Hemengo doktore askok oraindik ez dakien arren, sendagaien munduan sekulako eskandaloa dabil. “Lyrica”, “Celebrex” eta “Effexor” botikak saltzeko farmaindustriak erakusten zituen ikerketa nagusietako baten egileak iruzur egin zuela jakin da. Metastasi baten seinale.
Doktoreak onartu du iruzurra zirela oinazearentzako botikez egindako ikerketak. Izenburu hori ipini zion The New York Times egunkariak Scott S. Reuben-en kasuari buruzko albisteari, martxoaren 10ean. Frantsesez botikagintzako industriaz okupatzen den Pharmacritique blogak berriz honela titulatu du: “Séisme en algologie et en anesthêsie: fraude scientifique majeure de Scott Reuben, financé surtout par Pfizer, concernant l’efficacité antalguique de Lyrica, Celebrex, Efexxor...”. Eta lehenbiziko lerroetan: “Mundu mailan analagesian pionero zena orain ikusi da benetan zela ‘medikuntzako Madoff bat’, sistemaren produktu hutsa”.
Scott S. Reuben anestesista eta algologoa (medikuntzan algologia da oinazeaz okupatzen den saila) historian sartu da bere iruzurrarekin. Doktorea erreferentzia nagusia zen operazio osteko oinazeetan eta horien kronifikazioan. Journal of Clinical Anesthesia, Anesthesiology, Anesthesia and Analgesia eta gisako beste argitalpen berezituetan artikulu sorta ageri dira Scott S. Reubenek sinatuak, eta are agiri gehiagotan aipatzen dira haren ikerketak maila goreneko bibliografiatzat.
Orain jakin denez, gutxienez horietako 21 erabat faltsututa daude, atzean ez daukatelarik inolako ikerketa lanik. Paper guztiok demostratzen dute, ustez, operazio ondoreneko minetarako Celebrex, Lyrica eta Pfizer konpainiako beste produktuak primerakoak zirela. Gauza bera saiatu zen demostratzen, antza, Merck konpainiaren Vioxx antiinflamatorio famatuaren mesedetan.
Gaur 51 urte dauzkan Reuben doktorearen lanek garrantzia izan dute aipatu kirurgia osteko oinazeon tratamenduetan. Emaitzak berme handiko aldizkarietan plazaratzen zituenez, inork ez zion sekula aurpegiratu Reubeni ea zergatik kasu guztietan emaitza hain onak erakusten zituzten pagatzaile zituen Pfizer konpainiaren botikek. Eta botikei gero eta aplikazio ugariago aurkitu zitzaizkien antiinflamatorio izate hutsetik haratago, baita epilepsia artatzeko ere.
Anesthesia&Analgesia aldizkariko erredaktore buruak idatzi du Reubenez: “Operazio osteko oinazeetan ikertzailerik emankorrenetakoa zen (...) iruzurrak atal honetan daukagun ezagutzan sekulako atzerakada dakar”. Suitzako Bluewin-en idatzi dute: “Kirurgia ondoko oinazearen artatzean Reubenen ikerketek eragin handia izan dute, mundu osoko milioika gaixotaz ari gara”. Aldizkarian bertan argitzen da Reubenen agiriek munduko artritis eta artrosidunek hain ondo ezagutzen dituzten COX-2 motako botiketan milioika dolarreko etekinak ekarri dizkietela Pfizer konpainiari (Celebrex da bere botika) eta Mercki (Vioxx).
Reuben doktoreari ikerketa eta eskola emate lan guztiak kendu dizkiote Baystate Medical Center-en eta Tufts University-n, biak Springfielden, AEBetako Massachussetsen.
Scientific American aldizkariak “Medikuntzako Madoff” iruzurrak balio beharko luke auzitan jartzeko munduan zehar milioika gaixori ematen zaizkien botika horien balizko onurak. Baina horretarako munduko sendagileek informazio garbia jaso beharko lukete eta ez egon botiken ekoizleen informaziotan itota. Ez daudenean korporazioek zuzen edo zeharka erosita.
Pharmacritiquek salatu duen beste eskandalo batek erakusten du botikagileen lotsagabekeria noraino iristsi daitekeen. sistemak nola funtzionatzen duen. Apirilaren 30eko zenbakian The Scientist aldizkariak azaldu du Merck konpainiaren eta Elsevier argitaletxearen artean aldizkari mediku faltsu bat kaleratu izan dutela. Ikusi xehetasunak.
Merck da munduko farmazia industriarik handienetakoa. Elsevier argitaldari holandarrak plazaratzen ditu medikuntza alorrekok aldizkari prestijiodun mordoa; Elsevier markak berekin darama berme antzeko bat osasungintzan. Biek sortu zuten The Australasian Journal of Bone and Joint Medicine. Titulu horren azpian biltzen ziren botiken salmenta legezkoan egiten diren erraldoi handien ezaugarri nagusiak.
Hasteko zientifiko itxuraren babesean –titulua bera, itxura, kolaboratzileen maila eta ospea, eta beste– funtsean propaganda hutsa zen kazeta. Fosamax eta Vioxx saldu nahi zituen. Vioxx antiinflamatorio ezaguna da, leku askotan debekatu dutena odol zirkulazioan arazoak eragin dituelako. Fosamax bifosfonato bat da, osteoporosia duten gaixoei agintzen zaiena kaltzioa hezurretan atxikitzen lagun diezaien.
Aldizkariaren lehen zenbakian luze eta zabal aipatzen dituzte osteoporosiaren kalteak, densitometriak egitearen garrantzia eta beste. Gai horien inguruan aditu independienteen artean eztabaida handiak direla esan beharko litzateke, baina aipatze hutsean utziko dugu. Jakina, Mercken produktuak, dio aldizkarian zuzeneko eta zeharkako publizitateak, erdiz erdi laguntzen du osteoporosia konpontzen.
Nork idatzi du aldizkaria? Bertan artikulu burutsuak plazaratu dituzten mediku eta ikerlari famatuek eskuak garbituko dituzte, haien erantzukizuna iritzi atal mugatuetara mugatzen da. Nahiz eta ez duten aitortuko gehienek lotura eskutak dituztela botika horiek ekoizten dituen industriarekin. Hauek finantzatzen dituzte beren ikerketak, hitzaldiak ordaintzen dizkiete, bidaiak, hauei esker gizentzen dute curriculuma, eta abar luzea.
Baina aldizkariotan guest authors edo idazle famatuen artikuluez gainerako guztia, kazetaren mamia, nork idatzi eta orraztu du? “Beltzek”, dio Pharmacritiquek, “negroek”; ingelesez ghostwriter deituek, idazle fantasmek. Bestek sinatzeko lan isil eta kontrolatua egiten duten erredaktoreek. Horrela, eskandalua baldin bada, guest authors distiratsuek ezer ez dakite.
The Scientist galdezka joan zaio AEBetako kontsumitzaileen interesak defenditzen dituen Public Citizen erakundearen lehendakariordeari. Peter Lurie-k nabarmendu du aipatu sasi-aldizkaria ez dela hain bitxia, antzeko aldizkari asko sortzen dutela farmaziako korporazio handiek, zientifiko itxura daukaten kazetak, medikuei bisita egiten dieten komertzialek daramatzatenak. Sartu gabe medikuntza alorreko doaneko prentsan, honetan informazio itxurarekin publizitatea joatea arras ohikoa baita.
Pharmacritiquen irakurleak aurki dezake medikuen erabakiak baldintzatzeko industriak darabiltzan martingalen informazioa. Baina horretara jarrita, familiako medikuak berak esplikatuko lioke nola funtzionatzen duen kateak. Galdetu ea zer dakien: emaiozu paper hau medikuari.
Argazki oina: Argazki handia Britainia Handiko George House Trust erakundearen webgunetik hartuta dago. Botikagintzan dagoen negozio erraldoiaren alegoria da. Erretratukoa da erreportajean aipatzen den Scott S. Reuben mediku eta ikerlaria. 51 urteko gizonak sekulako izena egina zuen oinazea artatzeko tratamenduen ikerketan... harik eta agertu den arte hark publikatutako azterketen artean gutxienik 21 inolako ikerketarik egin gabe idatziak izan zirela. Fama handiko antiinflamatorio eta immunosupresoreak erreumatologiaz gain bestelako minetan usatzearen abantailak erakutsi ditu Reubenek. Zein markako botikenak? Kasualitatez, Reuben bera hizlari enplegatzen zuen eta ikerketak finantzatzen zizkion farmaziako korporazioak ekoizten dituenak.
EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]
UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.
Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak ‘Hezur berriak’ (SUSA, 2025) poesia liburua plazaratu berri du. Bertan, amatu aurreko eta ondorengo hilabeteetan bizitako beldurrak, ilusioak, biolentziak, presio sozialak, erruak, pozak eta nekeak bildu ditu.
Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]
HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.
Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]
“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]
Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".
Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]
Astearteko greba egunak %100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Hilaren 11rako eta 15erako deituta daude beste bi lanuzteak. 335 langile kaleratu nahi ditu Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik.