Elkartasuna diasporatik

  • Badira gure artean jaioterria eta ahaideak Ekialde Hurbilean dituzten palestinar eta juduak. Bi aldeekin mintzatu ostean, ondorioa galdera moduan: nola ikusiko dute berdin lurralde bera, bizitza osorako iheslari denak eta turista udatiarrak?
Lander Arbelaitz
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Atzerrira zeraman autoaren leihotik 18 urterekin ikusi zuen azken aldiz Thamer Birawik Asira Ashamalia jaioterria, Palestinan. Alde batetik Israelgo polizia sekretuaren presioak. Bestetik, ekonomia izozturik duen lurralde batek gazteak hezi eta merkaturatzeko dituen zailtasunak. Atzerrira joatea erabaki zuen, beraz, eta hainbat herrialde ezagutu ondoren, Tolosan bizi da egun. Etxetik atera zela hiru hamarkada igaro diren arren, ongi gogoan du olibondo sailak atzean utzi zituen eguna. Oroitzen du agurraren unea, ama etxean ezkutatuta negarrez aurkitu zuela eta haren “benetan joango al zara?” galderak arima zatitu ziola. Ordutik ezin izan du etxera itzuli eta han du bihotzaren zati bat.
 
Gipuzkoara duela hamalau urte iritsi zenetik bost familia palestinar ezagutu ditu, eta bere hitzetan komunitate palestinarrik ez da Euskal Herrian. Hala ere, baieztatu du, inongo zalantzarik gabe, Israelekin duten gatazkan euskaldunen gehiengo handia palestinarren aldekoa dela. “Bai hemen, baita munduko leku askotan ere, jendea palestinarren alde dago, kausa palestinarra kausa justua dela sinesten baitu gehiengoak”. Palestinarrei nola lagundu galdetzera, babesa ematera edo Israelen ekintzen aurrean elkartasuna adieraztera joaten zaio jendea Tolosan bertan. Era horretako atxikimenduek asko pozten dute Birawi.
 
Dena den, bere hitzetan Israelen aldeko jendea ere bada hemen eta besteak beste, El Diario Vasco egunkariarekin haserre da: “Ikaragarria da nola estaltzen dioten ipurdia Israeli, beren irakurleek estatu horren aurpegi kriminala zein den ezagutzerik ez dute nahi”. Hemen bizitzen daramatzan urte guztietan ez omen du sekula irakurri aipatu egunkarian Israelen ekintzak nabarmen utzi dituen artikulurik. “Noizbait, Israelek egindako krimenen bat aipatu behar badu, bi aldeei ematen die egurra”.
 
Israelen defendatzaileak ere, ordea, komunikabideen kexu dira. Sinagoga ondoan, Baionako Juduen Elkartean daukan apartamentuan hartu gaitu Knafo Méir errabinoak, Euskal Herriko juduen ordezkari gorenak. Méir bera ez dago ados hedabideek Gazaren kontrako erasoaldiari eman dioten trataerarekin. “Hedabideek irudi ikusgarriak nahi dituzte, horrela ikuslea kolpatu eta zer pentsatua emateko”. Bere iritziz, Mendebaldeko hedabideek hildako palestinarrak soilik erakutsi dituzte egunero, eta hildako israeldarrei berriz ez diete trataera seriorik eman.
 
Zenbaki ofizialen faltan, Euskal Herrian 120 bat familia judu bizi direla kalkulatu dute Baionako Juduen Elkartean, ia denak Ipar Euskal Herrian. Komunitateko kiderik gehienak sefardiak ziren –1492an Gaztelako Erresumatik eta geroago Nafarroakotik kanporatu zituzten juduen ondorengoak–, baina urteekin hainbat lekutako kideak elkartzen joan zaizkie. XV. mendean Bidasoaren bestaldean pausatu zirenean “sinesdun berriak” ezizena jarri zieten arren, askok ezkutuan eutsi zieten tradizio eta ohitura juduei. Egun, ospakizun bereziak aparte utzita, Sabath egunetan gutxienez biltzen dira, otoitz egin eta gazteenei beren kultura irakasteko.
Knafo Méir-ek Marokon jaiotako guraso sefardiak ditu, Casablanca edo Dar-el-Beidan, bera Parisen jaio zen eta Israelen errabino ikasketak egin ostean, lau urte daramatza Baionan erlijio jardunean. Bera bai, bera izan da azkenaldian Israelen. Gurasoak han ditu bizitzen orain eta Jerusalema joan ohi da oporretan, ia urtean behin. Asko gustatzen zaio herrialdea, klima eguzkitsuaz gain, bertako giroagatik. Ongi etortzen ei zaio atseden hartu eta otoitz egiteko. Errabino gaztea da, 30 urte ditu eta Israelen defendatzaile sutsua da, berak hala aitortuta.
 
Harro kontatu digu juduek Lapurdiko portu honetatik sartu zutela Europa osora kakaoa lehen aldiz Hego Ameriketatik ekarrita. “Kokatu diren herri, gune edo herrialde bakoitzari ekarpenak egiten jakin izan du herri juduak”, dio. Gizartean integratuta daudela dio eta horren arrazoietako bat, herritarrei irribarre egiten jakin izan dutela.
 
Errealitatea, desadostasun iturri

1948an, Israelek ordura arte Britainiar inperioaren menpe zegoen Palestinako lurraldearen %55 inguruan estatua eratu eta independentzia aldarrikatu zuen. Ordutik, makina bat alditan tindatu da lurzorua gorriz Ekialde Hurbileko herrialde ezberdinetan. 60 urteren ostean, azken gudaldi gogorra orain hiru hilabete hasitakoa da. Iazko abenduaren 27an ekin zion Israelek Gazako lurraldearen aurkako erasoaldiari. 23 egunetan, airez, itsasoz eta lurrez bonbardatu zuen Gazako lurraldea Hamas erakundea desegin nahian. Palestinako Giza Eskubideen aldeko erakundeen datuen arabera 1.417 palestinar hil zituzten, erdiak baino gehiago zibilak, eta beste 5.500 zauritu. Hamasek etxean eginiko koheteak jaurtitzen jarraitu zuen Israelgo lurraldera epe horretan ere. 14 israeldar hil ziren guztira, 11 soldadu eta hiru zibil. Beste 518 zauritu ziren. Egun, bi aldeek su-etena sinatuta badute ere, elkarri erasoan jarraitzen dute.
 
“Gerra guztiak dira mingarriak, bi aldeentzat... –hasi da Knafo Méir–; baina albo batean Israelgo Estatua dago, koheteak jasan dituena eta denbora luzean mehatxatua; eta bestean, Hamasekoak daude. Hauek ez dute bakerik negoziatu nahi eta beraien erruz, guda honen preso izan diren Gazako biztanleak dira biktima. Israelek ez zuen inondik ere gerra hau egin nahi, baina Hamasek berearekin jarraitu zuen eta azkenean, gertatu dena gertatu da”.
 
1.417 hildako ez ote zaion neurriz kanpoko erantzuna iruditzen galdetuta, hildako bakoitza asko dela erantzunez saihestu du Méir-ek itauna: “Hildako bakarra gehiegi da; 1.417 palestinarrena drama ikaragarria da, Israelgo hildakoena drama ikaragarria den bezala”. Behin elkarrizketa amaituta, Israelen erantzuna “pixka bat basatia” (frantsesez “un peu brutal”) izan zela komentatu du, baina beti ere, erantzuna justifikatuta zegola.
 
Thamer Birawik badu barnean bakean uzten ez duen sentimendu bat: Nolabait Israelgo politikaren partaide izanarena. “Biztanlerik gabeko lurrak nahi ditu Israelek, horregatik behartzen ditu gazteak beren herria uztera. Hori Israelen politika ofiziala da eta esan liteke ni ere horren partaide izan nintzela”. Pentsamendu hori behin eta berriro datorkio burura, eta agian hori izango da arrazoietako bat, ahal duen neurrian Palestina diasporatik lagundu nahi izateko. Egun, zenbait hedabiderekin kolaboratzeaz gain, hilean pare bat alditan Euskal Herriko gaztetxe eta elkarteetan hitzaldiak eskaintzen ditu.
 
Irungo Hazia elkartean 40 bat pertsonaren aurrean, okupazioaren egoera salatu eta azaltzen egin ditu hiru ordu. “Guztiz blokeaturik dagoen lurralde batetik, non janaria, lehengaiak eta medikamentuak sartzeko ere ikaragarrizko arazoak dauden, koheteak jaurtitzen direlako kexu dira? Baina zer beste egin dezakegu? Gure seme-alabak gosez nola hiltzen diren ikusi?”. Birawiren ustez, Israelek gauza bakarra egin du: herri palestinarra suntsitzeko metodo berriak etengabe asmatu, eta hor sartu ditu Gazako blokeo ekonomikoa eta azken erasoaldia. “Herri baten suntsiketatik sortutako estatua da Israelgoa, eta horrek erakusten du geneetan daramala jarrera kriminal hau”.
 
Bere hitzetan, Israelen arazorik handiena palestinarren bihotzetan erresistentziak duen babesa da, 60 urteko okupazioaren ostean oraindik borrokan jarraitzeko duten borondate tinkoa da. Horrek makurraraziko du Israel, bere ustez.
 
Antijudaismoa gora

Frantzian, Israel eta AEBen ondoren munduan judurik gehien bizi den hirugarren estatuan, Gazaren kontrako erasoaldiak juduen aurkako jarrera nabarmen bultzatu duela aipatu du Baionako errabinoak. Euskal Herrian aipatzeko moduko ezer gertatu ez bazaie ere, Okzitaniako Tolosan eginiko manifestazio jendetsuetan sinagoga bat erretzeaz gain, “juduei heriotza!” bezalako garrasiak bota zituztela dio. “Hemen ez dugu arazorik izan eta eskerrak, ongi integratuta gaudenaren seinale, baina Israel horrelako guda batean sartzen den bakoitzean asko sufritzen dugu diasporan bizi garen juduok”.
 
Errabinoak dioenaren harira, zenbait analista politikoren ustez Gazako azken erasoek nazioarteko iritzi publikoaren balantza palestinarren aldera okertzeko balio izan du eta hori dute palestinarrek euren armarik indartsuena. Israelek kazetarien sarrera debekatu izana gogor kritikatu dute nazioartean, eta hori akatsa izan dela aitortu du errabinoak. Bere ustez, ez zuten zertan inolako sarrerarik debekatu, Israelek ez baitzuen ezkutatzeko ezer. Horrez gain, arrazoiketa originala egin du Knafok neurri horri buruz: “Gerra oso gogorra izan zen eta segurtasun neurri bat izan zela uste dut; Israelek kazetariak babesteko hartu zuen neurri hori”. Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, bi kazetari hil zituzten Israelgo soldaduek.
 
Gazan barnean zeuden zenbait kazetari eta zibilek hartutako irudiek ordea, Israelek ezkutatzeko moduko ekintzak egin zituela erakutsi dute. Zibilen aurka debekatutako armak erabili izana frogatu dute, beste zenbaiten artean fosforo zuria. Nazioarteko zenbait erakundek urtarrilaren 5ean salatu zuten aipatu materiala erabiltzen ari ziren, eta argazki-frogak makina bat aldiz ukatu ostean, urtarrilaren 23an, azkenean, Israelgo militarren bozeramaileak, fosforo zuria erabili izana aitortu zuen.
 
Lobby sionistek munduan duten botereaz harrituta mintzo da. “Gezurra da juduok hedabideen gainean kontrola dugula, bestela ikusi zenbat hildako haur palestinar erakutsi dizkiguten hedabideek azken hilabeteetan”. Hori ezin omen zatekeen gerta hainbestetan aipatzen den kontrol mediatikoa egiazkoa balitz. Baina, dioenaren kontra, eta beste askoren artean, munduko hiru hedabide eta ikuskizun elkarterik handienen jabe dira: Time Warner Inc., Walt Disney eta Rupert Murdoch-en News Corporation.
 
Urruntasunaren distantziatik

Bi protagonistak ados daude gauza batean: “Munduko lurrik borrokatuena” bezala ere bedeinkatua izan den eremutik 3.500 kilometrora bizitzeak analisirako gaitasun handiagoa ematen duela. “Okupazioaren eguneroko bizitza gogorretik urruntzeak laguntzen du ideia, soluzio eta proposamen berriak pentsatzeko orduan; beste optika batekin ikusten da gauza”, dio palestinarrak. Hala ere, kanpotik gauza modu batean ikusi arren, barnean bizitzea beste gauza bat dela dio. Méir ere beste perspektiba batez mintzo da. “Israelen kezkarik nagusiena ia etengabe segurtasuna da; kanpotik zabalago ikusten dugu gauza. Diasporako kideok Israel babestu behar dugun arren, kritikoak ere izan behar dugu eta ezin dugu edozer gauza itsu-itsuan onartu”.
 
Egoera ez da erraza. Knafo Méir-ek nazioarteko estatuen laguntza eskatzen du palestinarrekin duten arazoa konpontzeko. Nazioartearekin nekatuta eta nazkatuta dago Thamer Birawi ordea. Orain aste batzuk, Egipton Gaza berreraikitzeko biltzarrean, 4.135 milioi euro bildu zituzten herrialde ezberdinek. “Palestinak ez du dirurik behar, Palestinak askatasuna eta estatu propioa behar ditu, eta aspalditik gainera. Europar Batasunak bere diruarekin erosi egin nahi gaitu eta honela, guk Troiako zaldiari ateak irekitzea. Eskatzen diguten gauza bakarra Israel aitortzea da, ez bere aurka borrokan jarraitzea. Ez dira konturatzen hori ezin dugula onartu egungo egoeran”. Bere hitzetan, “Nazioarteko Komunitatea” deituriko herrialde horiek berak izan ziren Israel sortu zutenak, beren herriari sufrimendua besterik ekarri ez dion estatua.
 
Israel legearen gainetik dagoela onartu dutela, eta palestinarrek ez dutela onartuko Israel estatu berezia denik dio, gainontzeko estatu guztiek baino eskubide gehiago dituena, nahi duen guztia egin eta gero ordaindu beharrik ez duena. Israelgo okupazioaren, arrazismoaren eta Israelgo krimenen aurkako erresistentzia ikusten du soluzio bakar. Bere hitzetan, ez da beste soluziorik asmatu oraindik. “Eman adibide bat, non herri zapaldu bati, borrokatu gabe, zapaltzaileak bere eskubide guztiak bueltan eman dizkion. Ez dago”.
 
Gazako erasoaldia amaitu berritan, bakearen eta elkarrekiko errespetuaren aldeko mezua bidali nahi izan zuten Knafo Méir-ek eta Baionako talde islamiarreko buruak sinagogako lorategian. Bertan, bi komunitateetako ordezkariek “Bakearen Zuhaitza” landatu zuten. Horrelako ekimen gehiagoren beharra azpimarratu du errabinoak.
 
Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak, baina begi bat ekialdera jarrita, eguneroko bizitzan murgilduta bizi dira biak. Knafo Méir sinagogako lanetan, eta Thamer Birawi idazle, analista politiko eta euskara, ingelesa eta arabiera irakasteko bere akademian lanean. Belaunaldi berriek bakea eta justizia ezagutuko dutelakoan dago Birawi. “Palestinarrok gauaren amaiera behingoz iristea nahi dugu, nahiz eta badakigun ziurrenik gure begietara ez dela eguzki izpirik iritsiko. Hori onartzea tristea da, baina barne-poza ematen digu jakiteak gure seme-alabek, hainbesteko sufrimenduren ostean, azkenean, eguna argitzen ikusiko dutela”. Etorkizunaren aurrean baikor da. Horregatik jarri zioten emazteak eta berak hiru urteko alaba gazteenari Amal izena, galtzen den azken gauzari arabieraz ere esperantza esaten baitiote.

Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude