Geroz eta herri gehiagotan

  • Neurria da inporta duena. Eskolak beste era batera emateko aukera ematen duelako, edo testuliburuekin ematea ezinezko egiten duelako. Ikasle denak ezinbesteko egiten dituelako. Gurasoak inplikatu ezean zerbitzurik gabe geratzen direlako... Beste erremediorik ez denean, asmatzen dira formularik handienak, handien ajerik gabe.
Berrobiko eskolako ikasleak
Berrobiko eskolako ikasleakBerrobiko eskola
Eskola jartzeko, Eusko Jaurlaritzak bi baldintza hartzen ditu kontuan: ume kopurua –2 eta 6 urte bitartean 12 ikasle– eta udalaren inplikazioa. Eskola urtetan martxa onean mantentzeko ere, gurasoen eta udalaren elkarlana ezinbestekoa da. Berrobin ospatuko da aurtengo Eskola Txikien eguna. Beti egon da eskola bertan: garai batean gaueskolak ematen ziren udaletxean, eta duela 50 urte jarri zen eskola zaharra. Baina oraingo eskola ederra egiteak izan zituen lanak ez ditu ahaztuko bertako alkate Jon Jauregik: “Orain 18 urte, eskola zaharra txiki gelditzen zela ikusi zuten eta gurasoak borrokan hasi ziren berria lortzeko. Nik alkatetza hartu nuenerako, orain dela hamar urte, borroka hori bazegoen. Nik ere ume txikiak nituen, eta garbi neukan herri txiki bateko zutabeetako bat hori dela, eskola txikirik gabe herriak hiltzera doaz. Kargua hartu aurretik Hezkuntza delegaritzara joan ginen, Mari Karmen Marin zegoen orduan, eta berarekin konpromisoa hartu genuen berria egitekoa: Udalak jarri zuen lurra, eta eurek eraikina”. Gurasoek eta Udalak konpromisoa hartuagatik, erakundeekin tematu behar dela aitortu du: “Zortea izan genuen Mari Karmen Marinekin. Politikan antzematen da nork ematen dituen benetako pausoak eta nork ihes egiten duen. Asko kosta zen akordioa lortzen. Hamar urte dira eskola berria hitzartu genuela, eta handik lau urtera-edo hasi ziren obrak. Duela bizpahiru urte bukatu zen eskola”. Emaitzarekin harro daude: “Berri-berria dago: jangelarekin, kirol azpiegiturekin, haurreskolarekin...”.
 
Udalaren eta herritarren helburua da, bizitza herrian egitea, eta horretarako pieza bat gehiago da eskola. Horregatik, herriaren beraren garapena planteatu behar du Udalak eskolarekin batera, Jauregik kontatu duenez: “Berrobin 605 biztanle ditugu. Duela hamar urte markatu genuen herrirako zer nahi genuen: gazte jendea bertan gelditzea eta kanpotik ere etortzea. Eta horretarako zimenduak ziren eskola, zerbitzuak... Etxebizitza tasatuak eta babes ofizialekoak bultzatu ditugu, eta lortu dugu 50 bikote geratzea: bertako jendea asko, eta kanpotik ere etorri zaizkigu. Apustua egin behar da, eta garbi genuen eskola txikia bizirik behar zela: bikoteek erraztasunak bilatzen dituzte biek lan egiten dutelako, eta behar duzu jangela, behar duzu haurtzaindegia, eta hori ez baduzu herrian...”. Hurrengo 10-15 urtera begira daude orain: “Arau subsidiarioak ere berrikusi ditugu eta 150 etxebizitza berri egiteko aukera ikusten dugu. Beste 100 familia gehiago izango ginateke, eta Berrobiko eskolan 100dik gora ume”.
 
Udalak eskolaren mantenua bere gain hartu behar du, baina Berrobiko alkateak garbi du: “Herri txiki bateko Udalak apustu hori egin behar du eta gainean egon, falta diren hutsuneak betetzeko”. Asko sumatzen baita eskola herrian: “Udaberritik aurrera ume jende guztia jolasean ikusten duzu plazan eta oso pozgarria da. Udaletxera ere aldian behin etortzen zaizkigu galderak egiten, diapositibak eta hitzaldiak eskaintzen dituzte... Eta batik bat euren arteko laguntasuna bultzatzen da. 12 urtetik aurrera Tolosara jaisten direnerako, euren arteko laguntasuna indartuta dute. Txiki-txikitatik behera eramaten badituzu, hilabete mordo bat herritik kanpo egiten dituzte, eta harreman hori galdu egiten da pixka bat. Guk harreman hori eta herri giroa indartu nahi dugu”.
 
Indarrean den mugimendua

Eskola jartzea gero eta herri gehiagotan planteatzen dela azaldu du Izaskun Karrerak, Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinadorako lehendakariak: “Pedagogikoki demostratuta dagoelako eskola txikien eraginkortasuna. Guraso zarenean, edo uzten duzu dena irakasleen eskuetan edo hasten zara aztertzen zer nahi duzun eta zer ez. Edo bestela herriarekin ahazten zara eta bidaltzen duzu haurra mundu osoak bidaltzen duen tokira. Hausnarketa hori guztia gaur egun guraso gehiagok egiten dute”. Herri txikietara kanpotik etorritako jendeak bertan bizimodua egitea klabea dela dio: “Herriaren aldeko apustua garbi daukate bertakoek, kanpotik bizitzera joan garenok garbi edukitzea, hori da garrantzitsua. Orain herrietara bizitzera doana ez doa merkeago delako etxea, beste mila gauzen bila doa. Nekazal ingurua, eta horrekin lotutako guztia, tartean eskola. Bestela ez dago bizirik”.
 
Eskola txikietan mugimendua badago bai gurasoen, irakasleen eta ikasleen artean. Elkarlanean ari dira aurrera egiten, Ixabel Lakuntzak, Eskola Txikien koordinatzaileak kontatu duenez: “1988-1989 ikasturtean eskola txikiak elkartzen hasi ziren. Gurasoak alde batetik duintasuna aldarrikatzeko eta irakasleak, euren bakardadetik ateratzeko. Geroztik biltzeko eta elkarrekin lan egiteko ohitura mantendu dugu”. Irakasleentzat formazio mintegiak –ikus Elena Laizen elkarrizketa– eta zuzendarien mintegiak egiten dituzte, eskolako arazoei denen artean irtenbideak bilatzeko. Eskola txikietako ikasleek beste herrietakoekin kirol topaketak, egonaldiak, bloga eta abar egiten dituzte, elkar ezagutzeko. Eta irakasle eta gurasoentzat topaketak egiten dituzte urtero, adituen hitzaldiak jasotzeko eta esperientziak trukatzeko. Eskolek elkarlanean hainbat lan egin dituzte, adibidez, hezkuntza proiektua. Proiektua elkarren artean lantzen duten arren, ondoren eskola bakoitzak bere egoerara egokitzen du.
 
Txikiaren logika: ez gara berdinak

Gurasoek oso harreman estua dute irakasleekin, umeak hezterakoan. Eta herrian falta diren zerbitzuak lortzeko egiten dute lan. Izaskun Karrerak dioenez, “herri txikietan baserritar gutxi geratzen da, zoritxarrez. Herri txikiak ez dira lehen zirena, eta herri handien beharrak ditugu. Igeldon konturatu ginen goizeko zaintza jartzen ez bagenuen haurrak Donostiara joango zirela. Ludotekarekin berdin, beharraren arabera joaten zara jartzen”.
 
Beharrak herri eta eskola handienak dituzte, baina txikiek badituzte euren ezaugarriak, Ixabel Lakuntzak bereizi duenez:
“Gu behin ere ez gara iristen kopuruetara, ezertarako”. Horregatik, beste logika batekin bilatu behar dituzte irtenbideak, Karrerak esperientziaz dakienez: “Ludoteka martxan edukitzeko, adibidez, egunero guraso bat egoten da begirale. Ez gara inoiz berdinak izango, desberdin antolatzen garelako. Zerbait behar dela? Bada gure artean antolatzen gara”.
 
Handiengan pentsatuta egiten da legea

Eusko Jaurlaritzako Eskola Txikien Batzordeko kide dira Karrera eta Lakuntza, eta bertan erakundeei euren beharrak ikusarazten saiatzen dira. Lakuntzak sistemaren kontraesanak agerian jartzen ditu: “Onerako eta txarrerako, dena egiten da eskola handiengan pentsatuta. Eskola txikietara agian bidali dituzte 18 ordenagailu, dauden ikasleak baino gehiago kasi”. Batzordearen lorpenak ere kontuan ditu: “Eskola mapan eskola txiki izena agertzea izan da lortutako gauza bat. Edo irakasleen egonkortasuna mantentzeko, eskola txikiek aukera dugu ordezko gisa dauden irakasleak bertan gelditzeko. Horrela ziurtatu daiteke irakasleen %50 ez dela aldatuko”. Baina denbora osoan arreta deitzen jardun behar dutela salatu du: “Kontuan hartu behar dute eskola txikiek berezitasun batzuk dituztela, eta egiten duten gauza guztietan egon behar luke aparteko zehaztapen batek, eskola txikietan zer edo nola egin dioena, DBHrako bereizten duten bezala”. Eskola txikiek behar bereziak baitituzte, batez ere formaziokoak: “Irakasle pila bat pasatzen da eskola txikietatik, eta irakasle horiek denak bi-hiru adin nahastuta nola lan egin ikasi behar dute eta formazio bat aldarrikatzen dugu. Badaukagu (Elena Laizek ematen duena), baina erabat koiunturala da, eta nahi dugu formazioaren beharra onartzea eta egonkortzea. Unibertsitatean ere azaldu dezatela nola lan egin behar den horrelako eskoletan. Eskola asko gara”. Karrerak borobil azaldu du administrazioaren aurrean duten sentipena: “Nik irudikatzen dut familia handi bat, eta txikitxoa hatza jasota, ‘hemen nago! hemen nago!’ esanaz. Hori gara gu”.
EAEko bilakaera
- 1960-1970eko hamarkadetan herri txikiak husten hasi ziren, eta hauekin batera eskola txikiak.
 
- 1970eko Espainiako Hezkuntzaren Lege Nagusiak eskola txiki asko desagerrarazi zituen: zortzi gela baino gutxiagokoak. Eutsi zioten eskolak are abandonatuago geratu ziren.
 
- 1980ko hamarkada erdialdetik hasi ziren irakasleak elkartzen eta pedagogia propioak lantzen. Berritzegunean koordinatzailea jarri zuten.
 
- 1990ean LOGSE legeak “landa-eremuko eskolak” hartu zituen kontuan, baina Oinarrizko Hezkuntza Orokorra 14 urtetik 16ra luzatu zuen. Ondorioz, eskola txikietan 14 urtera arte beharrean 12 urtera arte geratzen ziren ikasleak. Eskola txikien izaera kolokan jarri zen, eta mugimendua bizkortu zuen.
 
- 1993-12-20an Zizurkilen, Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinadora sortu zuten, 11 herritako guraso elkarteek. Egun 26 eskola txikitako guraso elkarteak biltzen ditu.
 
- 2003-2-25ean sortu zen Eusko Jaurlaritzako Eskola Txikien Batzordea, Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburu zela. Egun Gipuzkoa eta Bizkaiko guraso eta irakasleek, koordinatzaileak eta Hezkuntza Ordezkaritzak osatzen dute.
 
- Eskola mapa berriak eskola txikiak kontuan hartu ditu; lehen aldiz izendatu dituen legea da.
 
Iturria: Lorea Agirre, Jakingarriak 64.
Infograma
Elena Laiz: “Lortzen duten maila akademikoa beste eskoletakoen berbera da, baina hobeto ikasia”
1958an Bilbon jaioa, irakasle izateko. 31 urte daramatza irakaskuntzan. Lehen urteak eskola oso handietan egin zituen, eta ondoren 24 urtez aritu da Zizurkilgo (Gipuzkoa) eskola txikian. Duela 18 urte egin zuen topo konstruktibismoarekin, eta harrez gero Myriam Nemirovsky-ren beraren eskutik “formazio oso sakona” jaso zuen. Orain hiru urte gaixotasunak haurren artetik atera zuen, baina Eskola Txikien pedagogia lantzen jarraitzen du, irakasleen formazioa bideratzen.
 

Adin desberdinekoak gelan nahasteak zer ezaugarri dakartza irakasterakoan?


Dudarik gabe adin aniztasuna oso ona da. Jende denak erraz ikusten du txikiek gehiago ikasten dutela handiekin batera, baina handiek ere asko ikasten dute txikiekin. Handiek askotan azaldu behar izaten diete txikiei zer egin duten, eta zerbait azaldu behar duenak beste pauso bat ematen du, beti gehiago ikasten du. Batzuetan txikiekin gauza bat lantzen ari zara, eta gure ustez handiek oso menperatua dute hori jada, baina agian ez, eta oso ongi etortzen zaie berriro entzutea azalpen hori, edo adibideak jartzea... “Kontxo, orain hobeto ulertu dut” esaten dute. Beste estrategia didaktiko bat da “tutorizatua” deitzen duguna: txiki bat handi batekin jarri, binaka, eta zaharra da tutorea eta txikia tutorandoa. Jarduera zehatzak egiten ditugu horrela, adibidez: handiak irakurri behar dio txikiari, txikiak ez badaki irakurtzen. Horrela, handiak prestatu egin behar du testu hori, txikiak ulertu dezan ondo. Hor biak ari dira lantzen irakurketa. Edo txikiak topatzen ditu ulertzen ez dituen hitzak eta handiarekin elkartzean galdetzen dizkio, edo txikiak ekoizten du testua eta handiak transkripzioa egiten dio modu konbentzionalean... Ikasketetan zailtasunak dituzten ikasle handiak oso ondo sentitzen dira egoera horretan: txikiarentzat handi hori delako ikaragarria eta miretsi egiten du.
 
Adinen arteko errespetua asko lantzen da, batzutan behar hutsagatik. Sarri handiek txikien beharra dute, adibidez jolasteko. Denek dute denen beharra. Txikiek ikusten dute nora jo behar duten, oso motibatuta daude ikusten dutelako zer egiteko gai diren handiak. Baina handiek errespetua zor diete txikiei, eta ikusten dute eurak ere hortik pasa zirela orain dela gutxi.
 

Nola egiten du lan irakasleak?


Gai edo proiektu bera eramaten dugu aurrera denok. Ume denek bere ardurak eta konpromisoak betetzen dituzte, baina bakoitzaren emaitza edo erantzuna desberdina da, bakoitzaren garapenaren arabera. Hasieran irakasleei kosta egiten zaigu, hala erakutsi digutelako, testu liburuak eta material didaktikoak mailaka daudelako antolatuta. Material horiekin lan egitea zaila da adin desberdineko ikasleekin. Baina beste era batera lan eginez gero, oso aberatsa da. Ikasleei aldiz, ez zaie batere kostatzen: herrian, familian... adin desberdineko jendea ibiltzen gara elkarrekin, leku guztietan. Eskolan bakarrik bereizten dira pertsonak adinaren arabera. Oso antinaturala da berez, eskola adinka antolatzea.
 

Maila akademiko ona lortzen dute?


Lortzen duten maila akademikoa beste eskoletakoen berbera da, baina niretzat hobeto ikasia. Ikastearekin egiten den binkuloa, atxekimendua, oso desberdina baita. Irakurtzen ikasi ondoren, zer diozu? Irakurketari gorrotoa, irakurzalea zara, menperatzen duzu irakurketa egoera desberdinetan? Atxekimendua gainerako hori dena da. Eskola txikiak errazten du atxekimendu afektiboa: gutxi dira, oso ondo ezagutzen ditugu, denbora hartu dezakegu patxada gehiagorekin lantzeko gauzak, lasaitasun gehiago lortu genezake.
 

Sozializazioa da beste kezka bat, harreman sarea txikiegia ote den.


Nik lehen urteak eskola handietan egin nituen, eta askotan ikusten zenituen umeak bakar-bakarrik patioan edo binaka edo hirunaka, zortzirehun umeren artean. Ez pentsa zortzirehunak elkarrekin ibiltzen direnik.
 
11-12 urterekin iruditzen zait behar dutela esparru handiago bat, baina gauza guztietan: lagunarte handiagoa (nahiz eta lagun minak gutxi izango diren), ikusi behar dituzte saltsa gehiago, arazo gehiago... DBH egitera eskola handira doazenean beste mundu bat deskubritzen dute, eta horrek ere bere xarma badu. Baina 11-12 urtera arte oso ondo daude eskola txikietan, oso goxo. Jasotzen duten lasaitasuna, arreta indibiduala, maitasuna... oso ona da. Bere inguruak hasieran babesa ematen die, eta txikitan hori behar da, hasierako babesak eta ziurtasunak ume seguruagoak egiten ditu. Handiagoak direnean, babes hori hartua dute, nahiko prestatuta daude kanpora ateratzeko.
 

Munduan zer erreferentzia daude?


Espainiako Estatuan “escuela rural” deitutako asko daude, Katalunian mugimendu handia dago, Aragoin eta Galizian ere bai... Finlandiako hezkuntzaren emaitza onak atera zirenean, deskubritu genuen eskola gehienetan adin desberdineko haurrak nahasten dituztela gelan, eskola txikiak direla, herritik gertu daudenak. Ez dira makroeskolak.
 

Pedagogikoki oso garatuta zaudete, baina eskola publikoa denez, irakasleen joan-etorria ikaragarria da.


Hori da dugun arazo handietako bat. Bertan gelditzen diren irakasleentzat ere gogorra da urtero azaldu beharra nola lan egiten dugun, zergatik, zer onura dituen... Batzutan jendea etortzen da ezagutu gabe zer den eskola txiki bat, eta jartzen direnerako... Iaztik, irailean datozen irakasle berriekin saioak egiten ditugu, bereziak eurentzat. Oso tinko jartzen ditugu gure oinarriak, eta zama hori arintzen zaie eskolako irakasle finkoei. Berehala eskolako dinamikan sartzen dira, eta ikasturtean zehar fomaziorako mintegi eta bilerak egiten ditugu irakasle denekin, bai finko eta bai berriekin. Borondatezkoa da mintegi hauetan parte hartzea, baina ia denek hartzen dute parte: umeekin lan nola egin bideratzen dugu, unitate didaktikoak prestatzen ditugu, teorian sakondu, esperientzia trukatzen dugu... Eta garrantzitsuena dena, ikasleekin praktikan jartzen dute landutakoa. Ikasleengana iristen ez bada lan hori, nire lana alferrikakoa litzateke.

Azkenak
2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko

Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


Ardi moztaileak

Uharteko artzain egunean azaldu zuten Euskal Herriak nazioarteko ardi mozketa txapelketatan aritzeko onarpena lortu duela. Ofizialtasuna Eskoziako 2023ko munduko txapelketan etorri zen, euskal moztaileek aurkeztutako dosierra eta bertan egindako defentsa bikainaren ondorioz... [+]


2024-12-11 | Itxaro Borda
Opari

Segur aski, gutariko gehienek jada erosiak dituzte, han eta hemen, Eguberrikari banatzeko opariak. Olentzeroren bisita gautar hori hitzordu handia baita, bereziki haurrentzat. Denak prestatzen dira urteko garai emankor horretarako: Bilbo sutan agertzen da, Gasteiz, Iruña... [+]


Ateratzeak, elkartasunaren zirkua eta alzheimer politikoa

Zerk harritu zintuen gehien kartzelatik atera zinenean? Galdetu didate maiz azken urte eta erdian.

Bilboko kaleak turista eta bi hankadun txakurrez lepo daudela ikusteak, adibidez? Edo egoera politikoaren aldaketak? Lehenengoak akitu eta amorratu nau, badago zer borrokatzen... [+]


Behar direlako tituluak

Benetan nahasia da euskara ikasteko dirulaguntzen kontu hori. Euskara ikasi nahi duen herritarrak leihatila bat baino gehiagotara jo beharko du egin nahi duen ikastaroa zenbat kostatuko zaion eta dirulaguntzak nondik, nola eta noiz lortuko dituen jakiteko. Oraindik ere dirua... [+]


Ez kontzeptuak

Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat... [+]


2024-12-11
Guhaur

Frantziako eta Espainiako konstituzioek eta legediak euskaldunon eskubideak baztertzen dituzte. Kulturak folklorizatu eta turismo eta kontsumorako apaingarri bilakatzen ditu neoliberalismoak. Indarrean ditugun askotariko hezkuntza sistemek ez dute ikasleak osotasunez... [+]


Teknologia
Esaten dena...

Beharbada gizakion ahultasunetariko bat gehiengoari entzuteko eta kasu egiteko dugun joera da. Ziur gure espeziearen garapenaren ezaugarri garrantzitsua izan dela, eta beharrezkoa biziraupenerako. Baina digitalizazioarekin, dugun ezaugarri horrek zaurgarriagoak bilakatu... [+]


Eguneraketa berriak daude