Gizon honek 2005ean honako tituludun liburua plazaratu zuen: Kapitalismoaren gainbehera: Bere burua araututako etekin sistema batek biziraun ote dezake?. Harry Shutt ekonomialariak dio orain lehertu den krisia 30 urteotan eduki dugula buru gainean eta luzaz iraungo duela.
Kapitalismoak noraezean egon behar du ekonomialaririk kritikoenei prentsa ekonomikoan ere lekua eskaintzen zaienerako. Hain geratu dira lotsagarri ekonomialari akademikoak, krisiaren etorrera usaindu ere egin ez dutelako, non eta azken aldian heterodoxoen iritziek oihartzun handia baitute.
Hori suertatu zaio Harry Shutt-i. Berrikitan Financial Times egunkari ultraliberalak Shutten gutuna publikatu zuen: “Ahaztu ezazue nazionalizazio politika honekin zulotik aterako gaituzteneko ametsa” zeraman izenburu. “Orain dela urte bete ziurrenik ez zidaten argitaratuko” esan du egileak. Izan ere, ekonomialari hortodoxoek zikloak eta krisiak gaindituak zirela ospatzen zuten bitartean, Harry Shutt aholkulari eta irakasle ingelesak The Decline of Capitalism liburua plazaratua zuen. Eta 2004an, ekonomia kapitalista beronean zebilenean, honela idatzi zuen: “Balizko ‘mirari’ ekonomiko honen oinarrian dauden gezurrak eta finantzazko delituak orain hasi dira agerian geratzen finantzen krisiagatik. Nabarmena da krisi hau dela mundua astindu duen katastrofikoena 1930etako depresioa ekarri zuen 1929-31ko krisi hartatik gaurdaino”.
Hala ere, Harry Shutten ideien artean hori baino interes handiagoa pizten du krisiaren jatorriaz dioenak. Horretaz galdetu diote Britainia Handiko ezkertiarren irakurgaia den Red Pepper (Piper Gorri) hilabetekarian. Shutten iritzian gakoa ez da hainbestetan aipatu den dirugosea edo gehiegizko irrikia. “Dirugosea sintoma da, beti egon baita gure artean, Adan eta Ebaren garaietatik”. Nor edo zer da orduan errudun?
Krisi honen erruduntzat jotzen diren beste osagaiak ere –sub-prime hipotekak, liberalizazioa, aberatsen lapurreta, herritarren zorpetze ezin jasana...– sintomak dira. Shutten aburuz, kapitalismoa aurrera egin ezinean harrapatuta dago 1970etako hamarkadatik eta 30 urteotan mendebaldeko gobernu eta finantzetako eliteak saiatu dira hondamendia saihesten. Hona zertan datzan hondamendiaren sustraia. Shuttentzako, 1970etatik kapitalismoak ez du lortu hainbeste aldarrikatu duen hazkunde ekonomikoa, eta aldiz 30 urteotan kapitalaren errendimenduak eten gabe joan dira txikiagotzen.
Bilakabide hau ulertzeko Karl Marxengana jo behar da. Kapitalismoa ondasunak metatzeko sistema izanik, Marxek zioen sortutako etekinak ezin zituztela beren jabeek osorik kontsumitu, eta soberakinok merkatuan inbertitu behar zituztela, hauek etekin gehiago sor zezaten, horrela kate luze batean. Noiz arte? Produkzioa eten gabe handituz doanez, iristen omen da une bat non kontsumitzaileek ezin duten ekoiztutako guztia irentsi. Merkatua ito egiten da orduan eta errezesio edo atzerakada dator. Horrekin batera dator kapital eta lanpostu suntsiketa. Atzeraldia. Beranduago berriro hasiko da metaketa prozesua.
Zikloen jokabidea horrela ikusi badute urte luzez ekonomialariek, gertatu da Mendebaldeko buruzagiek beren estrategia ekonomikoa oinarritu dutela zikloaren beherako aldia saihestu edo mugatzean. Gaur Britainia Handiko lehen ministro den Gordon Brownek ospetsu egin zuen harako esaera hura, ekonomiaren berotze eta lehertzeko joera bukatua zela zioena. Zer egin zuten horretarako?
Beheraldi ekonomikoa saihesteko ahaleginen estrategian kokatu ditu Shuttek azken hamarkadotako hainbat neurri: kredituen ugaltze izugarria, herritarrak etxeetan zorpetu zitezen xaxatzea, finantzen arauak ahuldu edo deuseztea, estatuen zerbitzuak pribatizatzea, eta abar.
Hala eta guztiz ere herritarren eskariak behar baino ahulago izaten jarraitzen zuenez –kapitalak behar zuenerako– espekulaziora jo zuten dirudunek. Azken finean, espekulazioen funtsa apustuetan datza: diru bat jokatzen dut baietz halako produktu eta zerbitzu garestitu, baietz halako etekin handitu... eta segi aurrera.
“Azken 30 urteok –dio Shuttek– eman ditugu hondamendiaren eguna atzeratzen. 1974-5ekoa izan zen Bigarren Mundu Gerraz geroztikako lehen finantza krisia. Ondoren dator 1987ko crash hura, konpondu zena bankuei diruak palakadaka emanez. Gero estuasunak atzerrietara esportatu ziren. Mexikoko krisia ezagutu dugu, beranduago Asia urrunekoa eta ondoren Errusiakoa. Handiena izan zen puntu.com-en burbuilaren leherketa, orain zortzi urte. Eta geroztikako urteetan oraingo leherketa puzten aritu gara”.
Hainbeste urtez arazo estruktural bat estaltzen aritu izanagatik, oraingo atzeraldia askoz larriagoa izanen omen da lehenago gertatu izan balitz baino. “Nire ustez, hazkunde negatiboa ikusiko dugu gutxienez ondorengo bi edo hiru urtetan eta ez nintzateke harrituko bost edo hamar urtetan ere gertatzea. Honako hau depresioa izanen da”.
Shutten ustez kapitalismoak ez dauzka krisi honetatik ateratzeko duela urte batzuk zeuzkan tresnak. Kalkuluetatik kanpo ateratzen badituzu kontsumoa kreditu bidez berotu ahal izatea eta etxegintzaren espekulazioa, geratzen zaizkizu Internet, zerbitzuen sektorea eta teknologia berdeak. Horretan dute itxaropena sozialdemokrata eta ezkerreko keynestar askok. Shutt ez dago ados. “Atzeraldi latza egongo da eta tarte horretan gure bizimoduak jasanezinezko jipoia nozituko du (...) Jendeek beren kontabilitateak berregin beharko dituzte eta gastatu baino gehiago aurreztu egin beharko dute”.
Milioika izango dira galtzaileak. Eta hauek hasi dira batean eta bestean haserrea adierazten, grebak direla edo matxinadak. Zer egin?
Shuttek ez du aldarrikatzen antzinako marxistek bezala produkzio tresnen nazionalizazioa. Baina bai proposatzen du moztu egin behar dela enpresen erantzukizun mugatuaren ideia. Nahi baduzu inbertitu urre meategi batean Angolan, zoaz eta egizu, baina gauzak okertzen badira, erantzukizun guztiak hartu zure gain. Osterantzean, enpresen erantzukizun mugatua pribilejioa denez, interes publikoak arautu behar du, izan industria edo banku.
Red Pepperreko kazetariak ohartarazten dio Shutti ideiok ez dituztela establishmentean kontutan hartuko. “Ugazaba handiek, politikariek eta kazetariek piperrik ez dakite gauzotaz, haiek ur gainean flotean jarraitzearekin aski lan dute. Baina ikusi nahi ezak muga dauka (...) Gertatzen denean etxetik kalera ezin zarela irten atrakatuko zaituzten beldurrez, orduan besterik iritziko diote”.
Argazki oina: Interneten www.shorpy.com guneak erakusten duen irudi honetan, 1930eko hamarkadako langabetu bikote amerikarra dager, Depresio Handiaren garaian. Harry Shutt ekonomialariaren aburuz, antzeko tamaina eta luzerako atzeraldi ekonomikoan sartu gara. Hogeita hamar urtetan atzeratu omen du kapitalismoak beherakako ziklo hau, bestela ezin lortuzko etekinak eskuratzeko espekulazioan murgilduz eta, bestetik, krisiak periferietara esportatuz. Baina krisia iaztik bere gordinean lehertuta dago. Shutten ustez ekonomia berriro arautu behar da, besteak beste enpresen erantzukizun mugatua zorrotz aldatuz, hilabeteotan argi erakutsi delako korporazioek ekonomian eragindako matxurak gero gizarte guztiak ordaindu behar dituela.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.
Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.