Bilboko Kafe Antzokia, hutsaren atarian?

  • Zenbat Gara elkartea da Bilboko Kafe Antzokiaren ugazaba. Izenak badu ironia puntu bat, zertarako ukatu: gau batez “gehiegi zarete” esan zuten udal agintariek, eta hilabetez itxiarazi zuten aretoa. Zigorra betetzear du Antzokiak, baina etorkizun beltza dauka arautegia bigundu ezean. Taberna soila baino askoz gehiago dago kolokan.
Kafe Antzokia
Kafe AntzokiaJabi Zabala
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aldizkari honen azalean ageri den data, otsailaren 8a, gorriz adierazita dago Bilboko Kafe Antzokiaren egutegian: hilabeteko zigorraren azken eguna da. Biharamunean ateak berriz egongo dira zabalik, ohi legez, baina aurrerantzean ezer ez da berdin izango. Arazoa ez da bakarrik hilabeteko etenak Antzokiari eragingo dion 100.000 eurotik gorako zuloa, ez eta zigorrak sortu duen babesgabetasun sentsazioa ere. Arazoa da proiektu osoa pikutara joan daitekeela Udalak bere jarrera malgutu ezean. “Bertan behera” dio aretoko atean jarritako errotuluak, justu urtarrileko programazioa iragartzen zuen afixaren gainean. “Bertan behera” hori behin betiko bihurtzeko beldurrak mugiarazi ditu Kafe Antzokiko arduradunak.

Gaia pil-pilean dago Bilbo aldean: Kafe Antzokia, hiriko gauaren ikurrik behinenetakoa, itxi egin dute, iazko udaberriko gau batez jende gehiegi egon zelako bertan. Sar zitekeenaren bi halako baino gehiago, legedia eskuan hartuta. Baina Antzokia ez da Udalak jomugan ipini duen areto bakarra. Bizkaian gehien saltzen den egunkariak tarte zabala eskaini dio gaiari: “Ostalaritza vs. Segurtasuna” leloak laburbil dezake auziari heltzeko erabili duten ikuspegia. Udalak darabilen bera, finean. Kafe Antzokiko jabeek erabat aldendu nahi dute eztabaida horretatik. Taberna baten etekinak baino askoz gehiago dago jokoan, gogorarazi nahi dute. Gainerakoa teknizismoak dira.

Euskararentzat oxigenoa Bilbo erdaldunean

1995ean sortu zen Bilboko Kafe Antzokia, Zenbat Gara elkartearen eskutik. Helburu potoloak zituen, eta hein handi batean bete egin dituztela diote harro. Batez ere, hiriko euskal komunitateari erreferentzia bat eskaini nahi zioten. Bilgune bat. Baina ez bakarrik tragoak hartzeko edo kontzertuak entzuteko bilgunea: Kafe Antzokia kultur egitasmo zabalago baten sostengu ekonomikoa da. Irratia, euskaltegia, ikastaroak, hitzaldiak, antzerkia, bertsolaritza, dantza… Euskararen inguruko zenbait proiektuk, berez defizitarioak, Antzokiaren itzalak babestuta egin ahal izan dute aurrera. Eta diru laguntza publikorik gabe, Zenbat Garako kide Teo Etxaburuk azpimarratu duenez.

Hori guztia arriskuan egon daiteke orain, edukierari buruzko arautegia ezartzeko garaian Udala agertu berri duen zorroztasunagatik. Hala adierazi du Zenbat Garak, eta espero zitekeenez, elkartasun oldea jaso dute. Itxieraren aurkako idatzia jarri zuten euren webgunean, eta aitaren batean milaka sinadura jaso zituzten. Baita nazioartekoak ere. Harro egoteko beste arrazoi bat dute hor antzokitarrek: euskaldunentzat ez ezik, musikazale ororentzat ere ezinbesteko erreferentzia bilakatu dira, Euskal Herrian eta Euskal Herritik harago. “Basque Country izena zabaltzen lagundu dugu”, aldarrikatu du Xabier Monasteriok, proiektuaren beste gidarietako batek. Udalak ez du areriorik makalena aukeratu segurtasunaren aldeko gurutzadari ekiteko. Kalkulu okerra, edo oso serio ari direla adierazteko nahita emandako pausoa? Bigarren hipotesiak jarraitzaile gehiago dauzka.

“Ez dute arazoa konpontzeko borondaterik”

Kafe Antzokiak kulturgintzan duen pisua jarri nahi du eztabaidaren ardatz. Edukiera gainditzea eta halakoak teknizismoak dira, gogoratu. Baina behin lokatz horietan murgilduta, zaila da irtetea. Teo Etxabururen esanetan, arazoa konpontzeko borondatea behin eta berriz agertu diote Udalari, baina alferrik. “Bederatzi hilabetez isilik egon ziren, eta azkenean, hamar eguneko aurrerapenez eman ziguten ixteko agindua. Guk, bitarte horretan, hamaika irtenbide proposatu genizkien. Esan genien zigorra betetzeko prest geundela, eta uztaila sasoi ona izan zitekeela horretarako; askoz ekitaldi gutxiago programatzen dira eta kaltea txikiagoa izango zen. Bitartean, egin beharreko egokitzapenak egingo genituen. Baina ez dute izan arazoa konpontzeko borondaterik”.

Etxaburuk aipatu dituen “egokitzapenak”, batez ere, aretoaren atzeko aldean larrialdietarako irteera bat egitea dira: neurri soil horrek legezko edukiera askoz handiagoa izatea ahalbidetuko lioke Kafe Antzokiari. Bestela, espazioa ez omen da arazoa. “Oraingo araudiak dio 420 lagun baino gehiago ezin dela sartu hemen –dio Xabier Monasteriok–; berton egondako edonork daki kopuru hori barregarria dela; aretoa erdi hutsik egotea”.

420ko muga hori da Kafe Antzokia eta Zenbat Gararen proiektu osoa ito dezakeena. “Taberna soila izan gintezke, baina akabo beste guztia”, Etxaburuk dioenez. Ataka hau gainditzeko eginahalak egin arren, ez dute Udalarekin akordiorik lortu. Monasteriok saminez salatu du legea urratuta aberastea leporatu zietela udal ordezkariek. “Hau ez da negozio pribatua ordea!”. Orain, gauzak argitzearren, etxe barruko politikaren hainbat xehetasun eraman dituzte beren webgunera, denen ikusgai egon daitezen. “Argi gera dadila hemen bakoitzak bere soldata duela, eta irabazi guztiak kultur proiektuak finantzatzeko erabiltzen direla”. Eta otsailaren 9tik aurrera, zer?
Xabier Monasterio eta Teo Etxaburu, Zenba Gara elkarteko kideak
"Distortsioa da Kafe Antzokia eta beste areto batzuk parekatzea"

Legea betetzeko prest zaudetela adierazi duzue, baina legea beteta zuen proiektua ez dela bideragarria diozue... Nola ezkondu biak?


Xabier Monasterio:
Seguru gaude orain arte ondo egin ditugula gauzak, salbuespenak salbuespen. Esaterako, itxiera eragin duen edukieraren kontutxo hori. Legea beteko dugu, bai, baina legeak errealitatearekin bat egin behar du, edo ez du balio. Ezkontza ostean dantzaldiak egin arren inork ez du esaten hotelak diskotekak direnik. Orduan, ostalaritza zerbitzua duelako, Kafe Antzokia pub hutsa dela esango dugu? Ekimen hau oso handia da eta ezin da ostalaritza arruntaren parametroekin neurtu. Hain legezaleak badira, sor dezatela, edukierari buruzko arautegian, gurea bezalako guneetarako arau berezia, eta ez gaitzatela epaitu guretzat estuegiak diren legeekin. Distortsioa da Kafe Antzokia eta beste areto batzuk parekatzea.

Nago Udalak nekez onartuko duela planteamendu hori, eta zuek, bitartean, funtzionatzen jarraitu beharko duzue...


Teo Etxaburu:
Hala da. Eta esan beharra dago hainbat proiektu kolokan jarri dituztela, kolpe psikologiko handia emateaz gain. Baina egindako kalte guztiak badu alde on bat: euskaldun komunitatea indarturik aterako da. Dagoeneko milaka atxikimendu jaso ditugu, Euskal Herrian zein nazioartean. Uholdea da. Zigorra ezarri digutenek tsunami euskalduna jasoko dute ordainetan.

Barka tematzea baina, elkartasunean oinarritutako indar posizio huts batek ez dizue aurrera egitea bermatuko...


X.M.:
Beti agertu dugu negoziatzeko nahia, eta ez dugu gauza bera nabaritu haiengan. Gure jarrera berbera izango da zigorra betetakoan, baina uste dugu Udalari dagokiola erantzutea. Orain arte ez bezala, borondatea agertu beharko dute gurekin hitz egiteko.

T.E.:
Guk konponbidea bilatzen segituko dugu. Baina ez gara profetak eta ez dakigu noraino iritsiko diren; ea borondatea duten egindako hutsa konpontzeko. Erantzuna horren araberakoa izango da, eta erantzun ozena izango da gainera, hamahiru urteko ibilbidean geuk ere espero ez genuen dimentsioa eta onarpena lortu baititu Kafe Antzokiak.

X.M.: Uste dugu segurtasunaren ardura omen daukaten horiek ez dutela ondo neurtu jo nahi izan diguten kolpea. Bestalde, gure beldurretako bat da honen atzean ez ote dagoen Bilboko gaua desitxuratzeko asmo ezkuturen bat. Zaratarik gabea, gazterik gabea... Gau giroa aldirietara joan dadila, hirigunetik kanpo. Guk behintzat Bilbo erdian egoteko apustua egin genuen aspaldi, eta ez daukagu aldirietara joateko inongo asmorik.

Azkenak
2024-07-23 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Krisien orbana zabaltzen ari da Bengalako golkoan

Myanmarreko gerra zibilak, gure hedabideen fokutik guztiz kanpo bada ere, atsedenik gabe jarraitzen duen bitartean, beste krisi politiko larri bat sutu da Bengalako golkoan. Sortzez, Bangladeshko gazteriaren kale-agerraldiek ez dute zerikusirik 2021eko estatu-kolpe militarrak... [+]


2024-07-23 | Ahotsa.info
Lizarrako txosnak erdigunean nahi dituztela aldarrikatu dute UPNren bazterketaren aurrean

Lizarrako Udalak datozen jaietarako aurreikusia dagoen jai herrikoien egitaraua arriskuan jarri du. Txosnak erdigunetik kendu eta urrun eta baztertua dagoen zonalde batera eraman nahi ditu.

 


Arabako diputatua zen Modesto Manuel Azkonaren hezurrak bere sorterrira itzuli dira, 88 urteren ostean

1936an fusilatu zuten frankistek, une horietan Arabako diputatua zela, eta herriko beste 42 fusilatuen hilobian bertan sartu zituzten Manuelen gorpuzkinak.


2024-07-23 | Gedar
Ia 100 pertsona migrante bizi izan dira Berango eta Getxo arteko baso batean

Iazko urritik eraiki dituzte hainbat kokaleku jatorri magrebtarreko ia 100 lagunek. Poliziak duela hainbat aste jaso zuen haiek basotik botatzeko agindua.


AEBek “portu humanitarioa” kenduko dute Gazatik, bertatik laguntzarik ia sartu gabe

25 egun baino gutxiagoz egon da martxan hasieratik polemikoa izan zen portua. “Distrakzio neurria” izan dela salatu dute eragile ugarik.


Milioika migratzaile esplotazioaren eta eskubide gehiegikerien biktima, Europako nekazaritza-sektorean

Langile migratzaileek indarkeria, lanaldi luzeak eta ordainketa eskasak modu ohikoan jasaten dituzte, Europako bederatzi estatutan egindako ikerketa baten arabera. Gutxienekoa baino soldata baxuagoak jaso ohi dituzte ia estatu guztietan, eta emakumeek are soldata baxuagoak.


Greba egingo dute asteartean Iruñeko FCC-ko langileek, Iosu lankidearen heriotza salatzeko

Lan istripuz 33 pertsona hil dira Euskal Herrian aurten. Azkenekoa, Iruñeko sanferminetan garbiketan lanean ari zen Iosu izeneko langilea. Kamioiaren gainetik erori zen eta hartutako golpe larriaren ondorioz hil da. LABek FCC (Iruñerriko Mankomunitateko... [+]


Bidenek uko egin dio hauteskundeetarako hautagaitzari, eta Kamala Harrisen alde egin du

“Indar guztiak presidente karguan zentratzea” erabaki duela adierazi du, eta Kamala Harris presideneteordeari “babes eta abal osoa” eskaini dizkio. Harrisek baieztatu du bere hautagaitza aurkeztuko duela Alderdi Demokratak presidentegai izendatu dezan... [+]


Hondakinak tratatzeko Artaxoako planta itxita mantentzeko agindu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak

Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.


Eguneraketa berriak daude