Josep Maria Castelletek kontatzen du, Manuel Vázquez Montalbánen
Poesía Completa (
Memoria y deseo) liburuaren hitzaurrean: 1985eko irailean, unibertsitate batean, MVMk
Mende bukaerako metaforak izeneko hitzaldia eman zuen. Entzuleen artean, ikasleak eta Italiako orduko bi saiakeragile inportanteenetakoak, posmodernitatearen bi teoriko, nolabait esatearren. MVMren hitzaldia argia izan omen zen, eta ikasle gazteek gustura jaso omen zuten. Ordea, hitzaldiaren ondoko solasaldian, bi italiarrek hizlariaren tesiak, nolabait, ezeztatu zituzten; lehenari erantzun omen zion, pixka bat haserretzen hasia, nonbait; baina bigarrenaren diskurtso erasokor, metafisiko eta amaiezinari erantzuteko, isilune baten ondoren, ia entzuten ez zen ahotsaz esan omen zuen: “Begira ezazu, ni poeta bat naiz…”. Ez bide zen izan, bakarrik, inork ulertu ez zuen diskurtsoa indargabetzeko estrategia ironikoa, berba-jario hutsalez nekatuta dagoenaren ezohiko aitorpena ere izan omen zen.
Egia da. Vázquez Montalbánen obra ikaragarri luze eta zabal osoaren hazia bere poemetan dago. Gastronomiaren inguruko denak hain maite zituenarentzako batere txarra ez den metafora erabiliz, esan liteke MVMren poesia salda kontzentratu edo salda motz bat bezalakoa dela; hau da, literaturan egin zituen saltsa guztiak sukalde-hondo, salda horretatik hartutako koilarakada batetik abiaturik loditu ziren. Hala,
Conchita Piquer poeman lehen aldiz agertzen den “izen atzerritarraren itsasontzian etorritako gizona”ren gorabehera guztia
Tatuaje nobelan garatzen da;
Otoño cuarenta poemako “adiskide exotikoa, ezkongabea, bakar batentzako ohearen usaina” daukana
El Pianista nobelako pertsonaietako bat da;
Gauguin poemako gaiak
Los mares del Sur nobelan agertzen dira berriro;
La Rosa de Alejandría nobela bat da, baina baita
Praga eta beste hainbat poematako irudi errepikakorra, ouroboros bezala… eta segi. Honek koherentzia ikaragarria ematen dio obra osoari. Hemendik abiaturik, eta bere “mende-eraikitzailearen borondateari” esker, MVMk utzi zigun obra erraldoiak katedral bat osatzen du, zeinaren lehen harria poesia baita.
Bereziki interesatzen zait hauxe azpimarratzea, oraindik baitaukat gogoan, behin, oso aspaldi, euskal idazle bati aipatu niola MVM izena eta, “a, bai, kazetari hori…” mespretxuzko batekin erantzun zidala. Euskaldunen artean MVMk ez duela aparteko arrakastarik eduki esango nuke; izan ere, gaztelaniaz idazten zuen katalan bat… Eta nazionalitateen auzia historikoki hain eskas bereganatu duen ezkerreko alderdi bateko kide, gainera! Batzuetan zurezko betaurrekoekin begiratzen diogu errealitateari.
Baina MVMk ez du erraz inon eduki. Madrilgo kritikariek gurasokeriaz barkatu zioten bizia, harik eta kantxatik liburukadaka atera zituen arte; PCE eta PSUC alderdien barruan, urte luzeetako militantziak eman beharko lukeen bermearen gainetik, ez ziren askotan berarekin fio.
Asesinato en el Comité Central idatzi zien, noski. “Nobela bonba bat bezala erori zen –aitortu zuen Gerardo Iglesiasek–, hainbeste non Batzorde Zentralean ahapeka baizik ezin zen hitz egin horri buruz. Eta hitz egiten bazen, belarrira hauxe galdetzeko izaten zen: Manolok egin duen zerrikeriaz jakitun zaude?”. Sergio Beserrek, lehen gaztarotik auzokide eta ikaskide izandakoak, lehenengoan ez du hitz egin nahi MVMren obraren harrera zailari buruz; pixka bat gehiago zirikatuz gero, ordea, susmatzekoa zena bere gordinean azaltzen du: “Bekaitza… ikusi besterik ez dago, Europa osoan harrera hobea egin diotela, eta askoz sari gehiago jaso dituela. Bere obrari buruzko libururik interesgarriena ere frantses batek egin zuen, Georges Tyrasek; Camilleri siziliarrak
Montalbano sortu zuen, Manoloren eraginez; Izzok, 2000 urtean 55 urterekin hil zen idazle komunista frantsesak, hiru nobela poliziako oso on idatzitakoak,
Montale”. Eta harrera zaila, erlatiboki. Eliteen aldetik, zaila. Irakurleok, irakurle askok txalo jotzen genuen zerbait ateratzen zuen bakoitzean. Horixe izan da bere obrari egin diogun ekarpena; eta ekarpen horrek, ehun milaka irakurlerena zenez, aho asko estalaraziko zuen, segurutik.
Oroimena: “Ihes egiten zuen armadaren atzeko aldean jaio nintzen, airea eta ura maileguan eskatu nizkizuen sobran zenituzten auzoetan”. MVM 39an jaio zen, auzo hori El Raval da. “Izena ere aldatu diote –azaldu digu Beserrek–, demokraziarekin ezarritakoa da. Gu haurrak ginenean Distrito quinto zen”. Gerra galdu zutenen auzoa, lumpena bizi zen auzoa, txinoa. Bertan bizi ziren MVM, Beser, Joaquim Marco, hau ere poeta eta adiskidea. “Manolok ez zuen sekula ahaztu bere jatorri apala. Horrek betiko markatu zuen”, dio Beserrek. Baina norberaren zoriontasun beteko unea, norberaren “Rosebud”a –Wellesen Kane hartan bezala–, haurtzaroan dago, kale horietan –Cera, Hospital, Tigre, Padró plaza…– dago. MVMk berak hola kontatu zuen: “Goiz eguzkitsu batean da, Bartzelonan, berrogei urteetako hamarkadan. Ez dago kotxerik, mundu guztia kalean dabil. Botella kalean, nire etxearen aurrean, okindegi bat zegoen. Ogi normala nahiko txarra zen, jendeak “ogi beltza” esaten ziona, irin-nahaste batez eginda zelako, baina ogi bero hura… Gogoan dut nire amak kalea zeharkatu zuela ogi batez eta oliba beltzezko kukurutxo batez, ogi beroaren zati bat moztu eta olibekin eman zidan. Zorion beteko une bat aurkitzen saiatu naizen bakoitzean, une hori etortzen zait burura…”. Toki bat, nondik ez den itzuli nahi, alegia; bere poesiaren beste ideia errepikakor bat. Karrika horietatik osteratxoa egitea ezinbestekoa da MVMren Bartzelonatik geratzen dena ezagutu nahi bada. Padró plaza, Cera kalea, Botella kalea,
El Pianista nobelako gertalekuak, egun Afrikatik eta Asiatik etorritako jendez mukuru daude. Haiek dira gaurko jaun eta jabeak, paisaia linguistikoak ere nabarmen uzten duenez. Baina auzoaren aldaketa lehenagotik dator, 92tik, Olinpiadak zirela eta Udalak hondeamakina martxan jarri zuenetik, “hiriaren iztondoak” zirenak ezabatzeko. Ez dakit nik gauza askorik “bokazio posmodernoa duten hirietako auzo historikoen berreskuratzeari buruz”, baina beharbada ironia hobeki ulertzen da norberak, metro koadro gutxiko azaleran, prostitutak,
junkieak, teherandarrak, orube hutsak eta eliza eraberrituak aurkitzen dituenean, denak nahasian. Eta auzoan Can Lluis, eta nola ez, Casa Leopoldo, non MVMren iniziazio gastronomiko erabakigarria gertatu baitzen, bere aitak –“jatetxeak zikinkeriak emateagatik jendeari lapurtu egiten zioten tokiak zirela” uste omen zuenak–, behin, umea zela, bazkaltzera eraman zuelako. Oroimena: kale horietan, batek suma dezake, bere poemetako “nik bakarrik gogoratzen ditudan hildakoak” daude. Kale horietan konplituko zen maxima erabatekoa: zorrak ordaintzea eta norberaren hildakoak lurperatzea. Zeren, “bizitza ez da ibaia, ezta estolda ere, frustrazioen, ahanzturaren eta hilketen gorpuen gaineko borondateen segida dialektikoa baizik”.
Desioa: desio maitasunezkoa, desio erotikoa, neskatxa urdinak, neskatxa urrezkoak, anbarezko damak, “betikoa dela agintzen duen bidaia, beti itzultzen den arren”. Jakiteko desioa, mugaraino jakiteko desioa: “Inguratzen duen guztiaren izena, egin duten guztiaren asmoa, absolutuaren ahutzetan uzten duten amildegiak ikasten saiatu diren gizakien egoera perfektua ihesa baita”, edo bestela esanda, “gauez berandu arte irakurri, eta neguan hegora bidaiatzea”. Hegoa, ihes perfektuaren metafora. Historikoa izateari uzteko desioa, berriz errugabea izan ahal izateko. Sintesi erabatekoa egiteko desioa. Nola ulertu, bestela, T.S. Eliot poeta angloamerikarra bereganatzeko modua, haren eragina, bere poesigintzan txertatzeko modua? Armada derrotatuaren atzealdean jaio zen, aita kartzelan eduki zuen, fededuna ez zen, herrialde azpigaratu baten diktaduran hezitako langile etorkinen semeak bat egiten du, lehen aipatutako bizi-zirkunstantzia guztiei dagokienez, antipodetan zegoen poetarekin, “irudi hautsien multzo bat, zeinen gainera eguzkia abailtzen baita” baizik ez delako geratzen, agian. Eliotekikoak tesi bat prestatzeko eman behar du, koartada paradoxiko, edo ironikoa, izan litekeelakoa erabat baztertu gabe.
Oroimena eta desioa, baina baita nolabaiteko zantzu profetikoak ere; hasteko, 2003ko urrian, Bangkokeko aireportuan gertatuko zen bere heriotzaren igarlea: “Postariak
Bangkok Post ekarri du … Asiako bazter batean inoreztatua, bizia edo herioa zain daukan atzerritarra”, idatzi zuen 1990ean; edo, Sergio Beserrek ohartarazi zidan bezala,
Pero el viajero que huye 90eko poema-liburuan dagoen beste hau: “(…) Zorionekoa, XXI. mendea /bost mila milioik posatuko duzue/Historia Bukaerako/videotype kolektiboan (…) baina makinaren jabeak/erretinan edukiko zaituzte/faktura pasatuko du/ eta ezin izango diozue ordaindu (…) eta mendearen gaua iritsi baino lehen/askatasunaren eta klase-borrokaren profetak/beharko dituzue (…)”. Sant Cugateko hilean behineko bilera horietako batean, poema hauxe aukeratu omen zuten oraingo krisi ekonomikoaren gaia jorratzen ari zirela, eztabaida abiatzeko.
Rambla ondoko Boadasen
dry martini pare bat hartu eta topa egin dugu, dena arrastaka, errukirik gabe, aurretik eramaten duen denborari desafio eginez, galaxia txarrenen ateetan abandonatuko gaituzten egunaren zain.
Bartzelonako bidaiaren egunerokoak irakurri
Sergio Beser: “Manolo oso eskuzabala zen”
Sant Cugateko taberna batean bildu ginen Sergio Beserrekin. Amultsutasunez betetako harrera egin zigun. Beser Espainiako Literatura Katedraduna izan da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Gaur egun erretiratuta dago. Leopoldo Alas Clarín idazleari buruzko aditua; Manolo Vázquez Montalbánen auzokidea, ikaskidea, betiko laguna. “Bagenekien non zegoen iparra, non hegoa, utopiak, ilusioak eta beldurrak partekatu genituen”. Morellan jaioa, baina Bartzelonan bizi dena zazpi urte zituenetik, eta F. C. Barcelonako 5.400 zenbakiko sozioa. “Manolo ere gurekin etortzen zen futbolera; zalea zen, baina berotzen ez den horietakoa”. San Cugaten sortu den Memorial Manuel Vázquez Montalbán taldeko kidea da. “Manolok oso harreman estua eduki zuen Sant Cugatekin. Deitzen genionean, edozertarako, beti prest egoten zen hona etortzeko; hainbeste non, hil zenean, hemengo askorentzat hutsunea ikaragarria izan zen. Serio itxura zeukan, baina oso lotsatia zelako; aldi berean oso eskuzabala, sinesten edo maite zituenen alde; esaterako, NATOren aurkako kanpainan, presidente izateko ari den batek baino ekitaldi gehiago egin zuen”. Toki guztietan izateko dohaina, nonbait. “Bai, zeukan lan-ahalmena ikaragarria zen. Nik beti esaten nuen, horrelakoetan, ematen zuela beste Manolo bat gelditu zela etxean, lanean”. MVMk aipatzen du Sergio Beser, beste batzuen artean, bere poemario bateko esker ematean, “ni poesia idazten segitzeko arduradun nagusienetako bat” bezala. “Joaquim Marco, beste adiskide bat, poeta bera ere, Aurora kalean bizi zen; ni Tigre kalean, eta Manolo Botella kalean; denok V. Barrutian. Manolo unibertsitatean sartu zenean, gu bosgarren urtean geunden. Elkarrekin joaten ginen klasera”. MVMk lagun hauei erakutsi omen zizkien bere lehen idazlanak, eta hauek adoretu omen zuten, inoren isuri emozional adoleszentea baino zerbait gehiago zirela esanda. Sergio Beser da, Enric Fusterrekin batera –hau ere haragi-hezurrekoa– Carvalhorekin elkartzen dena Los mares del Sur nobelan, afari antologiko batean, ikerketarako garrantzizkoa den bertso baten enigma detektibeari argitzen diona. “Aurkeztu zuenean, Sant Jordi egunean, berarekin joateko eskatu zidan, liburuak elkarrekin izenpetzera”. Irri egin du pasadizoaren xehetasunak gogoratu dituenean. Gero serio jarri da berriro, “Manoloren poesiaren gai nagusia denboraren ihesak sorturiko nostalgia da”. Eta gehien gustatzen zaion liburua? “Bi aipatuko dizkizut, El estrangulador eta Bolero, o sobre la recuperación de los barrios históricos en las ciudades con vocación postmoderna”.