Hezur-haragizko krisia

  • EEE basatiaren aurka borrokan ari den hozkailu fabrikako elektrikaria, Euskal Herritik kanporatu ez dezaten eginahaletan ari den etorkina, krisiak are gehiago minusbaliatu dituen langile minusbaliatuak eta higiezinen burbuilaren eztandak kalteturiko familia. Krisiaren hezur-haragizko biktimak izan arren, biktimismorik gabe azaldu digute euren egoera zaila.
Dani Blanco
Iruñeko Landaben poligonoko fabrikatan krisia ate joka dabil. Nafarroan langabetuen kopurua %53 igo da azken urtean eta industria da sektorerik kaltetuenetakoa. Volkswagenek ekoizpena murriztu du eta horrekin batera, lan baldintzak kaskartu. Dana automozio enpresak 71 langileko EEEari aurre egin behar dio. Baina fabrika horien atarietan ez dugu ezer antzeman.
 
Paisaia Koxka hozkailu fabrikara hurbiltzean aldatu da. Atzeko atarian “Despidorik ez” dioen pankarta eskergak eman digu ongietorria. Hesian langileen buzoak daude zintzilik eta beste aldekoan, duela hilabete etengabeko greba abiatu zuten langileak. Parean, 275 langile kaleratzea aurreikusten duen EEEaren mehatxupean, lan hilerria paratu dute, 275 gurutze biltzen dituen hilerria.
 
22 urte dira Bikendi Barea Koxkan lanean hasi zela. Orduan familia-enpresa baino ez zen, baina duela lau urte Hussmann multinazionalak erosi zuen Koxka, eta urtebete geroago, Ingersoll Rand multinazionalak irentsi zituen. “Lehen giza kapitalari balioa ematen zioten arduradunek, baina orain kopuru bat besterik ez gara” dio enpresa batzordeko LABeko ordezkari den Bareak.
 
Krisia aitzakia

Duela bi hilabete eta erdi lanera joan eta Bikendi Bareak, bere lankideek bezalaxe, “191 langile kaleratuko dituzte Koxkan” titularra irakurri zuen prentsan. Inork ez zien ezertxo ere esan eta horrela izan zuten EEEaren berri. 191 langile bidali nahi zituzten Landabengo fabrikatik, 56 Peraltako lantegitik eta, guztira, 275 Espainiako Estatuan. Ez zuten horrelakorik espero, enpresaren egoera ekonomikoa kaxkarra zela jakin arren. “Krisia aitzakia hutsa da haientzat, enpresa aspalditik abiatu baitzen maldan behera, multinazionalek hartu zutenetik, hain zuzen. Arazoa ez da zenbat langile dauden soberan, azken urteetako kudeaketa eskasa baizik. Gero eta makina gehiago sartu, orduan eta etekin txikiagoak lortu dituzte”.
 
EEEaren berri izan eta helegitea jartzeko hilabeteko epea zabaldu zen. Ondoren “itxurakeria hutsa” izan ziren negoziazioak abiatu ziren. Langileak orduz orduko lanuzteak egiten hasi ziren, baina duela hilabete mugagabeko grebari ekin zioten. Itxura guztiak alde batera utzi eta enpresak negoziazioak hautsi zituen orduan. Orain alegazio-epean daude.
 
Jokalari profesionalen aurrean

Bikendi Bareak ez daki zein den enpresaren jokoa: “Agian ez dituzte kaleratzeak egin nahi, beharbada lan baldintzak ahalik eta gehien murrizteko presioa baino ez da”. Enpresak Madrilgo abokatu taldea kontratatu du egoera kudeatzeko eta haiek ederki menperatzen dute egin beharreko guztia. “Guretzat, aldiz, halako egoera bati aurre egin behar diogun lehen aldia da; ni elektrikaria naiz, langile arrunta, eta haiek jokalari profesionalak”.
 
Oraindik ez dakite 275eko zerrenda hori nortzuk osatzen duten. Zalantza eta ezinegon horrek langileen arteko giroa gaiztotu zezakeen, baina bakoitzak bereari begiratu beharrean, Koxkako langile guztiak batu egin dira. “Neurri batean geure meritua izango da, baina baita enpresarena ere, haien intolerantziak eta prepotentziak batu egin baikaitu. Denek barneratu dugu guztion “gerra” dela, guztion sakrifizioa behar dela. Eta ahalegin horrek sindikatu guztiak batera aritzera behartu ditu”.
 
Oraina larria da, are larriagoa hilabeteko grebaren ondoren. Bareak, besteak beste, hipoteka eta alabaren elikadura-pentsioa ordaindu behar ditu, eta antzekoa da bere lankideen egoera. Baina etorkizunerako inbertsio gisa ere ikusten du: “Hil honetan ez kobratzea baino okerragoa da langabezira joan eta luzaroan lanik gabe egotea”.
 
Itzulera boluntarioa?

M.L.A.k ezin du izen-abizen osorik eman. Azken hilabeteotan, Espainiako Gobernuak etorkinen “itzulera boluntarioa” sustatu duenetik, zaila da emakume argentinar honen egoera legala zehaztea. Berez, ez diote erresidentzia-baimena luzatu eta, hortaz, ilegala behar luke, baina harekin bildu ginenean urtebeteko kontratupean lanean ari zen, eta beraz, legala behar luke. Eta noski, beste guztiok bezalaxe kotizatzen ari zen. Orain gutxi arte funtzionarioek kontuan hartzen ez zituzten baldintza horietako bat betetzeko hilabete bat kotizatzea falta zaiolako bota nahi dute Euskal Herritik. Jatorri italiarrekoa denez, Italiako nazionalitatea lortu ahal izan du, baina oraindik ez du pasaporterik. Hitz gutxitan, ez berak, ez abokatuek, ez funtzionarioek zehazten ez dakiten legaltasunaren linbo surrealistan dago.
 
M.L.A. La Pampan (Argentina) jaio zen duela 32 urte. Amaren aldetik jatorri euskalduna duela-eta duela zortzi urte inguru etorri zen lehen aldiz Maizpide barnetegian (Lazkao) euskara ikastera. Barnetegia amaitu eta Argentinara itzuli zen, ez baitzen hemen geratzeko asmoz etorria. Baina Argentinara joan eta berehala Corralito delakoa hasi zen, eta Goierrira itzultzea erabaki zuen. Paperik izan gabe ere lana berehala topatu zuen. Bi urte eta erdi geroago, etorkinen lehen erregularizazioarekin bat lortu zituen paperak. Eta ordutik inolako arazorik gabe aritu da lanean, eta baita ikasketak osatzen ere.
 
Ikasketa horiek fabrika batean kontratupeko lana topatzen lagundu bazioten ere, orain ikasketa horiengatik lan jarduna eten izanagatik egotzi nahi dute. “Funtzionario batek esan zidan ez nintzela hona etorri ikastera, lan egitera baizik; haientzat zamabereak baino ez gara” dio M.L.A.k, euskara errazean.
 
Umorea eta pazientzia galtzen ez badu ere, azken hilabeteotan denbora, dirua eta loa galdu ditu izapideen, ilaren eta abokatuen artean. Fabrikan gaueko txandan ari zen eta behin baino gehiagotan, lanetik irten, izapideak egitera abiatu eta arratsaldean berriro lanera joan behar izan du, lorik egin gabe. “Jarraibide manual bat eman beharko ligukete zer pauso bete behar ditugun jakiteko. Batek esaten dizu Madrilgo kontsulatura joan behar duzula zerbaiten bila, hara joan eta ezetz, ez zenuela horra joan behar, edo ez dakit zer egunetan itzuli behar duzula. Paperak zer funtzionariok eta zer aldartez begiratzen dituen ere, dena goitik behera aldatzen da”.
 
Dena, goitik behera, duela egun gutxi aldatu zaio M.L.A.ri. Elkarrizketatu genuenean berak aurkeztutako helegitearen emaitzaren zain zegoen, hots, hemen geratzeko baimena luzatzeko zain. Baina zenbaki hau ixtear ginela, fabrikatik bidali dutela jakinarazi digu. Fabrika hori ere krisia nozitzen ari baita. Uztaila bitarteko kontratua izan arren, bere egoera hain zalantzazkoa denez, ezin du indemnizaziorik eskatu, eta langabezia-saria jasotzeko Itzulera Boluntarioa onartu beharko luke, alegia, Argentinara itzuli eta hiru urtean ezingo luke hona itzuli. Beraz, amorrua irentsi, inpotentzia gainditu eta italiar pasaportea lortu bitartean nola edo hala bizirautea beste aukerarik ez du. Pasaportea lortzeko bizpahiru hilabete behar omen ditu, baina nazionalitatea lortzeko sei hilabete behar zituela esan zioten aspaldi, eta zazpi urte behar izan ditu.
 
Eta ez du itzultzeko asmorik, hemen erabat integratua dago, eta etorkinen aurkako jarrerak salbuespena direla dio. Hori bai, salbuespenak areagotu ditu krisiak, eta orain maizago entzuten du etorkinak guri lana kentzera datozeneko leloa. “Gero berehala esaten didate ni ez naizela besteak bezalakoa. Baina, bai, ni etorkina naiz, bigarren mailako herritarra”.
 
Dagokiena aldarrikatzen dute

Noaingo Aspaceko Enplegu Zentro Berezian ederki dakite bigarren mailako herritarra izatea zer den, baita krisiaren ondorioak zuzenean jasatea zer den ere. Prentsan irakurri dugu Nafarroako Gobernuari 1,8 milioi euro eskatzen dizkiotela krisia gainditzeko eta hori argitzeko jo dugu Pablo Segurarengana. Enplegu Zentroko enpresa batzordeko kidea da Pablo, ikasketaz fisioterapeuta, hipotekaduna eta itsua. Eta egun bere lanpostua zalantzan dago, bere hainbat lankiderena bezalaxe. Aldamenean ditu: Martintxo Irigarai, batzordeko presidentea eta ikusmen arazoak dituena; Josean Crespo, distrofia muskularraren eraginez gurpildun aulkian dagoena; eta Mari Karmen Urtea, minusbaliotasunik izan gabe ere, zentroan lanean ari dena.
 
Nafarroa osoan bost egoitzatan banatuta dauden 240 pertsonek egiten dute lan Aspaceren bidez. Duela urte batzuk guztiek Noaingo egoitzan jarduten zuten, baina deslokalizazioak eta egungo krisiak jarduera erabat aldatzera behartu zituen. Esaterako, oraintsu pintura talde bat jarri dute abian, egoitzaren pintatu berri usainak nabarmen uzten duenez.
 
Krisia nozitzen lehenak haiek dira. Ia subkontratazio guztiak kendu dizkiete, lan horiek enpresan bertan egiten dituztelako, Ekialdeko herrialdeetara eramaten dituztelako, edota kartzelako presoek oraindik eta merkeago egiten dituztelako. “Gure eskulana merkeagoa izan ohi da” dio Pablo Segurak, “besteak beste, gure soldatak administrazioak diruz laguntzen dituelako. Baina horrek ez du esan nahi gure lan baldintzak galtzeko prest gaudenik. Guk lan duina egiten dugu eta lan duina nahi dugu”.
 
Noaingo lantegiaren egoera eutsiezina da eta aurrera egiteko 240 langiletatik 80 egotzi beharko lituzketela kalkulatu dute. Ez daude prest inor kaleratzeko, baina lanik ez dute, ezta dirurik ere, eta hil honetan ez dute soldatarik jasoko, laguntzarik iritsi ezean.“80 horiek, hain zuzen, minusbaliotasun handiena dutenak dira” dio Mari Karmen Urteak, “lana galduz gero, egoera larrienean egongo liratekeenak, ezingo luketelako enpresa arruntetan lanik aurkitu”. Ekonomikoki garrantzitsua izateaz gain, sozialki ere lanari eustea ezinbestekoa zaie; “lanpostuarengatik ez balitz, batzuk ez lirateke etxetik irten ere egingo”.
 
1,8 milioiei dagokienez, garbi utzi nahi dute “ez dugula ez dagokigunik eskatzen. Langile bakoitzeko 1.200 euroko defizit-laguntza jasotzen dugu eta hori 3.000 eurotaraino igotzea eskatzen dugu. Baina soilik lanik ez dugun bitartean. Guk eskatzen dugun gauza bakarra lana da, agintariek beraiek 1987an ezarritako legeak bete ditzaten, besterik ez. Hori beteko balute ez genuke ezertxo ere eskatuko”.
 
Minusbaliatuen Enplegu Legearen arabera, lehiaketa publikoen %20 enplegu babestuari eman behar zaizkio. Baina azken hilabetetan sei lehiaketara aurkeztu eta bat bera ere ez diete eman. Administrazioko lanpostuen %5 minusbaliatuentzat gorde behar dira legez eta, beraz, Nafarroako 20.000 funtzionarioetatik 1.000 minusbaliatuak izan beharko lukete, eta 200era ere ez dira iristen. Azkenik, enpresa arruntetan, langileen %2 minusbaliatuak izan beharko lukete, baina egun, utopia hutsa da hori. Nafarroan, administrazioaren bidez 10 tona arropa garbitzen dira egunero. Noaingo egoitzan garbitegia dute eta 600 kilo jasotzea nahikoa litzateke. “600 kilo horiek ez diete lanik kentzen enpresa arruntei, hutsaren hurrengoa da hori haientzat, baina guretzat salbazioa litzateke”.
 
Nafarroako Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilari Jose Maria Roig-ekin behin baino gehiagotan bildu dira Aspaceko ordezkariak. Hitz ederrak entzun dituzte eta kontseilariak ez du inolako arazorik izan minusbaliatuekin batera argazkian agertzeko, “baina hitzetatik ekintzetara dagoen tartean ez du urratsik txikiena ere eman”. Eta azkenean, otsailaren 7an, kalera irten ziren egoera salatzeko: “Jendeak pentsatzen du tontoak garela eta denbora-pasa gatozela lanera. Mugak ditugu, baina postu egokian edozein pertsonak adinako gaitasuna dugu. Are gehiago, sarri langile arruntek baino motibazio handiagoa dugu. Eta azken hilabeteotan, krisiaren eraginez gure jarduera erabat aldatuta, egokitzeko sekulako ahalmena dugula erakutsi dugu”, gaineratu du Josean Crespok.
 
Hipoteka bider bi

Nerea Sainz de Murieta sopelarra da, ezkondua dago eta bi alaba ditu. Lan arazorik ez du. Alderantziz, funtzionarioa da, azken urteetan postua hobetu du eta senarrak ere lan-egoera egonkorragoa lortu du. Baina horrek ez du esan nahi krisiak eragin ez dienik. Krisi hitza edonon entzuten hasi baino lehen ere hasi ziren haien etxebizitza arazoak. Berriki Espainiako INEk emandako datuen arabera, azken urtean etxebizitzen salmenta %29 jaitsi da Espainiako Estatuan, eta %10etik gora EAEn. Baina familia honen etxebizitza-arazoak krisi hitza edonon entzun baino lehen ere hasi ziren.
 
Etxebizitza bereko hiru familiek arazo larriak zituzten bizilagun batekin, eta hirurek beren pisua salgai ipintzea erabaki zuten duela bi urte. Urtarrilean ipini zuten salgai eta otsaila erdialdean, bizilagunaren erruz egoera eutsiezin bihurtu zenean senarraren gurasoen etxera joan ziren.
 
“Akats bat izan genuen: agentziak pisua saltzearen esklusiba eurekin sinatzeko konbentzitu gintuen. Horren bidez, epe batean beste agentzietara ez jotzeko konpromisoa hartzen duzu. Haiek ere zenbait konpromiso hartzen dituzte, baina ez dituzte betetzen. Lau hilabete galdu genituen horrela”. Baina pisu zaharra saldu ez arren berria erostea erabaki zuten, “ez baikenuen luzaroan senarraren gurasoen apopilo egon nahi”. Berria 320.000 eurotan erosi zuten, 2007ko maiatzean, eta mailegu osoa eskatu behar izan zuten, bestea saldu ezean. Bi hipoteka batera ordaintzen hasi ziren, 2.300 euro hilero. “Ez genuen uste egoera hura luzatuko zenik. Garai hartan ez zen krisi hitza entzuten. Hori guztia bizi ahala, mundu horretan sartu ahala, hasi ginen horretaz jabetzen”.
 
Sei hilabeteko gabezia-epea sinatu zuten mailegu berrian, hau da, epea amaitu baino lehen saldutako pisuaren prezioaren araberako kopuru bat eman behar zioten bankuari. Lehengo etxebizitza azaroa baino lehen saldu behar zuten, beraz. “Bankuan esan ziguten inoiz ez zela gertatu epe hori gainditzea eta, hala ere, gertatu zen; lehenak izan ginen, baina ez azkenak”.
 
Pisua salgai ipini eta urtebetera etxebizitzak saltzeko zailtasuna denen ahotan zen, eta pisua hasieran 300.000 eurotan saltzen bazuten ere –kopuru horretan tasatuta zegoen– prezioa jaitsi beste erremediorik ez zuten izan. 220.000 eurotaraino jaitsi zuten, baina erosleak, azken unean, atzera egin zuen. Azkenean, 235.000 eurotan saltzea lortu zuten, 15 hilabetez bi hipoteka ordaintzen egon eta gero.
 
Sainz de Murietaren etxeko ekonomiak ederki nozitu zuen hori. “Amaginarrebak pare bat etxe garbitzen lortzen zuen dirua ematen zigun eta nire soldata osoa ipinita ere ez genuen hipotekak ordaintzeko lain. Senarraren soldatarekin hipotekak ordaintzeko falta zena eta beste gastu guztiak ordaindu behar genituen. Zuloa egiten hasi ginen, eta alaben kontuetan sartuta genituen aurrezkietatik dirua kentzen. Kontuak egin eta joan den abuztuan nondik kendu ere ez genuela konturatu ginen. Azkenean irailean saldu genuen eta eskerrak! Urriko hipotekarako sosik ere ez baikenuen”.
 
Nerea Sainz de Murietaren familiaren arazoa konpondu da, bidean asko galduta ere. Ez dakigu orri hauetan bildu ditugun gainerako kasuak zertan amaituko diren. Baina bihar arduradun ekonomikoek datu berriak jakinaraziko dituzte. Eta datu horien atzean hezur-haragizko kasu berriak sortuko dira.

Azkenak
Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Gaueko beldurrak sarean lantzen

Eneko Mendiluze Plaza psikologoak gaueko beldurren inguruko zenbait gako eman ditu. Nabarmendu du guraso bakoitzak ikusi behar duela zer datorkion hobeto umeari.


2025-04-11 | ARGIA
Uztaritze, Domintxaine eta Angeluko hiru ikastetxetan izandako hamahiru eraso salatu dituzte

Hamaika eraso Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierko ikastetxe katolikoan gertatu ziren, beste biak Domintxaineko (Zuberoa) ikastetxe katolikoan eta Angeluko (Lapurdi) San Josepe ikastetxe publikoan. Uztaritzeko ikastetxean ikasitako bost gizonek beren testigantzak eman... [+]


2025-04-10 | Cira Crespo
Carli Pup
“Gure herriak besteak bezalakoak dira, eta ez dugu museo batean egon nahi”

Carli Pup (Udine -friuleraz Udin-, 1973) Friuli [friuleraz, Friûl] herriaren ekintzaile kultural garrantzitsuenetako bat da. Bere hizkuntza gutxituaren idazle, hizkuntzalari eta bere herriaren historialari bihurtu da.
Gaur egun, Informazione Friulana kooperatibako... [+]


Negoziazioa: negarrerako zioa

Hezkuntza publikoko irakasleok  hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]


2025-04-10 | ARGIA
Bizi Baratzea Orria jende asko batzen ari da komunitatera

Martxoaren 27an aurkeztu zuen ARGIAk Bizi Baratzea Orria, lurrari begiratzen dion urtarokako aldizkari berria. Martxoaren hasieran zabaldu zen kide egin eta formatu oso berezia duen orri handia etxean jasotzeko aukera. Erantzun oso beroa izan du. Kide hauen profila ezagutu nahi?


Muga zergak 90 egunez %10era jaitsi dituzte AEBek, baina Txinari %125era igo dizkiote

Jaitsiera AEBen muga zergen igoerari erantzun ez dieten eta negoziatzeko prest azaldu diren herrialdeei aplikatu diela argudiatu du Donald Trumpek, Europar Batasuna barne. Txina eta AEBen arteko lehia komertzialak gora egiten jarraitzen du.


2025-04-10 | ARGIA
Maiatzean beste bost greba egun egingo dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek

Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.


Ingeles ordu gehiagorik ez dute nahi

Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude