu dezaten. Eta begirada zakurrarenetik eraikinera jasotzen dutelarik, bestorduz Ferrocarril Vasco-Navarroko tren geltokia topatzen dute. Dena dela, hemen neskak ez dituzte ziega ilun batean sartzen, leihoa blokeatua duen lehen solairuko gela batean baizik. “Baina ez dago barroterik eta!”, ateratzen zaio zenbaiti gela hutsera sartzean.
 
“Epaitegian ikusten baldin badute familia ezin dela neskaren kargu egin, kautelazko neurria agintzen dute eta hemen gehienez ere sei hilabetez egon beharko dute audientzia egin arte. Adin txikikoak ez dira epaitzen; haientzat audientziak egiten dira, epaile, fiskal eta abokatu berezituekin”, dio Txema Fdez. de Gorostizak, eta hark luzatutako foiletoan honakoa irakur daiteke: «Andollu: Hezkuntza zentroa. Hezkuntza hautabide bat neska liskartientzat»; eta azalean hor ere tren geltokia ageri da, eta hari erantsitako eraikin apalagoa, eta berotegia hondoan. Fdez. de Gorostizaren ibilbidea, baina, beste geltoki batean hasi zen.
 
3 geltoki

“Ikasle garaian, Abetxukora joan ginen begirale, udaleku bat prestatzeko asmoz. Auzoan baziren hogei bat mutil, uda zein negu, elizako arkupeetan egonean egoten zirenak: eskolan porrot egin, familian arazoak, lana aurkitu ezinik… Gazteak gustura ez, eta auzoan kexak haien txantxak edo txikizioak zirela eta. Hala bada, hizketan hasi ginen, bai gazteekin beraiekin bai Udalekoekin. Laster ginen lanean, Zadorrako bazterrak garbitzen, hesiak pintatzen, lorategiak txukuntzen, eta hori guztia ikastaroekin osatzen: eskulanak, motorren mekanika, elektrizitatea… Gure lehen kale lana izan zen”.
 
Argi zegoen, baina, gazteen eta haien bizigiroaren azterketa zehatzagoa eta zabalagoa egin behar zela. “Ohartu ginen mutil haietako batzuk beren ingurunetik ateratzea komeni zela, heziketa eta lana uztartu behar zirela, eta asmo horrexekin joan ginen Aramaioko Mendixola baserrira”. Antón Makarenko errusiarraren El Poema Pedagógico esperientzia eta liburua gogoan, gazteentzako ikasketa egokiak prestatu, baserriko lanetan trebatu eta, autokudeaketa ardatz, halako proiektu asanbladazale bat garatu zuten denen artean. “Fraideen pare bizi ginen, baina benetan garai gogoangarria izan zen”.
 
1981etik 1995era jardun zuten han, baina Cáceres, Murtzia edo Kataluniara eramaten zituzten neskekiko kezkarekin, erakundeen babesarekin Andolluko geltoki zaharra eraberritzea eta egokitzea erabaki zuten, hau da, harrezkero bertan ezarriko zela Adin Txikikoen Zentroa. “Gaztaroa Ekin elkartea sortu genuen orduan Pilar Esguevak, Javier Iturrospek eta hirurok”.
 
Andollun, gehienez, EAEko zazpi neskarentzako tokia dago. Denak ere neurri judizialekin etortzen dira, erregimen itxi, erdi ireki edo irekiarekin, eta gero autonomia pisuetan jarrai dezakete Gasteizen, neskak eta mutilak batera. Alabaina, Fdez. de Gorostizak gogoan du –Zumarragako mutilentzako zentroa atentatu batean suntsitu zutelarik– denboraldi batean Andollun ere neskak eta mutilak hartu behar izan zituztela eta garai latza izan zela hura. “Kostu pertsonalik handiena orduan izan nuen, benetan gogorra izan zen”.
 
Deskarrilamendua

Rosa Monterok, La hija del Caníbal nobelan, bizitza ibilbide luze eta neketsua dela dio. Ibilbide luzeko tren batekin ere alderatzen du, tarteka gerran dauden lurraldeak, tarteka ingurune basatiak zeharkatu behar dituena. Arriskuak asko dira eta deskarrilamendua aski gertakari ohikoa da. Norabidea galtzea erraza da eta batzuetan infernu zulora joan gaitezke eta, bestetzuetan, errailetatik irten gabe ere, abiada galtzen has gaitezke, pasibotasunak eta ohikeriak joak, konturatu gabe hilik bizitzeraino.
 
Andollura deskarrilatu duten neskak etortzen dira. “Batzuekin hartutako neurriak ez dira nahikoa izan eta espedienteak pilatu egin zaizkie; beste batzuetan bortizkeria domestikoagatik ekartzen dituzte”. Azken hauek gero eta gehiago omen dira: eskola porrota, etxeko arauekiko errespetu eza, elkarbizitzaren hondamena, lagunarte marjinalak, drogak… “Bitxia da: ez dute arazo ekonomikorik izaten, haurtzaroan dena lortu ahal izan dute eta, ezetzak jasotzen hasirik, matxinatu egiten dira, gurasoen kontra altxatzen dira, bortitz altxatu ere, deabru txikiak balira bezala”.
 
Zenbaitetan, guztiz deskarrilatu gabe ere, badirudi gurasoak bidean bertan goxo geratu direla, seme-alaben heziketa besterengan delegatu dutela: eskola, akademia, kontserbatorioa… Eta gurasoen ezkutuan, gazteak goizeko lauak arte jarraitu du txatean edo messengerean, eta, gurasoen faltan, goizean ez da institutura joan, eta… Komunikazio falta gertatu da, afektu gabezia. “Rolen galera nabaria da, berdintsu janzten diren ama-alabak, konplizitatea nahi duten aita-amak, baina gero mugak ipintzen ez dakitenak, ezin dutenak… Alaben mendean bizi dira, dirua ematen diete azkenean, bakean utz ditzaten, eta batzuetan beldurra ere izaten diete”.
 
Bette Davisek argi zioen: “Seme-alabek sekula gorrotatu ez bazaituzte, ama edo aita ona izan ez zaren seinale”. Eta hainbeste liskar eta gatazkaren ondotik, egoera kontrolaezina bilakatu da, halako gurpil zoroa osatuz, eta epaileak hartu behar izan du azken erabakia… Dena dela, Fdez. de Gorostizak aitortzen duenez, Andollun egoera bestelakoa da eta bertan ez dute bizimodu gatazkatsua; etxekoekin ez bezala, hemen bizimoduak gutxi-asko arauen errailen artean egiten du aurrera eta neskek segurtasun hori, kontrol hori eskertu ere egiten dute.
 
Egokitze eta hausnarketa baten ondotik tutore pertsonala egokitzen zaie eta gero halako balorazio bat egin behar izaten dute, neskaren hezkuntza proiektua diseinatu. Denboraren poderioz, kanpokoekiko lehen harremanak etorriko dira: aurrena gutunak, hurrena bisitak, eta azkena, harremana guztiz hondatu ez bada, etxeratzen hastea. “Adin txikikoarekin lan egiten dugu, noski, baina baita familiarekin ere”.
 
Mendixolan bezala, Andollun asanbladak ere garrantzi handia du; bertan erabakitzen dira egin beharreko erosketak –xaboia, xanpuak…–, hilean behin egiten den afariaren menua edota zigor txikiak nahiz pribilegioak… Lehengo ikasketei ere berrekin ahal izango diete, Andollun bertan edo jatorrizko lurraldean. Eta eskolekin batera, baratzezaintza, eskulanak, artelanak… Baina badira neskek beraiek aukeratutako tailerrak ere, hala nola gaur egungo gaiak, baloreak, tratu txarrak… “Sexualitatea dute, hala ere, gairik erakargarriena”.
 
“Oso litekeena da hasierako hilabeteetan guri gauza askorik ez kontatzea, baina halako batean, ustekabean, barrena askatzen dizute… Eta bat-batean, jasan izan duten jazarpen sexualaren berri ematen dizute. Eta zuk entzun egiten diezu, azkenean komunikazioaren unea iritsi delako. Eta kasu horiek dira mingarrienak. Hala ere, guk nesken potentzialtasunari antzeman behar diogu, hori bultzatu behar dugu. Gehiegikeria sexuala hor egon da, tamalez, baina gainditu egin behar da, aurrera begiratu beharra dago. Eta orduan guk esaten diegu: Guk laguntzea nahi baduzu, hemen gauzkazu”, dio Fdez. de Gorostizak.
 
Abiatzea

Anjel Lertxundi idazlearen zutabe batean ezagutu genuen Dafne txikia: Marisa Madieriren La radura ipuineko protagonista txikia koadernotxo bat betetzen hasi da eguneroko gorabeherekin; ariketak, atsegina emateaz gain, asko laguntzen dio mundua ordenatzen; behin, baina, basoan barrena suge bat ikusi du zozo bat irensten eta neskari munduaren ordena behera etorri zaio bat-batean, itzulipurdikatu egin zaio munduaz zuen ikuspegi onbera.
 
Andolluko neskak esperientzia gordinak gainditzera ekarri dituzte geltoki zaharrera: deskonektatzera. Eta batez beste bederatzi hilabete igarotzen dituzte bertan. Hezitzaileen lana haiei hausnarketa eginaraztea da, neskari autonomo izateko baliabideak ematea, berriro abiatzen laguntzea. “Batzuek trauma handiak ekarri dituzte eta horiek epe laburrean ezin gainditu. Gertatu izan zaigu bakarren batek bertako egonaldia luzatzeko eskatu izana, eta guk nola edo hala lortu… Eta hemendik irten ostean ere deitu izan digute, besterik gabe geratzeko edo laguntza eskatzeko”.
 
Ipuineko Dafne txikiari, eszenaren lekukoa izan ostean, sekulako zalantza piztu zitzaion: egunero kontatzen zituen gorabeheren artean, jaso behar al zuen sugeak zozoa irentsi zueneko imajina hura? Andollun egondako neskek beren baitan eramango dute lehengo bizialdia; baina Andollutik irten ostean aurrekari penalak guztiz desagertuko zaizkie, iraganeko guztiaren akta desagertu egingo da eta, estigmatizatu gabe, beste koaderno bat zabaldu ahal izango dute.
 
Denboraldiaren amaieran, hezitzaile eta lagunekin batera, sarrerako atera Luna zakur otzan handia hurbilduko zaie, laztandu dezaten, agurtu dezaten. Eta begirada zakurrarenetik kanpoaldera jasotzen dutelarik, Ferrocarril Vasco-Navarroko ibilbidea eta errepidea topatuko dituzte hesiaren bestaldean, berriro ere abiatu daitezen, berriro ere aukera egin dezaten.

Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Sostengua adierazi diote Marieniako lurren aldeko borrokari hogei kolektibok

Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Langile bat hil da Zornotzan, Forest Trafic SL enpresan

Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.


Eguneraketa berriak daude