Hiru kantagile gai bakarrean: Kanta

  • Larrun hau egiteko hiru kantagile ezagunengana jo dugu, proposatuz elkarrizketa lasai bana gai hau hartuta: “Kanta”. Elkarrizketarako proposamenean aurreratzen genienez, Larrun hau ez dugu zentratu nahi izan musikaren industrian, kantarien munduan, eta beste. “Zentratu nahi dugu kantan –esan diegu– hau da, hitzez eta musikaz osatutako minutu laburreko arte obra horretan, Argiaren irakurleei horren klabeak azaltzeko”.
Kantagintza
www.gordiscos.com
Hona gure elkarrizketatuei aurreratu dizkiegun puntu batzuk, grabagailua piztuta haiengana iritsi aurretik: Kantaren definizioa / Osagaiak / Kanta eta kantaria / Sortzeko prozesua / Entzulea / Funtzioak, helburuak / Kanta eta garaia / Kantaren bizia, sortzaileen eskuetatik ihes egin ondoren.

Egun eta leku ezberdinetan egin dira elkarrizketok, eguraldi oso ezberdinekin. Galdegilearen aldartea ere seguru ez zela berdina izan Josu Zabalarekin egon zenean Kafe Antzokiko sala batean, Eñaut Etxamendi bixitatu zuenean Donapeleutik Iholdirako bidean dagoen Bithiriñan, edo Ruper Ordorikak Oñatiko etxeko salan erantzuten zionean erdi-ilunbetan.

Hizketaldion emaitzan sartu aurretik, ohar bat. Hiztegietan esaten zaigunez, erdarazko “canción”, “chanson” edo “song” euskaraz “kanta” omen da. Aldiz, “kantua” ei da kantatzeko ekintza eta horren ondorioa, baina aldi berean kantaren baliokidetzat ere jotzen da. ”Abesti” hitzak, berriz, aidanean biak biltzen ditu. Zalantza handiekin, galdegileak ia (baina ez) beti “kanta” erabili du elkarrizketak papereratzean, hizlariak “kantu” esan duenetan ere. Igoal gehiagotan erabili behar zuen “abesti”.

Elkarrizketok egin zirenean, artean Mikel Laboa bizi zen.
Hiru kantagile gai bakarrean: Kanta
Josu Zabala: «Bala bat izan behar du kantak»
Bizkaia izanik, errekan barrena Arabakoa ere baden Otxandiokoa da Josu Zabala. 1970eko hamarkada bukaeratik Patxi Villamor, Xabier Amuriza eta Jon Lopategi, Ruper Ordorika eta beste bertsolari zein kantari batzuekin azaldu zen plazan. Hala ere, Hertzainak taldearekin egindako lanagatik ezagutzen da nagusiki. Azken urteotan Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin egin ditu kantaldi eta diskoak, azkena Gu ta Gutarrak. Bilboko Kafe Antzokian ari da.

Wikipediak, frantsesezkoak, honela definitzen du kantua: obra bat da askatu ezin diren testuz eta musikaz osatua.


Nik esango nuke dela literaturaren eta musikaren arteko gurutzaketan egon daitekeen produkturik txikiena. Literaturaren eta musikaren alaba txikia. Hitz batzuk doinu batekin lotuak, eta kantatuko duen ahots batekin. Esaten dute txoriek kantak egiten dituztela baina ez gaude seguru, ezin dugu haien hizkuntza deszifratu.

Zuk kanta asko egin dituzu urteotan. Kanta denaz zure ikuspegia aldatu da?


Baietz esango nuke. Gaur toleranteagoa izango nitzateke kanta bati eraso egiterakoan. Garai batean oso era jakin batekoak egin nituelako. Oro har jarraitzen dut baldintza eta modu berdinean egiten kantak, baina badira jendeak beste moduko kantak egiten dituztenak eta garai batean bide horiek ulertzen ez nituen bezala gaur egun toleranteagoa izango nintzateke.

Adibideren bat, hobeto ulertzeko?


Niretzako garrantzi handia du kanta baten jaiotzan zein den lehenbiziko urratsa. Nik neure burua derrigortu dut lehen urratsa testua izatera. Testua, baita bukatu gabe badago ere; testua, edo gutxienez ideia nagusia. Kantua zerbaitetarako egin nahi bainuen. Ez dut onartzen kantak egitea ariketa moduan. Gauza bat da kanta egitea enkarguz, baina zure kanta egiten duzunean, egin dudanean, abiapuntua beti testua izan da. Horrekin batera, ideia jakin bat transmititzea.

Bigarren ideia: kanta bat bukatu egin behar dela. Ez da bukatzen zure etxean prestatzen duzunean. Ni ez naiz kantaria, eta kantak behar du abestuko duen ahotsa. Eta talde bat defendituko duena. Nik gaur, egun honetan, ez dut kanturik egingo, besteak beste ez daukadalako talderik. Zertarako egin?

Baldintza horietan egin ditut nik kantak. Baina gero ezagutu dut beste jende bat kanta musikan oinarrituta egiten duena, gero joaten dena letren bila, bertsolari bati enkargatu, eta horrelako metodoak. Ez da nire metodoa, baina aitortzen dut horrela ere sortu direla kanta eder batzuk.

Doinutik... edo bi-hiru akordetatik abiatzea, beraz, ez da zure metodoa.


Nire metodoa alderantzizkoa da, hiru akordeak asmatuko ditut hitzetatik abiatu ondoren. Gero ohartu behar da kantak bi zati behintzat izaten dituela, bata estribilloa edo leloa eta bestea estrofak edo episodioak. Ni lelotik abiatzen naiz, horrek zaindu behar duelako kantaren esanahia oso hitz gutxitan.

Kantak ez du hitz asko eduki behar gauza asko esateko. Adibideak pilaka dauzkazu. Nik estribillotik ekiten diot, eta gero hasten zara estrofekin halako jolas batean. Lehenik hitzak, estribilloa ondo finkatu, horrentzako musikazko formula egokia topatu, eta gero dena da jolas bat. Bukaeran, esanahia ongi finkatu duzunean, egin dezakezu jolas gehiago musikarekin, hemen solo bat dela, hor beste halako... Baina muina estribilloan datza.

Armoniak, moldaketak... zeuk egitea nahiago ala hobe beste bati utzi?


Segun eta. Niretzako oso inportantea da talde bat edukitzea. Talderik gabe ere egin egiten ditut, baina hortxe geratzen dira, ez daukate nork bizitza eman. Hertzainak taldean, esaterako, hasieran beste taldekideen aldetik ahalmen gutxi zegoen moldaketak egiteko eta lan gehiena nik egiten nuen. Esperientzia hartuta, taldekideak gero eta gehiago joan ziren parte hartzen. Gaur musikariekin gero eta gutxiago hartzen dut parte moldaketetan, esperientzia handiagoa daukaten musikariak dira eta.

Aipatu duzu kanta bukatu egin behar dela.


Kantak bere bizia osatu behar du. Eta osatzen da belarrietara heltzen denean. Ez da kantarik entzulerik gabe.

Egile baten kantek “hots berezia” edukitzea garrantzizkoa omen da.
Kezkatzen zaitu?


Kantak banan bana egin behar dira. Pentsatu behar dugu pertsonak direla, bakoitza bera. Ez naiz soinu formulen zalea. Nahiz eta egia den azkenerako bukatzen duzula soinu formula bat asmatzen, edo formula batera egokitzen. Inportanteena da abestiak banan bana egitea, eta orduan ez daukate parekotasun handirik zertan edukirik. Oso kanta diferenteak atera daitezke. Agintzen duena testua da niretzat eta hortik aurrera saiatuko zara bakoitzari jantzi propioa egiten.

Hala ere, gertatzen da gaur oso talde estandarizatuekin funtzionatzen dugula. Tresna oso estandarrak usatzen ditugu normalean: talde batean beti dago bateria bat, baxua, agian gitarra batzuk, edo teklatu batzuk, agian zerbait gehiago... Baina talde horrekin egin behar baduzu disko oso bat, beti egongo dira tresna berdinak. Hala ere beti saiatu naiz kanta bakoitzarekin jolas ezberdina egiten.

Kazetariok askotan aipatzen dugu kanta batek badaukan, ala ez, egilearen zigilua, egilearen hots ezaguna. Alderantzizkoa ere gerta daiteke, kantagilearentzako presondegi izatea: jendeak espero du zuregandik halako armonizazioa, halako janzkera....


Horren preso egon daiteke arrakasta komertzialaren esperantza edo kezka duena. Hemengo artista gehienek esango nuke ez dutela lana egiten “rollo” horri begira. Hemen artista garrantzitsuenak, interesgarrienak, nik uste saiatzen direla bide propioa jorratzen.

Kantatzeko dagoen lehenbiziko motibazioa da norberaren adierazteko gogoa, kantatzekoa, musikari izatekoa. Euskal Herrian zoritxarrez ezin dugu amestu, errealismo pittin bat edukiz gero, sekulako “rock starrak” aterako garela. Hemen dabiltzanek badakite. “Euskadin rock-and.rollak ez du inoiz dirurik emanen” hori oso asumituta dago, gizartean eta artisten artean ere bai. Hemen benetako lan bat egiten du jendeak, bere baitatik sortu eta lehenbizi norbere plazerra bilatu.

Entzuleak zein paper dauka zuretzako?


Entzulea ezinbesteko osagaia da, kanta bere muturreraino heldu dadin. Kanta inportanteenak dira memorian geratzen direnak. Segur sekretuan egin direla hortik kanta zoragarriak, sekula gure belarrietara iritsi ez direnak. Baina inportanteenak dira jendearen eta gizartearen memorian geratzen direnak. Horrek esan nahi du zenbat eta entzulego handiagoa hobeto. Entzulego zabal batek onartu edo ulertu edo sinpatizatu egin behar du kanta batean, bere burua nolabait islatua sentitu. Kanta horrek azaltzen dituen gogoak bereak izan, partekatu. Horrek egiten du kanta bat inportante.


Entzuleak gero kanta hori abestea inportantea al da?


Kantatzearena da guk 1980ko hamarkadan hautsi genuen kontu bat. Aldaketa horren errudun sentitu beharko nuke zatitxo batean nik neuk. “Pub” eta horrelakoak asmatu zirenean, gogoratzen naiz... 1975ean sortu zen lehenbiziko “pub-rock”a Gasteizen, ipini zituzten halako bafle handi batzuk, musika amerikarra eta ingelesa jartzen zuten, eta han ezin zen kantatu. Inguruko taberna guztietan jendea kantuan zebilen. “Pub-rock” horiek zabaldu ziren Gasteiz osoan barrena, perretxikuak moduan, Zapaterian lehenbizi, azkenean Kutxillerian ere bai, txikiteroen kale nagusian. Tabernariak jabetu ziren ostatuetan soinua jartzea interesgarria eta errentagarria zela.

Errentagarritasunagatik inbaditu egin dira lokal publiko guztiak, nik esango nuke gaur egun ia denek daukatela musika derrigor, ez daukatenak salbuespen dira. Horrek ekarri du munduan lehenbiziko aldiz entzuketa inkonszientearen areagotzea: jendeak ez du dagoenekoz entzuten nahi duena, edo bai, edo erdi eta erdi, ez dakigu. Hortik iritsi gara kantatzeko debekura. Gaur egun kantuan aritzea, koadrila bat kantatuz sartzea, gaizki ikusia legoke leku gehienetan.

Kantatzea ona da, kantarentzako baina batez ere norberarentzako. Osasuntsua eta askatzailea izaten da. Quien canta su mal espanda diote gaztelaniaz. Tamalez galdu egin da nonbait sozialki nagusitu delako musikaren bestelako erabilpena. Orain musikaren eta kanten gehiegizko ustiapena dago. Hori fenomeno industrial eta merkantilista da. Eraldaketa handiak ekarri dizkio zenbait ohitura osasuntsu eta sanori.

Entzuleak kantatzea jadanik baztertua duzu?


Euskal Herrian asko kantatu izan da eta abesteko kanta asko egin da. 1970ko hamarkada arteko kantagintza guztia esango nuke kantatzeko eta kantagarria zela. Instrumentazio urriz egiten zen, laguntzaile gutxirekin, oso kanta melodikoak egiten ziren. Rockak asko aldatu du kantaren estrategia. Hau gehiago doa batetik erritmoaren bidetik, instrumentazio eta moldaketa aldetik hornidura handiagoa eskatzen du... eta horrekin batera bolumena. Boza oso modu ozenean erabiltzea dakar. Kantak ez dira kantagarriak izaten laguntzarik gabe. Gehienetan, e? Bai baitakit nik ere egin ditudala batzuk kantagarriak. Baina gehienetan ez.

Arazo horrekin egin dugu topo, adibidez, Gu ta Gutarrak egiterakoan. Gu ta Gutarrak definitzerakoan erabaki genuen oso talde bertsolaria izan behar zuela, bertsolariek errepikatzeko moduko kantak egin behar zirela, salbuespenak salbuespen, melodikoagoak. Oso rockeroa edo dantzagarria egin nahi izan bagenu, orduan ez zen hain kantagarria suertatuko.

Kantatzeko, dantzatzeko... zertarako kanta bat?


Egilearen ikuspuntutik, esan dizut testutik abiatzen naizela. Askotan sortu dira gertuko detonanteetatik, zure hurbil jazotako zerbait kontatu beharra sentitzetik. Autorearentzako, kantaren lehen funtzioa askatzailea da. Barruan daukazun hori askatzea, izan daiteke ametsa, izan daiteke gauza deskriptibo bat... Literatura aldetik formulazio asko egon daitezke. Kanta sortzen bukatzen duzunean halako liberazio bat sentitzen da. Hala sentitzen dut nik. Batez ere bere azken muturrera eramatean, jendearengana iristean, interpretatzen duzun bakoitzean.

Badira musikari profesionalak kantuak sortu beharra daukatenak. Nire kasuan, izan dira talde baten elkarlanean. Taldeak ere zerbait esateko sortzen dira. Azkenean, sentitzen duzu gizarteari ematen ari zarela eman diezaiokezun onena. Eta burutzen duzunean bake puska bat sentitzen duzu. Nahiz eta horrekin bestelako korapiloetan sartzen hasi zaitezkeen.

Zein korapilotaz ari zara?


Adibidez, hasten zara erantzunkizunak hartzen, benetan nahi ez dituzunak. Jendeak erabil dezake zure kanta berak nahi duen zerbaiterako, ez dakit zeren ordezkari bihurtzen zaituzte, eta gaur batzuek gora jaso zaitzaketen bezala bihar berdin hondoratuko zaituzte.

Hori gertatu izan da Euskadin, hemen egoera normalizatu gabean bizi garelako. Zu ere sartzen zara hori kontatzera, eta jendeak erabili zaitzake, oker erabili ere bai. Adibide bat esateko, orain dela gutxi Euskadi Irratiak kazetari batek jarri zuen Aitormena eta komentatu zuen heroinaren inguruko kanta zela. Alabado sea Dios! Ez dut ulertzen nondik iritsi ahal den interpretazio horretara. Horrelako etsenpluak asko daude.

Euskal Herrian musika neutro gutxi egiten da... egiten bada.

Tribuak, dena den, mundu osoko fenomenoa dira. Hemen kantaren beste dimentsio bat topatzen dugu: kanta eta publikoa, entzulea baino gehiago.


Hor daude sinpatia ideologikoak, estetikoak... Horiek sortzen dute talde batenganako fideltasuna. Azken batean, taldeak eta artistak mantentzen badira publikoa daukatelako da. Musika da negoziorik demokratikoena: ez baduzu entzulerik, ez zara existitzen. Ez da nahikoa kantatzea kantari izateko.

Batzuek tribuak aipatzen dituzte, modernoagoak 'target' direlakoez ari dira... Zure kantak entzuten zituztenak batzuk izango ziren 1980ko hamarkadan eta agian beste batzuk gaur egun.


Kanta bat funtsean zeure buruarentzako egiten duzu, jakinda seguruenik zure sentimenduen antzekoak dituzten lagunak dituzula. Kantak egiten ditugu maitatuak izateko. Eta geure burua askatzeko.

Oroitzen naiz Hertzainak taldearekin abiatu ginenean publikoa mespretxatu egiten genuela, gure kontzertuak publikoaren kontra planteatzen genituen nolabait, nahiz eta jakin publikoa eta gu berdinak ginela. Gero behera jaitsitakoan denak elkartzen ginen, baina oholtza gainean ezberdina zen: gureak askatu, itsututa jo eta barru-barrutik.

Gaur egun hori, urte batzuk pasata, batean edo bestean entzuten duzu jendea abesten zure haietako kanta bat eta zirrara egiten dizu, pentsatzen duzu “joño, kanta honek osatu du bere ziklo osoa”. Bakardadean sortutakoa gizarteratu egin da, profesionala ez den jendeak transmititzen du azkenean. Kantak bere funtzioa osorik betetzen duenean klasiko bihurtzen da, eta gizartearen memorian geratzen.


Munduan egon daitezkeen kanta ereduen artean, zuretzako zein dira erreferenteak, hala deitzerik baldin badago?


[Pierre Topet] Etxahunek jadanik erabiltzen zuen estribilloa euskal kantetan, ordura arte ez zegoena. Estribilloaren inguruan mugitzen da kanta modernoen egitura. Niri interesatzen zaidan eredua... Kantuak izan behar du zerbait laburra eta zorrotza. Harri txiki bat bezalakoa. Harri txiki batekin, ondo jaurti eta buruan joz gero, edozein animalia akabatu ahal duzu, pertsonak barne. Bala bat izan behar du kantak, gizarteari ondo kontzentraturik bidaltzen zaion ideia bat, ideia edo sentimendu garbia eta zehatza. Hori lortzen duenak, perla bat sortu du.

Badira kanta asko letra oso laburrekoak. “Hegoak ebaki banizkio”... begira zein txorakeria, txori bat... nori interesatzen zaio gaur egun txori bat? Eta hala ere sentimendu bat transmititzen du, nahiz eta naturarekin eta formula arkaiko bat erabili eta gaurko mundu mordenoan inoiz ez kezkatu txoriekin. Perla handi bat da, herri santu honetan jende askok sentitzen duena islatu duena. Baina kanta handia izan daiteke Pedro Navajas ere, nobela beltz labur bat, testu luzea, estribillorik ez daukana bukaera arte. Gaiak infinitoak izan ahal dira, fantasiarik handiena eta errealismorik gordinena bildu daitezke. Cicatriz-en Desobediencia da beste kanta handi bat, bere testu basatiarekin, garai batean jende batek sentitzen zuena islatzen du oso-oso ondo.

Kantak sinesgarritasuna eduki behar du. Bestela, sekulako erritmoa eta poza behar ditu, dibertsiorako balio izateko. Dibetitzeko kantak ere badira, aipatu dugu lehen gaueko giro hori, nahiz eta esan dezakegun giro horretan obraren erdia, literaturari dagokiona, mespretxatu egiten den. Honetan ere badira salbuespenak, noski. Niretzako Alaskaren Bailandok gauetan hortik dabilen jende gehienaren sentimendua biltzen du.


Bukatzeko, plagioaren kontuaz nahi nizun galdetu. Ez dakit interesekoa zaizun.


Kantu guztiak dira berdinak. Kanta bera egiten dugu, disfrazatzen aritzen garela esan liteke. Analisi sakon bat egingo bagenu, oso zaila izango litzateke besterik esatea, plagioa alde guztietan antzematen da. Gaur musika guztia hiruzpalau akorderekin egiten da. Zenbat dira posibilitateak? Amaiezinak? Asko dira oso parekoak.

Nahita plagioa egiten duena putaseme bat da. Baina plagioaz aparte badago beste kuestio bat aipatu ez duguna, interprete batek beste baten kantaz egiten duen bertsioa. Nik entzun izan ditut bertsioak jatorriz kantariak egindakoa baino hobeak, eta hori ez da plagioa. Plagioa da beste norbaitena kantatzea emoziorik gabe, zure baitatik ezer jarri gabe. Abeslariak bere sentimenduz hornitzen badu kanta, berdin dio hori berea izan ala besterena.

Oharkabean denok plagiatu dugu, baina alde batera utzita SGAE bezalako erakundeen kontua eta beste, zure emoziotik kanporatzen baduzu hori ez da plagioa, gainerakoan esan beharko genuke produzitzen den guztiaren %90 plagioa dela. Akorde urri batzuen konbinaketak mugatuak dira, eta milaka edo milioika aldiz errepikatu dira.

Kantak zerikusi handia dauka momentuarekin. Horregatik egin behar dira eguneraketak, zineman film klasikoekin egiten den moduan. Kantetan gai unibertsalak askotan sartzen dira, horien bertsio lokalak garrantzi handikoak dira. “Maite zaitut” esateko milioika kanta egin dira.
Hiru kantagile gai bakarrean: Kanta
Ruper Ordorika: «Kanta ez da musika soila, ez poesia soila... eta badu guztietarik»
Gipuzkoako Oñatin jaioa, 1980ko hamarkada hasieratik ari da kantari, lehen argitalpena Hautsi da anphora izan zuelarik. Aurten hamalaugarrena argitaratu du, Hamar t’erdietan. Urteotan musikari asko pasa dira berak zuzenean emandako kontzertuetatik. Musika eta literatura uztartzen zituzten ikuskizun batzuetan ere parte hartu du. Joseba Tapia eta Bixente Martinezekin herri musika zaharra lantzen du Hiru Truku taldean.

Hain kanta diferenteak entzuten ditugu...


Bada nik beti kanta bakarra entzuten dut. Esan nahi dizut, ez dudala uste ezberdintasun handirik dagoeneik, ezberdintasun formalak bai baina ekimena bera... modu bakarra ikusten dut munduan zehar. Kanta niretzako oso gauza primitiboa da, munduko herri guztiek egiten dute, gizaki guztiek. Gehiago esango dizut, ahotsarekin eta hitzarekin lotua dagoen heinean gizakiaren ezaugarri bat da, primijenioa.

Munduan kanta bakarra dagoela esaten dut, nork bere aldaerak egiten dituela bere gorabeheren arabera. Formalki ezberdintasun handiak egongo dira batzuetan, kanta genero bat baita bere horretan: kanta ez da musika soila, ez da literatura soila, ez da poesia... eta badu guztietarik. Hain da primitiboa ezen oso zaila baita zehazten, horregatik. Zer da ahotsa?

Ziurrenik kantak zeuk ere diferente sentituko eta egingo zenituen kantari hasi zinenean eta gaur egun...


Hemen beste alor batean sartzen gara: kantagintzara emana dagoenaren alorrean. Baina gizaki orok kantatzen du, ondo zein gaizki, munduan zehar. Beste batzuk dira “kantu ontzaile” Etxahunek esango zukeen moduan, hor langintzaz ari gara, ofizioaz, eta hor ikasi egiten da. Hor ezin dut esan kantak egiteko modua aldatu ez denik, nire kasuan edo besterenean. Baina funtsean, kantuaren arketipoari begira, ez da aldatzen. Zure jarrera aldatzen da, zure teknika, zure errejistroak, zure gaiak, zure sonoritatea...

Baina kanta berez nik esango nuke ez ote dagoen oso lotua beharrarekin. Joxanton Artzek bere denboretan esaten zuen, Mikel Laboaren hitzaurre batean edo, Mikelek kantatzen zuela txoriek bezala behar zuelako, ezaugarri bat zeukalako kantatzea. Horretan ez da aldatzen, ezaugarri hori daukana. Beste batzuek egiten dute besteekin egoteko, afari baten ostean edo edozein erritualetan.

“Kanta ontzaile” horrek kanta bat egiten duenean, zer lortu nahi du?


Ezin daiteke esan modu orokorrean. Seguru badirela milaka arrazoi. Gure ofiziotik begiratuta, zenbaitek dirua irabaztearren egingo du, beste batzuek bere eginkizuna hori delako, lan hori hartu duelako. Baina askotan galdetzen diot nire buruari, gure alorrera begiratuz, zergatik kantatuko ote zuten Aita Donostiak Hazparnen edo bestetan elkarrizketatzen zituen agure haiek? Zergatik kantatzen zituzten kanta haiek? Nondik nora? Zein behar dago?

Horiek nahi zutena bera da nik nahi dudana. Baina ez da erraz zehazten, ni gainera aipatu dugun “kantu ontzaileetakoa” naizelako, eta hor jada sartzen dira beste faktore asko: badaukazu entzulearekiko harreman horren berri... Horrek denak informazioa helarazten dio zure kantari. Gero, bazaude mando zaharra bezala, joerak hartuta.

Baina funtsean hori da, nik nahi nuke nire baitatik atera, nik asko lotzen dut nire kantatzea behar batekin, zentzu fisikoan, ordenatu beharra, sortzaile guztietan dagoen gauzak moldatu behar hori. Gauza bitxia, zeren eta batzuetan egin ditut batere ordenamendurik gabeko kantuak. Baina joera horretan dago sormenaren gatazka guztia. Ekialdeko erlisioneetan esaten den bezala, mugak moldatzen du espazioa. Ia-ia joango ginateke Oteizarengana. Limitazio horiek... Eman dezagun errima bat, edo neurria, edo bertsomolde bat, muga horrek, gaindi ezinezko limite horrek ematen dizu bidea forma bat emateko. Entzuleak hitzarmena onartuz gero, horrek ematen dio balioa kantuari.

Entzulearekiko hitzarmena aipatzen duzu kantaren osagai bezala.


Hori da niretzako beste gai zentral bat: ez dela kantarik entzulerik ez bada. Argi dago nornahik egin dezakeela kanta, bakarrik, bere kasa, baina benetan osatzen da, ontzen da, norbaitek entzuten duenean. Kantaren behar horretan sartzen da komunikazio behar bat. Konpartitze beharra.


Zer nolako garrantzia dauka horretan doinuak, melodiak?


Kanta ez da, lehen esan dut, ez da musika eta ez poesia. Kantak eman dezagun hiru osagai dituela: bata da hitza, bestea doinua eta hirugarrena da nik “oihartzuna” deitzen diodana. Oihartzun hori lortzen denean, orduan kantak zeozer lortu du, ontzea lortu du.

Denok dauzkagu gogoan hitzak sekula gogoan edukiko ez genituzkeenak melodia batekin emanak izan ez balira. Eta alderantziz, denok dauzkagu melodiak gogoan edukiko ez genituzkeenak berekin daramatzaten hitzak ez baleuzkate. Hor sortzen da zerbait. Batzuetan narrazio sinple batean irringarri edo absurdoak liratekeen berbak doinu batekin guztiz bestela hartzen dira, kantak badu magia hori. Oso gauza primitiboa da.


Zeri deitzen diozu oihartzuna?


Oihartzuna da entzulearen ulermenarekin elkartzea... ez ulermen logizista batekin, “kantu hau honetaz da” eta abar, baizik eta sentimenduekin. Orduan ontzen da. Hau gauza oso eztabaidagarria da. Estetika kontu hau hasieratik eztabaidatu da, baina nik badut uste horrela dela.

Doinu bati zer eskatzen diozu? Burura asko etorriko zaizkizu, batzuk gordeko dituzu, besteak
baztertu...


Ezin nezake esan hori. Niretzako prozedura erabat intuitiboa da. Ez daukat araudirik. Hasteko, testu on batek ez du beti egiten kanta on bat. Kantak behar ditu poesia batek ez dituen euskarriak, nolabait esateko. Alderantziz, doinu on batek niri ez dit derrigorrez zerbait komunikatzen kanta bilakatu denean. Agian niretzako inportanteagoa da kantariaren abotsa bera, fisikoki; beste batentzako izango da afinazioa, edo zernahi.

Esango nuke agian sasoi batean gehiago kezkatzen nintzela niretzako muga batetik aurrera negatibo izan daitekeen kontsiderazio batekin: originaltasunarekin. Badut uste egile batzuek errefusatzen dituztela ateratzen zaizkien zenbait gauza, iruditzen zaielako ez direla behar bezain original. Baina originaltasunaren ideiarekin kontu handiz ibili behar da. Norbera sartzen ahal delako ofizioak ematen dizkion tresnekin tranpetan: “sekuentzia hau aldatuko dut iruditzen zaidalako baduela antzik ez dakit zerekin”. Hori zilegi da, baina ez dut uste interesgarria denik. Kantuak egiteko beti melodiatik abiatzen naiz...

... ez letratik?


Ez, baina beti egin izan dut poema bat edo beste musikatu, gero eta gutxiagotan. Poema bat irakurriz gero benetan gustatzen zaidana, oso-oso zailtasun gutxi izaten ditut hori musikaz emateko. Nire modura. Ez dakit zergatik. Baina behar du izan gauza berezi bat, buruan gelditzen zaidana. Zaletasun handia dut poesia irakurtzeko eta asko maite ditudan poemak badira sekula burutik pasatu ez zaidana musikatzerik. Aldiz, beste batzuk irakurri orduko pentsatzen dut “hau kantuan eman beharko nuke” eta askotan ez direnez sortuak izan kantatuak izateko, niri aukera ematen didate libreago izateko.

Askotan mugak libertatea ematen dizu, muga da testua bere horretan eman behar dela eta horri jarraiki batzuetan iristen zara kantu molde ortodoxoetatik alde egitera. Baina azken urte luzeetan egin ditudan kanta gehienak musikatik abiatuta egin ditut.

“Oihartzuna” aipatutakoan, entzulearengan sortzen duena aipatu duzu. Baina doinuak badu beste oihartzun bat kantaren barruan bertan, armonia, soinua edo hotsa deitzen dugun hori, beste instrumentuek ematen dioten kolorea, kantariaren ahotsa...


... tonua bera ere bai: kanta bera oso tonu ezberdin batean jende askok ez luke ezagutu ere egingo. Gauza bitxia da, zeren eta zu kantuaz ari zara kanta oso gauza fisikoa balitz bezala, baina kantak libertate guztia ematen dizu. Jendeak kontuan eduki ditzake alde tekniko horiek, armoniak, tesiturak eta beste, eta modu berean entzuten duzu ez dakit... Etxahunen kanta bat eta flipatu egiten duzu, nola liteke hau hain zehatz esan izana, bere denboran eduki zuen oihartzun hura... Nire kasuan hau da oso gai intuitiboa. Horretaz asko hitz egin genezake.

Ni hasieratik ibili naiz taldeekin eta oso inportanteak iruditzen zaizkit alde tinbrikoa eta hori guztia. Baina hori niretzako jada ez da kanta, hor beste erreferente batzuk daude, guztiz inportanteak direnak baina erabat belaunaldi bati lotuak eta abar.

Erreferentzia horiek definitzerik bai?


Zaila da oso... Dena hartu behar da kontuan. “A capella” kantatu behar duenak jendearen aurrean beste ornamentazio bat erabiliko du, edo instrumentu batekin jotzen duenak. Mundu tradizionalean oso bistakoa da hori: soinujoleak modu batez kantatu behar du daukan tresna ahotsarekin gainditzeko, entzun dadin. Oso mediotik kantatzen dute, oso ozenki. Gitarrarekin kantatzen duenak nonbait kokatzen du bere ahotsa entzun dadin. “A capella” kantatzen duenak askoz gehiago ornamentatu behar du ahotsa, bukaeretan eta abar, amaiera goxo bat eduki dezan, goxoa edo garratza, baina instrumentuak ez baitio emango errejistro hori.

Gaur egungo kantaerak, oro har... begira zer nolako jeneralizazioa, baina esan dezagun horrela... gaur egungoak eta mikroa azaldu aurreko kantakerak ez daukate zerikusirik. Konbo elektriko batekin kantatzen baduzu, bateria, baxu, gitarra eta abar, gehienetan kantatzeko beste jarrera bat beharko duzu. Bestela ez du funtzionatzen. Tresna guztiek begiratu behar diote kantuari.

Baina kantua bera besterik da. Kantaren egitura... Hartzen ahal duzu lieder aleman bat eta zure gitarrarekin eta armoniekin emanda, beste alor batera ekarri duzu. Hartu blues klasiko bat, askoz arinago kantatu eta hor daukazu Elvis, horri deitzen zaio rocka, eta kantu bera da. Kanta bera, tempo batekin eman edo bestearekin, bluesa da edo rocka. Kanta bat maiorrean eman eta ondoren minorrean, eta beste kanta da.

Kantagile batzuen ilusioa, ziur aski mikroa hedatu aurrekoena baina gehiagorena ere bai, izango da bere abestiak besteren ahotan entzutea, ostatuan edo afaritan. Ez da hori zure kasua, ezta zure belaunaldikoena ere. Ala oker nago?


Arrazoi duzula uste dut. Lehen mundua... Oroitzen naiz, kanta zaharrekiko nire zaletasuna dela eta, zinta batzuk entzuten ari nintzela Bizkaiko mugetakoak, Orozkokoak eta erdal mugetakoak. Hor baziren adin handiko pertsonak “Ez dok amairu” erromantzea kantatzen zutenak goitik behera. Euskaldun puru-puruak. Gerta zitekeen horietakoren batzuk euskaldun petoak izan eta aldiz auzokoa erdalduna izatea, baina ez kanpotik etorria, bertako erdaldundua baizik. Testuinguru horretan bati galdetu zioten “eta zergatik ahaztu ziren kanta zaharrak”, eta adineko gizon honek: “Radixoarekin”.

Horrekin nola noan? Mikrofonoa baino lehenagoko jende horiek ez zeukaten kantak errepikatzeko beste biderik, bat-batean ikasi behar ziren. Zuk entzuten ahal dituzu doinu militarrak Zuberoako pastoraletan, eta horren esplikazioa erreza da: gaztea lehenbizikoz Eskiulatik irteten zen soldaduskara joateko, eta han hiru urtez entzuten zituen doinuak horiexek ziren. Guztiz beste harremanetan oinarritutako gizarte batean, kantuak eta musikak orohar ikaragarrizko balioa zeukan, liturgikoa ere bai esango nuke. Musika zenean, ospakizuna zen. Baten bat hila zelako, baten bat sortua zelako, herriko festetan... Hori oraintsu arte.

Grabatzen ahal denetik musikaren muina erabat aldatu da. Orain ikusi dezakezu flamenkoaren alorrean “Canto de las Minas” jaialdi famatua Miguel Poveda bezalako katalan batek irabazten duela. Aurki japoniar batek. Poveda andaluzen semea da, eta Sabadellen edo beste edonon sortua izanagatik, aitak etxean flamenkozko diskoak jartzen dituelako, berak umetatik harrapatu ditu maisuen zera horiek etxean. Ijitoa, andaluza eta hori guztia izan gabe, “cante”aren ezaugarriak barruan daramatza.

Hau guztia musikaren edo kantaren funtzioekin dago lotuta.


Bai. Baina musikaren papera entzulearen aldetik ere aldatu da. Gure mutiko denboretan tabernetan kantatu egiten zen. Orain ez. Aldiz, orain ez dago isiltasunik, musika nonnahi dago, kafea hartzera sartu eta musika, taxian sartu, musika, autobusa hartu, musika... Jendeak mp3an dauzka bizi osoan entzungo ez lituzkeen kantak. Musika ez da jadanik ospakizunetarako derrigor, izaten ahal da aurretik pasa zaizula auto bat bolumena ozen ipinita. Kantaren funtzio soziala aldatu da.

Jendea ez da sentitzen egile, hori hasteko. Oso jende gutxik hartuko luke, nahiz eta bost kalimotxo edan, tabernan kantatzeko ausardia. Hasteko, ezin lezake, zeren eta bafleak ziurrenik a tope egongo dira musika jarrita. Kantuan aritzeko nolabaiteko isiltasuna behar da. Bestetik, ohitura galdu delako. Orain dela hogeita hamar urte ezinezkoa zen ondo afaldu eta ez kantatzea. Eta hori ez zegoelarik kantari profesionalik. Edozer baina kantatu, “Hara nun diran” edo “Tengo una vaca lechera”.

Zuk kantak egiten dituzu, kantatzeaz gain. Zein bide egiten du zure abesti batek zure eskuetatik joan ondoren?


Nik sinesten dut artisautza eginkizun horretan, funtzionalitate batean. Kantuak ondu zerbait konformatzeko, zerbait egituratzeko, nire barrutik ateratzeko. Kuestioa da hortik aurrera teknika bide batean sartzen zarela. Eta honek denbora asko ematen du.

Teknika menderatu beharra dago. Kanta sortze beretik, grabatu behar duzunean, zer medio dituzun... Izugarri markatzen du geroko dena. Hasierako arnas hori, kanta ontzera bultzatu zaituena, galdu ez dadin bidean. Saiatzen naiz lehenbiziko arnasa asko errespetatzen. Gero horri emango genioke beste orrazketa bat, eta hor sartzen da langintza, ofizioa, egin nahi duzunari buruzko aburuak, zure esperientzia, ezaguerak, erreferentziak... Baina lehenbizikoa saiatzen naiz ahal bezain libre atera dadin. Gero, hori nola harrapatu estudioan? Honetaz luze mintza zaitezke musikariekin, batzuek modu traumatikoagoan bizitzen dute grabaketa, beste batzuek alaiki egiten dute. Niretzako grabatzea eta produzitzea mundu bat da bere horretan: zer lortu nahi den, zein simulakro bide egin behar den. Azkenean teknika bati buruz ari gara, giro bat erreproduzitzea eta abar. Gero sartzen gara disketxeetan...

Lehen kantaren arrakasta beste batzuen ahotan entzutea zen, eta orain ez, antza. Kanta bat egindakoan noiz ohartzen zara “joño, kanta hau bai borobila egin diat, entzulearen zirrara hori lortu diat” igoal espero ez zenuenean?


Ez da gai hutsala. Gerta liteke zuk egitea kanta bat zutaz kanpo jendeak nekez errepikatu ahal izango duena, edo zure errejistroa oso berezia delako, edo gaia oso berezia delako edo bihurria delako melodia... Jendeak behar ditu errimak, errefrauak, kantaren ezaugarri kanoniko horiek, jendeak gogoan gordetzeko behar dituen gakoak. Batzuetan jendeak gogoan hartzen ditu pentsa ezinezko kantak, beren barruan halako oihartzuna utzi dielako. Buelta emaiozu: jendeak kanta ditzake arbuiagarri zaizkionak, buruan gelditu zaizkiolako. Hori ere gertatzen da.

Galdetzen duzunari buruz ez daukat irizpide bat, baina bai segurantza hori: zenbait kasutan badakit kantua hor dagoela, neure alorrera ekarri dudanean, nire kontsideratzen dudanean. Segurantza badut baina ezin nezake esan zergatik. Bitxia da baina gure eginkizunetan dago. Lehengo arotzak bezala, bazekien noiz zegoen aulki egin berria ondo egina, une hartan eta ez beste bi ordu gehiagoz atalen bat gehiago landuta. Edo pintore batek noiz kontsideratzen duen bere margoa bukatutzat, orain eta ez bihar, nahiz eta hodeia horrela geratu, harentzako horrela da. Beste eginkizun askotan, artistikoak ez direnetan ere, horrela da. Noiz pentsatzen duzu zuk artikulu bat hor dagoela?


Gaur publikoak ez du eskatzen duela hogeita hamar urteko gauza bera...


Bueno, formalki erabat aldatu da, erabat, nahiz eta kantuak hor dirauen. Jendeak kanta on bat entzuten duenean, edo ontzat daukana, ez dio horri begiratzen. Baina kuestioa ez da hori, kuestioa da jendeak ez duela entzun nahi hori, jendeak nahikoa lan badauka egunean eguneko kantuekin eta hiperrinformazio horrekin. Bada belaunaldi bat oraindik oroiminez gogoratzen dituena garai bateko zenbait kantari edo zenbait kanta. Euskal munduan oso hurbiletik ikus daiteke, gutxi garelako.

Baina eguneroko bizitza beste leku batetik doa, eta hori kontsumitzaileetan oso argi ikusten da. Euskaldun gazte askok ez dituzte beren buruak behartuta ikusten euskal gauzak kontsumitzeko. Euskaraz ari dira-edo, baina kontsumitzaile bezala ez dira hor kokatzen. Jarraitzen dituzte gauzak, edo nirea, edo zurea, baina horrela daude gauzak, eta ezin dugu hitz egin duela hogeita hamar urte bezala.

Sasoi hartan hemengo jende askok euskaraz ateratzen ziren disko guztiak erosten zituela esango nuke, hori ezagutu izan dugu. Alde horretatik, normala topatzen dut kantua garaian garaiko ispilu izatea. Gure kasuan, gure txikitasunean aniztasun izugarri baten ispilua, non jende gutxi kontsideratzen den egile eta jende asko eta asko kontsumitzaile.

Hori ere berria da.


Bai, berria da: lehen baziren kontsumitzaileak baina ez zen produkturik. Kanta ez zen kontsideratzen produktu bat, transmisio modu bat kontsideratzen zen... eta maitatzen zen, maitatzen zen bezala horretan ziharduena guztiz modu aprofesional batean edo antzera. Hori aldatu da alor guztietan. Jendeak baditu ohitura batzuk, behar batzuk, ase beharreko minimo batzuk, ezin direnak kantatzearen poderioz berdindu. Jendearentzako gaur kanta polit bat ematea ez da aski, behar duzu parafernalia oso bat, ebidenteak diren gauzengatik...

Baina kantuak hor dirau. Gizakiak beti menderatu du teknika musika egin ahal izateko. Gitarra elektrikoa azaldu zenean munduaren bukaera zela zirudien, eta dagoeneko gitarra elektrikoa tresna folk bat da, bakarrik entxufatu egin behar dela. Pentsa, entxufatzea, zer atzerapena... Dena oso arin baitoa. Esaten dutenez munduan dantzatzen den musikaren %80 makinekin egina da, eta hortik sortuko da beste ezaugarri batzuk dituen musika, ez daukat dudarik.

Aldaketa handien atarian gaude, beraz, zure ustetan.


Zibernetika sartu zenetik dauden aldaketak izugarriak dira, eta oraindik ezin pentsatuzkoak. Oraindik ari gara makinekin ezintasun horretan, haurrak bezala programatzen kantuak, konpasak... Hortik sortuko da estetika berri bat. Zineak antzerkia jan zuen bezala. Horren hastapenetan gaude, ez dugu ikusten ahal, sortzaile bezala, baina kantak egiteko nahiak hor dirau. Eta nagusituko da, horrela izan da mendeetan zehar, nahiz eta aldaketa tekniko izugarriak gertatu.

Behin batek honetaz galdetu zidan ekonomiaren eta musikaren arteko harremanez egon ziren jardunaldi batzuen haritik. Harremanik nola ez da, bada, egongo. Baina nik ekonomiari baino garrantzia handiagoa ematen diot teknologiaren aldaketari. Rock-and-rollaren iraultza ezinezkoa da gitarra elektrikoa gabe: igo eta gitarra entxufatu lehenik, gero bateria, gero mikroak... horrek ikaragarrizko aldaketa ekarri zuen. Gaua eta eguna. Horrekin batera, grabatzearena. Horrela sortu zen star systema, eta beste. Orain berriz hori dena ezabatzen ari dela dirudi, eta dena berfundatu beharra dagoela.

Kantuak iraungo duela esateak eman lezake bolondresaren itxaropena dela. Baina ni erabat seguru naiz, ez dut zalantzarik. Pasatzen dena da ez dugula imajinatzen ahal nola gauzatuko den. Edo honek ekarriko ote duen hastapenetara itzultzeko nahi bat, jendeak batere teknologiarik gabe aritzearena, leku txikietan jotzea komunikazio handiagoa egon dadin... Ala kontrakoa, zeren eta orain ematen du beste bide bat nahiago dela, ugaltzen ari dira 40.000 lagunentzako festibalak berriro, duela hogeita hamar urte bezala, hamabost talde musika jotzen eten gabe, eta non pelikula musikaz haratago doan. Baina klubak ere hor daude.

Dena dela, hori da alde soziologikoa. Sortzaile bezala, iruditzen zait jendeak entzuten dituenean gu hunkitzen gintuzten kantak haiek ere modu berean hunkitzen dituztela. Arazoa da ez direla horraino ailegatzen.
Eñaut Etxamendi: «Lehenbizi doinua egin: bertsoa gartzela da»
Nafarroa Behereko Ezterenzubikoa da sortzez eta Bithiriñan bizi. Nekazaritzako eta zientzia politikoko ikasketak egin ondoan, negutegiak landu ditu luzaz, aldi berean Donapaleuko eskola batean irakasle lanak eginez. Bost liburu dauzka plazaratuta, poesiazkoak eta hitz lauzkoak. 1960ko hamarkadatik ari da kantuan, beti Eñaut Larralderekin batera eta beti “a capella”, ahots hutsez. Ezagutzen diegun lehen grabazioa 1971ko disko txikia da, Joseba Elosegiri. 1988an Garai garratzak argitaratu zuten eta 2002an Antologia.


Zer da kanta zuretzat?


Barneko min era guzietakoen kanporatzeko era da niretzako. Mina ez da bakarrik zauria edo samina, mina da ere gogoko sotoetan gorderik dituzun oroitzapenak, doluak, auhenak. Enetzat “mina” izugarrizko hitz aberatsa da. Gauzez mintzatzeko beti iruditu zait badirela bi manera. Bata, etxean hitz egiteko, jateko, laneko... Eta gero, konparazione, besta pixka bat egiten bazen, arto xuritzeko gauetan edo horrela, gizonak hasten ziren kantan, eta gure ama biziki kantari ona baitzen, aitak eskatzen zion “Graziena, xaugi!”, eta hasten ziren bi bozetan kantari. Horrek egiten zuen niretzat halako lirismo bat ezin dena esplikatu, izugarrizko dentsitate handikoa.

Ni ttipitan gaixo egon naiz oso luzaz, sukaldearen gainean nintzen, eta hasten zirelarik beherean gizonak eta nire ama abesten, ez nuen lokartu nahi izaten, ene bihotzeko paradisua zen.

Gero, kantatzeko beste modu bat bazen, pixka bat berotuta zirelarik, konparazione bixitari artzainak zirelarik. Gu mendikoak gara baina laborariak, eta udan bortuan gure ardiak artzain batek atxikitzen zituen. Artzaina igande batez etortzen zelarik, askaria egin, jan eta edan ondoren hasten ziren bertsotan, beren moldean. Irri egiteko modu bat zuten, bertsotan aritzea, elkarri zirtoka.

Bada gizon bat gure herrian, Ezterenzubin, oraindik bizi dena, oso gaizki hazia izan zena, inor ez zen berataz jabetzen. Mintzatzen badaki, baina kontatzen ez. Gure etxean konfidantzan baitzen, nik entzun dut bertsoak xuxen-xuxen botatzen, gramatika aldetik eta dena. Enetzako mixterioa da, esklabu bezala hazia izan zen gizon horrek, beti mutil, lan txarretan, gizon horrek publiko bat bazuen, bertsotan jendeak irriz ezartzen zituen.

Beraz, kantua nik defini nezake barneko min alegerazkoa edo oinazezkoa ateratzeko modu bat bezala, beste hizkeraren oso bestelakoa dena


Zuk ezagutu dituzu lehengo kantatzeko modu haiek eta geroztik zabaldu diren kantakera oso ezberdinak ere bai.


Gure gazte denboran, noski, ezagutu ditugu rocka eta boogie, eta abar. Guk ere dantzatu ditugu gure hogei urteetan. Erritmo horiek azaltzen dira ene kanturen batean, esaterako “Tiki-taka”n, baina bakana da. Baltsak ere asko dantzatzen genituen, eta batzuetan kanta egin eta hogeitamar urteren buruan ohartu naiz horretaz. Ene buruan sartua baitzen automatismo bezala.

Ni saiatu naizena egiten da: kantu zaharrak, etxean ikasi nituen horiek, herrietan entzuten zirenak, hartu eta aztertu ea nolako egitura zuten, beren lerro melodikoa nola egina zen. Eta gauza berdina egiten saiatzen nintzen. Ez kanta guztietan baina askotan.

Esa'iguzu adibide bat.


Konparazione, hartzen duzu “Goizian goizik jaiki nündüzun / esposa nintzen goizian”... Lehenengoa perpaus melodikoa duzu. Gero baduzu [doinuaren segida murmurikatuz] halako ateratze bat, eta azkenik berriz hasierakoa [doinuaren akabera kantatuz]. Zuen eskualdeko batek hori pasodoble erritmoan eman izan du [barrez ari da]... ezin eman kanta bere marka erantsi gabe, zakurrak txizarekin bere territorioa markatzen duen bezala. Nahiko talentua izango zuen kanta berdin-berdin ematen. Ez diot hori barkatzen. Orain atharraztarrek kantatzen dute “Atharratze jauregian” pasodoble erritmoarekin, ez dute kantatzen gure amak kantatzen duen moduan. Niretzako hori da eredu bihotzekoa, eta horretan saiatu naiz.

Gero, aitortu behar dut egia, baliatu ditut kanpoko musika motak ere. “Zato gurekin...” [kantari]. Mixel Labegueriek esaten zidan “doinu horrek Garaziko eta Arradoiko eta mendi horiek ekarrarazten ditu gogora”. Aldiz, kanta frantses bat du oinarrian: “Ecoute... et ne sois pas triste...” [vals erritmodun kanta baten hariera abesten digu].

Zure kanta ezagunenetarik bat, Carrerorena eta “Iup-la-la” deitu izan zaiona, Ameriketako country famatu batetik hartu zenuen.


Hori lehenbiziko egunetik aitortu dut publikoan, Marty Robbins-en doinua zela, ez dut bestelakorik sekula pretenditu. Bai, kanta famatua izan da, ez dakit egileak zenbat milioi saldu zuen. Berak ere uste dut Mexikotik hartua ote zuen. Mexikon fandango andana bat egin du euskaldun batek, Amikuzeko Ducasse batek. [Fandango baten airea kantatzen digu, errepikan aipatu kantuaren antza handia duena].

Kanta bat egitean zu nondik abiatzen zara?


Ni beti melodiatik. Baditut bospasei kanta astirik ez eta enkargua hartua eta... azkenean, aurretik entzundako doinu baten gainean egindakoak: “Joseba Elosegiri”, “Iup-la-la” eta beste batzuk. Hitza baldin bada indartsuena, ez dut nik egin doinua. Joseba Elosegik bere burua erre zuelarik, zortzi egunen buruan behar genuen Arrangoitzen abestu. Lehenbiziko ikastola zen, Argitxu Nobliak irekitzen zuena, eta kantaldi bat zen horretarako. Larunbatean kantatu behar eta ez nuen deus egina, ez musika eta ez hitzak. Eta azkenean hartu nuen herriko aire zahar bat eta ustekabean desformatu nuen, lau lerrotan da eta nik bostekin egin dut; behin bakarrik entzuna nuen eta hainbeste zitzaidan laketu...

“Iup-la-la”rendako ber gauza. Larunbata zen eta arratsean ari behar genuen kantuz Maulen. Anaiak edo arrebak ekarria zuten disko bat doinu polit hori agertzen dena, “El Paso”, eta familia osoa gindoazen autoan hura kantatzen, pozik, Carrero zerura joana baitzen... Hor Iparlatzen pasatzean, autoak egin zuen jausi bat eta nik egin nuen besoarekin “Iuf!”. Gero nirekiko esaten nuen ontsa izango zela hori kantan ezartzea. Ez genuen taula gainean kantatu behar, ostatuan mahaian abesteko pentsatu genuen. Zuberoko kanta zahar bat bada hasten dena “In nomine patri et filii” eta hura ere baliatu nuen. Apaiz batentzako egina zen: neskak ikustera joaten zen, eta mutikoek ez baitzuten hori nahi, behin zurubia kendu zioten eta apeza erori eta bizkarra hautsi zuen.

“Ite missa est” hori berriz honela sortu zen: fraile bat ezagutzen nuen eta justu Carrerorena gertatu eta biharamonean Zuberoa nindoalarik konbidatu ninduen salda hartzera. Salda hartzen ari ginela berak “joan da, bada, gure gizona” esan zuen eta nik “eta berriro etorri da lurrera”. Salda bukatu zuenean “etorri da, bai, lurrera, 'ite missa est” (mezaren bukaeran apezak latinez esaten zuena, gaurko “zoazte Jaunaren bakean” esaldiaren baliokidea) esan zuen. Horra kantuaren ixtorioa.

Zuek beti “a capella” entzun zaituztegu abesten, kantak ere esan duzun modu horretan egin dituzu, giro horretan... Izango du horrek segidarik zure ustez ala betikoz joana da?


Ez dakit. Nik irratia entzuten dut gehienik entzuten eta iruditzen zait gehienek kantak egiten dituztela Gainsbourgek-eta bezala kasik doinurik gabe, hitzetan ere guretzako itsusiak ziren gauzak esaten dira... Ez da hori batez nire mundua.

Niretzat minaren agertzeko behar duzu doinu bat eta olerkia. “Gure bortian duzu oihan urdin gorena...” [kantatzen digu] Ez da hemengo kantatzeko manera bakarrik, Nafarroan asko egiten da, eta ez ahaztu Nafarroako kantak izugarri gustatzen direla Zuberoan eta Baxenafarroan. Horietan olerkia gutxi da, musikak ematen du dena. Musikak bortxatzen zaitu abotsez, erraiez, hatsez, ematera sentimendua. Zure hitzek badute gaiarekin, baina zure abotsak badu gehiago. Abots hori gitarraz-edo estaltzeak niri min egiten dit, egia esateko, eta Larraldek ere ez zuen nahi.


Ezeren aurretik doinua, beraz.


Lehenik melodia egiten dut, eta beti daukat lema bat. Asko dira Nafarroakoak. Nik izugarrizko mina, zauria, sentitu dut nafartar bezala Nafarroan gertatzen denarekin. Konparazione, ni Ezterenzubikoa naiz eta gure auzoak ziren Orbaizetakoak, denboran haiekin gurutzatzen ginen askotan. Entzuten nuen umetan han euskara ari zela galtzen, eta gerra zibiletik landa apurtu ziren harremanak, guk bagenuen familia han eta ez ginen gehiago haiengana joaten, ez Auritzera, ez Orbaizetara. Hura izan zen kontinente bat itsasoan hondoratzea bezala. Niretzako... “Kantatzen dizit pena kontsolatu ezina...” [kantari ari da]. Ezin kontsolatuzko pena bat, nafartar bezala. Ez dakit arrazoin dudan ala ez, baina hori da errealitate bat nirekin daramadana bizi guztian. Historia bat hondatutakoa, nazio bat hondatutakoa, mito eta oroimen zoragarriak, populu eta zibilizazio bezala dena galtzen ari.

Ikasle denboretan, nekazaritza eskola egin dut baina aldi berean zientzia politikoa ere bai. Han ezagutu ditut sistemaren artekariak, eskumakilak, soziologian eta beste. Gure etxean zazpi haurride baginen eta beste hainbeste ziren etxe guztietan. Nire estudiante denboretan, hamazortzi-hogei urterekin, ikusi ditut “charter” osoak mutilak Kaliforniara joaten eta neskak Bordele edo Parisera, frangotan putetxeetan finitzeko. Zientzia politikoetan ikusten duzu, izanagatik gazte eta harro, gizarteak kudeatzen diren gauzak direla, politikoki eta administratiboki badirelarik hautuak eta artekari edo eskumakilak, gizarte bat aldatzen ahal dela, desestrukturatu. Nik ikusten nuen gure gizartea desegiten ari dela, irokes edo mohikanak destruituak izan diren bezala, Amazonian segitzen duten bezala, neska txikiak eskolatik hartzen dituzte putetxeetara eramateko eta gizonak tiroka eta pozoituta eta... Gure familia ere sakabanatu zen, gehienak joan ziren Ameriketara-eta.

Beraz, historia pertsonala eta historia familiarra bat egin dira. Berrogei urte arte bizia era tragiko horretan bizi izan dut. Esan nahi dut, neurosi bat egiten nuela. Eta kanta izan da nire neurosia ateratzeko modua, komunikatuz eztitzekoa. Diote neurosiak horrela sendatzen direla, besteei kontatuz.

Kantua zertarako galdetu nahi nizun, baina zeu sartu zara bete betean...


Begira, aldi berean politikan ere ari ginen, gu ginen “Enbata zikinak”, “Enbata ustelak”, baina gutxi ginen, hamabost-hogei ginen, eta aldiz kantuan ari ginelarik baziren bederatzirehun jende.

Eta kantua plazerrarentzako?


Badakizu? Zauriak badira biak ematen dizutenak, min eta plazer. Bizian bada asko gauza horrelako. Niretzako plazer zen espresabidea ematen zidalakoz, barneko tripako mina besteei sentiarazteko. Bestela, kanta berarekin eragin dezakezu barre edo nigar. Ardura esan didate kantu tristeak egiten genituela: ni saiatu naiz kanta alegerak egiten, baina nonbaitikan ere bihotzeko gitarraren korda horiek ateratzen dute mina.

Kanta doinutik hasten duzula beti, diozu. Eta letra nola sortu edo egokitu diozu?


Beti lehenbizi doinua egin, hautatua nuen lemarekin, eta gero hori zabaldu behar bertsotan. Horretan beti desplazer bat sentitu dut. Bertsoa gartzela bat da, ez da beste ezer. Aldiz, abots hutsez ari banaiz, adibidez jotak egiten duen bezala [jota baten zati bat tarareatu du]... horretan ez duzu hitz bat esaten baina dena esaten duzu. Hitzak egitean, nire gogoko nuen gauza gartzelaratzen da. Batzuetan uste dut hitzek ere lagundu dutela doinua, aliterazioekin-eta, “Tiki-taka”n bezala, baina gehienetan hitzen egitearekin da aidean den xoria hegalak ebakita kaiolan sartzea bezala.


Eta kanta entzuleetara iritsi denean?


Lehen aldikoz publikoan eman duzularik, tristura sentitzen duzu. Kanta ez da gehiago zurea, txoria eskuetatik joan zaizu. Bon... horretan bada nartzisismo puska bat, eh?

Oholtza gainera kantatzen ateratzen denak beharko du nartzisismo pixka bat, publikatzeko idazten duenak bezalatsu, burua erakusi behar bat... Entzule jakin bat eduki duzu buruan?


Bai, pentsatzen genuen Euskal Herriko publikoan, entzutera joaten zirenetan, politikoki saiatu baina gureganatzea lortzen ez genuen haietan.

Gure kantuak ziren kantatzekoak, zuzenean entzutekoak. Hasieretako kantaldietan ezagutu genituen Ez Dok Amairukoak ere, baina guretzako haien presentatzeko eta gauzak egiteko moldea sobera intelektuala zen, ez zen batere hemengo jendeen komunikatzeko manera.

Gu beti hasten ginen amodiozko kantu batetik, edo Ameriketara joandakoei buruz... Emeki eta emeki joaten ginen beste gaietara hurbiltzen, “Euskara eta etxia / etxia eta euskara / baitoatzi lurrera” [kantuz ari da]... publikoaren erantzuna sentitzen genuen, lantzen genuen. Lasai-lasai, publikoa sentimentalki landuz bezala, gero gure mezua pasarazteko, ustez bederen.

Badakizu? Kantaldi bat izorratu nahi duenak aski du bazterretik solas pito batzuk egitea, izan dira horrelakoak gure artean. Hiruzpalau aldiz tipo bera ikusten bazenuen, bagenekien: “Honek badik misio bat, kaosa ezarri nahi dik publikoa berotzeko gure maneran”.

Beraz, zuretzako kantak funtzio oso garbia dauka.


Kantaren funtzioa zen jendearen atzarraraztea: “Ez duzue ikusten zer gertatzen den?”. Oroitzen naiz behin, Hazparnen, igande goiz batez, menturaz dozena bat jende egongo zen Enbatako mitin batean, ez ginen kantuz hasiak, eta ene txanda zen mintzatzeko. Noizbait esan nuen: “Zorigaitzez ez gara ohartzen. Zer gertatzen zaukun ikusten duzie: mutilak badoatza Kaliforniarat eta neskak Pariserat. Nola egin behar da indio tribu bat desegiteko?”. Eta publikotik batek “Alua!” egin zuen oihu.

Beste behin, Donapaleun parrokiako sala batean kantatu genuen, eta Donapaleuko burgesia heldu zen. Denak oso ongi pasatu zen, Otsagabia entzun eta “bai, hauek egiten dute piska bat gregorianoa bezala” eta ixtorio. Baina hurrengo urtean berriro joan ginen, eta ari ginen gure kantuan. Salako zokoan baziren bi lerro bete herritar, bertakoak, euskaltzaleak, kapeludunak. In crescendo gindoazen: “Garaziko kantaria / hoake hilerrirat / hire ama dagonerat / nigarren ixurtzera. Nigarren ixurtzen ta / barkamendu eske/ etxia eta eskuara / baitoatzi lurrera. Etxia e” “Alua!!” entzun zen zokotik. Zauria hunkitzen zenion. 1967-8an izango zen.

Melodia batek bere baitan badu osotasun bat, antzerkian bezala, badu beti zaurigunea nonbait, minberagune bat. Hura harrapatu artio ez dut barkatu ahal izan.

Behin Le Monde kasetan irakurri nuen, Franco hil eta berehala, nolaz Hegoaldeko gizon bat 18 urtez preso egon ondoan askatu behar zutenean jujeek 20 urte gehiagoko zigorra ezarri ziotela. Albiste labur bat zen. Hori kanta batean ematen duzu entonazio banal batean, eta gauza banal bat bezala pasatzen da. Nahi baduzu zauria, bihotzeko sexua, hunki dezan, beste zerbait egin behar da. Beti melodiatik. Egon ezinezko min hori, ezin pasatuzko min hori, nahi nuen pasarazi. [Kantatzen hasi da] “Ama noiz etorriko da gure aita etxera... Zazpi urte doatze betetzera...” Hori zen kantuaren bihotza, ez zen nirea Amerikako indioei hartua da. Gero espainolek erantsi zioten erritmoa kendu diot nik. Doinua, lirismoa, nola uztartu gero olerkiari, horrek du garrantzia eta hori da eni gustu ematen didana.


Zuk olerki munduan bezala musikan ere salatzen duzu publikoari gustu egiteko egindako “demagogia”.


Demagogia, errezkeria. Behar da gustarazi publikoari. Baina ez da aski hori. Herri txikia gara, euskaltzale gutxi gara... Ni Iparraldeaz ari naiz. Hemen publikoa lirismora eta olerkiari bihurtzeko gauza da. Iduriz nekazari dorpeak dira, baina gisa hartara itzulikatzen baduzu zure mezua, sentitzen dute.

Sarritan aipatzen duzu “erritmoa”. Espainolek indioen doinuei erritmoa ezarri zietela. Halako euskal kantari demagogikoa dela kanta zaharrei “erritmoa” ezarri dielako...


Gu denok ere desformatuak izan gara horretan. Nire amak ez zuen erritmorik egiten kantatzean.


Beraz, esango genuke zure helburuetako bat izan dela kanta biluziak egitea, erritmotik ahalik eta gehien askatuak...


Nik ere sartu ditut erritmoak kantu batzuetan, edo kanta batzuen zatietan, maite dut kontraste hori ere. Baina nire ustez kantak antzinako moldean maite ditut, erritmorik gabe, horrela badute nostalgia bat, melankolia bat.


Zure kantak sentitzen dituzu garai bati lotuak?


Ez zait hainbeste inporta garaia. Iruditzen zait ikutzen ditudan gaiak unibertsalak izaten ahal direla. Beste jende edo gizarte batzuek ez dituzte formulatzen guk bezala, baina min berak dituzte, obligazione berak, kanta berak, amodioak eta penak gureak bezalakoak dituzte, itxaropenak ere bai.

Badira, noski, kanta batzuk garai jakinei lotuak, Eustakio Mendizabal “Txikiari” edo Jose Migel Beñaran “Argala”ri eginak, konparazione. Baina beste gisan, kanta zaharrak bezala, beti kantatzen ahal direnak dira, hala iruditzen zait.

Azkenak
2024-12-30 | Jon Torner Zabala
Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko lehen urratsa, Nazioarteko Pilota Federazioak haren alde bozkatuta

Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea onartu du Nazioarteko Pilota Federazioak, larunbatean Iruñean egindako batzarrean. Ofizialtasuna lortzeko bidean urrats handia da, "lorpen historikoa", Euskadiko Federazioak adierazi duenez, baina... [+]


2024-12-30 | Patxi Aznar
Hilketak, arma-eskalada eta ondorioak

Abenduaren 26an, aireko eraso batean, Israelgo armadak bost kazetari palestinar hil zituen. Haiekin 130 kazetari palestinar hil zituzten. Albiste horrek gauza pare bat gogorarazi dizkit, lehenengoa, benetako kazetariek jasaten duten jazarpena munduko edozein lekutan, adibidez,... [+]


2024-12-30 | Rober Gutiérrez
Gazte landunen %51k

Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia askotarikoa da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora,... [+]


2024-12-30 | Josu Jimenez Maia
Izenorde guztiak

Historikotzat nekez har daitekeen argazkiaren erdian agertzen den neskatoa idazten ari da, zer eta izenorde zerrenda bat: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. Beherantz begira egonik, neskatoaren begirada nolakoa den antzeman ezinik gelditu naiz ni.

Argazkilariaren lanari soraio,... [+]


2024-12-30 | Julene Flamarique
Gazan hil dituzten milaka haurren izen-abizenak irakurri dituzte 30 orduz jarraian Iruñean

Hondakinen artean oraindik identifikatu gabe dauden Palestinarrak ere ikusarazteko helburupean egin dute. Israelek Gazan 18.000 adingabe hil ditu urriaren 7az geroztik. BDZko Elisa Huarteren arabera, “zerrendetan oraindik ezezagunak diren izenak irudikatzen dituzten marra... [+]


2024-12-30 | Leire Ibar
Eraso arrazistak salatu dituzte Arrigorriagan eta Baionan

Arrigorriagako Udalak elkarretaratzea egin du igandean udaletxeko plazan, ostiralean txinatar jatorriko merkatari batek bere dendan jasandako erasoa salatzeko eta biktimari babesa adierazteko. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea antolatu du... [+]


Joseba Asiron
“Haur eskoletan euskarazko eskaria eta eskaintza parekatzeko negoziazio bidean gaude PSNrekin”

"Erorien Monumentuaz sozialistekin akordioa lortu izan ez balitz, eraikinak bere horretan jarraituko luke aurrerantzean ere eta hori zen guk onartzen ez genuen aukera bakarra”. Hala dio Joseba Asironek. Entzun elkarrizketa osorik hemen sakatuta.

 


2024-12-30 | ARGIA
Osasun asegurua du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen ia laurdenak

EAEko biztanleen %23,9k osasun asegurua zeukan kontratatuta 2023an, Eustaten datuen arabera. 2021eko datuekin alderatuta, %4,1 gehiagok. Batez ere traumatologia, oftalmologia, ginekologia eta dermatologia kontsultak egin ziren. Aseguruen %61,3 enpresentzakoak edo bestelako... [+]


2024-12-30 | Ahotsa.info
Hatortxu Rocken azken aurreko edizio jendetsua Atarrabian euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde

Milaka lagun elkartu dira Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren azken aurreko edizioan. Euskal preso politikoen senideei babesa eta sostengua emateko sortutako jaialdiak agur esanen du 2025ko udan Lakuntzan eginen den azken edizioarekin. Sakabanaketarekin amaitzea lortu bada ere,... [+]


2024-12-30 | Jon Torner Zabala
‘Bagare’: euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserkiak 50 urte

1974ko abenduan sortu zuten Bagare kanta Gontzal Mendibil zeanuriarrak eta Bittor Kapanagak, haren Olaetako (Aramaio) baserrian. Euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserki bilakatu zen gerora.


2024-12-30 | Behe Banda
Barra warroak |
Urte berriari

Begi bistaz zentzugabea dirudien eztabaida batekin hasten da zutabea: 2024 gure literatur ale horietako bat balitz, nola deituko zeniokete?

Erantzunik topa ezean, ordu erdi ematea aurtengo bizipenei begira; Instagrameko artxibatuetan sartu lehenik, eta Twiterrera pasa horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude