Geopolitikaren mugak gainditzen omen ditu arabiarren eta israeldarren arteko gatazka amaiezinak, hala idatzi du Madrilgo El País egunkarian nazioarteko aditu ari den M.A.Bastenier-ek. Mende batez luzatu da istilua: 1897an Suitzako Basileko sionismoaren mundu biltzarrean hasi, 1917an juduei Israelen estatua eraikitzeko eskubidea aitortzen zien Balfour deklarazioarekin segi, 1936an palestinarrek britainiarren eta juduen immigrazioaren kontra egindako lehen matxinadatik pasa... eta Israelgo armada Gaza bere biztanle eta guzti birrintzen ari den asteotako erasoraino iritsiz.
II. Mundu Gerraren ondoren “gerra hotzak” urte luzez iraun zuenez, logika hura nolabait baliatu zuten palestinarrek eta oro har estatu arabiarrek Sobiet Batasunaren gerizpean, eta gehiago Israelek Amerikako Estatu Batuen eta Mendebaldeko Europaren babes osoa edukiz. Hala ere, gerra hotza aspaldi ahitu zen eta, aldiz, israeldarren eta arabiarren artekoa ez da goxatu. Horregatik dio Bastenierrek Israel-Palestina (edo arabiarrak) gatazka bere baitako logikak daukala sutan. Baina geopolitikak ez ote du ezer esplikatzen?
Abenduaren 27an armada hebreoak airetik eraso zuenetik, ehunka analisiren hizpidea izan da gatazka, eta horietako askotan munduko potentzien arteko harremanak aipatu dituzte esplikaziotzat. Israelen erasoa osorik edo era kritikoan justifikatzen dutenentzako, Siriak eta batik bat Iranek mugitzen dituzte Palestinako Hamasen eta Libanoko Hezbolaren hariak –Egiptoko eta beste hainbat herrialdetako islamiarrenak ahaztu gabe– eta nagusiki Teherango errejimena ei da eskualde hori egonkortasunik gabe atxikitzeko interesa duena, palestinarren sufrikarioak manipulatuz.
Paul Rogers-ek, ordea, justu alderantziz planteatu ditu gauzak Open Democracy gunean, Gaza: the Israel-United States connection artikuluan. Ingalaterrako Bradforreko unibertsitatean bakeari buruzko ikasketen buru den Rogersek idatzi duenez, mundu arabiarretik ikusita “Gazan gertatzen ari dena, ikuspegi orokorretik begiratuta, ez da Israelen ekintza, AEBek eta Israelek elkarrekin daramaten operazioa baizik”.
Irudipena baino gehiago da. Rogersek berak eta beste batzuek lehendik aipatua dute 2003tik militar amerikarrek eta israeldarrek elkarrekin aztertzen dituztela Irakeko matxinoen kontrako operazioak, AEBetako armadak Bagdaden, Falujan eta bestetan erabili zezan palestinarren kontrako zanpaketan Tsahalek Gazako eta Zisjordaniako karriketan pilatutako esperientzia.
Elkarlan honek badu ikurra: Israelgo Negev basamortuan eraikitako Baladia herria. Gazaren tankera handiko herria eraiki dute militar juduek, bere meskita, azoka, solairu askotako etxe, karrika estu, errefuxiatu eremu eta guzti... soldaduek ikas dezaten hiriko matxinoen kontrako gudua nola burutu.
Ipuina dirudi baina Baladia existitzen da, berme osoko adituek erakutsi dutenez. Armada amerikarrak pagatu du eta aurrerantzean gainerako militar aliatuen entrenamendurako balioko du. “Jende gutxi jabetzen dira Europan edo AEBetan Baladiak Ekialde Hurbilean zer esan nahi duen”, idatzi du Paul Rogersek.
Urtarril honetan Estatu Batuen babes osoarekin eta Europar Batasunaren oniritziarekin, Israelgo agintariek bururaino eraman nahi dute “Berun Urtua” operazioa. Honen helburuez ere asko idatzi da, eta esan direnen artetik sinesgarritasun handia duten iritzik hautatzekotan, Sara Roy judu amerikarren analisiak merezi du.
End Game in the Gaza War? , “Azken partida Gazako gerran?” ipini du izenburu Royk. Aipatzen ditu Israel bertako kazetariek aitortutako helburuak eraso honetarako: nagusiena, Gazan Hamasek daukan legitimitatea hondatzea, azpiegiturak suntsitu eta bizimodua ezinezko bihurturik kaosa eragitea eta Hamas agintzeko ahalmenik gabe uztea. Horrekin batera, Iranen eragina ahultzea, aldi berean Hezbolah eta Iran xaxatuz, hauek erreakzionatuz gero kontraerasorako aitzakia edukitzeko.
Gazako sarraskiak kalkulu militarrez eta geopolitikoez gain, baditu osagai ugari, mamian nagusi den herritar palestinarren era guztietako eskubide politikoen zanpaketa ahaztu gabe. Palestinako gatazkan behin eta berriro mahairatzen dira legedi internazionalaren urraketak giza eskubideen arloan eta horiek nazioarteko justiziak zigortzeko beharra... eta inoiz zigortu ezina.
Israelgo agintariek historian zehar mila sarraski eragin dizkiete palestinarrei, munduko beste herri gehienen alderantziz haiek zigortuezinezko sentitzen direlako. Nazioarteko erakundeetan, NBE barne, aliatuek bermatzen diete Tel Aviveko buruzagiei erantzukizun politikorik ez eskatzea. Are gutxiago erantzukizun penalik. Oraingoan berdin joango al dira kontuak? Haserrea gero eta zabalduago baitago.
Berrikitan Israelgo Haaretz egunkarian kezkatuta idatzi du Gideon Levy-k Holandako Hagatik. “Munduak Israeli barkatzeko daukan eskuzabaltasun gehiegizkoa oraingoan hautsi liteke”, idatzi du. “Hesiz inguratutako eremu estu baten kontra apika historian lehenbizikoz egin den gerran, babesik gabeko jendeen kontra, gordetzeko txokorik ere ez den leku batera gerra egitera Israelgo armada bidali duten hiru politikari israeldarrei epaiketa publikoa, morala eta judiziala aplikatuko zaie. (...) Ez dut hau pozik idazten, penaturik eta ahalke baizik. Horrela jarraitzen badugu, baliteke egun batean Hagan auzitegi berezi berria antolatzea”.
Nazio Batuek Palestinarako daukaten giza eskubideen berri emaile berezia Richard Falk da, judu amerikarra eta aldi berean Israelen estrategiarekiko oso kritikoa. Honela idatzi du: “Ez da ezagutu okupazio egiturarik honek bezala hamarkadatan iraun eta hain zanpatzailea izan denik. Neurriagatik, kalkulatua izateagatik, nazioarteko lege humanitarioa hausteagatik, herritarren osasunean eta bizietan duen eraginagatik, horregatik guztiagatik tipifikatu daiteke gizadiaren kontrako krimentzat. Okupazioa Israelgo agintari militarrek eta zibilek espreski nahitara egina da. Horregatik dute erantzukizuna, eta horretaz kontuak eskatu behar zaizkie”.
Gaza odolusten ari den honetan, Israelekiko boikot deiak eta nazioarteko epaiketa antolatzearen aldekoak entzuten dira nonahi. Aurrekoetan bezala saihestuko ote dituzte agintariek, ala apartheideko Hegoafrikaren patua iritsi zaie?
Argazki oina: Komunikabideek Gazarako sarbidea debekatuta daukaten arren, hango argazkirik ez da falta, zein baino zein ikaragarriago. Orriotarako hautatu dugunak (Populist America gunetik hartua) ez du erakusten odolik, tantarik ere, baina bai txikizioa, eta dena galdurik duintasuna atxiki duen emakumearen gogortasuna. Israeldarrek ahalegin berezia egiten dute beren militarren ekintzak zuritzeko, mundu osoan baina bereziki aliatu nagusi duen Estatu Batuetan. Hala ere, Gazaren kontrako eraso honekin muga guztiak gainditu dituztela dirudi. Nazio Batuetako berriemale bereziak esan duenez, kronika hau idazterako 1.000 palestinarren heriotza eragin duen sarraskiaren arduradunei erantzukizunak eskatu behar zaizkie. Agian oraingoan lortuko du.
2023an Zaballako espetxean euskal presoen alde egindako martxarengatik ezarri zizkieten isunak. Helegiteen ezeztapenaren aurrean epaitegietara joko dutela adierazi du antolakundeak, eta Poliziaren inpunitatea salatu du.
Tesla autoen salmentak, esaterako, %30 jaitsi dira urtea hasi denetik. Danimarkan beste hainbeste jaitsi da AEBetara oporretan joango direnen erreserba kopurua. Eta Suedian, inkesta baten arabera, hamarretik zortzi prest leudeke produktu estatubatuarrei boikota egiteko.
USAIDen inguruko txolopotearen ondoren, espero beharrekoa zen. Baina, hala ere, urte askotan haien jarraitzaileak izan garenok, samin-puntu batekin hartu dugu albistea. Martxoaren 15ean, Trump administrazioak, kolpetik, erabat itxi baitu United States Agency for Global Media... [+]
Buñueleko (Nafarroa) kasuan, 34 urteko gizona makina batean harrapatuta geratu da. Arratzun (Bizkaia), aldiz, garabiak goi-tentsioko linea bat ukitu ostean hil da 61 urteko gizona.
Espainiako Poliziak duela 41 urte hil zituen tiroka Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas gazteak, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak.
Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da.
Israelek eraso masiboak abiarazi ditu berriro ere Gaza osoan: Khan Younis eta Rafan Gaza hegoaldean, Gaza Hirian iparraldean eta eta Deir el-Balah-n erdialdean. "Familiak seme-alaben gorpuzkiak eskuetan zituztela iristen ziren ospitalera", adierazi du lekuko batek.
EH Bildu agintean dagoen udalak gaztetxearen etorkizuna ziurtatzeko aterabide bat adosteari "uko" egin diola salatu du Burlatako Gazte Asanbladak. Beste hainbat gaztek udaletxe kanpoan kanpatu dute, eta goizean zehar bertara hurbiltzeko dei egin dute.
Haurreskolara beharrean, 0-3 urte bitarteko umea zuzenean ikastetxera bidaltzea, Haur eta Lehen Hezkuntza osoa (12 urtera arte) hartzen dituen zentro berera. Hori da Nafarroako Hezkuntza Sailak Burlatako Hilarion Eslava ikastetxean martxan jarriko duen proiektu pilotua eta... [+]
Europa mailako ekimen kolektibo batek bakearen, irtenbide diplomatikoen eta armagabetzearen aldeko manifestua idatzi eta sinadura bilketa hasi du. Manifestuak dioenez, intelektualak, herritarrak bezala, “anestesiatuta daude”. Europako agintarien jokamoldea, NATOren... [+]
Mahai Orokorreko sindikatuek salatu dute Gobernuak utzikeriaz jokatu duela ordezkaritza sindikalarekin negoziatzerakoan, horren adibidea da Estatutu berriaren negoziazioan ezarri duen blokeoa. Gobernua Mahai Orokorrean gai horiek guztiak negoziatzera esertzeko ahalegin ugari eta... [+]
Lau turistak eraso zieten jatorri pakistandarreko hainbat langileri, Lekeitioko Gazte Asanbladak salatu duenez.
"Pornografiaren aurrean nola esku hartu. IKTen erabilera nerabeen eta gazteen sexualitateen arretan: errealitateak eta aukerak" ikastaroa emango du Ane Ortiz Ballesterosek (1989, Bilbo). Sexologoa da bera, Training sexologia klinikoan, Genero Berdintasun Teknikaria eta... [+]
1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Poliziak 69 lagun hil zituen apartheidaren kontrako manifestazio baketsu batean. Ordutik, egun hori Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Nazioarteko eguna ospatzen da, aldarrikapenez beteta. SOS Arrazakeriak urtero gai ezberdin bat lantzeko... [+]