Manifestazio txiki bat egin zen martxoaren 13an Atlantikoko ugarte txiki batean: ziento bat militante ezkertiar, Gobernuz Kanpoko Erakunde borrokalarienetakoak, tartean ATTAC mugimenduaren Bretania eta Normandiako batzordeetakoak, Jersey ugarte txikian paradisu fiskalen kontra aldarri egiten. Zehaztasunez mintzatzekotan, ez zen manifestazioa, osteratxoa baizik (déambulation definitu dute fransesez), manifestazio publikoa egiteko baimena eskatzen hasi balira antolatzaileek igoal behar izango zizutelako zortzi hilabete hura lortzeko.
2001ean bai egin zuten manifestazioa hirurehun militante inguruk, Etonnants Paradis leloa (Txunditzeko moduko paradisuak) sostengatzeko. Aurtengo kalejirak Paradis Fiscal, Enfer Social (Paradisu fiskala, infernu soziala) zeraman aldarrikapentzat. Martxoaren 12an Bretainiako Saint-Malon elkartu, ferria hartu eta berrogei lagun heldu ziren Jerseyko Saint-Hélier hirira, han bertako militante gehiagorekin batzeko.
Ekitaldiaren hasieran deialdiaren antolatzaile nagusietako ordezkariak mintzatu ziren, Tax Justice Network mugimenduko John Christensen eta Saint-Maloko ATTACeko Jacques Harel. Tax Justice Networkek euskaraz “Bidezko Zergak Sarea” esan nahi du eta ATTAC dira frantsesezko siglak munduan egiten diren finantza salerosketei zerga berezia ezartzea eskatzen duen mugimenduarenak.
Bi egunetan bilkura eta hitzaldiak egin zituzten irlara bilduek, eta 13an ibilaldia, 11 gunetan geldituz, bankuen atarietan ia beti. Turistek eta herriko jendeek harriduraz begiratzen omen zieten. Azken geldialdia Jerseyko gobernuaren sarreran burutu zuten, salaketazko pankartak erakutsiz. Bazkalostean, hurrengo hilabeteetarako planak adosteko batzarra egin zuten han bilduek.
Informaziook ATTACen gunean eskaini ditu Genevieve Coiffard-Grosd-ek. Bera da kronika hau hornitzen duen argazkiaren egilea ere. Gainerakoan, oihartzunik kasik ez du eduki albisteak komunikabideetan. Baina gaia aktualitate betekoa da: paradisu fiskalak salatzen eta horien kontrolatzea eskatzen duten mugimenduek –ATTAC edo Tax Justice Network bezalakoek– oso minoritario izaten segitzen duten arren, aldi berean krisi ekonomikoak bortxatu ditu gobernuak bezala adituak haien eskakizunak berenganatzera.
Azken hilabeteotan komunikabide nagusietan paradisu fiskalak aipatzean militante horiek mila bider salatutako herrialdeak izendatzen dituzte, mapa eta guzti. Asko Karibe itsasoan eta Itsaso Barean daude, baita Europan bertan ere. Areago, behin eta berriro paradisu fiskaltzat hartuak izatea saihesten zuten herrialde batzuk –Suitza, Liechtenstein eta Luxenburgo, bidenabar– zorpean dauden estatu handien presioak jasaten ari dira jardun ekonomikoa gardenagotu dezaten.
Azkenean, azken hamarkadotako politika neoliberalek sekulako diru-zuloa eragin dutenean, hura konpontzeko estatuek kapital multzo izugarriak behar dituzte, eta derrigortuta daude iruzurretan eskapo egindako sosetako batzuk bederen eskuratzera. Joan den astean Argia honetan bertan Daniel Udalaitzek xehetasun osoz azaldu zuen paradisuon izaera.
Normandiako itsas-hegitik dozena eta erdi kilometrotara egon arren britaniarra da Jersey ugartea, paradisu fiskalen adibide tipikoa. Izenez independientea eta Commonwealtheko kidea, Jersey txikia estu lotuta dago Londresko finantza gunearekin, hau bera ere askorentzako beste paradisua delarik. Bretainiako Saint-Malotik bertara doan ferryak honela publizitatzen du bere burua: “Condorferries, l’évasion est déjà à bord”. Alegia, baporeak itsasaldi laburrean eskaintzen dizula ihesa, disimulu gutxirekin esanda.
Ihesa da Jerseyren negozioa, hain zuzen. Ez hainbeste turistak bilatzen duen ametsezko ihesa, ordaindu beharreko zergak saihesteko txanponak harantza daramatzaten aberatsen eta korporazioena baizik.
Zer moduz bizi ote dira paradisu fiskal horretan planeta osoa estali duen ekaitzaren erdian? Hori jakin asmoz joan zen udazkenean Olivier Cyran kazetari frantsa Jerseyra eta txangoan ikasitakoa abenduko Le Monde Diplomatique hilabetekarian aurkeztu: La tourmente financière vue d’un paradis fiscaltzen, informazio txit interesgarriekin.
Jersey munduko hirugarren herrialde aberatsena da biztanleko barne produktuari dagokionez, aurretik Luxenburgo eta Berdumak baino ez dauzka. 600.000 milioi euro zeuden bertako funtsetan inbertituta. Ez da marka txarra pentsatzen bada munduko paradisu fiskal guztien artean bederatzi-hamar bilioi dolar daudela sarturik.
Duela bi urte arte atzerriko enpresei irabazien %10 kentzen zien –alderatu hemendik aipatzen diren %28-33ko zifrekin–, baina geroztik konpetentzia egiten dion Man ugarte txikiak zerga hori erabat kendu zuenez, Jerseyko gobernuak gauza bera egin zuen.
Nork ordaindu behar ditu orduan Estatuaren gastuak? Bertako biztanleek. Goods and Services Tax (kontsumoaren gaineko zerga berria) asmatu du Gobernuak. Edozein salerosketaren gainean, %3ko zerga berezia. Cyranek zerga horrekin haserre aurkitu zituen jerseytar gehienak... baina kasik inor ez da ausartzen ozen esatera.
Jerseyn ez baita ez oposizio ganorazkorik, ez komunikabide independienterik eta ez sindikaturik, salbu ospitalean eta garraioetan.
Lan orduek ez dute mugarik, kanporatzeak ez dakar kalteordainik, langabeziako saririk ez da eta greba eskubidea oso zorrotz dago kontrolatuta.
Frank Walker lehen ministroa aurretik Barclays bankuko nagusietakoa izan zen eta 2005ean saldu zuen arte Jersey Evening Post egunkaria berea zuen. Gobernuan dauzkan 10 ministroetatik sei multimillionaire dira. Ugarteko lau langiletik bat ere bankuetan ari da, mundu osotik heldutako diruaren epelean. Baina krisia heldu da honaino ere. Berrikitan itxia dute Saint Hellierreko komertzio handiena, Woolworths: 80 behargin karrikara.
Neil McMurray arrantzalea zen besoa galdu zuen arte, eta orain blog bat animatzen du. Honela mintzatu zaio kazetariari: “Hemen diru-gosea besterik ez dago. Gazteak urrun doaz, lanik ez delako bankuetan ez bada. Finantzen monolaboreak dena du irentsi, nekazaritza, arrantza eta baita turismoa ere. Jendea haserre dago, baina baita akojonatuta ere, hori da benetako arazoa. (...) Krisiak eramango al ditu finantzak porrotera, baita asko lanik gabe geratzen badira ere, nire emaztea barne”.
Argazki oina: ATTAC mugimenduaren gunean Genevieve Coiffard-Grosd-ek ipinitako argazki handiak erakusten du Jerseyko Saint-Hélier hiriburuan martxoaren 13an militante altermundialistek burutu zuten manifestazioa. Paradisu fiskaletako egitura iruzurtiak desegitea eskatu zuten, horrela aurretik girotuz apirilaren 2an Londresen G20ko buruzagiek egin beharreko bilkura.
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak azaldu duenez, astelehenean Donostian egin duten bisita instituzionalean.
Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]
NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]
AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]
Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.
Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]
89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.