Aurrean dudan andreak zehaztasun handiz kontatu dit istorioa: “Mutiko hura, Omar, taxiko leihotik eskuarekin agur egiten ari zitzaidala ikusi nuenean, ez nuen ulertu zer gertatzen ari zen. Arratsaldeko zortziak ziren eta handik pixka batera bere ama etorri zitzaidan, semetxoa dendan ez zegoela eta ez zuela aurkitzen esanez. Nik taxiarena esan nion, eta emakumea, lur jota, negarrez hasi zen. ‘Ai Blanca! Nire Omar eraman dute, gerrillak mendira eraman du!’ oihu egiten zuen. Omarrek 12 urte besterik ez zituen. Orduan ulertu nuen laster etorriko zirela nire alabaren eta bi iloben bila; orduan jakin nuen gerrillarien hizkeran esaten den bezala nire chamak (neskatilak) poltsan eramateko modukoak zirela, mendirako prest zeudela alegia… Neskek beraiek kontatu zidatenaz gogoratu nintzen orduan: behin, eskolatik irteterakoan motorrean zihoazen mutil batzuk ondoan geratu zitzaizkien eta haiekin joan zitezen esan zieten, komandante gerrillari batek beraiekin hitz egin nahi omen zuen eta. Ulertzen didazu? Hortaz, handik atera behar nituela erabaki nuen, eta goizaldeko lauretan etxetik irten eta denok kamioi batean ezkutatuta iritsi ginen Venezuelara, agiririk gabe. Hango izeba bati deitu nion, eta bila etortzeko taxi bat bidali zigun”.
2000ko hamarkada hasieran, Álvaro Uribek gidaturiko Kolonbiako Gobernuak eraso militarra jo zuen gerrillak kudeatzen zuen lurralde zatiaren kontrola berreskuratzeko. Hala, narkotrafikoan eta gerrillan oinarritutako oreka ezegonkorra hautsi zen. Nekazariek koka landarea landatu eta hostoak trafikatzaileei saltzen zizkieten, eta gerrillak narkotrafikoaren gaineko zerga kobratzen zuen, ‘vacuna’ delakoa. Testuinguru horretan, ejertzitoak Amerikako Estatu Batuen Kolonbia Planarekin finantzatutako eraso militarra jo zuenean, erasoari aurre egiteko, gerrillariek, beren burua jazarrita ikusi zutenez, presio handiagoa egin zuten borroka lekuetan bizi ziren neska-mutiko eta nerabeak erreklutatzeko. Horrela hasi ziren Blancarentzat “infernuko zortzi egunak”:
“Hirigunean bizi ginen. Gerrillari taldeak eta paramilitarrak eguneko eta gaueko edozein ordutan iristen ziren, batzuk uniformez jantzita eta besteak kale jantziekin. Hitzordua jartzen ziguten; beraien bileretara joan eta taldekide bihurtu behar genuela esaten zuten, baina ni ez nintzen joaten ez batzuen eta ez besteen deialdietara. Zortzi egun generamatzan presio oso handiarekin; borroka, tiroketak, torturak, hildakoak… pairatzen genituen egunero. Baina Omar eraman zutenean, orduan jakin nuen helburua ez zela ni presionatzea, nire neskatilak eramatea baizik”.
Koka biltzen duten haurrak
Talde armatuek hainbat motatako indarkeria erabiltzen dute haur eta nerabe kolonbiarren aurka. Blancak gogoan du neskatilak salbatzeko ihes egin behar izan zuen garaia. Garai hartan narko-gerrillariek agintzen zuten bere eskualdean. “Indarkeria, bonba-autoak, tiroketak, bonba-motoak, vacuna (estortsioa) ziren gure eguneroko ogia. Pentsa, bonba-bizikletak ere bazeuden, lehergaiez kargatutako bizikletak. Baina guk dena jasaten genuen, gauzak horrela egonda ere herrian dirua mugitzen zelako eta aurrera jarraitu genezakeelako; nik janari lasterra eta chanceak (loteriako txartelak) saltzen nituen”. Emakumeak raspachin taldeak zeudela kontatu du, hau da, narkotrafikatzaileentzat koka hostoak biltzen dituzten haurrak. “7 edo 8 urteko umeak ziren; koka harraskatzen lan egiten zuten eta diruz betetako poltsatxoekin ibiltzen ziren. Lan egin ondoren asko edaten zuten, guztiz kontrolik gabe ibiltzen ziren”.
Neskak: amu eta esklabo
Talde armatuek ez dute sexu bereizketarik egiten. Mutikoek kanoi bazka gisa balio dute gerrarako. Neskatilek ere agian horretarako balioko dute baina ez horretarako bakarrik… “Zenbat eta otzanagoak” hobe. Neska gazteak, askotan, gatibutasun sexualerako erabiltzen dira: gudarien atsedenerako. Gainera, neskak amu bezala erabiltzen dira maiz, mutikoak “goxatu”, maitemindu eta talde armatuetan sarrarazteko.
Andre honen eta bere alaba eta bi iloben historiak, zorionez, bukaera zoriontsua izan zuen. Venezuelan dagoen Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuak (SJR) emandako laguntzari esker, bizitza berri bat hasi ahal izan zuten estatuko mugan dagoen Apure herrian.
Alabaina, Kolonbia eta Venezuelaren arteko muga markatzen duen Arauca ibaia zeharkatzea lortu zuten chamak oraindik ere erreklutatuak izateko arriskuan daude, izan ere Kolonbiako gatazka Venezuelara iritsi baita eta horrek hirietako segurtasun falta areagotu du. Talde armatuek Venezuelako mugan dauden lurraldeetan jarraitzen dute erreklutatzen. Oraintxe bertan, gatazkan sartzeko gazte bila dabil hainbat talde armatu, lurraldearen kontrola lortzeko gerran espia edo sikario lanak egin ditzaten. Talde horiek bete dute Venezuelako Estatuak utzitako hutsune instituzional eta juridikoa. Iturri seguru batek esandako hitzak errepikatuz, “mugan, Venezuelako Estatuaren instituzionaltasuna miaketa hutsa baino ez da” eta, ondorioz, miaketa ez den oro herritarren arteko artekari lanak egiten dituzten talde armatuek hartzen dute bere gain.
Komandanteak, printzearen pareko
Indarkeria orokortuta dagoen inguruetan, batzuetan, neskatilak erreklutatzera etortzen diren komandante gerrillariek babes eta segurtasun irudia ematen dute. Bestela esanda, gerrillariek maitagarrien ipuinetako printze urdinaren arketipoa irudikatzen dute: jauregia mendiko kanpamentu segurua da, ezpata AK-47 fusila, eta menpekoak berriz, aginduak betetzen dituzten mutikoak. Erraz ulertu daiteke zergatik mugako neskatila askok bere burua Errauskineren lautadetako bertsioarekin identifikatzen duten.
10 eta 11 urte inguruko bi neskatxa politen ama den andre venezuelar baten begietan urduritasuna eta ezintasuna nabari dira: “Zer egingo dut nire umeak gerrillari batekin maitemintzen badira?” Ez dakit zer erantzun; aterpe eskean dabilen eta ia hamar urtez alaba ikusi ez duen emakume kolonbiar baten eguneroko samin garratza datorkit gogora: “Gerrillari batekin maitemindu eta berarekin joan zen”. Alabak 13 urte baino ez zituen.