Lopez lehena Ajuria Enerako azken txanpan

  • Legez kanporatutako ezker abertzaleari PSOEren gobernuak Eusko Legebiltzarrerako atea itxi izan ez balio, egunotan bizi den kiniela giroak bestelako aukerak izango lituzke bere laukitxoetan. Atera den argazkia urratua da, ez da egiazkoa eta, beraz, legealdi osoak nozitu beharko ditu horren ondorioak.
Jon Hernaez/Argazki Press
Ez da txantxetako indarra Legebiltzarretik kanpo geratu dena, azken negoziazio prozesuaren erpinetakoa zen. Edozelako konponbiderako orduan giltzarri zena, hala da gaur egun ere, argazki instituzionaletik kanpo utzita ere. Errealitatean abertzaleak nagusi atera dira berriz EAEn, azken 30 urteetan bezala.
 
Baina begiak ez daude legez kanpokoengan, orain begi guztiak daude Ajuria Eneko hurrengo maizterraren izen bila. Bototan EAJ da garaile, aise, pentsatutakoa baino askoz samurrago gainera. Baina Ajuria Eneko lasterketa ez da amaitu eta hor ondoen kokatua Patxi Lopez geratu da.
 
Eta bai, aukera historikoa gauzatzear egon liteke. Bloke konstituzionalistak lehenbizikoz har dezake EAEko lehendakaritza eta aukerazkoena PSEk hori baliatzea da, horrek legealdi osoan burukomin franko ekarriko badio ere. Hobe burukominak agintearen beroan betiko oposizio hotzean baino. Eta Lopez lehendakari bai, baina zer gobernu motarekin? Izatekotan, PSEk bakarrik gobernatzea izango da logikoena, hori bai, oso kontuan hartuta etorkizunera begira oso formula arriskutsua dela Basagoitiren besotik gobernatzea; suizida litzateke harekin koalizio gobernua osatzea. Lopezek hauteskunde gauean frontismoaren amaiera iragarri izanak, gainera, bere asmoak ildo horretatik bidera ditzakeela iradokitzen du.
 
Baina nola frontismorik ez, frontismotik erdietsitako gobernuan? Formula konstituzional horretan, euskal lurretan giltzarritzat jotzen diren gai askotan frontismoa indar handiz egongo litzateke presente, erabaki eskubidea, gatazkaren ebazpena, ilegalizazioa... Oso egun gutxitan malabarismoa ikasi beharko du Lopezek bakarkako gobernu horren etengabeko sostenguen bila. Hori izan liteke “frontismoaren garaia bukatua da” hitzen atzean suma daitekeen gobernu izaera konplexua.
 
PPk itxuraz horren merke zergatik jokatuko lukeen galdetzea ere logikoa da, formula honetan gobernua ia doan emango bailioke PSEri. Ez dirudi PPrentzat hain desiratua den Arabako diputazioa salerosketa horretan jokatuko denik. PPk lehendakaritza eman egingo dio, batetik jeltzaleak aipatutako aukera historikoa baliatzeagatik, eta bestetik, legealdi osoan zehar Lopez baldintzatzeko ahalmenak askoz joko politiko zabalagoa ematen diolako.
 
Bakarkako balizko gobernuan, ilegalizazio eta gatazka kontuak, adibidez, PPrekin lotuko lituzke PSEk, hezkuntza eta hizkuntza EAJrekin, azpiegitura kontuak lasai asko jeltzale eta popularrekin batera, krisi kontuetan ere ez dirudi arazo handirik izango dutenik EAJ edo PPrekin. Gerri malgua behar du Lopezek, baina etengabeko sostenguak bilatuko duen gobernu jarduna gauzatzearena erreala da, batez ere kontuan hartuta azken urteetan eman dela jada gisa horretako jokamoldea jeltzaleekin batera: aurrekontuetako elkartrukeak hor dira, Legebiltzarreko lege askotan izandako adostasunak ere bai. Jakina, hau guztia oso desberdina litzateke EAJ oposizioan balego, areago hauteskundeak berak irabazi dituenean. Baina elkarlana berria ez da.
 
Beste kontua da PSEren multzo handi batek nola eramango lukeen PPren sokatik horren motzean lotuta abiatzearena. Mikatza litzateke, baina mikatzagoa loria ukitzeko aukera izan eta baztertzearena. Etorkizunera begira, denak adierazten du garrantzitsuena gobernuari behingoz kosk egitea dela, mokadu goxoena berriz ere biharko utzi barik.
 
Oztoporik izatekotan Madrilen izango du hori PSEk, Zapaterok badu jeltzaleen beharrik, baina Jaurlaritza ez da dena, eta behin malabarismotan sartuta, Gasteizko Legebiltzarra bai, baina diputazioak eta hiriburuak ere hor dira, eta orain artean bederen EAJ eta sozialisten arteko akordioetatik erdietsi da haien gobernagarritasuna. Gaitza da irudikatzea jeltzaleak bete-betean sozialisten kontra, beste erakunde askotan ere haien beharra ere badute eta. Espainiari begira, gainera, bai Nafarroan bai EAEn espainiar konstituzionalismoa garaile agertzea irudi garrantzitsua eta indartsua da.
 
EAJ, etxeko marka

EAJk arrakastaren gakoa darama patrikan eta ezuste kontuetan maixu dela erakusten du behin eta berriro. Labelarena inork baino hobeto saltzen duela frogatu da berriro. Ibarretxek eta EAJk –ordena garrantzitsua da– ostera lortu dute garaipen argia, hala ere gaitz dute Ajuria Enean hamaikagarrenez errepikatzea.
 
Gaitz bai, baina ezinezkoa ez, arinegia litzateke beste barik baztertzea. Hori bai, karanbola korapilatsuagoa da. Sei eserlekuko aldearekin, ezinbestekoa da Ibarretxe bera lehendakari izatea eta nekez irudika daiteke Lopez haren pean. Baina Ibarretxe ez den beste lehendakari jeltzale baten pean bai, hori posible litzatekeela errepikatu du sarri Lopezek.
 
Hori ez da berria sozialistentzat eta, gaitza izanik ere, dagoen bigarren gobernu aukera garrantzitsuena da. Ez dira falta, dena den, aukera hau lehenesten dutenak, ondorengo orrietan Mirentxu Purroy kazetariak egiten duen bezala. EAJren jauzi nagusi hirukoitza litzateke, baina jeltzaleek ohituta gauzkate horietara. Hori bai, oraindik duen lidergo maila ikusita, harrigarria ere egingo litzateke Ibarretxe joko politikotik horrela erretiratzea.
 
Aralar, txikitik ertainera

Ezusteko nagusienetakoa Aralarrena izan da: botoak biderkatu ditu. EAEn inoizko emaitza onenak lortzeaz gain, ehunekotan gehien igo den alderdia da. Inkestek iragartzen zioten halakorik, baina beste batzuetan ere bai, eta hortik bere buruzagien zuhurtasuna. Zenbakiak hobeto aztertu beharko badira ere, legez kanpoko ezker abertzalearen boto multzoak bere aldeko hautua egin duela dirudi lehen begiradan. Ez da ahantzi behar nondik datorren. Oso posible da, halaber, Ezker Batuko batzuk ere bereganatzea. Abstentziotik ez du jaso, horrek ez du logika handirik, beraz beste aukera biak dira egiazkoenak. Nafarroako botoekin, alderdi txikia zenak gorputza hartu du ertaina bihurtuz: NaBairen aurreko garaiko bere botoak zenbatuz, 85.000tik gora boto izan ditzake denera.
 
EAren danbatekoaz asko hitz egingo da oraindik ere, Kongresua iragarria dago eta norbaitzuk larrutik ordaindu beharko dute EAJren besoa alboratu izana. Orain ikustea samurra da, baina hala da. Iñaki Galdosen lerrokoak labana txikiarekin irudika daitezke Kongresuaren atarian zain. Etorkizuna bera da gaitza duena EAk.
 
Eta beste horrenbeste esan daiteke Ezker Batuari buruz. Egia da Madrazoren alderdia ohituagoa dagoela txikiaren gorabeheran ibiltzen, baina oraingo zartakakoa handiegia izan da eta bere barne egoera ere ez da txaloak jotzeko modukoa.
 
D3M-k atzera

Gaitza da D3Mren datuak beste hauteskundeetakoekin alderatzea, baina bere errealitate jazartuan 100.000 boto lortzea itzela da, sektore horrek euskal gizartean dituen sustrai sakon eta indartsuen agerle. Testuingurua kontuan hartuta nahi bada, baina konparaketak hor dira eta azken hauteskundeetatik hona galera maila bat ikusten da. Ilegalizazioa da eragile garrantzitsuena seguruenik, baina bake prozesuaren porrotak ere ondorioak izan ditu eta legez kanporatzearen estrategiak ere pentsatu bezain mingarriak dira, maila guztietan, hauteskundeetan ere bai.
 
2001ean EHk bezala, D3Mk 7 eserleku lortuko lituzke, baina orduan 143.000 botorekin (eta ia 20 puntuko parte-hartze handiagoarekin ere bai). Higatzeak aurrera jarraitzen du eta ordua da ENAMeko ezker abertzaleak behingoz norabide aldaketari ekin diezaion, lurreratzeko plataforma soberanista edo dena delakoa baliatuta, baina 50 urteko estrategia politiko-militarra atzean utziz.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
EAEko LEgebiltzarrerako eserleku banaketa (grafikoa)
“Olé olé olé, Galicia es del PP”
Leloa ozen kantatu zuten igande gauean popularren hainbat jarraitzailek, Madrilgo Génovako egoitzan. Eta arrazoi dute: inkestak eta aurreikuspenak gaindituz, eta erronka zaila bazuen ere, PPk gehiengo osoa erraz lortu du Prestigeren lurraldean. Hauteskunde autonomikoetan inoiz izandako parte-hartzerik handiena egon da (%70,46), duela lau urte baino bi puntu gehiago, eta marea urdina gailendu da: hiri guztietan irabazi du alderdi popularrak. Galiziarrek ez dute aldaketa bozkatu, lehenera bueltatzea baizik, azken legegintzaldiko Gobernua –Partido dos Socialistas de Galiciak eta Bloque Nacionalista Galegok osatua– gaztigatuz.
2005ean haize berriak iritsi ziren kaioen gotorlekura. Hamasei urteko fragismoaren ostean, PSdeG eta BNG alderdiek indarrak batu zituzten PPri Xuntaren agintaritza kentzeko. Diputatu bakarrari esker gailendu zitzaizkion. Baina Emilio Pérez Touriño sozialistaren presidentziapean igarotako lau urteotan, Gobernuak ez du lortu herritarren konfiantza mantentzea eta galdu egin du estreinako azterketa. Parlamentuko 75 aulkietatik PPk 39 eskuratu ditu, PSdeGk 24 eta BNGk 12; Rosa Diezen UPyD alderdia izan da laugarren bozkatuena.
Gehiengo eroso hori lortzeko, merituak egin ditu Alberto Núñez Feijóo popularren hautagaiak. Manuel Fragaren itzal luzea desagertzea lortu du –presidente ohia Madrilgo Senatura eraman izanak lagundu du, noski–, eta bere diskurtso agresiboarekin eskuineko indarrak batu ditu. Asmo horretan, Galicia Bilingüe taldeak salatzen duen “gazteleraren marjinazioa” aprobetxatu du Feijóok, eta zalaparta ugari eragin du azkenaldian hizkuntzaren gaiarekin. Atzerapausoa, inondik inora, Fragak berak zaindu beharreko kultur ondaretzat baitzuen galiziera. Halaber, Mariano Raxoiren laguntza ere ez zaio gaizki etorri presidente berriari. Raxoik kanpaina sutsua burutu du bere jaioterrian, kasik hautagaia bera bailitzan, eta bere lidergoa indartuta atera da hauteskunde hauetatik.
Datorren lau urteotarako, galiziarrak ohituta dituen panorama errepikatuko da beraz: PP izango da Xuntan, eta beste inongo babesik gabe gobernatu ahal izango du. Erronka nagusia, kanpainan etengabe errepikatu duten krisi ekonomikoari aurre egitea. Azken asteotan, Vigoko Citröen enpresa erraldoiko arazoek beldurrak airean dituzte hortik bizi diren milaka familiak. Ez du lan makala alderdi popularrak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
Alderdien bilakaera aldrebesak politika korapilatsua baietsi du
Alderdi politikoen boto bilakaerari segimendu egin diogu. Emaitzen eta boto kopuruen bilakaera korapilatsuak izaten dira eskuarki. EAJk eta EAk sortu zuten koalizioaren korapiloa laxatu da oraingoan. Alabaina, boto bilakaeraren joerak nahasgarria izaten jarraitzen du. Bilakaera, funtsean, euskal politikagintza aldrebesaren ondorioa da, edo alderantziz, alderdien bilakaera nahasiak areago aldrebesten edo korapilatzen du politikagintza. Jaurlaritza berria osatzeko, hari mataza korapilatsua laxatzen lan handia dute orain alderdiek.

Alderdi politikoen boto bilakaera aztertzen hasi aitzin, kontrastatu ditzagun boto subiranozalearen (EB barne) eta konstituzionalistaren kopuruak: EAJ+Ezker abertzalea+ Aralar+EA+EBk 633.649 boto jaso dute. PSE-EE+PP+ UPyDk 482.839. Konstituzionalistek azken hauteskundeetan lortu zuten boto kopuru antzekoa lortu dute; abertzaleek 50.000 galdu dute. Abstentzioa %34,12koa izan da. Duela zortzi urteko hauteskundeetatik hona alderdi guztiek jasan dute boto galera.
 
EAJk ia 400.000 boto jaso ditu, duela lau urte baino 60.000 gehiago. EAEko azken bi bozketan EArekin aurkeztu zen. Bakarka, inork uste baino bilakaera hobea izan du, eutsi ez ezik, gora egin du.
 
PSE-EEk ia 316.000 jaso ditu. Goranzko bilakaera izan du honek ere, azken bozketan baino 30.000 boto gehiago irabazi du. Alabaina, Espainiako Kongresuko botoekin alderatuz gero, 100.000 boto inguru galdu du.
 
PPk ia 145.000 boto lortu ditu. Duela lau urte baino 100.000 gutxiago eta duela zortzi baino ia 175.000 boto gutxiago jaso ditu. Boto galera erabatekoa jasan du.
 
Ezker abertzaleak (D3M) ia 101.000 lortu ditu. Duela lau eta zortzi urte baino 50.000 gutxiago. Gero eta egoera zailagoetan ari da eta boto galera jasan du. Bere botoen ilegalizazioak nabarmen eragiten du EAEko politikagintzan.
 
Aralar alderdiak 62.000 boto jaso ditu, duela lau urteko lehen parte-hartzean baino 30.000 baino gehiago. Bera da, proportzionalki, boto gehien irabazi duena. Eserleku bat izatetik lau izatera pasa da; ordezkariak laukoiztu ditu, alegia.
 
EAk ia 38.000 boto lortu ditu. Ezin dira aurreko bozetako kopuruekin alderatu, EAJrekin koalizioan aurkeztu baitzen. Baina, bere bilakaera kontrastatzeko, sortu zeneko lortu ohi zituen 120.000 botoekin alderatzea adierazgarria da. Bera da boto gehien galdu duen alderdia.
 
EBk 36.000 boto jaso ditu, duela lau urte baino 25.000 gutxiago. EBko emaitza onenak 100.000 boto ingurukoak izan direnez gero, boto galera handia jasan du. EAren ondoan, beste galtzailea da.
 
Rosa Diezen UPyDk 22.000 boto eskuratu du. EAEko bozetan aurkezten zen lehen aldia izateko, alderdia irabazle atera da.
Alderdien boto bilakaera aldrebesa da, aldrebesa baita EAEko politikagintza. Beraz, aldrebesa eta korapilatsua izango da Eusko Jaurlaritza berriaren osaketa.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
Sinesmenaren mugak (Mikel Aramendi)
Sinesmenak probabilitatearekin duen lotura zuzena adierazteko tomistek erabiltzen zuten istorioa, Akinoko Tomas eta idi hegalariarena, erabat ahantzita jaulkiko zuen Erkorekak bere zerri hegalariaren ateraldia kanpainaren erdian. Pena da hain aurrekari bertsua gogoan ez izana, berehala ohartu behar zuelako bestela Patxi Lopezek lehendakari izateko zituen aukeren ugaritasunaz. Hautestontzietan erdipurdiko emaitza erdietsi arren, posible ez ezik probablea ere izaten jarraitzen duen hipotesi horretaz, alegia. Batez ere protagonista nagusiak, nola PSEkoak hala Madrilgo PSOEkoak, ez badira, Erkoreraren moduan, sinesmenen mugez argiro ohartzen.
 
Aspaldiko esapidea baita dromedarioak, publizista batek itxuratutako zakurrak izan daitezkeela. Arazoa, noski, halakoen gainean basamortuak zeharkatzen hasitakoan nabarmenduko da bere laztasun osoan. Eta Ibarretxek askotan errepikatzen duena, norberak sinesten ez duena predikatzen aritzea alferrikakoa dela politikan, egia bada ere alde batetik, badu horrek bere ifrentzua: nork bere propagandarako asmatutako zakur mozorrotuen gainean basamortuak zeharkatzeari ekitea baino hutsegite larriagorik nekez egin daiteke politikan.
 
Martxoaren 1eko hauteskundeen emaitza deabrutu bezain esperagarrien (haien prestaketarako nolako bidegabekeria egin den ikusi besterik ez dago) inguruko lehen hausnarketetan ere, nork bere propaganda soilik aintzakotzat hartuz egindako gogoeta gehiegi aurkitzen dira. Eta nahiko surrealistak ere badira, batzuetan: garaipenik gabeko garaileak, bipartidismoaren gailentzeaz pozten diren aukera gero eta txikiagoak, suizidio politikoa suposa dezaketen akordioen irrikaz daudela diruditenak… Haluzinagarri indartsua da nonbait botere politikoa.
 
Bitartean, antsietate atakearen atarian egon behar dute gure enpresaburuek: botere politiko sasoitsu baten soka behar/espero zutenean, korapilo ederra oparitu die gure herriak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
Auzolanaren ordua da (Sabin Intxaurraga)
Ezker abertzale konbentzionalaren marka guztien legez kanporatzearen ondorioz, martxoaren 1eko hauteskundeei buruz esan behar den lehen gauza da ez direla izan hauteskunde demokratikoak eta beraz aukeratutako Legebiltzarrak ez duela ordezkatuko EAEko biztanleen zati garrantzitsu baten iritzia, ezta abertzale euskaldunen eta espainolen arteko benetako indar korrelazioa ere. Emaitzak ikusita argi dago Alderdien Legearen aplikazioak alderdi espainolistei gehiengo estua, baino gehiengo absolutua eman diela, lehen aldiz, Eusko Legebiltzarrean eta beraz aukera handiak daudela Patxi Lopez lehendakari hautatua izan dadin.
 
Dena dela eta ukatu gabe goian aipatutako lerroetan esandakoak datozen lau urteetan EAEko erakundeetan izango duen eragina, baita gure bizitzako arlo askotan ere, nire uste apalean, uste dut abertzale independentistok aurrera begira jarri behar garela, klabe zibil eta demokratikoan soilik oinarrituz, gure herriak merezi duen independentziarako motorra martxan jarri behar dugula. Alderdi politiko, gizarte eragile eta herri mugimendu abertzale independentisten arteko lankidetzaren eta indar metaketaren bitartez, lehenbailehen, bloke edo mugimendu soberanista indartsu bat gauzatuz, Euskal Herriak autodeterminazio eskubidearen bitartez, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea praktikan izan dezan. Azken urteetan izan dugu esperientzia kontuan hartuta ez dirudi PNVk bloke soberanistan sartzeko asmorik izango duenik, baina inor baztertu gabe, ezta inoren zain egon gabe, gure herriak bakearen eta normalkuntza politikoaren premia duelako, beharrezkoa dugu bloke soberanista lehenbailehen abian jartzea.
 
Abertzaleok, EAEn gehiengo gara eta Nafarroan eta Iparraldean badugu nahiko indar etorkizun politikoa baldintzatzeko. Ikerketa soziologikoen arabera baldintza subjektiboak badaude bloke soberanista indartsu eta erabakigarri bat gauzatu dadin. Bestalde abertzale asko horren zain daude berriro politikan ilusioa berpizteko, jarri gaitezen ba auzolanean!
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
Ramon Etxezarreta: “Uste ez ditugun mugimenduak egongo dira”

Zenbakiek eman, ematen dute. Zer egingo du PSEk?


Nik uste dut aukera baliarazten saiatuko dela. Gobernua edozein delarik ere, gehiengo absolutu abertzalerik gabeko Legebiltzarra da oraingo hau; alderdi sozialistaren pisu politikoa askoz ere handiagoa da, eta hori baliarazi beharko du modu batera edo bestera.
 

Ibarretxe indartuta atera dela esan daiteke?


Ez, nik uste erabat ahulduta atera dela nahiz eta hauteskundeak irabazi. Hiruko gobernuak parlamentari berdinak atera ditu eta beste alderdi guztiek egin dute gora, edo ez dute egin behera behintzat. Nik uste dut irabazle bakarra kasik Aralar izan dela, nahiz eta ez den erabakigarria gobernua osatzerakoan. Bigarren irabazlea PSE da, posibilitateak dauzkalako, nahiz eta ez izan berak zeuzkan aurreikuspenen araberakoak. Hortik aurrerakoak, nik uste, porrotak direla. Ibarretxeren ibilbidea momentu honetatik aurrera, oso laburra da, edozein tokitatik begiratuta ere.
 

Ibarretxe gabeko EAJ-PSE gobernua posible al da?


Oraingoz ez dut ikusten formula hori. Legebiltzarrak daukan konposizioagatik, uste dut mugimendu handiak egongo direla norabide askotan, uste ez ditugun mugimenduak behar dute egon.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
Paula Kasares: “PSE-PP-UPyD formula posible da, Nafarroan ikusi dugu”

Emaitzak ikusita, zein da zure balorazio orokorra?


Mugimendu batzuk ikusten dira: PSEk eta Aralarrek gora egin dute nabarmen eta, bertze aldean, EA eta EB jaitsi egin dira. Birkokatze horren ondorioz, ikusten da hiruko gobernuak ez duela orain balio. Zalantza handia zabaltzen da hor. Igoera-jaitsiera mugimendu horietatik harago, baloratu behar dena da nola gorpuzten diren gehiengoak. Aunitzetan eserleku aldaketak ez du eraginik, baina oraingoan iduri du bai izanen duela ondorio garbia, hasteko, ez delako formulatzen ahal orain arteko gobernua.
 

Egin ezazu apustua: nork osatuko du gobernua?


Aukera gehiago badira, baina nik Nafarroatik ikusten dut zer itun egin den, ardatz ideologikoen gainetik nola nagusitu den naziotasunaren ardatza; PSE-PP-UPyD batzen dituen formula posible da, eta ez dakit hemendik aitzin zabalduko den negoziazio aldi horretan nola gauzatuko diren gauzak, baina Nafarroan ikusi da nola eskrupulu gutxi dagoen horrelako itunak egiteko. Geure burua abertzaletzat dugunok ikusten dugun arriskurik handiena hori da; eta posibilitatea begi aitzinean dugu. Bertze aukeraren bat jorratuko balitz, nik uste, gizarte giro diferente batean ginatekeela, ez espainiartasunaren bunkerraren aurrean.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
Mertxe Colina: “Lizarra Garazikook lekua uzten ari gara pixkanaka espainolistei”

Emaitzak eskuan, zer iritzi duzu hauteskunde hauek eman dutenaz?


Hauteskundeak antidemokratikoak izan dira. Legez kanpo geratu den ezker abertzaleagatik %10ak ezin izan du bozka eman behar bezala. Nahiz eta alderdi guztiek hauteskunde gauean azpimarratu zazpi aulki horiek luketen balioa, kanpainan ez da aski salatu. Hauteskunde gauean entzun zen normaltasun osoz egin zirela hauteskundeak. Biziki larria atzematen dut hori, surrealista ez esateko. Legebiltzarreko puzzlean zatiak falta dira, eta koadro horri zatiak falta bazaizkio ezin da zintzilikatu, bestela eror liteke.
 
Zapaterok ezarritako indar guztiak ez du balioa ukan hauteskundeak PSOEk irabazteko, baina hala ere, haren indarrak, Alderdien Legeak eta abar, indar espainolistaren aurrerapena ekarri du. Hala ere, oraindik, baliozko botoak eta kanpoan geratu direnak kontuan hartuta abertzaleak dira gehiengoa.
 
Lizarra-Garaziko indarrok ez dugu aski kontuan hartzen elkarlanerako indarrak bateratzea, eta pixkanaka, tamalez aurrera doazen espainolistei lekua uzten ari gara. Euskal Herria abertzalea, askea eta euskalduna lortzeko Lizarra Garaziko indarrek berriz gogoeta sakona egin behar dute soberaniaren alde elkarlanean aritzeko.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
Mirentxu Purroy: “Txinatarrak dira, Tibet onartzea ukatzen dutenak”

Nola bizi izan duzu hauteskunde gaua?


Harriduraz bizi izan dut, eskandalagarria da. Zazpi eserlekuren ilegalizaziorekin bete egin da beraiek nahi zuten lasterbide juridikoa, hori izan dute modu bakarra boterea hartu ahal izateko. Zingira politiko bat da. PSOEk eta PPk Espainiako Estatuan hiltzeraino elkar gorrotatzen dute, baina hemen Patxi Lopezen arrakasta eta gloria aldarrikatzen dute, PPrekin gobernatzeko moduan egongo bailitzateke. Txinatarrak dira, Tibet onartzea ukatzen dutenak. Txinatarrek tibetarren gehiengoa onartzea ukatzen duten bezala, Espainiako Estatuan ukatzen dute Euskadin abertzaleen gehiengoa dagoenik, ilegalizaturiko zazpi eserlekurekin gehiengo osoa eta askoz gehiago izango lukeen arren. EAJren garaipena handia izan da, baina nik uste dut estalketa bat dagoela.
 

Estalketa?


EAJ bakarrik gobernatzen saiatuko da, itun puntualak soilik eginez. Eta pixkanaka Ibarretxe atera araziko du dagoen lekutik. Orduan, bere ordez beste pertsona bat agertuko litzateke PSEren laguntzarekin gobernatzeko. Ezin dute bat-batean egin, lehendakaria publikoki gehiago umiliatzea litzatekeelako, pixkanaka egingo dute.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
Irabazita galdu? (Juan Martin Elexpuru)
EAJk irabazi ditu hauteskundeak. Ibarretxek, hobeto esanda, beragatik izan ez balitz askok aspaldi bilduta izango baitzituen bere bulegotako trasteak. Azken hauteskunde lokaletan jipoia jaso zuen alderdiak, eta harrezkero ere kontsultaren txapuzak eta ustelkeria kasuek ez dute asko hobetu bere irudia. Baina “kanpotarrak agindu bihar joskuek ala etxian? Ez, mekauen dio!” erreakzioak eta lider sendo batek salbatu du beste behin ere.
 
Lider sendoa, PSE-EEri falta izan zaiona irabazteko. “Oraingoan bai” izan zitekeen beren lema, eta eurak uste baino motelago ibili arren, oso litekeena da Raxoiren zapoak eta Diezen sugeak gustura irenstea, aita botereak eta ama aberriak sakrifizio hori merezi duelakoan.
 
Alderdi txikiak amildegiaren ertzean egon ohi dira hauteskunde bakoitzean. EAk garesti ordaindu ditu bere barne kaosa eta bakarrik joateko ausardia. Subiranotasunaren bandera astindu du urduri, ezker zein eskuin abertzaleko boto batzuk erakarriko zituelakoan, baina bereak uxatzea besterik ez du lortu, gehienak beren ama alderdira eta zenbait Aralarrera joango zirenak.
 
Ezker Batuarentzat ere dramatikoak izan dira hauteskunde hauek. Madrazo oso saiatua da baina lartxo gustatzen zaio boterea, eta poliki-poliki barrutik desegin zaio alderdia, eta “ezkerra soilik” nahi duen boto askok nahiago izan du PSEra edo Aralarrera emigratu.
 
Batasunaren ordezko D3Mrekin injustizia itzela egin da: legez kanpo, jazarriak, liderrak espetxean..., halako egoera batean ez dira txarrak ia ehun mila boto. Baina gogoratu beharra dago Herri Batasuna 14 parlamentari ateratzera heltzen zela eta atzoko botoekin 7 lortuko zituela. Politika gupidagabea da, eta bizkarrean daraman motxila astuna azkar lagatzen ez badu, ez da zaila etorkizuna igartzea.
 
Ez eskatu niri Aralar epaitzerakoan hotza izateko. Itziar Aizpuruari entzuten nion PNVren laguntzari esker egin duela gora. Alderdia jaiotzen ikusi dugunok badakigu zer den ez egoitza, ez diru, ez militante, ez ezer, basamortua zeharkatzea, ordura arteko irizkideen begirakuneak jasanez, eta mehatxuak ere bai inoiz. Hanka-sartze dezenteak ere izan dituen arren bere ibilbidean, begi-bistakoa da ezker abertzale zibil eta zabalaren egitasmoa sustraitzen ari dela Mendebal alde honetan, lehenago Iparraldean eta Nafarroan bezala.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 09
Xabier Gurrutxaga: “Baldintza hobeetan dago Lopez lehendakari ateratzeko, Ibarretxe baino”

Zein da jasotako emaitzen zure irakurketa?


EAJ amestutako emaitzetara iritsi da. 30 aulki lortuta erabat asetu dituzte espektatibak. Nabari da baduela oinarri sozial sendo bat, une larrietan deituta beti erantzuten duena. Ordea, EAJren gorakada bat dator EA eta EBren beherakadarekin. PSEk iragarritako igoera izan du, baina esango nuke benetan espero zuten baino gutxiago lortu dutela, ultzera txikiren bat egingo zien EAJren emaitzak. Horrela ulertzen dut Lopezek “ez diot hautagaitzari uko egiten” esatea. Nabarmen irabazten duenak, “aurkeztuko naiz” esaten du. PPk uste baino emaitza hobeak izan ditu, esango nuke Basagoiti airoso atera dela.
 
Alderdi txikietara etorrita, Aralarren emaitzak dira azpimarragarriak. Ezenarrok esan zuen bezala, “ezker abertzale berri” gisa gora doa. Artikulatu gabe dagoen ezker abertzaleak ETA du gorpuzteko arazo, eta Aralarrera bildu dira D3Mko boto asko, baita EAkoak ere. Nafarroan NaBairekin gertatu zena, EAEn hauteskunde hauetan eman da. EAren emaitzak benetan dira larriak, hirutik batera jaistea ez baita 30etik bi galtzea. Hartutako erabakien ondorioak jasotzen ari da. Elektoralki ez dut ulertzen nola erabaki dezakeen bakarka joatea horrek desagertzeko zorian jarri duenean. Ezker abertzale ilegalizatuak 50.000 boto gutxiago jaso ditu 2005ean baino. Esango nuke emaitza hau ez dela puntuala, ezker abertzaleak konsziente izan behar du hau beherako joera bat dela, etengabeko jarioa. Otegik hainbestetan aipatutako gogoeta egin behar du. Baina nabarmendu behar dira hauteskunde kanpaina egiteko izan dituzten baldintza txarrak. Baldintza horietan 100.000 boto eskuratzea ez da txantxetakoa.
 

EAJ amestutako emaitzetara iritsi dela diozu; baina, Ibarretxek edo Lopezek du 31 eskutik?


Ibarretxeren garaipena mingotsa izan daiteke. Botoen kudeaketak ez duelako ekarriko hauteskundeen garailea lehendakari izatea. Baldintza hobeetan dago Lopez lehendakari ateratzeko, bere burua aurkezten badu. Beste alternatiba EAJ eta PSEren artean adostutako gobernua litzateke. Egoera ekonomiko honek ez du gobernu minoritario eta ahul bat eskatzen. Baina aukera hau aurrera ateratzeko, lehendakaria ezingo litzateke Ibarretxe izan. Ez dut aukera hau ukatzen, Ibarretxek argi eta garbi bere burua alderdiaren esku jarri duelako, eta hor ulertzen dut bere kargua ere jarri duela.

Azkenak
Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Behe Banda
Barra warroak
Asko maite zaituztet, baina...

Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


Eguneraketa berriak daude