Ondoan eseri eta esan zuen: “Errusia da munduko herrialderik handiena: gizon indartsuenak ditugu, eta emakume ederrenak; eta zuek ez baduzue vodka edaten, ez zarete gizon osoak izango”. Yuppie bat zen, Roman Abramovitxen fotokopia zimur bat, azken hamarkadan Errusian asko ugaritu den espeziea; eta gau hartan lagunekin atera bazen ere, hiru turista euskaldunekin hizketan bukatu zuen San Petersburgoko taberna batean. Bistan da ez dela sendatzen nazionalismoa bidaiekin, beste hark zioen bezala. Bidaiekin beste nazionalismo batzuk ezagutzen dira gehienez. Adibidez, Errusiakoa.
Eta nazionalismo horren atzean, mendebaldarrok ondo ikusi ez dugun pelikula dago. Sobiet Batasunaren gainbeheratik gure egunetaraino Errusia ezezagun egin zaigu; gure albisteetan azaldu denean, mila deabruren koloreekin jantzi dute. Joan den abuztuko zenbaki batean, Georgiako gerra hizpide, Time aldizkariak honako titularra eraman zuen azalera: “How to stop a new Cold War” (Nola geldiarazi Gerra Hotz berri bat). Ados, Errusia ez da 1990eko hamarkadako trapu zirtzilatu hura; azken urteotako hazkunde ekonomikoak erraldoiaren oinak berotu ditu, baina… Gerra Hotz berria? Hainbesterako? Zein da Errusiaren indarra gaur egun?
Obamaren “reset” botoia
Ezaguna da Barack Obama AEBetako presidente berriari zenbat gustatzen zaizkion gatxet elektronikoak; eta ezaguna ez bada, bera arduratzen da ezagutarazteaz. Martxo hasieran, adibidez, “reset” botoia sakatzeaz hitz egin zuen. Errusiaz ari zen: Bushek ez bezala, Obamak harreman ona izan nahi du Errusiarekin; hala adierazi du; eta Dimitri Medvedev Errusiako presidenteak ez du asko behar izan erantzuteko. Azkar batean onartu dizu telefonoz eta kartaz hitz egin dutela dagoeneko. Martxoaren 31n The Washington Post egunkarian idatzitako artikulu batean, Errusia eta AEBek konpondu gabe dauzkaten arazoak zerrendatu zituen; ondoren, Alexis de Tocqueville-en hitz batzuk gogoratuz, bi herrialdeen etorkizunaren alde topa egin zuen: “Benetan sinesten dut, historiaren bihurgune honetan, elkarrekin egin behar dugula lan”. Badirudi Time aldizkariak bolada batean ezingo duela publikatu joan den abuztukoa bezalako titularrik.
Obama-Medvedev erromantzearen azken kapitulua joan den asteko G-20aren bileran idatzi zen, bi presidenteen arteko zitan. Goizegi da harreman berriak zein forma hartuko duen esateko, baina galdera bat egin behar da gutxienez: AEBen jarreraren samurtze honek zer esan nahi du? Alegia, Errusiari nazioartean protagonismo handiagoa aitortzea al da, zeharka bada ere?
Asier Blasek ez du uste AEBetako presidente berriaren mugimenduak bide horretatik doazenik. EHUko Politika eta Administrazio Zientzien saileko irakasleak ondo ezagutzen du ekialdeko Europa. Handik egindako bidaiekin eta azken hamarkadetako testuinguru politikoarekin osatu zuen Atzoko eta gaurko harresiak liburua (Txalaparta, 2004); ekialdeko Europaz dihardu 2007tik idazten duen Cartas del Este blogak ere (http://postsovietico.blogspot.com helbidean aurki dezakezue). Eta bere ustez, zaila izango da datozen urteetan Errusiak AEBekin hika hitz egitea, ikusita zein itsatsita dagoen errusiar ekonomia AEBetako finantzen gorabeheretara. “Errusiarren diru asko dago Estatu Batuetako inbertsio fondoetan, eta, gainera, erabat lotuta daude dolarrarekin”. Beraz, bai, Errusiak azken hamarkadan burua altxa du; bai, egonkortu egin da; bai, nazioartean bestelako itxura hartu du; inbertsio militarrak besteak beste, hazi egin dira. Baina, ez, egoera ez da etxafuegoak botatzekoa. Blasek kolore ilunekin margotu du gaurko Errusiaren koadro ekonomikoa: “Momentu honetan bizi duten egoera oso txarra da: berriro hasi dira pentsioak ez ordaintzen, batez ere Moskuko periferiako erregioetan; medikuntza alorreko gastuetan izugarrizko mozketa egin dute; Medvedevek aitortu du sei milioi langabe dauzkatela…”.
Ekonomiaren galdera ikurrekin, Errusian ere baso bat osatzen ari da. Baina basoa zeharkatzeko batere gaizki etortzen ez diren baliabide bi ditu herrialdeak: petrolioa eta gasa. “Hor dago nazioarteko harremanetako borroka –dio Blasek–. Errusia momentu honetan deabru txiki edo ertaina baldin bada, da energia iturri horietan konpetidore bat delako”. Eta konpetentziarako posizio hobean dago, Gerra Hotzaren amaieran baino.
Memoriaren gerra
Errusiaren azkenaldiko historia, neurri handi batean, baliabide horien kontrola lortzeko gatazkek zehaztu dute. Testuinguru historiko zabalagoan kokatzeko, interesgarria da Natalia Narotxnitskaia-ren liburu bat irakurtzea. Frantzian iazko azaroan argitaratu zen Que reste-t-il de notre victoire? (Zer geratzen da gure garaipenetik?), Errusia eta Mendebaldearen arteko “gaizkiulertua” betaurreko errusiarrekin irakurri gura duena.
1982 eta 1989 artean NBEko Sobiet Batasunaren ordezkaritzan lan egin zuen Narotxnitskaiak, New Yorken: nazionalista errusiarra, antiboltxebikea, antiliberala, kristau ortodoxoa eta Txetxeniako gudaren defendatzailea da; Rodina alderdiko diputatua izan zen Duman, eta 2008tik Errusiako Demokrazia eta Kooperazio Institutuko zuzendaria da Parisen.
Aipatutako liburuaren tesia, lerro gutxitan esateko, honakoa da: Sobiet Batasunak XX. mendean munduko potentzia izatea lortu bazuen, ez zen izan 1917ko iraultzarengatik; izan zen II. Mundu Gerrako garaipenarengatik, eta garaipen hori, Gerra Abertzale Handia proklamatuz lortu zuten. Hau da, ideal komunista bazterrean utzi, eta Errusia Handia itzuli zenean hasi zen herrialdea nazioartean nor izaten… eta benetako arazo bihurtzen Mendebaldearentzat.
Eta horregatik, dio Narotxnitskaiak, Mendebaldeak edozein proiektu politiko onartu izan du Errusiarentzat (komunismoa, liberalismoa…) baldin eta ezbaian jarri badu herrialdearen naziotasuna eta lurraldetasuna. Liburuan gehiegikeria batzuk irensteko zailak badira ere –boltxebikeei buruzko teoria konspiratibo bat tartean–, merezi du autoreak joan den mendeko geopolitikari ematen dion errepasoak. Batetik, Errusian nahiko errotua dagoen ideologiaren isla delako; eta, bestetik, Europaren beste muturreko irakurleontzat bidea ematen duelako gure historia hurbilari begi berriekin so egiteko.
Liburua ez da II. Mundu Gerraren memoria bakarrik. Memoriaren gerrarako arma da: paralelismo interesgarri bat baino gehiago egiten du, adibidez, I. Mundu Gerraren osteko egoeraren eta 1990eko hamarkadaren artean, eta horren bidez esplikatzen ditu ekialdeko Europan azken urteotan ikusi ditugun prozesuak, Yugoslaviaren zatiketatik Ukrainako iraultza laranjaraino, ahaztu gabe NATOk Europa ekialdeko herrialdeak bereganatzeko egin duen lana. Prozesu horiek geopolitika britainiar klasikoan aspaldi errotutako printzipioei jarraitzen diotela uste du Narotxnitskaiak; AEBek tankerako printzipioak erabili dituztela; eta printzipio horiek Errusiaren interesen kontrakoak direla, noski.
“Borroka inperialistaren klabean ulertu behar dira horrelakoak” baieztatu du Asier Blasek telefonoaren beste aldetik, nahiz eta desberdindu egin dituen, adibidez, Georgian iazko udan izandako gatazka militarra, eta Ukrainako egoera. Bere esanetan Ukrainan, Errusia eta AEBen arteko lehiaz gain, barne faktoreak ere garrantzitsuak dira: ekialdea rusofonoa eta aberatsa da; mendebaldea, pobreagoa eta Mendebaldearen zalea; herrialdearen erdi batek berez jotzen du Errusiara, kanpotik tiraka ibili gabe.
Eta Europar Batasuna zer?
Filmeko hirugarren protagonista izan behar zuen, baina orain arte atzeko planoan geratu da EB, ozeanoaren beste aldeko aktorearen itzalean. Que reste-t-il de notre victoire? liburuko parterik interesgarrienean, azken kapituluan, etorkizuneko munduaz hitz egiten du Natalia Narotxnitskaiak. Kapitulu horretatik ateratako pasartea duzu hurrengoa: “Europak mundu unipolarraren osaketa hobetsi du, eta poztu egin da Errusiak Baltikoan eta Mediterraneoan posizioak galdu dituenean (...) Gaur egungo munduaren banaketak daukan helburu nagusienetakoa baliabide naturalen kontrola da; hori da egungo gerretan jokoan dagoena. Errusia Mediterraneotik isolatzeak rol garrantzitsua jokatzen du prozesu horretan, baita Itsaso Beltzetik eta Kaspiarretik isolatzeak ere”. Eta hori zergatik ote den galdetzen duzu. Bada, hor dagoelako “munduko energiaren elipsea” (ikusi mapa): planetaren petrolio erreserben %70 inguru biltzen da lerro urdinaren barruan; baita gas erreserben %68 ere. Eta horra Narotxnitskaiak Europari luzatzen dion gomendioa: inguru horietan AEBen gonapean ibiltzeari utzi behar diola, ez badu nazioarteko mapatik desagertu nahi. “Munduaren banaketa progresiboaren ondorioz, ia urtero esku-sartzeak izan dira herrialde subiranoetan –dio– baina interbentzio horien azken helburua ez da Europa indartzea”. Eta aurrerago: “Badirudi Europa ‘zaharra’ orain arte ez dela konturatu banaketa berriaren ondorioetako bat, ezinbestean, bere mundu mailako rolaren gainbehera dela”. Ondotik, Europaren eta Errusiaren arteko lankidetzaren aldeko apustua dator, eta azken puntuaren aurretik honako sententzia: “Errusiaren etorkizuna, Europaren etorkizuna da”.
Hala ote den edo ez baloratzea irakurlearen esku utziko dugu. Garbi dagoena da, krisi ekonomikoak zabaldu egin dituela arrakalak bestela ere pitzatzen hasia zen mundu unipolarrean. Aktore berriak datoz, beraien partea eskatzeko asmoz: Txina, Brasil, India eta... Errusia. “Europa berriz, urte askoan erreferentzia izan da politika multilaterala eskatzerakoan; baina praktikan, AEBek egiten dutenaren zain dago” diosku Asier Blasek. Horren adibide garbiena Frantziak eskaini berri du bere ustez, NATOren adar militarrera itzuliko baita 43 urtez kanpoan egon ondoren.
Urte batzuk beharko dira krisi ekonomikoak munduko herrialde bakoitza zein lekutan uzten duen ikusteko. Aurreikuspenak ez dira onak Errusiarentzat: Mundu Bankuak adierazi du 1998an baino makurtuago bukatuko duela herrialdeak orain –eta hori asko esatea da–. Asier Blasek ere, elkarrizketaren amaieran azaldu du epe luzera “gainbeheran dagoen potentzia” dela bere ustez.
Momentuz hor dago, Mendebaldetik banatua, erdian kristalezko murru bat balego bezala. Baina kokapenagatik, hedaduragatik, eta baliabideengatik, izango du zerbait esateko hemendik aurrera ere. Azken finean, ez ahaztu: “Errusia da munduko herrialderik handiena: gizon indartsuenak ditugu, eta emakume ederrenak...”.