"Abadetza tresna bat zen guretzat, inpunitatea"

  • 1969ko maiatzaren 30ean, bost abadek itxialdia eta gose greba egin zuten Bilboko Gotzaindegian. Latz ordaindu zuten frankismoko Elizari aurre egitea, eta Zamorako kartzela berezian sartu zituzten. Baina, “presoaren lehen eginbeharra ihes egitea da”...
Xabier Amuriza, Josu Naberan, Julen Kalzada eta Alberto Gabikagogeaskoa; Nikola Telleria zena falta da.
Xabier Amuriza, Josu Naberan, Julen Kalzada eta Alberto Gabikagogeaskoa; Nikola Telleria zena falta da.Judit Fernandez
Suspense etengabea zen Euskal Herria 60ko hamarkadan, nondik lehertuko ote zen asmatzerik ez zegoen lapikoa. 1969ko Gotzaindegiko gose greba eta Zamorako kartzelako ihes saiakera ez ziren bi okurrentzia izan, bi gertaera isolatu. Gizartean eta seminarioen barrunbeetan borborka zegoen giroaren ondorio ziren. ETAren lehen ekintza armatuak, lehen hilketak, sarekadak eta torturak, salbuespen egoerak... Inoiz ezagutu duten “hamarkadarik esplosiboena” bizitzea tokatu zitzaien lau hizlariei; sotana jantzita.

Orain, 40 urte beranduago, gertakizun konkretu haiek kontatzea erabaki dute protagonistek: Julen Kalzadak (Busturia, 1935), Alberto Gabikagogeaskoak (Lekeitio, 1936), Xabier Amurizak (Etxano, 1941) eta Josu Naberanek (Gautegiz Arteaga, 1941). Bizipen horiek bilduko dituen liburuari forma ematen ari dira Josu Naberan bera, Angel Zelaieta eta Juan Mari Arregi.

Larrabetzun zita

Larrabetzun bildu dira abade-ohiak, aurretik elizara sartu ditugu argazkitara, nahiz eta, dioten, egungo Elizaren gorabeherak ez dituzten gehiegi jarraitzen. Josu Naberanek ez ditu ahaztu Larrabetzuko eliza horretan gertatuak, nola 68an poliziak eragotzi nahi izan zuen hil berri zuten Etxebarrietaren aldeko meza: “Guardia Zibila etorri zen eta hartu zuen kalea; jendea kalean eta ni eliz atarian. Kanpaia jotzeko ordua iritsi zenean, hasi nintzen jotzen eta jendeak aurrera egin zuen. Hor denek jaso zuten egurra, ezkertiarrek eta eskumatarrek” dio. Baina, Naberanek ez zuen etsi: “Oraingoan ez bada hurrengoan” esan zien benemeritakoei. Horrela eduki zituen “xakean”, nola euskal apaizek frankismoko aparatua eduki zuten jokoz kanpo.


Bazegoen euskal Elizaren barruan holako errebeldia bat. Zer giro arnasten zen seminarioetan? Nondik atera zen zuen jarrera hori?


Josu Naberan: Sasoi hartan salbuespen egoera zegoen Gipuzkoan eta Estatu osora zabaldu zen, gose greban hasi baino hiru hil lehenago. Kanpoan mobida handiak zeuden, sektore guztietakoak eta abadeak ere hor sartu ginen.

Xabier Amuriza: Seminarioa ez zegoen giro horretatik aparte. Halako esplosiorik hain denbora gutxian? Hiruzpalau urtean seminarioak hankaz gora joan ziren. Errebelde kontzientzia izan ote zen... Abade egin nintzen pentsatuz sotanarekin hilko nintzela, eta hurrengo urtean sotana barik nenbilen.

Julen Kalzada: Nik hainbat urte egin nituen Gasteizen eta han horrelako konturik ez zen. Baina azkeneko bi urtetan Deriora etorri eta giroa guztiz ezberdina zen: Herri Gaztedi, ETA... Gero etorri zen Vatikanoko kontzilioa eta gogoratzen naiz obispoa etorri zela asaldatuta: “He visto un obispo negro, muy negro!” esanez.

Bilboko Gotzaindegian gose greba

Gogor taldeko abadeak lehenago ere bazituzten bi itxialdi labur eginak leku horretan, bidea bazekiten beraz. 69ko apirilean Kantabriako Mogrovejon ETAren kontrako sarekada gertatu zen eta Mikel Etxebarriaren ihesaldia sonatua izan zen. Testuinguru horretan sartu ziren abadeak Gotzaindegira eta honela dio Amurizaren orduko bertso batek:

Maiatzeko egun batez
hogeita hamar hain suertez
gose greba bat hasi genduan
geure borondatez.
Goitik laguntzarik bapez
guztia zen geure kaltez
obispo ta apaiz golko-handiak
lasai bizi bitez.


Zergatik, zehazki, gose greba hura?


J. Naberan: Aspaldian genbiltzan zerbait gogorragoa egin behar zela pentsatzen eta tortura salaketek probokatu zuten hori. ETAko egitura jausi zenean torturak azaleratu ziren lehen aldiz modu ebidentean; horien kontra planteatu genuen gose greba eta itxialdia.

X. Amuriza: Pentsatu behar da frankismoa oso katolikoa zela eta horrelako ekintzek eztanda soziala eragiten zutela, kleroak berak ere horrela aurre egiteko...

Paper bat ere atera zenuten. Zergatik haserretu zen horrenbeste Eliza idatzi horrekin eta grebarekin?


Alberto Gabikagogeaskoa: Bazekiten poliziak etorri behar zuela eta herri guztia guri begira zegoela. Baina nahita nahiez baimena eman behar zieten sartzeko, zuten posturagatik. Cirarda obispoa guregana etorri zenean hau esan zigun: “Zergatik ez zarie joan Hotel Carltonera?”


Zerk motibatu zuen ekintza hura? Arrazoi erlijiosoak izan ziren, moralak, edo politikoak?


J. Naberan:
Cirardari eskatzen genion torturak salatzeko, baina nobedadea izan zen errebindikazioak zuzenean Estatuari eskatuz egin genituela eta ez Elizari.

X. Amuriza:
Atera genuen agiria ikustea besterik ez dago. Salaketa politikoa zen, Bandidaje y terrorismo legea guk deklaratzen genion Estatuari. Eskubideak eskatzen genituen, baina ez genuen esperantzarik Elizak ezer salatuko zuenik, eta horregatik zen agiria hain politikoa.

Itxialdian bazen beste pertsona bat, Nikola Telleria, kartzelatik irten eta segituan hil zena. Zein zen Nikola zuentzat?


A. Gabika.:
Guk baino hogei urte gehiago zituen...

X. Amuriza: Gerra eta gero frankismoko iluntasunean geratu zen, isolatua. Derrepente etorri zen mugimendu berri hau eta “joño!” esan zuen; buruz bera sartu zen hor.

J. Kalzada: Gogoratzen duzu ze ahalegin egin genituen bera grebara ez joateko?

X. Amuriza: Bai, ikusten genuen urte batzuk bazituela... Baina hari ez zegoen hura burutik kentzerik.

Esan liteke gerra zibiletik pausu gutxira zegoela egoera; aurreko gerran euskal apaizak hil zituzten. Ez al zenuten beldurrik?


A. Gabika: Nik abisu bat jaso nuen eskumako jendearengandik, baina batez ere torturen beldur nintzen.

J. Kalzada: Ni ez. Esperientzia bat baneukan lehenagotik, Dorronsororekin batera detenitu nindutenekoa, eta estura pasatu nuen arren, orduan ez ninduten ukitu.

X. Amuriza: Poliziak ez zeukan guri ezer ateratzerik. Nire beldurra zen pentsatzea “hauek badute informazioa” eta torturatzea hori ateratzeko.

A. Gabika: Baina euren kontua izan zen. Gure atxiloketa oso zabaldua zegoen, pentsa, Radio Parisen ere esan zuten. Orduan, guk besteen torturak salatzen eta deskuiduan guri ezer eginez gero... ez zitzaien komeni. Eta zer egin zuten? Bi urteko kondena sartu beharrean hamabikoa sartu, huraxe izan zen gure tortura.

J. Naberan:
ETAko kupula erori zenean uste zuten horrekin amaitu zutela, eta abade batzuk berriz ere endredatzen hastea Estatuarentzat jasanezina zen, horregatik, kondenak eredugarri horiek.

X. Amuriza:
Oso planteamendu utilitarioa zen gurea. Abade estatusarekin, urte batzuk bizi izan genituen halako inpunitate batean, baina bagenekien hori amaituko zela. Nik garbi nuen kartzelan amaituko nuela eta huskeria batekin beharrean, ekintza indartsu batekin nahiago.


Zamorako kartzelan


Arazo bat zegoen. Abadeek, Elizaren araudien arabera, kondenak komentuetan bete behar zituzten. Alberto Gabikaren kasua izan zen hori. 1964an atxilotu zuten homilia “subertsibo bat” emateagatik eta Palentziako Dueñaseko komentura eraman zuten: hamalau mila fruta-arbola, errekatxoa... “paradisu txiki bat” dio berak. Kontua da jendea erromesen modura joaten zitzaiola bisitan: “Gabika ezagutzen ez zuen amaren semerik ez zen Euskal Herrian” dio Amurizak.

Aparatu frankistak ez zuen hura errepikatzerik nahi eta konkordatu bidez kartzela berezia sortu zuten Zamoran, preso arrunt eta politikoengandik bananduta. Egitura horrek 1969tik 1976ra arte iraun zuen eta bertatik hamarnaka elizgizon pasatu ziren, gehientsuenak Euskal Herrikoak.

Zuek kartzelaratzeko baimena Cirarda gotzainak eman behar zuen. Zuengana jo zuen oniritzia eskatuz, kontzientzia arazoak izan zituela uste al duzue?


A. Gabika: Kontzientzia arazorik bat ere ez. Esan zigun: “Nik badakit zuek pribilejiorik ez dozuela nahi eta baimena emotea nahi dozuela”. Guk erantzun genion pribilejiorik ez genuela nahi, baina berak agertu behar zuela historiaren aurrean baimena sinatu zuena bezala.

X. Amuriza: Eta sinatu zuen.

Pribilejiorik ez zenuten nahi. Baina zein ziren kartzela hartako baldintzak?


J. Kalzada:
Guk eskatzen genuen beste presoekin batera egoteko.

X. Amuriza:
Baina pribilejiorik ez izateko eskari hori euren komenentziara aplikatu zuten eta zigor doblea izan zen: kartzela eta isolamendua.

Zergatik erabaki zenuten ihes egitea?


X. Amuriza:
Zein izan zen argumentu nagusiena? Bestela barrurago ez gintuztela sartuko.

J. Naberan:
Jon Etxabe eta biok hasi ginen ihesaldia zelan egin pentsatzen. Lehenengo horma gainetik salto egin behar genuela eta gero tunela egitea hobe zela...

Tunela egiteko urte eta erdi igaro zuten eta zailtasunak hamaika izan ziren: funtzionarioak entretenitu beharra, hormaren zimendu azpitik pasa, tunelari kurba eman, ateratzen zen lurra desagerrarazi, hezetasuna... Ihes egiteko kanpoko laguntza ere izan zuten, walkie-talkie baten bidez komunikatzen ziren haiekin. Horrela jakin zuten garitako argiak noiz pizten ziren, eta horrela lotu zituzten garraioa eta pisu-frankoak. Azkenean iritsi zen eguna ihesbidea amaitu zutena. Honela kontatzen du Amurizak: “Ze alturan geunden ez genekien eta badaezpada alanbre fin bat sartzen genuen, astiro, sabaian. Halako batean ikusi nuen orratzaren begia bezalako argitasun bat eta Genesisean bezala egin nuen garrasi: ‘Hemen jaut argie!’”.

Poztasunak gutxi iraun zien. Den-dena prest zutela, ihes gaua finkatuta, eta ilargi berria kontrolaturik, “krudeltasun probidentzial batek” erabaki zuen funtzionario bat tunelaren ahoa ezkutatzen zen garbileku gelara joatea zuzen-zuzenean. Ezin izan zuten ezer egin.


Argitu al da inoiz zer pasatu zen?


A. Gabika: Josu, zuk bazenuen teoria bat...

J. Naberan:
Kartzelako beste departamentuko leihoetatik preso komunek ikusten gintuzten eta funtzionarioak jakinaren gainean etorri zirenez, igual handik zerbait esan zieten?

Josu, Alberto eta Jon Etxabe egin zineten ihesaren erantzule.


A. Gabika: Etxabek kondenarik handiena zuen, eta gu biok, kasualitatez, zuloa aurkitu zutenean han suertatu ginen. Bestela, agian denok jasoko genuen zigorra eta horrela egitea pentsatu genuen.

X. Amuriza: Hauek segurtasun handiko kartzela batera eraman zituzten eta besteok zigor bat jaso genuen. Baina hain zeuden susto handiarekin, beste zulo bat bilatzen aritu zirela, hura zulo faltsua zelakoan.

A. Gabika: Ez zuten sinesten, zuloa bukatuta eta ihes egin gabe...

Urte mordoxka pasa zenuten kartzelan, gose greba eta protesta artean. Zergatik erabaki duzue, justu orain, hau guztia liburu batean kontatzea?


X. Amuriza:
Askotan esaten da euskaldunok geuk egindakorik ez dugula kontatzen. Kartzela enblematikoa izan zen, garrantzia izan zuena, zergatik ez dugu kontatuko?

A. Gabika: Testigantza bat da, gero ikusiko da jendearentzat interesantea den edo ez.
Bilboko Gotzaindegian gose greba, 40 urte
1960-1970: asaldaketa politiko-sozial handiko hamarkada
1969ko maiatzaren 30etik aurrera, bost euskal apaizek Bilboko Gotzaindegian burututako gose grebak, hamar eta hamabi urteko kartzela zigorrak ekarri zizkien; baina ez zen gertaera bakana izan gure herriaren historian. Francoren erregimenak, Eliza ofizialaren hierarkiaren laguntzaz, urtetan burututako errepresio politiko eta sozialaren aurkako ernetzea izan zen. Gurutzada frankista abiatu zenetik, euskal kleroaren hainbat sektorek herriaren alboan egoteko erabakia hartu zuten eta, horregatik, zenbait apaiz fusilatu egin zituzten. Apezpiku batek, Mateo Mugica Monsinoreak, hasieran altxamendu frankistaren alde egin arren, iritzia aldatu eta bere kleroa babestea erabaki zuen; ondorioz, errepresaliak jaso zituen, deserritu egin zuten eta Zarautzen hil zen, baztertuta.

ETA 1960an sortu zen. Klandestinitatean zabaldu ahal izateko, kanpoko laguntza behar izan zuen, eta laguntza hura, besteak beste, zenbait parroki etxetan eta erlijiosoen komentutan topatu zuten. Batzuetan, etxe horiek ETAko liberatuen babesleku izan ziren. ETAren propaganda aparatua ere hainbat apaiz eta erlijiosoez baliatu zen. Urte horretan bertan, Euskal Herriko 339 apaizek manifestu bat helarazi zioten Vatikanoari giza eskubideak, banakoenak nahiz kolektiboak, eta hizkuntza eskubideak urratzen ari zirela eta askatasun politikorik ez zela salatzeko. Manifestua sinatu zuten askok zegozkien apezpikuen errepresaliak jaso zituzten: jatorrizko parrokietatik urruneko herrietara lekualdatu –deserritu– zituzten.

1967an, Bizkaiko 80 apaizek Gobernu Zibilaren aurrean manifestazioa egin genuen sotanak jantzita, Bandas-eko (Bizkaiko Labe Garaiei hala esaten zitzaien orduan) grebalariei elkartasuna agertzeko. Urte haietan, zenbait apaiz fabrikatan eta eraikuntzan lanean hasi ziren. Egunetik egunera lan eta gizarte gatazkak areagotzen ari ziren. Orduan legez kanpokoak ziren maiatzaren lehenak eta Aberri Egunak gogor zapaltzen zituzten, eta pertsona asko atxilotzen zituzten, horietako batzuk apaizak, hala nola lerro hauek sinatzen dituena. ETAko atentatu batek lehen hildakoa eragin zuen eta, halaber, lehen aldiz guardia zibilak ETAko liberatu bat hil zuen, Txabi Etxebarrieta. Horrek guztiak Euskal Herria astindu zuen. Eliza ofizialak ezentzunarena egiten zuen, erregimen frankistarekin zeukan konplizitateari eutsiz. 1968an, Bizkaiko apaiz batzuek Bizkaiko Gotzaindegia bitan okupatu genuen, maiatzean eta ekainean, Elizaren konplizitatea salatzeko. 1968ko azaroan 80 apaiz inguruk Derioko Seminarioa hogei egunez okupatu genuen, Vatikanoari Eliza propioa, autoktonoa, pobrea, askea eta profetikoa –zapalketa politikoa eta soziala salatuko zuena– eskatzeko.

1969an, errepresioa basatia izan zen. Apirilean ETAren kupulako hainbat kide atxilotu zituzten, baina beste hainbatek ihes egitea lortu zuten eta, horretarako, herritarren laguntza izan zuten, baita zenbait apaiz eta erlijiosorena ere. Apaiz eta erlijioso horietako batzuk atxilotu zituzten, baina beste ehunka batzuek ihes egitea lortu genuen. Elizaren hierarkiaren errepresioa eta isiltasun konplizea zela eta, maiatzaren 30ean bost apaizek Bilboko Gotzaindegian gose greba abiatzea erabaki zuten. Epaitu eta hamar eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Haientzat Zamorako “konkordatu-espetxea” inauguratu zuten. Elizaren eta Estatuaren Presondegia. Eta, gerora, dozenaka euskal apaiz espetxeratu zituzten hantxe.

Azkenak
Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


2025-04-24 | ARGIA
Bere etxearen aurkako erasoa salatu du Aritz Otxandianok, eta berriztagarriekin duen jarrerarekin lotu du

Asteartetik asteazkenerako gauean familiaren etxearen aurka bi bengala bota dituztela jakinarazi du Fagor kooperatibako jasangarritasun arduradunak.


Espainiako Gobernuak 1.041 milioi euro gastatu ditu Israeli armak erosten azken urte eta erdian

2023ko urritik armamentua erosteko 40 kontratu sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin eta hango enpresekin, horien erdia azken urte erdian. Horietako kontratu batekin ika-mika piztu da Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Sumarren artean, bereziki azken horren barnean,... [+]


Asier Urbieta, 'Faisaien irla'
“Guretzako mugarik ez dago eta horrela estreinatu behar zen: mugarik gabe”

Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]


Haur Hezkuntzako irakasleen %94 emakumeak dira

Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]


2025-04-24 | Gedar
Indarkeria matxistaren aurkako babesa: Hego Euskal Herrian, salatutako kasuen %31tan ez ziren neurriak hartu

Espainiako Estatu mailan, behera egin dute bai ezarritako babes-neurriek bai aurkeztutako eskaerek.


Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Pertsonon datu-pribatutasuna ezbaian, delinkuentziaren aitzakian

Kondenatutako atzerritarren nazionalitateari buruzko datuak argitaratuko dituela adierazi du Erresuma Batuko Barne ministroak. Bide beretik, pasa den astean ezagutarazi zen Aste Nagusian atxilotutako 79 pertsonaren argazkiak filtratu zituela Ertzaintzak.


2025-04-23 | Jon Torner Zabala
Madrilgo mugimendu ekologistan infiltratutako beste polizia bat atzeman dute

2002az geroztik Espainiako Estatuko hainbat kolektibotan infiltratutako hamabi poliziaren berri eman dute La Directa eta El Salto agerkariek. Nieves López izen faltsua baliatzen zuen Espainiako poliziaren kasua da publiko egin duten azkena. El Salto-k argitaratu duenez,... [+]


2025-04-23 | El Salto-Hordago
Arun Kundnani: “Arrazakeriak gizarteko baliabideen banaketarekin du zerikusia”

Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.


Eguneraketa berriak daude