Jendeak futbol mundu glamouroso eta izartsutik ezagutzen zaitu, baina izatez baserrian jaioa zara.
Irungo Portu auzoko lau bizitzako baserri batean jaio nintzen, zazpi senideko familia batean. Erdikoa naiz, hiru senide zaharrago eta hiru gazteago dauzkat. Beti esan dut zaplazteko gehienak erdikoa izateagatik jaso ditudala. Jakina, zaharragoei errespetua zor zitzaien, eta gazteagoak mimatu behar ziren. Ondorioz, errua, egurra eta mandatuak niretzako. Hori bai, gogoan dut, distantziak distantzia, eskolara oinez joan izan garela beti. Gaurko modak harritu egiten nau. Autobusak ia-ia etxez etxe ibiltzen dira haurrak batzen, eta baten bati geltokia urruntxo geratzen bazaio kexatu egiten da.
Eskolara bidean baloia bezain amets borobilak egingo zenituen.
Etxean ez genuen futbol girorik. Meakako eskola utzi eta Irungoan hasi ginenean hasi nintzen futbola arnasten. Urdanibia plazan bankutik bankurako tarteak aprobetxatuz jokatzen genuen, hondartzakorako taldea ere orduantxe osatu genuen. Oroitzen naiz horretarako fitxa faltsifikatu behar izan zidatela hamabi urtez azpikoek ezin zutelako parte hartu. Hortik landa, konturatzerako, baloiaren atzetik bizi izan ginen. Inguruko torneo guztiak jokatzeaz gain, ondoko auzo eta koadrilak ere desafiatzen genituen. Ez zait ahaztuko behin Berakoen aurka jokatu genuela. Bizikletan joan ginen bertaraino, eta erraz irabazteaz gain, nik gol mordoa sartu nien. Bizikletaren gurpilak zulatu zizkidaten eta Beratik etxera halaxe itzuli behar izan nuen. Eskerrak lagun batek mobileta zeukan. Gibelean eseri, 50 metro egin, eta guardia zibilik zegoen ikusteko geratzen ginen. Beste 50 metro, gelditu, eta... Iruneraino. Handik gutxira sartu nintzen Real Unionen, baina ezer izatekotan, kaleko jokalaria izan naiz.
Ezberdina da kalean jokatzen hezi eta hazi den futbolaria?
Bai. Kalean ohitzen denak malezia asko garatzen du. Karrikan beti zabiltza apustuan, beti dago zerbait jokoan, orduan trikimailu eta jukutria asko erabiltzen ikasten duzu. Gaur egun, hain gazte futbol akademietara joaten diren umeek hori ez dute sekula ikasiko. Bistan da askoz baldintza hobeak dauzkatela bertan, segur aski futbolari teknikoki puruagoak ateratzen direla bertatik, baina nik futbola praktika kaletar gisa ulertzen dut. Argentinan Maradonaz ari direnean karrikan jokatzen duten atezainez mintzo dira. Futbolaz dudan ideia hortik askoz hurbilago dago akademietatik baino. Gaur egun, haurrak zazpi urterekin goi-mailako futbol zentroetan sartzen dituzte. Berez ez zait gaizki iruditzen, baina futbolaria jaio egiten da.
Zer iruditzen zaizu taldeek hamar-hamabi urteko haurrak fitxatzea?
Izugarri goiz dela uste dut. Haur bat futbolaria ateratzeko egiten direnak egitea sinesgaitza gertatzen zait. Messiren kasuan, hamabi urterekin ekarri zuten Argentinatik. Sekulako futbolari puska atera da, orduan denak isiltzen gara, baina hor sekulako arrisku eta desgaste familiarra dago. Haur horiek etxean eta lagunartean berez jasotzen diren balore asko galtzen dituzte, eta horrek derrigor dakar alde negatiboa.
Nor iristen da lehen mailara, teknikoki dohatsua ala buru-indar handikoa?
Itxura batean, teknikoki dohatsua lehenago heltzen da, baina konstantea eta erregularra denak ere debutatzen du. Esango nuke gainera, garapen futbolistiko berantiarragoa izan dutenek futbol bizitza luzeagoa dutela. Orain Espainiako Federazioko presidente den Villar da adibidea. Athletic-en debutatu eta bidali egin zuten. Getxon hirugarren mailan jokatzen aritu zen, Athletic-ek berriz fitxatu eta internazionala izaten bukatu zuen arte. Gaztetan teknikoki jantzia denak ikuskizuna ematen du, baina zenbat dira su batean hasi eta pot egin dutenak? Oreka eta konstantzia ezinbestekoak dira goi-mailako kirolean irauteko.
Jokalariak fitxatzerako orduan saiatzen zara futbolari bati oreka ematen dioten zelaitik kanpoko datuak biltzen?
Saiatzen zara, baina ez da erraza, oso mundu opakoa da. Jokalarien ordezkariak tartean sartzen dira, eta zuzeneko edo lehen eskuko informaziorik ez badaukazu sekulako zipotzak sartzen dizkizute. Ordezkarien interes bakarra saltzea da, eta edozertarako prest daude. Ezker hegaleko baten bila bazabiltza, ezkerrera oso ondo egokitzen den eskuin hegaleko bat daukatela esateko gai dira. Zuk jokalaria fitxatzen duzu, eta postu horretan ez duela jokatu nahi esaten dizu gero, ez duela inoiz hor jokatu. Aluzinagarria da. Era berean, ordezkarien arabera, zelaitik kanpora denak dira aingerutxoak, denak jator-jator eta formal-formalak. Ordezkarien hitzaz gaindi joaten ahalegindu behar zara, informazio zintzo eta zehatza lotzen, eta batez ere, jokalariaren ibilbide osoan gertatutakoa aztertzen. Egun, nirekin arazoak izan zituzten jokalari batzuek beste entrenatzaile batzuekin problemak dituztela ikusten dut. Ez da kasualitatea. Ordezkariek aldatu direla, ezkondu eta asentatu direla, esango dizute, baina bai zera. Gauza zenbaitetan, pertsonak ez dira sekula aldatzen, beti lehengo lepotik burua.
Adibidez, Lyon-eko entrenatzaile ohiak, jokalari dibortziatuak ez omen zituen fitxatzen.
Oso interesgarria da hori. Nire ustez, dibortziatu berri den jokalari baten oreka psikikoa ezin da ona izan. Derrigorrez errendituko du bere mailaz behera, eta ez harritu, aldagelan oilategia aztoratzen badizu. Kuriosoa da futbolaren eta dibortzioaren arteko lotura. Futbolari asko eta asko aldapa behera hastean edo erretiratu berritan banandu dira. Ez da inor bereizten bere artearen gorenean. Jakin behar da futbol munduko bikote anitzek senarraren gloria momentuan ezagutzen dutela elkar, eta neurri batean, harreman fikziozkoak direla. Errealitatea gloria bukatzean dator.
Gaur egungo taldeen aldagelak errealitate kultur-anitzak dira. Nola kudeatzen da hori?
Oso konplikatua da. A Coruñan errezorako ohitura handia zuten hiru marokoar neuzkan. Partida guztien aurretik euren liturgia zeukaten, lurrera tapiza bota eta otoitzean hasten ziren. Pentsa, behin arbitroa ere izutu egin zuten! Dena den, denen erlijio, ohitura eta bizimoduak errespetatzen eta koordinatzen saiatu behar duzu, baina aurrera egiteko, futbolaren eta egin nahi den jokoaren inguruko kontzeptu komuna edukitzea ezinbestekoa da. Adibidez, Athletic-en aldagelan ez duzu arazo hori. Denek bizimodu, bizi proiektu eta futbola ikusteko era oso antzekoak dituzte. Beste talde batzuetan, jokalariek badakite epe jakin baterako daudela, eta gehienetan beraiena ikusten dute taldeari erreparatu beharrean. Nik zorionez, ez dut jende txarrik izan, eta ia beti denok egin dugu norabide berean arraun.
Ez da erraza izango, ezberdintasun kulturalei soldata ezberdintasunak gehituz gero...
Ez da erraza, ez. Erraza izango balitz mundu guztia izango litzateke entrenatzaile! Gogoan dut Atletico Madrilen jokatzen nuenean atzelariei aurrelarioi baino dezente gutxiago ordaintzen zietela. Atzelari batek beti esaten zuen gugatik erdi-txantxan: “A zer eguna daukaten
milloneteek!”. Broma tonuan esaten zuen, baina bistakoa zen hor arantza bat zegoela. Beste kasu batzuetan, ohartzen zara bat topera errenditzen ari dela eta ondokoak, lau aldiz gehiago kobratu arren, ez duela kolpe zorririk jotzen. Harrobiko jokalariek ere beti esaten dute kosta egiten zaiela hasieratik kanpotarraren begirunea lortzen. Badaude jendea motibatzeko formulak, baina goiz ala berant, ezberdintasun horiek beti ateratzen dira argitara. Era berean, ezinezkoa litzateke aldagelan denek berdin kobratzea. Batek zaharragoa dela esango lizuke, besteak gehiago jokatzen duela, Urliak golak sartzen dituela, Sandiak palmares hobea daukala... Aldagela batean 25 jokalari bizi dira, bakoitza bere ego, mania, helburu eta miseriekin. Entrenatzaileak jakin behar du soka noiz tenkatu eta noiz laxatu.
Askotan soka entrenatzaileak berak edukitzen du lepo-bueltan. Jokalariek bota dezakete trebatzaile bat?
Ados jartzen badira, oso errazki. Gainera ez daukate denek ados jarri beharrik. Nahikoa da nukleo txiki batek zure aurka egitea. Nahikoa da gezur txiki bat sortu eta jendea elkarri burua berotzen jartzea. Bola aldapa behera handitzen eta handitzen hasten denean, alferrik da, ez dago zereginik. Bota nahi bazaituzte bota egingo zaituzte.
Suposatzen dut jokalariek ez ezik prentsak ere sekulako indarra duela.
Kontrako giroa sortu dezake. Jendearen morala eta animoa abailtzen duen giro desatsegin eta tentsua. Prentsak iritzia sortzeko duen boterea izugarria da, eta ez duzula balio esaten badu, jende guztiak pentsatuko du ez duzula balio. Gogoan dut, Carlos Bianchi entrenatzaile argentinarra nola
fulminatu zuen prentsak hedabideekin erlazionatzeko zuen modu hotzagatik. Arratsalde-gauetan ez zuen elkarrizketarik ematen, eta hori ez zaio batere gustatzen Espainiako kirol prentsari. Hori ikusita, bere bila joan ziren, eta ez zuten etsi bidali arte. Horretaz gain, prentsa oso abila da aldagelan giro nahasia sortzen. Oso ongi ezagutzen ditu jokalariak eta badaki zein diren bakoitzaren interes eta ahulguneak. Ederki dakite komeni zaien dinamika sortzen, eta oso zaila da horri aurre egitea.
Entrenatzaileak ez, orekariak izatera kondenatuta zaudete.
Hortik dator hain ezaguna eta poetikoa den entrenatzailearen bakardadea. Inguruaren konfiantza galtzen hasten zarenean hilda zaude. Denekin ondo egon behar duzu baina ezin zara inoren lagun izan. Beti kontatzen dut Luis Aragonesen kasua. Atletico Madrilen gure taldekide izatetik gure entrenatzaile izatera pasa zen goizetik gauera. Ba egun batetik bestera
de tú hitz egitetik
de usted hitz egitera pasa zen, gurekin parranda egitetik kafea ere bakarrik hartzera. Berak markatu zituen distantziak. Bazekien, jokalariek ez dizutela galdetzen zergatik jokatzen duten, zergatik ez duten jokatzen baizik. Bazekien, futbolariak behatza emanez gero besoa hartzen dizula. Hori futbolariak ez ezik, prentsak ere egiten du. Horregatik esaten dut, entrenatzaile izateko ikastaroetan, taktika eta prestaketa fisikoari buruzko klaseez gain, ez legokeela gaizki prentsarekiko harremanak lantzeko lezioak ematea. Gaur egun, entrenatzaile batentzat ezinbestekoa da prentsa-aurreko bat kontrolatzen edo elkarrizketa bat toreatzen jakitea.
Langabezian hilabete luzeak irauteko pazientzia edukitzea ere ezinbestekoa izango da, ezta?
Athletic utzi nuenetik hamar urte egon naiz etenik gabe entrenatzen. Orduan lasaitasun une hauekin egiten nuen amets, baina orain telefonoak noiz joko zain nago, entrenatzeko amorratzen. Taxuzko proiektu bat gidatzeko antsia daukat. Ez dakit zerekiko errebantxa gosea den, baina grina edo har horrekin bizi naiz. Ez naiz ongi egin dudanarekin akordatzen, gaizki egin edo egin gabe utzi dudanarekin baizik. 612 partida zuzendu ditut ligan. Bigarrena naiz Luis Aragonesen ondotik. Ilusioa daukat marka hori berdindu eta gainditzeko. Ez dakit aukerarik izango dudan, baina badaezpada, prest egotea komeni zait.