Ni zurekin ezkondu? Ni zurekin ja jai!

  • Jose Luis Elorza (PSE-EE) eta Xabier Ezeizabarrena (EAJ) eserarazi ditugu elkarren ondoan. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen biharamunagoan solastatu ginen. Lehendakaria nor izanen den ezagutzeko asteak beharko dira, artean giro politikoaren tenperatura hartu dugu.
Ezeizabarrena eta Elorza
Egoera politikoa zaila izan arren, Jose Luis Elortza (PSE-EE) eta Xabier Ezeizabarrena (EAJ) solaskideek ez dute aurreikusten hauteskundeak berriz ere burutu behar izatea.Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Juan Jose Ibarretxe edo Patxi Lopez. Nor izanen da lehendakari? Horixe da elkarrizketa honetan dilema nagusia. EAJ eta PSE-EE izan dira solasaldiaren ardatz nagusia, alderdi bozkatuenak biak hala biak. Alabaina, solaskideek hauteskundeetako emaitzez ateratako beste ondorio batzuk aurreratuko ditugu. Ñabardurak ñabardura, biek bat egin dute baieztapenotan:

“Biek hala biek demokratikotzat jo dituzte hauteskundeak nahiz Eusko Legebiltzarra. PPri emaitzak balekoak izan zaizkio, alderdi giltzarria bihurtu baita. Aralar –legaltasunean ari den– bigarren alderdi abertzalea bihurtu da eta goranzko joera hartu du. EAren bidea agortuta dago. EBren krisia gogorra eta estrukturala da. Halaber, politika jardun oso zaila dela baieztatu da.

Lehendakariaren hautaketa oso delikatua da, egoera politikoa oso konplikatua baita. Gobernu berria osatzea zaila izan arren, hauteskundeak ez dira errepikatuko. Krisi ekonomikoak akordioak lortzera behartzen ditu EAJ eta PSE. Kezka [Ezeizabarrenaren kasuan] EAEko gobernagarritasuna Nafarroan bezala gauzatzea da. Horrela balitz euskal politika ‘Estatu afera’ dela areago indartuko litzateke. Legez kanpoko ezker abertzaleari aukera politikoak bukatu zaizkio, ETAk indarkeria amaitutzat eman ezean, politikoki ez du ezer eskaintzeko”.

Nola bizi izan zenuten emaitza ezagutu osteko lehen unea?


Jose Luis Elorza: Ni ez nintzen sentsazio onekin gelditu, ziur asko, emaitzak objektiboki onak izan arren, PSEren emaitza hobeagoak espero nituelako. Bestalde, EAJ zoriondu nuen. Iñigo Urkulluk eramandako estrategia oso ona izan da, EAJk emaitza onak lortu ditu, hauteskundeak irabazi ditu, eta Ibarretxek ere bai.

Xabier Ezeizabarrena:
Nik antzeko bizipenak izan nituen. EAJren emaitzak oso onak izan dira, garaipen garbia izan da. Emaitzok ordea, aritmetika oso zaila dute. Makiabelok berak ez luke horren “ondo” egingo, emaitza hauek oso egoera konplikatua utzi dute. EAJren garaipena sendoa izanik ere, PSEren emaitzak ere onak dira. Arazoa da PSEk hauteskundeak irabaztea espero zuela, eta emaitzak direnak dira, konplikatuak.

Nola ikusi zenituzten Patxi Lopez eta Ibarretxe emaitzak ezagututakoan?


Elorza:
Gau horietan emozioak pil-pilean egoten dira, emaitzen espektatiban egotean gehiegikeria ugari izaten da. Patxi Lopez azaldu zenean, matematikoki behintzat, hirukoa berritzea ez zela posiblea ikusita, jende askoren nahiak desbordatu ziren. Orain... ikusi egin behar da. Ibarretxerena oso adierazgarria izan zen, Urkullu izan zen kapitaina, eta “Kapitainak agintzen duen tokian ez du agintzen marinelak”. Edonola ere Ibarretxe erregaitza da. Pertsonalki lasai egoteko motiboak ditu, herriak babesa eman baitio berriz ere.

Ezeizabarrena:
Jose Luisen azalpena ontzat jotzen dut oro har, halere, ondo begiraturik, bai alderdiak –Urkullu buru dela– bai Ibarretxek berak neurtu behar izan zituzten beren jarrerak. Gau horietan sentimenduak nahasten dira, egoera oso emozionala da. Horiek kanporatzea arriskutsua da alderdien arteko geroko politika ondo gauzatzeko, emozio horiek ez dute politika egiten laguntzen. Bakoitzak bere rola jokatu zuen. PSEk edo Lopezek, nahiz eta ez lortu beraiek espero zituzten emaitzak, halako poza adieraztea normala da. PSEk aukera berria dauka. Hori nola justifikatzen duen ikusteko dago, ordea.

Bi hautagaiek bazuten motiborik pozik eta kezkatuta egoteko, beraz.


Ezeizabarrena:
Gogoeta horren atzean galdera sakonak daude. Galderek politikaren gakoaz hitz egitera garamatzate: Zer da politika? Zer politikaz ari gara? Zein norabideko politikaz? Politika egiteko zein asmoz eta helburuz? Herri baten alde lan egiteko politikaz? Edo norbait kanporatzeko? Hor dago gakoa. Politika serioa egiteko aukera du Patxi Lopezek? Zein programa eskaintzen dio EAEri? Programa azaldu behar du, baita Basagoitik ere. Edo Ibarretxe kanporatzea al da beren programa? Estrategikoki nire zalantzak ditut. “Gobernu bat eraiki nahi dugu” esatean egia esaten dute? Norekin eta zertarako? Ez dezagun ahaztu Ibarretxe eta EAJ izan direla garaileak.

Elorza:
Ez nago horrekin ados.

Goazen atalka: nolako aukerak ditu Patxi Lopezek lehendakari izateko?


Elorza: Lopezen aukera eta nahia –emaitzak hobeagoak izan balira– margen gehiagorekin jokatu ahal izatea zen, Gobernua minorian osatzeko eta beste alderdiekin akordioetara iristeko. Emaitza hauek asko estutu dute aukera hori. Halere, margenak espero baino estuagoak badira ere, Lopezek aukera dauka. Zer gerta daiteke? Goizegi da ezer esateko. PPk esan du Lopez sostengatuko duela. Baina hori hasierako beroaldian esaten da. Benetan ari da? Matematikoki Patxi Lopez lehendakari izan daiteke.

Hori bat al dator Lopezek kanpainan erabili zuen diskurtsoarekin?


Elorza:
Horregatik diot, gauza bat dela Basagoitirekin Gobernua osatzea, eta beste gauza bat da negoziaketa bidez akordioak egitea.

Ezeizabarrena: Biek lotura dute. Lehendakaria zara Gobernua osatzeko, ez bakarrik lehendakari izateko. Hor dago gakoa. Gobernua osatzea helburu badute, esan dezatela biek, PSEk eta PPk.

Elorza:
Lopezek Basagoitirekin hitz egitea dauka, nahiz adostasunik ez lortu ehunetik ehunean. Lehendakaria aukeratzeko eguna iristen denean Basagoitik erabaki dezake aldeko botoak ematea, besterik gabe. Basagoitik arazo bat dauka, ez badio babesa ematen PP gaizki geratuko da. Dena den, Patxi Lopezen aukera bakarra bakarka gobernatzea da, ez dut PPrekin ikusten Gobernu koalizioan –ezta UPyDrekin ere–. Madriletik saldu nahi duten hiruko hori ez dut egingarria ikusten. Gobernua minorian eta aldian aldiko akordioekin gauzatzea posible ikusten dut. Norainoko akordioak? Eztabaidagarriak dira.

Ezeizabarrena: Demagun horrela dela. Noraino joateko baina? Zer akordioren bidez? Hori ez digute argitzen. Zer nahi du PPk? Zer nahi du UPyDk? PPk eta PSEk nahi dutena garbi esan behar zuten kanpainan eta orain ere bai. Zertan ari dira? Ibarretxe kanporatzeko edo herri honetara hobekuntza nabarmenak –eta krisi ekonomikoa zuzentzea– ekarriko dituen Gobernua osatzeko?

Elorza:
Xabier, horrek ere balio du Ibarretxerentzat.

Ezeizabarrena:
Ez badute azalpenik ematen, ez. Helburu nagusia EAJ Jaurlaritzatik kanporatzea bada, ez du balio bera.

Elorza: Hori ondorioa da...

Ezeizabarrena:
...hori helburua da. Ez litzateke horrela programa bat aurkeztuko balute, oraindik ez dute egin.

Elorza: Programa da bakoitzak duena. Patxi Lopezek badu berea.

Ezeizabarrena:
Baina ez du zer ikusia PPk aurkeztu duenarekin, edo bai?


EAJ zein neurrian ez da jasaten ari egoera politiko ez normalaren ondorioa? Ezker abertzalearen zazpi hautetsiak Legebiltzarrean ez egotearen ondorioa?


Elorza:
Galdera horrela planteatzea gizartea eta Gobernua zatitzeko modua da. Gobernu burua Ibarretxe bada abertzalea dela eta Patxi Lopez bada espainolista dela esatea... Niri ez zaizkit batere gustatzen eskema horiek. Soziologikoki ez dut gehiengo horietan sinesten. Zer da abertzale izatea? Nik esaten badut abertzale naizela, zer gertatzen da?

Beste terminologia politiko bat erabiliko dut: Patxi Lopez konstituzionalista da eta Ibarretxe subiranozalea.


Elorza:
Jende asko dago ustez abertzale denari eta ustez abertzale ez denari botoa eman diezaiokeena. Gure soziologia uste ohi den baino malguagoa da. Nik Patxi Lopezek Gobernua gauzatuko balu, gauzatzekotan, ez nuke nahi muga horiek jartzea eta hortik abiatuta gobernatzea.

Ezeizabarrena:
Galderak lehengo lekura eramaten gaitu. Baldin eta PSEren eta PPren artean akordiorik balego Lopez lehendakari jartzeko, onartu besterik ez dugu. Edo, adibidez, EAJk esaten badio PSEri ‘akordioa egingo dugu eta lehendakaria zuena izango da’, PSEk baietz esango digu programa begiratu gabe. Baina, besterik frogatzen ez duten bitartean, helburua ez dute politika egitea.

Elorza:
Ez nago horrekin ados.

Ezeizabarrena:
Lopezek esan zuen bozkatuena izango zela eta horrek emango ziola legitimazioa lehendakari izateko. Orain jendeari esan behar dio bera izan daitekeela lehendakari baina PPk babestuta.

Elorza:
Horrela bada ere, zein da arazoa? Programa ez dagoela diozu, ez nago ados horrekin. Alderdien programetan espazio komunak daude, uneon ekonomiaren inguruko espazioak batez ere.

Ezeizabarrena: Lopezek bakarrik gobernatuko duela dio, ez du esaten PPren botoekin gobernatuko duela.

Elorza: Besteek botoak ematen badizkiote...

Ezeizabarrena: Bai, baina onartzen du aurkezten delako.

Elorza:
Elkarrizketak tarteko.

Ezeizabarrena: Ez da hori bakarrik. Bakoitzak neurtu behar ditu emaitzak eta esan: bai aurkezten naiz edo ez. Edo beste bideak bilatzen ditu.

Elorza:
Hori ere egingo da.

Ezeizabarrena: Proposamen eta programarik gabe.

Elorza: Hori zure iritzia da. EAJk akordioak bilatu behar dituenean zer egiten du?

Ezeizabarrena: PSEk esan dezala onartzen ditutela PPren botoak.

Elorza: Hori da gauza bat, eta bestea elkarrizketak izatea, zeren eta izango dira.

Ezeizabarrena: Elkarrizketak noski, baina programa eztabaidagai edo Jaurlaritza lortzeko helburuz?

Elorza: Hor baduzue arazo bat.

Ezeizabarrena: Denok daukagu arazoren bat.

Elorza: Zuen arazoa da PSEren helburua Ibarretxe kentzea dela.

Ezeizabarrena: Ibarretxek gizartearen gehiengoaren babesa jaso du, hor dago koxka eta erronka.

Elorza:
Miguel Buenen egoera Gipuzkoako Diputazioan eta Ibarretxerena Jaurlaritzan egoera berdinak dira.

Ezeizabarrena:
Baina Buenen programa berea zen, bakarra.

Elorza:
Xabier, ez ahaztu gauza bat: ez da gauza bera Ibarretxek egin duen kanpaina, EAJk behartuta, eta berak eraman zuen politika. EAJk azken urtean erdi ezkutatua izan du estrategia subiranozalea.

Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude