"Hurrengoan polo subiranozale indartsuagoa beharko da"

  • Gernika, 1941. ETAko liberatu izan zen 1964 aldean. Bi urteren ostean Venezuelara ihes egin zuen. 1980tik 1987ra Egineko zuzendaria izan zen; eta Deiako zuzendariorde gero. EITBko Nazioarteko Zabalkundearen zuzendaria da gaur egun.
José Félix Azurmendi
José Félix Azurmendi EiTBko egoitza berrian.Iñigo Azkona
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Kazetaritza lanetan (1980an) hasi zinetik gaur egunera bitarte, zer nabarmenduko zenuke?

Orduko kazetaritza interesgarriagoa zen egungoa baino, Eginekoa eta dena oro har. Kazetariak profesionalagoak, libreagoak, arduratsuagoak zirela uste dut. Esaterako, El País edota Diario 16 produktu onak ziren. Bakoitzak bere ildoa zuen noski, baina errepresioaz informatzen zuten. Egungo egunkariak baino aberatsagoak eta argiagoak ziren. Hedabideen inguruan beti daude interes politiko-sozialak, baina orduko kazetariek bazuten bestelako indarra edo bazutela barneratuta zeukaten. Enpresak ere malguagoak ziren. Egun hondoa jotzeko gertu gaude. Kazetariak trokelean eginak ateratzen dira fakultatetik, nahikoa dute lana bilatzen eta hari eusten, ez daude beren kasa ardura hartzeko prest, ardurak eskatu behar zaizkie.

Orduko kazetaritza mota agortuz joan da, antza. Prentsa idatzia desagertuko al da?

Ez dut uste. Digitalizazioaren garaia heldu da, baina ohean gaudela zer da erosoagoa liburu bat baino? Paperak bere lekua dauka. Noski, oraingo orrialde kopuruak eta gehigarriak desagertuz joango dira. Alegia, formatoa eta baliabideak aldatu beharko dira. Baina horretaz gainera, prentsak mamia berritu beharra dauka, notiziak interpretatzeko beste modu bat bilatu dezake. Editorialak oso aspergarriak dira. Adibidez, nik El Paíseko edo Garako editorialen izenburuetan erreparatuta badakit zer esango duten, ez dago ustekabekorik. Arazoa ez da prentsarena soilik, hedabideena da oro har. Hor duzu kirol kazetarien kasua, egunero daude izar indartsuen albo-alboan. Nola ausartuko dira gero haietaz zerbait zorrotz esaten?

Venezuela herrialdea hizpide. Iruña Urrutikoetxea venezuelar-euskaldunarekin izan zenuen polemikaz jardun nahi nuke. Zer gertatu zen?

Iruña nire ikaslea izan zen Venezuelan. Erbesteratuen alaba da, bertan jaioa. Venezuelan mestizoek agintzen dutela idatzi nuen Deian, eta gogoetak ez zuela bakarrik balio latinoamerikarentzat nioen, Kubarako ere balio duela. Funtsean [Hegoa Amerikan] arrazismoa oso presente dagoela esaten dut, indigenak oso mespretxatuak direla. Baina Venezuelan hori ez da onartzen, beste toki batzuetan agian bai. Kuban “esos negros de mierda” entzun dezakezu, ezkerrekoek esanda. Hugo Chávezen fenomemo politikoa azaltzean “arrazismoa” aipatu nuen eta Iruña haserretu zen: “Hemen ez dago arrazismorik” esan zuen. Bera oso antichavista da, euskaldun gehienak bezala.

Zu non kokatzen zara?

Nik “Chávez baino okerragoak haren kontrakoak –antichavistas– begitantzen zaizkidala” esan dut eta batzuk haserretu dira noski. Ez dut uste Chávezen monarkia mota hori Venezualarentzat irtenbidea denik, baina alternatibak ez dira hobeagoak, eta bere kontra egiteko moduak faxistak dira. Chávezen aurkakoa estatu kolpea izan zen, baina haren aurkako euskal-venezuelarrek ez dute onartzen. Esan dezatela, kolpea zuritzeko, “kausa on baten alde” izan zela. Ni Venezuelako egoerarekiko kritikoa naiz eta Chávezekin ere. Baina ez dut gaiaz gehiago hitz egin nahi, kanpotik oso erraz hitz egiten delako, han biziz gero gauzak beste modu batean ikusten dira. Ni ez naiz inor inori nola jokatu behar duen ezer esateko. Badakit euskal jatorriko jende asko sufritzen ari dela, jendea etorri dela ezin duelako han bizi.

Hego Amerikako hainbat herrialdetan ezker alderako joera indartu dela esaten da azken urteetan. Zer deritzozu?

Horretan ere bakoitzak interesatzen zaion egoera sozio-politikoaren araberako iritzia dauka. Adibidez, Txileko presidente Michelle Bachelet sozialista da. Norbaitek pentsatzen al du Txilek sozialismoarekin zer ikusia duenik? Txile herrialde oligarkikoa da, eskuindarra, Bachelet presidentea izan edo ez. Nikaraguako Gobernua ezkertiarra da, baina Ortega ezkertiarrek desprestigiatuta dago. Ez bakarrik bere amodiozko aferak direla-eta, lapurra delako baizik. Venezuelakoak azterketa sakonagoa merezi du. Dena den, Kolonbiako Gobernua alde batera utzita, bai, badago aldaketa moduko bat herrialde gehienetan. AEBak oso desprestigiatuak daude, inork ez du iparramerikarren lagun bezala agertu nahi. Lehen eredua ziren baina orain oligarkiak berak –Bushen agintaldiaren ondoren– zalantzak ditu. Obamarekin zer gertatuko den ez dakigu. Kontua da AEBek beheko herrialde horiekiko interesa baztertu zutela.

EITBko Nazioarteko Zabalkundearen zuzendaria zara, Canal vasco-rena eta ETB Sat-ena. Zer balorazio egiten duzu telebista kate hauen lanaz?

Kanpo aldera ari diren kateak dira. Canal vasco latinoamerikarako ari da, eta Sat Europarako. Daukagun aurrekontua kontuan hartuta balorazio ona egiten dut. ETBko esparru txikia handitzeko modua kanpora begira lan egitea da. Euskaldunok jakingura handia sortzen dugu munduan. Latinoamerikan denek ezagutzen dute vasco hitza, eta vasco ez dute sekula irain bezala erabiltzen. Bertako hedabideetan agertzen gara hemengo egoera politikoaren eta ETAren atentatuak direla eta. Ez da berdin gertatzen Kataluniako telebistekin. Hauen aurrekontu handiagoak izango dira agian, baina ez dute guk bereganatzen dugun ikusmina lortzen.

“Euskal Herria zazpi probintziara mugatzea akatsa litzateke” esan ohi da.

Bai, noski. Nik nire sailerako aurrekontua handitu nahi nuke eta diasporarako askoz ere diru gehiago erabiliko nuke. Jaurlaritza lanean ari da, baina oraindik ez dira diasporak eman ditzakeen aukera guztiak barneratu. Euskaldunok gure asmoak azaltzeko beharra daukagu eta horretan badugu zer egin. Euskal Herriaren bereizkuntza geuk esplikatu behar dugu: zergatik eskatzen dugun independentzia edo autonomia; geure kultura eta hizkuntza guk geuk azaldu behar ditugu. Ez bakarrik informazio arloan, lanaren eta enpresen esparruetan ere bai. Baina kultura gurea da eta ez badugu geuk esplikatzen, akabo. Gainerakoan, nik ez dut Burgosko jendeak baino hobeto bizi nahi, politikariek dioten bezala “autogobernua handitu behar dugu hobeto bizitzeko”. Argudio elektoral bezala ulergarria da. Nik denok bizitza duina izatea nahi dut.

Diasporako euskaldunek nola ikusten dute Euskal Herria, eta euskal arazoa?

Lizarra-Garaziko garaia hau konpontzeko unea izan zela ikusi zuten, ez haiek bakarrik, abertzale denok hori ikusi dugu. Diasporako euskaldun gehienek erreparo handia izan dute ETArekiko, baita frankismo garaian ere. Orduan ez bazuten ulertzen, gaur egun? Egun ezkerreko joerakoek ere ez dute ETAren guda hau ulertzen. Ez ulertzeak kontra daudela esan nahi du, noski.

Loiolako elkarrizketen ostean, ETAren jarduerak harritu al zaitu?

Hasteko ni oso harritua geratu nintzen Loiolako elkarrizketak eraman ziren moduarengatik. Alegia, “ergel aurpegia jartzeko prest nago, baldin eta arazoa konponduko bada” pentsatu nuen. Baina, hara, bakar batzuk baino ez ziren bildu. Eta horiek, Egiguren eta Otegi lehenik, gure gauzez aritu ziren eztabaidan. Eztabaida bada presoen arazoa nola konpondu, HB edo Batasuna legalizatzea, oso ondo. Baina Euskal Herriak nolakoa izan behar duen gaurko ezker abertzalearen esku utzi behar al da? Edo EAJren esku? ETA eta Gobernua bildu direla?! Ondo! Preso eta atentatu gehiago ez dela izango erabaki dutela, pozten naiz. Gatazka gainditzeko ordea, eztabaida zabalago bat behar da, indar gehienek landua. Eta beste gauza inportantea bat: elkarrizketak ezin dira ezkutuan izan.

Alegia...

Alegia, lehenik PSEko eta Batasunekoak bildu ziren, eta bidean ito. Orduan EAJri deitu zioten. Baten batek galdetu ei zien: “EAk, EBk eta abarrek zer diote zuen erabakiez?”. Erantzuna ohikoa: “Hemen Euskal Herria ordezkatzen duten indar nagusiak gaude”. A, bai! 1982 aldean, Garaikoetxea lehendakari zela, hainbat indar politikoen arteko elkarrizketak bideratzeko saioak izan ziren. ETAk bi kazetari joatea eskatu zuen. Beste batzuen artean Sanchez Erauskin eta biok egon ginen lekuko gisa. Ezker abertzaleak orduan ezin zela ezkutuko ezer egin zioen. Eta orain? Loiolakoa oso txarto bizi izan nuen. Noski, emaitza onak izango diren esperantza zabaltzen da, promesak...

Bakearen alde Ave Maria...

Bai, eta tonto aurpegia jarri! Hurrengo saioan polo subiranozale indartsuago bat beharko da, bestela ez dago aurrera egiterik.

EITBko egoitzaren aurkako atentatuak zer iradoki zizun?

Atentatua gutxiarazi gabe, Inazio Uriaren hilketa izan zen gogorra. Nik etxe honetako ahultasunak ezagutzen ditut, eta badaude. AHTz zer esaterik badago, baina ETA sartzen den unetik ez duzu ezer esateko indarrik. ETAk dena zapuzten du. ETAko oraingo kideak liluratuta daude egungo hedabideekin, normala, bere garaiko seme-alabak dira. Dena idatzi eta azaldu behar dute, dena fitxategietan daukate. Dena idazten dute, poli-milien antzera. Onerako eta txarrerako, noski. Nik lehenengo ETA ezagutu nuen eta logika bestelakoa zen: “Ez idatzi ezer. Fitxategi eta argazki guztiak erre”.

Nola ikusten duzu hedabideekiko ETAren jarrera, eta ETA oro har?

ETAk hedabideei garrantzia handiegia ematen die, eta garrantzia dute noski. ETAk “txarto esplikatzen digute. Kazetariak zakurrak dira” dio. Baina, tira, kazetaria beldurrarazten baduzu, agian lana utziko du, baina ez da zure alde paratuko. Egia esanda, hedabideek ez dute egoera konpontzen laguntzen ere. Hale ere, hedabideez horrenbeste arduratu barik ETAk herriaren laguntza galdu izana eta gizartea geroz eta gutxiago mobilizatzearen arrazoia aztertu beharko lituzke.
Maria Antonia Iglesias-en 'Memorias de Euskadi'
Zu zara Memorias de Euskadi-n politikari –elkarrizketatua– ez den bakarra.

Maria Antoniak eskatu zidanean: “Niri zergatik? Ni ez naiz politikaria” esan nion. Interes berezia zuen nonbait. Iglesiasek, batez ere, Eginen funtzionamendua ezagutu nahi zuen.

ETAren menpe ote zen jakitea edo?

Bai, nolabait.

Iglesiasek politikari batzuen hitzak manipulatu dituela zabaldu da.

Ez dut besteena irakurri. Halere, politikari batzuek ni baino tontoagoak dirudite. Nirean akatsak daude, ez fede txarrez eginak. Gauza batzuk ez dira osorik agertzen. Tituluetan eta ladilloetan gauzak esajeratzen dira, baina ez naiz manipulatua sentitu.

Zein asmoz hitz egin zenuen berarekin?

Besteak beste, ETAk gaur arte eraman duen borrokaz gogoetatu behar duela adieraztea. Hau da ETAk esan dezan: “Guk asko sufritu dugu eta sufrimendu asko eragin dugu. Erabaki dugu amaitzea eta orain herriari –herriko eragile guztiei– egoera konpontzen laguntzea eskatzen diogu”. ETAk hori erabakiko balu jende asko mobilizatuko litzateke. Baina, ezein indar politikok ez dezala lidergo politikoa hartzea espero. Hori litzateke berriz ere oker handiena. Abertzaletasuna ez da inorena. EAJko parte batean dago, EAn dago eta Aralarren ere bai. Batasuna da ezker abertzalearen erreferente nagusia. Baina abertzaleek ezin dute abertzaletasuna paisaia bakarreko kolorea balitz legez jardun. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa ez dira berdinak, eta ez dira berdin Barakaldo eta Markina. Edo Irun eta Azpeitia. Eta zer esan Arabaz eta Nafarroaz? Eta ETA desagertu den hipotesian hitz egiten ari naiz.

Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude