"Jatetxe hauek ez dira errentagarriak, horregatik gara banaka batzuk"

  • Arrazoi zuen amonak: sukaldetik mundua ikusten da.

Andoni Luis Aduriz
Dani Blanco

Nola begiratzen dio chef-ak janaria zabor eta zaborra janari bihurtzen duen gizarteari?


Milaka urtetan eraiki duguna pare bat hamarkadatan desegiten ari gara. Gizarte tradizionaletan zure aulkia eta platera zeneuzkan, baina hortik aurrera ez zenuen ezer aukeratzen. Beti ordu berean jaten zen, beti zegoen huraxe, eta bakoitzaren funtzioak definitu bezain aldaezinak ziren. Egun, produktuen eskuragarritasuna demokratizatu da, batez besteko kalitateak gora egin du, baina jatearen testuingurua desitxuratzen ari da. Nahi duzunarekin, nahi duzunean, eta nahi duzuna jateko aukera daukazu, baina bizimoduak mahai-inguruko harremanak etetera garamatzala dirudi. Lehen, otorduak eguneroko bilguneak ziren, sozializazio espazioak. Orain, direnak eta bi egiten ditugu elkarrekin ez jateko. Nahiago dugu iritsi, dagokiguna jan, eta alde egin. Ez dugu momentua inorekin konpartitzen, bakoitza berera eta kito. Telefono mugikorra, Internet, egunkaria, telebista, lana… Denak dira auskalo noiztik datorren prozesua oztopatzeko aitzakiak.
 

Bizimodu horrek eragiten dio aho-sabaiari?


Logikoki bai. Bizi garen abiaduran ez daukagu ezeri sakonki erreparatzeko asti eta ohiturarik. Ahaztu egiten zaigu gure ekintza bakoitza bakarra eta errepika ezina dela. Ez janariarekin bakarrik. Ikuskizun batera noanean amaitu eta ordu-laurdenera hausnarrean ari naiz oraindik, sartu didatena asimilatzen. Ikuskizunean sartzea kostatzen zaidan beste kostatzen zait ateratzea. Baina ohartzen naiz salbuespena naizela. Jendeak ikuskizuna amaitzerako pizten du sakelakoa, denbora kontsumitzen du. Ez da jabetzen kontsumoa ez dela errekurtso materialak kontsumitzea bakarrik, eta denbora hain sutsuki kontsumituz, uko egiten diola gure errekurtso baliotsuenari. Ezin liteke etengabe hurrengo ekintzan pentsatuz bizi. Momentuan gertatzen dena galdu nahi ez badugu, kontsumo mota hori ezabatzera kondenatuta gaude.
 

Kontsumo mota horren aurkako aldarria da Mugaritz?


Horretan saiatzen gara. Oreka mantentzea zailtzen diguten mezuz bonbardatuta gaude, eta kontsumitu beharraren kontsumitu beharraz, aisialdi eskaintzak enpatxatuta bizi gara. Ez gaude horretarako prestatuak, ez digute selektiboak izaten erakutsi. Horregatik egin ditzakegunak baino bilera gehiago egiten ditugu, ikusi ditzakegunak baino telebista kate gehiago dauzkagu, irakurri ditzakegunak baino liburu gehiago... Hori hala, oasi bat izateko anbizioa daukagu Mugaritzen. Hamarnaka langile gaude gozamen momentu bat eraikitzeko. Hori bai, guk proposatzen dugu esperientzia, guk abiarazi, baina bakoitzak atera behar ditu bere ondorioak. Zergatik da asebetegarria txuleta bat jatea? Mekanikoki jaten badakigulako, tradizioarekin eta ikasi dugunarekin zuzenki lotua dagoelako, eta sortzen diguna ezaguna zaigulako. Baina hemen ez dago halakorik, uneoro egon behar duzu adi, uneoro zure barruan zokomiran. Gurean gertatzen dena ez dago etiketatuta, ez dizu beste inork esplikatu. Horregatik, ez bazatoz erlaxatuta, buru-begiak adi, eta ez baduzu ulertzen hau espektatiba truke bat dela, ez duzu sekula esperientzia behar bezala gozatuko.
 

Zure bezeroek sumatzen dute plater bakoitzaren gibelean dagoen lana?


%10a-edo. Pentsa, jauntxo kritikari gastronomikoak, teorian espezialistak izan behar luketenak, hain dira erromantikoak, sukaldaria bertan ez dagoenean jatetxea boikotatzen dutela. Baina zer burutan sartzen da hori? Goizean jaiki, azokara joan, eta bertan erositakoa prestatzen diedala uste dute, ala? Gurean 50 afaltiar daudenean, 680 plater ateratzen dira sukaldetik. Bakoitzak hamar pauso-prozesu eskatzen ditu, horrek esan nahi du zerbitzu bakoitzak 6.800 urrats eskatzen dituela. Horri gehitzen badiozu gure filosofia datzala dena momentuan egitean, nola arraio egin behar dut nik bakarrik hori guztia? Ezinezkoa da. Gainera gure hornitzaileekin dugun harremana hain da gertukoa, hain zuzena, denborarekin baizik ez dezakegula zaindu eta landu. Kuriosoa da, bertako produktuak erostea exotismoa bihurtu da, eta gauzak jendeak uste duena baino askoz konplexuagoak dira.
 

Plater batean ideologia transmititzea bezain konplexua?


Ikasten duzun zerbait da. Hasieran modu intuitiboagoan sortzen genuen, orain kontzienteagoa da dena. Bitxia dena da, orain arte egindakoa, gure nortasun zantzuak, lainoetatik paperera ekarri ditugunean kontraesanez betetako dekalogoa atera zaigula. Oso-oso kontraesankorrak gara, eta egiari zor, ilusio handia egiten dit erabat askatzen ez den korapilo batekin topo egiteak. Senez eta halabeharrez amaiera baten bila gabiltza etengabe, baina batzuetan onartu behar da kontraesanez beteta gaudela, eta istorioak ez duela zertan amaiera bat eskaini. Hori aintzat hartuta, jakina plater guztiak direla ideologikoak. Gaur egun, guztiarekin egiten duzu politika. Politika egiten ez duzunean ere politika egiten ari zara, zure nortasuna ukatzen ari zarenean ere zure nortasuna eraikitzen ari zara. Ezinezkoa da ideologiari iskin egitea. Arriskuek konpromisoa exijitzen dute, aukerek ardura, eta ez du balio betebeharrik gabeko eskubideak aldarrikatzea. Munduari aurpegira begiratzeko zarena garbi ukan behar duzu, eta nik gauzak konpartitzeko dudan modu nobleena, besteek ez daukaten zerbait eskaintzea da. Horretarako derrigortuta nago nire nortasuna landu eta etengabe baiestera. Naizenak zerikusia dauka nire jatorri, inguru, ibilbide eta bizipenekin, baina horri ez badiot nire izaera eransten zer daukat eskaintzeko?
 


Eskaintzeko daukazuna kanpoan etxean baino lehenago baloratu dela ematen du.


Alde horretatik globalizazioaren produktu bat naiz. Niretzat ez da sekula arazo bat izan, baina bai ohartu naizela kanpoan dena konkistatu dugunetik famatzen gaituztela etxean. Munduko hamar jatetxe onenen artean sartu gaituztenean, mundu osoko aldizkariak guri buruz idazten hasi direnean, eta atzerrian sariak irabazi ditugunean, jarri digute hemengoek arreta. Hemengoentzat oso arraroak gara, martziano batzuk. Gu gure buruarekin leialak izaten saiatu gara, horrekin obsesionatu gabe. Hemen errotuta dagoen produktu bat zergatik ezin liteke unibertsala izan?
 

Zer garrantzi ematen diezu Michelin izarrei, munduko laugarren jatetxe onenaren izendapenari...?


Alde batetik garrantzi izugarria daukate, eta bestetik ez dute ezer esan nahi. Errekonozimendu eta sari guztiak aukerak dira funtsean, konfiantza kredituak. Karta berri bat egiten dugunero paisaia abstraktuak marrazten ditugu, eta jendeak ez daki hori ona edo txarra den. Kritikariek ere zaharkituta dauden parametroetan neurtzen dute dena, horregatik ez dute bat parean jotzen. Bukatu da munduko jatetxe garrantzitsuenek janaria saltzen zuten aroa, gaur egun esperientziak saltzen ditugu. Hain gabiltza eremu abstraktu eta anbiguoetan ezinezkoa dela ona eta txarra definitzea. Orduan jendea fidatzen da adituen mundutxoak baieztatzen duenean jatetxe horretan gertatuko dena punta-puntakoa dela, ez dela adar-jotze bat. Hori hala, jendeak konfiantza ematen dit, eta horrek hanka sartu ahal izateko balio dit. Perspektiba neurekoienetik begiratuta, egunetik egunera libreago naiz. Konfiantza horri esker, hanka sartzen dudan egunean, gehiago baloratuko zait berritzeko borondatea emaitza bera baino. Bestalde, aldarean jartze hori aho-biko labana da. Animaleko espektatibak sortzen dira jendearengan eta inork ez du hanka sartze ñimiñoena barkatzen, izugarrizko perbertsio eta zitalkeriak eragiteraino.
 

Oso mundu polemikoa da zuena.


Ezagutzaren gizartearekin amesteko bidea emango zigulakoan informazioaren gizartea sortu nahi genuen, baina oso oker goaz. Gaur eguneko informazio erauntsiak denetik dakar ezagutza izan ezik. Batzuek gutxi eta ongi jateko esango dizute, besteek merke, urliak arin, sandiak biologikoa hobesteko... Eta zer arraio egin behar duzu zuk? Zure balio-eskala eraikitzera derrigortuta zaude, baina gastronomian balio nutrizionala eta ekonomikoa baizik ez dira nabarmendu. Ikusi besterik ez dago medioetan zenbat eta zer gaizki hitz egiten den gastronomiaz. Prentsari ez zaio egia interesatzen, titularrak nahi ditu, eta nahikoa da zure gezurra ustezko egia baten atzean ezkutatzea saltsa sortzeko.
 

Halako zurrunbilo batek hondoratu zaitzakeela pentsatzeak beldurtzen zaitu?


Gerta liteke baina ezin naiz horren beldurrez bizi. Mugaritz artisautza eta konpromisoa da, beraz oso hauskorra. Gertatzen dena gertatzen dela, ez dit inork kenduko gauzak ongi egin izanaren konbentzimendua. Badakit jende bat gu hankaz gora botatzeko desiratzen dagoela. Ez dago Interneten nabigatu besterik. Denboraren joanean gu pitzatzen saiatuko dira eta aukera dutenean jan egingo gaituzte. Oso erraz daukate. Badakizu zer arraroak garen? Badakizu zenbat jende izorratzen dugun politikoki zuzenak ez garelako? Baina ezin naiz beldurrez bizi. Bizitzan agertu dakizukeen damurik gorena izan zitekeena eta izan ez zenaren barne oihartzuna da. Horregatik nahiago dut nahi dudana eginez porrot egin. Hori arrakasta da niretzat.
 

Jendearentzat, menua 200 euro kobratu ahal izatea da arrakasta.


Amestu dugun proiektuarekin konprometitu gara. Ez dugu besteek baino talentu gehiago, izatekotan konpromisoak bereizten gaitu. Horregatik funtzionatzen du Mugaritzek. Jendeak ahanzten duena da gauden tokian egoteko sekulako errenta ordaintzen dugula, 45 soldata ordaindu behar ditugula hilero, hornitzaile onenei produktu onenak erosten dizkiegula... Hor ere begira zer paradoxa. Hainbesteko mudantza eman da gure balio-eskaletan betiko produktu naturalak delicatessen saltzen direla egun. Zergatik uste duzu Oreretako mendietan galdutako jatetxe bat munduko hamar onenen artean dagoela? Uste duzu amerikanoak tontoak direla? Shangain urtero ehun etxe-orratz eraikitzen dituzte eta uste duzu ez daukatela gu baino mila aldiz hobea den sukaldari talde batekin jatetxe bat irekitzeko dirurik? Kontua zera da, jatetxe hauek ez direla errentagarriak. Ez da kasualitatea munduko jatetxe hoberenen buruak idealistak izatea. Edozein enpresak baino arrisku gehiago hartzen dugu, baina bueltan datozen etekinak ez dira inolaz ere araberakoak. Horregatik gara banaka batzuk, ez dago besterik.
 

Nola kutsatzen zaio konpromiso hori Mugaritzera munduko beste puntatik lanera datorrenari?


Gerra egiteko bi modu daude. Bata, Napoleonena, atzeguardiako zure postutxotik zure alde hilko direnei aginduak ematea. Baina non gertatzen da hori? Nork sinesten du horretan? Bestea Che Guevararena, hiru kontatu eta denok lanean hastea, baina ni aurrena. Jendeak energiak belarrietatik gainez egiten dizula eta esaten duzunarekin koherentea zarela ikusten badu, zure alde egingo du, zure filosofiaz kutsatuko da. Aldiz, denak perfektua izan behar duela esan eta zu inpresentable bat baldin bazara...
 

Hemendik 20 urtera zure burua Che Guevararena egiten ikusten duzu?


Auskalo, baina ezetz espero dut. 37 urte dauzkat eta azken hogeietan piztia baten pare egin dut lan, egin eta zaindu behar nituzkeen gauza asko bazter utziz. Lana, lana, lana eta lana baizik ez dut egin. Alde horretatik ahitzen hasita nago. Beste hamar urte irauteko indarra badudala uste dut, baina hortik aurrera... Inork ez du Tourrik hogeita hamar urtez segidan korritzen, futbolari profesionalen karrerek asko jota hamabost urte irauten dute... Sukaldariek hil arte egon behar dugu egunero hamabost orduz gure proiektuan inplikatuz? Barizeak dauzkat, etengabeko buruko-mina, eta lau puta-semek polemika batekin ez badidate lehenago bizitza izorratzen bihotzekoak jota hiltzeko probabilitate handiak dauzkat. Denborak esango du, baina...

Nortasun agiria
1971ko ekainaren 13an jaio zen Donostian. Bertako sukaldaritza eskolan ikasi eta hainbat jatetxetan lan egin ondoren, 1998an zabaldu zuen Mugaritz. Sari askoren irabazle, egun Restaurant aldizkariak kaleratzen duen zerrendaren arabera munduko laugarren jatetxe onena da Mugaritz.
Plater borobila
“Platerak sortzea erraza da, baina goitik beherako platerak sortzea oso zaila. Borobila izateko plater batek gastronomikoki ona, teknikoki oso ongi gauzatua, eta pitzadurarik gabea izan behar du”.
Sortzeko
“Sukaldaritzan sortzea beste edozein diziplinetan bezalakoa da. Ezer baino lehen, oso garbi ukan behar duzu sortzen hasteko asko ikusi, ikasi, pentsatu eta irauli behar duzula. Edozer izan liteke abiapuntu, tilin egin eta mekanismoak martxan jartzeko”.
AZKEN HITZA
37 urte
“Sortu dudan plater zoragarrienetakoa iaz sortu nuen. Almendra fresko batzuk hartu, lorategiko pare bat lore nahastu, oliba olio eta gatz apur bat bota, eta kito. Egun hartan inork segitu izan banindu, plater hura sortzea bi minutuko kontua izan zela pentsa dezake. Baina ez, 37 urte kosta zitzaidan”.

Azkenak
2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


2025-01-31 | Uriola.eus
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan zuen atzo, sindikatuen arabera

Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza

Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.


2025-01-30 | Julene Flamarique
Erantzukizunak eskatuko dituzte Zaldibarko tragediaren bosgarren urteurrenean

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]


Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]


2025-01-30 | Leire Ibar
Osasun publikoaren alde otsailaren 1ean Bilbon, Gasteizen eta Donostian kaleak betetzera deitu dute

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]


2025-01-30 | Julene Flamarique
“Irabazi egin dugu”: Burlatako etxegabetzea gelditu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


2025-01-30 | Leire Ibar
EITBko Euskara Batzordeak salatu du euskararen eskakizuna baztertu dela zuzendaritza postuetan

EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]


Adifek dio AHTko obretan salatutako lan-esklabotza egoerak “gezurra” direla

AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".


2025-01-30 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza 2025eko udal aurrekontuetan sartzeari

Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.


2025-01-30 | Ahotsa.info
KarKarCar, mugikortasun kooperatiboko proposamen berria Iruñerrian

Kar Kar Car auto elektrikoen erabiltzaileen kooperatiba ibilgailuen flota handitzen eta bere zerbitzua Iruñerriara zabaltzen ari da.


Eguneraketa berriak daude