Iñigo Azkona
I
Urtea hasi, ondo hasi zen
sorpresaz bete-beteta;
eszedentzia neukan lanean,
disfrutatzea zen meta.
Lan merkatuan ipini nuen,
hala ta guztiz, arreta.
Martxoan hasi nintzen lanean,
triste, kolpeka-kolpeka,
otsailerako diru guztiak
gastatu nituen eta.
II
Pentsatu nuen, “denbora daukat”,
ta ikasteari ekin.
Enkandilatu ninduten erraz
euskal kultura berbekin.
Eskoriatzara ailegatuta,
denak adi, langile, fin.
Lehen hilean damutu nintzen
behin hasi izanarekin;
UPVko lau urteetan
ez nuen hainbeste egin.
III
Lana, ikasi eta tarteka
bertsoak bota oraindik.
Egongo da bai, gutxiagogaz
asko kobratzen duenik.
Behin aukeratu lasaitasuna
ta ezin nuen aurkitu nik.
Azkenerako motxila egin
nuen, neurean etsirik:
Euskal Herritik ospa egin ezik,
ez dago eszedentzirik.
IV
Mexikora joan ta han egon nintzen,
lasai, ederto, hile bi.
Eguzkipean erreagaitik,
titiburu eta begi,
trankil nenbilen, presio gabe,
ze suerte, ze loteri!
Baina hain lasai egotearen
beldurra sartuta neuri,
neure artean nioen “gauza
onerako lasaiegi”.
V
Bueltan zapaldu nuen Muxikan
Zabaleko lur bustia,
ta irailaren 3an, hara,
a ze sorpresa eztia.
Izeko egin ninduten, ene,
hura begien bustia...
Nahiz eta orain jada ez naizen
gure etxeko “txikia”,
txikienari ematen dio
izekok duen guztia!
VI
Ta txapelketa, ai txapelketa...
bagoaz final handira.
Gertatzekoak gertatu eta
BECen geldituko dira.
Baina urtea amaituko da,
ia espero gabe, di-da,
su-hiltzaileen egutegia
botata eskaratz erdira.
Azken arnasa eman dezala
abenduari begira!
Doinua: “Itsasoari begira”.