Obama eta krisiagaz munizioak ahitu dira Victorvillen

  • Kalifornian ezin omen da etxerik saldu, baina fusil eta pistolentzako balak komertzioetara iritsi ahala agortzen dira. Etxegintza izoztuta dago, zerga eta negozio iturri ziren auzotegi berriak beren etorkinekin kezka iturri bihurtu dira, beldurra obsesio bilakatu. Akabo berdintasun ametsak.
Annie eta Jerri, Kaliforniako Victorville inguruan arma denda
Annie eta Jerri, Kaliforniako Victorville inguruan arma denda "famili giroko" baten jabeak

Barack Obama denetik AEBetan presidente, aski arma eta munizio ez da hango komertzioetan. Beldurrak biderkatu egin ditu salmentak. Beldurrak? Beldurrak, bai. Batetik dago presidente berria erasoko fusil eta bestelako arma batzuk legez kanpo uztera ote doan kezka, eta hori gertatu baino lehen nork bere etxeko altxorra hornitzea. Baina gainera errepublikanoak hedatzen ari dira halako paranoia bat, alegia Barackek “sozialismoa” ezarri nahi duela AEBetan (“gorriak datozela” esango zuten gurean), eta horri erasten zaio krisi garaian gogortu den beldur giroa, arrazismoari ere lotua.

Kontuotaz artikulu polita idatzi du Alternet gune ezkertiarrean Yasha Levine-k: “Apaletan ez dago muniziorik. Armazaleak Obama-lipsiaren beldur ote dira?”. Hitzjokoa egin du Obama eta apokalipsia lotuz; aipatzen dituen apalak munizioak eta armak saltzen dituzten komertzioetakoak dira. Hilabeteotako fenomeno kezkagarria irudiztatzeko Los Angelestik nahiko hurbil den Victorville hiriak balio izan dio.

Nonbait izan bada eskandaluzkoa etxegintzaren booma Kaliforniako hiri honetan izan da. Kreditu errezen haize gozoaren bultzadaz, etxeak eta jendeak ugaldu ziren Mojave Desert basamortuan eraikitako Victorvillen. Urte bakar batean, 2007an, %9,5 handitu zuen bere biztanlegoa, 107.000raino iritsiz. Horregatixe, etxegintzaren gainbehera heldu denean, beste inon baino gogorragoa izan da erorikoa Victorvillen. “Gaur –idatzi du Yasha Levinek– Victorvillen agortu egin dira armak eta tiragaiak, baina, aldiz, etsipena eta paranoia ugari daude”.

Ia herritar guztiek omen daukate armaren bat edo bi Victorvillen. Non tira egin ez dute falta, aski baita kotxea hartu eta basamortuan sartzea: ordu laurdeneko bidea eginda edonork dauka nahi adina tiro egiteko aukera. Baina orain munizioak lortzea da arazoa.

Saltzaile batek aitortu dio Levineri bi egunez 11.000 dolarreko kaxa egin duela 9 milimetroko balak salduz. “Sekulako diru pila da gurea bezalako denda txiki batentzako”. Hipermerkatu handietan berdin edo hobeto doaz salmentak. Kazetariak entzun dituen zurrumurruen arabera, Victorvilleko Wal-Marten aurten apirila arte saldu omen dute aurreko edozein urtetan baino gehiago.

Wal-Marteko arduradunek ez diotenez informazioa berretsi nahi izan, hiperrera hurbildu da Levine eta bertan ikusi du armak eta munizioak saltzen diren atalean tiragaien apalategiak huts-hutsik daudela. Salmenta arduradunak argitu dio gauez ekarri eta apalak bete ahala, hurrengo eguerdirako ez dela deus geratzen saltzeke. Balak erosi nahi dituenak onena omen du deitu eta enkargatzea, erreserbatu diezazkioten.

Armarik ez daukatenak ere ari omen dira munizioak erosten, “badaezpada ere”. Kanpin eta aire libreko jardueretan espezialdutako industriak argitaratzen duen Outdoor Wire aldizkariak Barack Obama izendatu du “Urteko arma saltzailea”. Hilabeteotan FBIk armak kontrolatzeko daukan zerrendan izen emateak %50 ugaritu dira. Winchester markako tiragaiak fabrikatzen dituen Olin Corp. enpresak etekinak %20 handitu ditu.

Zenbait hiritako polizia sailek tiraketa praktikak murriztu behar izan dituzte balarik gabe aurkitzeko beldurrez. Garestiak dira balak, 9 milimetroko 25 aleko kaxa 25 dolarretan saltzen da, eta badira munizio askoz garestiagoak. Baina beldurrarentzako garestirik ez, nonbait.

Beroalditik errealdira

Los Angelesetik 300 kilometrotara Mojave desertuan eraikia, krediturik arriskutsuenetan sartuz handitu dute milaka etxe jabe berrik Victorville. McMansion txalet aberasberririk nonbait ikustekotan, hemen begiratu. Amets Amerikarra edonoren esku zegoela zirudien, baita soldata txiki bat kobratuta ere.

Sei urtetan bi halakotu zuen biztanlegoa Victorvillek. Kaliforniako hegoalde osotik iritsitako etorkinek egin dute hiri hau Los Angeles bera baino etnia ugariagoko. Baina Victorvillen ez da industriarik eta jendeak soldata irabazteko bi ordutara dauden lantokietara jo behar du.

Ametsak ez du asko iraun. Etxeen prezioak 2000. urtea baino lehenagoko mailara jaitsi dira. Victorvilleko etxe gotor asko hutsik dago gaur, beste asko eraikitze bidean geratuta, etxeek inguruko desertu antzuaren itxurarekin bat egiten dutela.

Langabezia bi halakotu egin da hemen urte betean, %12,5etik %18,5era, AEBetako mediatik oso gora. Kriminalitatea abiadura berean handitu da, auzotegi batzuetan are gehiago. Honek gaiztotu egin ditu Victorvilleko kaxko zaharreko biztanleen eta kanpotik etorri berrien arteko ezinikusiak.

Hiri zaharrean jende kontserbadoreak bizi dira, desertu ertzeko bizimoduan ohituak. Base militar garrantzitsuak zeuden bertan; II. Mundu Gerratik zegoen handi bat duela hamar urte itxi zuten, baina Marineen kaserna handiak martxan dirau. Orain dela hamar urte, kreditu merkeek berotuta milaka kanpotar iritsi aurretik, Victorvilleko gizonezkoen artean seitatik bat armadako beteranoa zen.

Herritar zuri kontserbadore militarzaleak batetik eta etxe jabe ez-zuri kanpotarrak bestetik, krisian murgildutako hiri trakets batean... horra koktek egokia bortizkeria arrazistak indar har dezan. White Aryan Resistance mugimendu arrazistaren buru Tom Metzger-ek lotsarik gabe aitortu du: “Hemen kimika hemen dago gero eta arrazismo handiagoa izan dadin”.

Hortik gorrotozko krimenetarako urratsa arin ematen da. Komunikabideek zenbait kasuren albistea eman dute, baina askoz gehiago geratzen dira ahaztuta. Eskolako ume eta gazteen artean ere badira borrokak arraza aferez kutsatuak. Hammerskin Nation mugimenduko sei skin arrestatu berri ditu poliziak hilketa saioengatik.

Ez da muturreko talde horiekin nahastu behar baina krisiak sortu duen olatu eskuindar beraren baitan ikusten dituzte aditu batzuek AEB osoan ugaritu diren Tea Party direlakoak. Apirilaren 15ean bilkurak antolatu ziren Barack Obamak eragin nahi omen duen balizko sozialismo kolektibistaren kontra azaltzeko. 1773ean “tearen matxinada” gertatu zen Boston hiriko portuan ingelesek ezarritako zergen kontra. AEBen independentziarako mugimenduaren hasiera izan zen.

2009ko Tea Partyetan zergetaz asko hitz egin zen. Isekaz “Osama” (Bin Ladenekin alderatzeko) deitzen dioten Obamak zerga gehiegi kobratu nahi omen ditu eta amerikar zuri zintzoei laguntzeko ordez diruok xahu kanpotik etorritako jende ilun alferrak mantentzen.

Argazki oina: Argazkikoak Annie eta Jerry dira, Kaliforniako Victorville inguruan arma denda “famili giroko” baten jabeak. Annie’s Get Your Gun (Annieren dendan dago behar duzun arma) du izena haien webguneak, daukaten komertzioak “Annie’s”, Annierena. Fotoan ikusten den segurtasunezko kutxak erantsita daukan idazkiak dio: “Armak kriminalei kendu, ez beren biktimei”. Obama presidenteak arma batzuen (ez guztien, inondik ere) salmenta mugatu nahi duela eta, paranoia zabaldu da iskiluen erabilera librearen aldeko eta pentsakera kontserbadoreko jendeen artean. Baina munizio stockak agortzeak bestelako irakurketak ere eskaintzen ditu. Krisiarekin ikara giroa eta xenofobia indartu baitira azken urteotan beroaldian zeuden lekuetan.

Informazio gehiago:


Azkenak
2025-04-10 | Gedar
Ertzaintzaren interbentzio batean hil zen pertsona baten kasua ikertzen ari dira

Iazko abuztuan, Irundik gertu, ertzainek atxilotzean izan zuen bihotzekoa gizon batek. Eneko Valdésen heriotzaren ikerketan, Polizia errugabetu zuten.


2025-04-10 | Euskal Irratiak
Maider Hoki eta Ilora Capot
“Libertatearen beharra denek dugu, eta Bekat'uros bestak hori eskaintzen du”

Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugarren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin.


Microsoftek bi langile kaleratu ditu multinazionalak Israelekin dituen harremanak salatzeagatik

Bi langileek Microsoften 50. urteurreneko ekitaldia moztu zuten ostiralean, eta enpresako buruei Gazako genozidioan duten papera leporatu zieten. Adimen artifizialarekin eginiko armak saltzen dizkio multinazionalak Israelgo armadari.


Palestinaren alde egiteagatik lau herritar kanporatu nahi ditu Alemaniak

Poloniar bat, bi irlandar eta estatubatuar batek jaso dute Alemania apirilaren 21a aitzin uzteko manua. Hori gertatu ezean, kanporatuko dituztela argitu die Berlineko Migrazio Bulegoak. Salaketa jarri dute kanporaketa prozedura geldiarazteko xedez.


Ernairen ekitaldia zelatatuko du Auzitegi Nazionalak

UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]


Europar Batasuna eta Errusia
‘Ostpolitik’, oihartzun fin hura

Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]


Sarkozy eta Le Pen eskandalizatuta, zuzenbide estatuak hitz egin duelako

Bere burua 2027ko Frantziako Estatuko presidentzialetako garaile gisa irudikatzen duena –Marine Le Pen– gogorki zigortu du Parisko Auzitegi Korrekzionalak, lau urteko kartzela-zigorra, 100.000 euroko isuna eta batez ere, bost urtez aurkezteko debekua bideratuta. Tonu... [+]


Gorputz hotsak
“Niretzat klabea izan da familiak eta inguruak ez tratatzea gaixo moduan”

Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]


Errusiarekiko gerra hauspotzen

Ukrainaren ondoren Polonia?
Europar Batasunak Ukrainako gerra hauspotu du Kiev armaz hornituta, eta menia oraindik airean delarik, gerraren zikloan murgilduta dago bete-betean. Hori bai, bere diskurtsoa modulatzen ari da, eta gero eta gehiago hitz egiten du balizko su-etenaz... [+]


Itziar

Kointzidentzia harrigarriak daude bizitzan. Izan ere, zenbat ikusle elkartu litezke Arriaga antzokian? Zenbat komun ote daude solairu bakoitzean? Zein probabilitate dago Gipuzkoako emakume bik sartu-irtenean leku eta istant berean kointziditzeko, 35 urtean elkar ikusi barik egon... [+]


2025-04-09 | Hiruki Larroxa
Zer dugu bisexualitatearekin?

Transfeminismoak argia eta konplexutasuna ekarri ditu gorputz, genero eta desirei buruzko eztabaidetara. Hala ere, itzalak ere sortu ditu. Ustezko koherentzia politiko erradikal baten izenean –askotan hegemonia oso zehatz bati lotua–, diskurtso transfeminista batzuek... [+]


2.361

Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.

Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]


Ukrainako gerraren beste irakurketa bat

Ukrainako gerrar hasierako zergatiak ez dira azaldu zizkigutenak bakarrik, beste arrazoi batzuk ere badaudelako. Errusiak zioen Ukrainako errusiar hiztunen defentsarako urrats bat eman behar zuela; Ukrainako Gobernuak, aldiz, Errusiaren armadari aurre egin behar zitzaiola,... [+]


Eguneraketa berriak daude