"Asko saldu diren liburu onak ere badaude"

  • Albert Sanchez-Piñol (Bartzelona, 1965) liburu batek egin du ezagun: La pell freda eleberriak. Katalanez 100.000 aletik gora saldu eta 37 hizkuntzatara itzuli ondoren, euskaraz kaleratu du Txalaparta argitaletxeak orain gutxi. Garai bertsuan kaleratu dira Tretze tristos tràngols ipuin bildumaren eta Pandora al Congo nobelaren gaztelaniazko bertsioak ere.
Albert Sanchez-Piñol
Albert Sanchez-PiñolJosé Colón

Has gaitezen azkena argitaratu zenuenarekin: bi nobelatzarren ondorenean etorri zen Tretze tristos tràngols ipuin liburua. Solte idatzitako ipuinak dira edo bilduma zenuen buruan?


Liburua, literaturaren aldean, asmakizun berri xamarra dela gogoratzea gustatzen zait, liburua baino antzinagokoa dela literatura, alegia. Ipuinarekin argi ikusten da hori. Nire kasuan, istorioa pentsatzen dut lehenik eta gero erabakitzen dut zein genero dagokion, batzuetan eleberria, besteetan ipuina, gidoia, saiakera. Kasu honetan, ipuin dezente nituen pilatuak, eta horiei irteera emateko osatu nuen bilduma. Batzuk dagoeneko argitaratuak nituen, egunkarietan edo atzerrian, eta beste asko argitaragabeak ziren.

Ipuin independenteak, beraz.


Bai, baina nahita. Ipuinok aukeratzeko irizpidea beren arteko diferentzia izan zen, liburu bakarrean hamahiru eskaintza ezberdin izan nahi nituen eta ez bilduma konpaktu bat, sarri egiten den bezala. Hemen, ipuin bat edo beste kenduko bagenu, horien hutsunea nabarmena litzateke, zerbait faltako litzateke liburuan. Horrela egin dut, akaso, erreferenteen artean Dino Buzzati dudalako, haren obra izugarri zabal eta anitza.

Askotarikoak dira, bai, baina bada elkartzen dituen elementurik; oroz gain, elementu fantastikoak. Errealitate gordinak ez dizu balio literatura egiteko?


Elementu fantastikoak baliabide dira niretzat, harago doan zerbaitez hitz egiteko. Lehen ipuineko protagonistak selenitak dira, ilargitik lurrera migratzen dutenak, eta beste edozein kolektibo jarri izan banu, senegaldarrak adibidez, ez luke funtzionatuko, kazetaritza erreportaje bat litzateke edo sermoi bat. Elementu fantastikoak erabiltzean hitz egiten duzu gehien errealitateaz. Gurean denok gara Sanchez-Piñol, denok gara nahasketa, horixe esan nahi nuen lehen ipuinean. Gainera, nirea ez da zientzia fikzioa, ez dut elementu fantastikoak argitzeko inolako interesik, ez zait interesatzen Martitzekin telefonoz hitz egin daitekeen. Kontakizuna abiatzeko erabiltzen ditut, literaturaz kanpo baliorik ez duten argumentuak nabarmentzen baitira fikzio eta fantasiarekin.

Baina beti duzu begi bat errealitatean; aipatu ipuin horretan migrazioa, beste batean biolentzia matxista.


Idazle ofizioak, nire ustez, badu xamanarekin harremanik. Antropologiaren ikuspuntutik, xamana, substantzia batzuen laguntzarekin edo gabe, bere gorputzetik atera eta dimentsio estrainioekin sartzen da kontaktuan. Baina, kasualitatea, ikusitakoak azaltzen dituenean, kontuok oso lotuta egoten dira beti bere komunitatearen behar eta gatazkekin. Horrek erakusten digu muturreko fantasiak balio digula errealitatea hobeto lubrifikatzeko. Gero bada beste literatura bat, “ni”arena, baina ez zait interesatzen. Zer esango nuke nitaz, munduko pertsonarik aspergarriena naizen honek?

Zure bigarren eleberria, Pandora al Congo, berrinprimatu da gaztelaniaz. Batzuek abentura nobelatzat hartu dute. Etiketa zuzena iruditzen zaizu edo kondena bat?


Genero bat baino gehiago biltzen ditu nobelak: izan daiteke abentura nobela, fantastikoa, amodiozkoa, polizia eleberria ere bai –hilketa bat gertatzen baita, ikerketa, epaiketa bat, erruduna nor den jakin arte–; satira gisa ere uler daiteke. Eskertzen diet argitaletxekoei liburua berreskuratu izana. Berehalakoaren diktadura pixka bat lurruntzen da hala, garai ultra azkar hauetan, etxebizitzak bost, autoak lau eta emazteak hiru urte irauten dizkizuten garaiotan.

Aurrekoa ez errepikatzea izango zen erronka.


Bai, baina banekien edozer gauza eginda ere kritikak jasoko nituela: antzeko gauza bat egin izan banu edo gauza erabat ezberdina, berdin. Nire lana jendeak irakurriko dituen liburuak idaztea da eta saiatzen naiz landuak egiten, ez liburu salgarri horietakoak. Oso erraza baita horrelakoak egitea, hiru aste behar dira. Bigarren eleberriak, irakurleak igarriko dio, egitura landuagoa du. Bi liburu diferente egin nituen, elementu fantastikoa batasun gisa dutenak.

Bai eta literatura egiteko modu bera ere, nahikoa tradizionala.


Ados nago zurekin, %90ean. Inork esan izan dit lehengoen gisako liburuak idazten ditudala. Baina sarritan berritzailetzat hartzen da inola berritzaile ez den zerbait, eta berritzailea da berritzaile ez dirudien hori. Nobela esperimentalaz ari direnean porrot egindako esperimentuez ari dira. Mundu guztiak du esplikatzeko istorio bat, baina mundu guztiak ez daki istorio hori esplikatzen. Gauero amets egiten dugu, eta goizean ametsa gertatu bezala kontatzen baduzu inork ez du piperrik ulertuko, itxuraldatzea baita idazlearen funtzioa. Ez zait interesatzen inspiratutako idazlearen figura, Frantziako iraultzaren herentzia dena, bidenabar. Ordura arte garrantzitsuena istorio bat kontatzea zen. Shakespeare ez da bere lan bakar batean ere agertzen eta inori ez zitzaizkion bere iritziak axola. Orain badirudi Txinako zapata industriaz ere jakitun behar duela idazleak. Baina nik uste dut, bestea aztertzeko prozesu horretan, zeure burua ezeztatzen baduzu, hobe dela, antropologian bezalatsu.

Zure literatura antropologikoa dela esango zenuke, beraz, egiaren bila abiatzen dela?


Literaturan aplika dezakedan ezagutza eskaini dit antropologiak, edukiz betetzen dut, esplikatzeko zerbaitekin. Eleberri bakoitzaren azpian esaldi kontrolatzaile bat egon beharko litzateke, egiaren bat esplikatzen duena. Eta horrexegatik du balioa literaturak, bestelako eremuetan esplika ezin daitezkeen egiak argitzen dizkigulako. Bestela, hartu edozein klasiko eta ikusiko duzu zer nolako tontakeriak kontatzen diren bertan. Kafka, adibidez, goizean intsektu bihurtuta esnatzen den gizonarena. Kixotea bera. Baina bi horien azpian egia bat ezkutatzen da, azkenaren kasuan arrazoia arrazoirik ezan dagoela, adibidez.


Eta hirugarren nobedadea, La pell freda, euskaraz editatua, Larrua hotz izenarekin. Itzulpen horrek esanahi berezirik du zuretzat edo urtu egiten da beste 36en artean?


Ez, esanahi berezia du niretzat, noski. Galizieraz argitaratu zuten, gaztelaniaz ere bai, euskaraz behar zuen orain. Ilusio handia egin zidan, trafiko gutxi baitago bi kulturen artean, hain gertu geografikoki eta hain urrun, aldi berean. Gainera harreman estuagoa dut Euskal Herriarekin Hego Korearekin baino, adibidez.

Gauza bitxia da, baina bi herrialdeen arteko afinitateaz hitz egiten du mundu guztiak, eta erabatekoa da ezjakintasuna. Literatura horren adibide.


Afinitatearen ideia faltsua da, arrazoi duzu, bada komunean zerbait dugula uste duen imaginario oso bat, baina elementu komun hori Espainia da. Elkar trukaketak erabat baldintzatzen ditu gaztelaniak, eta katalanetik euskarara zuzenean, eta alderantziz, itzul dezakegu, hortxe dago grazia. Asko atsegin dudan euskal idazle bat Joseba Sarrionandia da eta ez dago itzulia! Nahiz eta bi errealitate oso ezberdin izan, hartu-eman handiagoa beharko luke.


100.000 aletik gora saldu dira edizio katalanean, autore ezaguna izan gabe, atzean argitaletxe handirik gabe eta marketinean asko inbertitu gabe. Nolatan?


Zoriak parte hartu du, hori ukaezina da, baina ordurako urte dezente neramatzan idazten, muskulatura narratiboa dago eta ikasketa, eta horiek gabe zorteak ez dizu lagunduko. Gero, oso unibertsala izan daitekeen gai bat ukitzen du. Nik uste dut liburu handi guztiak laburbildu beharko liratekeela esaldi batean, eta Larrua hotz eleberriak esplikatzen duena zera da: zure etsairik handienak zure antz izugarria izan dezakeela. Ideia kezkagarria da, baina baita egia unibertsal bat ere, hamaika gatazketan isla daitekeena.

Best seller terminoak zer esaten dizu zuri?


Hasiera batean asko saldu den liburu bati egiten dio erreferentzia. Badira asko saldu diren liburu txarrak, eta gutxi saldu diren onak, baina asko saldu diren liburu onak ere badaude, Umberto Ecoren batzuk, esaterako. Gainera, ez nau nardatzen lehen best seller katalana dela esaten dutenean. Nahiago dut, ordea, literatura herrikoia egiten dudala esatea. Okzitaniarrek bizirauteko estrategia bat hartu zuten orain ehun urte, Nobel saridun bat izatea. Eta lortu zuten, Frederic Mistral, baina nor gogoratzen da egun okzitanieraz? Nik uste dut garrantzitsuago dela asko irakurtzen den literatura bat, beste ezer baino.

Azkenak
2024-09-02 | ARGIA
Eraso arrazista salatu dute Zestoako jaietan

Zestoako Gazte Asanbladak ohar bidez gaitzetsi du erasoa: "Garbi gera dadila gure espazioetan ez dugula inolako erasorik onartzen".


2024-09-02 | Aiaraldea
Mila lagun baino gehiago batu ziren larunbatean Laudion, osasun sistema publiko eta duin baten alde

Laudioko kaleak hartu zituzten larunbatean 1.300 herritarrek, SOS Aiaraldea plataformak deitutako eskualdeko mobilizazioan. Iragan ostegunean behar bezalako mediku-arreta ez jaso ostean herritar bat zendu izanak piztu du protesta, baina eskualdeko plataformak Osakidetzaren... [+]


Bigarren Mundu Gerratik, estreinakoz ultraeskuinak irabazi ditu hauteskundeak Alemaniako eskualde batean

Alemaniako Turingia eskualdean, hiru bototik bat jaso du Alemaniari Alternatiba eskuin muturreko alderdiak. Saxonian ere egin dira hauteskundeak, eta bigarren geratu da, ozta-ozta, demokristauen atzetik.


Bahitutako sei israeldarren gorpuak atera ditu Gazatik armada sionistak

Hamasek adierazi du Israelek okupazioa aukeratu duela, bahituen gainetik. Hildakoen senideek uko egin diote Netanyahuren dolumin deiari, eta su-etena eskatu dute oraindik Gazan dauden 100 bahituak askatzeko.


Greba orokorra Israelen, bahituak askatzeko akordio eske

Sindikatuen gehiengoak gobernuari presio egiteko protestara deitu du. Igandean 500.000 israeldar inguru mobilizatu dira Netanyahuren aurka eta su-eten akordioa eskatu dute, sei bahituren gorpuak Gazatik atera ostean.


2024-09-02 | ARGIA
Gasteizko klub bateko bi arduradun atxilotu dituzte, emakumeak esplotatzea egotzita

Ertzaintzak bi emakume atxilotu ditu Gasteizen, eta hirugarren bat ikerketapean dago, prostituzio-delituak egotzita. Haien klubean aritzen ziren emakumeek esplotazio-baldintzetan lan egiten zuten, Ertzaintzaren arabera.


2024-09-02 | Jon Torner Zabala
Cascanteko apaizaren adierazpen xenofoboek eliztarren kexak eragin dituzte

"Ez dut ezer musulmanen kontra"... baina mezetara gero eta fededun gutxiago joatea immigrazioarekin lotu du Cascanteko apaiz Jesús Planillo Bartosek, herriko festetan emandako sermoian. Esandakoek eliztarren artean marmarra eragin du, eta abadeak barkamena... [+]


2024-09-02 | Garazi Zabaleta
Habelarte
Leitzako festetako sukaldea, baserritar agroekologikoen eskutik

Bigarren urtez segidan hartu du Habelarte baserritarren elkarteak Leitzako festetan, Gaztetxean, afariak emateko ardura. Nafarroako Mendialdeko ekoizle agroekologikoen produktuekin osatu dute eguneroko eskaintza, eta ehunka lagun pasatu dira abuztuaren 10etik 14ra haien... [+]


2024-09-02 | Jakoba Errekondo
Calçota, katalanen tipula morroa

Baratzerako udako nagiak astindu ditzagun. Lehen udazkenean izaten zen sagardoaren txotx denboraldiaren hasiera, orain neguaren zilborrean izaten dugu. Ezagun katalanen bat duen edozeinek pentsa dezake sagardo gozoa calçot tipula erreekin dastatzeko atzeratu eta sortu... [+]


2024-09-02 | Iñaki Sanz-Azkue
Ur lasterretako erregina

Errekastoa bizi doa harri eta harkaitz artean. Ur salto txikiak, ur lasterrak eta putzuak nahasten dira ibilguan zehar. Hotza dago ura, baina hala du gustuko uhandre piriniotarrak. Izan ere, korrontearen kontra igeri egitera ohituriko anfibio txiki honek ez du edozein bizitoki... [+]


Akademikoek Europar Batasunari:
“Narratiba berriak behar ditugu elikadura sistema aldatzeko”

2020an elikadura burujabetzaren aldeko akademiko batzuek adierazpen bat egin zioten Europar Batasunari: Itun Berdearen erdigunean dagoen hazkunde ekonomiko “berdearen” paradigmatik haratago joateko eskatu zioten. 

EBko erakundeek nekazarien kezka batzuei soilik... [+]


2024-09-02 | Behe Banda
Barra Warroak |
Urruzunotik etxera

12:26. Arantza (Nafarroa Garaia) atzean utzita goaz autoan. Bertan pasatako orduak gutxigatik ez dira egun oso bat osatzera iristen. Bertan pasatako orduak mila ere badirela dirudi. Han azken eguna igarotzen gelditu dira Urruzuno literatur lehiaketako hogei irabazleak, idazketak... [+]


Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


Eguneraketa berriak daude