«Diskurtso guztien berritzea aldarrikatzen dut»

  • Asthmatic Lion Sound Systema da plazaratu berri duen diskoaren izenburua. Kemena eta ahulezia. Aldarrikapena eta festa. Musikaren eremutik harago doazen ekarpenak, lerrootan aurkituko dituzunak.
Fermin Muguruza
Dani Blanco

Ikuspegi pribilejiatu batetik begiratu diozu munduari, tokian tokiko musikari eta musikazale konprometituen prismatik. Zer ikusten da?


Kapuscinski datorkit gogora, behartsuenekin lerratzen den kazetari hori. Azken aldi honetan oso gustura irakurtzen ditut bere lanak. Beste kazetaritza modu bat aldarrikatzen duenean, errealitate baten pultsua hartzeko bertako jendearekin bizi behar dela aldarrikatzen duenean irribarrea ateratzen zait, guk musikariok askoz errazago daukagulako bidea. Gu ez goaz informazioa berehalakoan ateratzera, baizik eta lehendabizi eskaini egiten dugu. Kazetariari asko kostatzen zaio aurreiritzia gainditzea. Gure kasuan berriz, musikari ekin orduko hasten da komunikazioa. Askoz errazago irekitzen dira ate guztiak. Egoera pribilejiatua da, ezbairik gabe.
 
Zer ikusten den... Auzolana dela gelditzen zaigun aukera bakarra, mundu osoan gerra usaina baitago. Berlingo kasua aipatuko dizut. Kurduek eta turkiarrek elkarrekin antolatu izan dituzte beti ezkertiarren manifestazioak. Aurten aldiz, parlamentuak Irak iparraldean sartzeko baimena eman zuelako, besteak beste, elkar joka ikusi ditugu han bizi diren kurdu eta turkiarrak, bereziki gazteak.
 
Palestinako egoera hiper larria da. Zer esan, banlieue-etako giroaz, Parisekoaz... Etengabe ari da mapa politiko fisiko geografikoa aldatzen. Ez da apokaliptiko izateagatik, baina sistema ekonomiko baten porrota bizi dugun honetan, sekulako gatazkak aterako dira, dagoeneko badirenaz gainera.
 
Latinoamerikan gertatzen ari dena ere. Zer nolako mina ematen dion sistema orokorrari, ez bakarrik AEBei baizik eta kapitalismoari, globalizazioari, urnetan ezker proposamenek garaitzeak.
 


Evo Moralesengatik ari zara...


Bai, baina baita Hugo Chavez, Rafael Correa edota Lula da Silvari buruz ere. Ikusgarria da enpresa kapitalistek, berdin espainolek edo Euskal Herrikoek ere, nola babesten dituzten euren etekinak, nola aukerarik txikiena ere baliatzen duten Chavezen kontra jotzeko. Pertsonaia bitxia da beharbada, baina kontuz, bultzatu dituen aldaketak itzelak dira.
 
Evo Moralesena, berriz, egin daitekeen gauzarik lotsagarriena da. Indijena izaki, gainera. Salvador Allenderen kontra egindako guzti-guztia ari dira errepikatzen: gobernuaren kontrako gune batzuk unibertsitate pribatuan kokatu, gero kontra daudenak unibertsitariak direla esan ahal izateko... Gida-liburu berbera jarraitzen ari dira. Evo Morales makurtzea lortzen ez badute, hil egingo dute.
 
Mexikon, bazter guztietan sartzen da armada, lotsa izpirik gabe, narkotrafikoaren aitzakian, narkotrafikoa politikariek kontrolatzen dutela denok dakigunean.
 
India eta Pakistanen arteko gatazka, lehergailu atomikoa dute gainera; India eta Txina, nazio batzuek izan duten garapenari ez diotela muzin egingo esanez; energia nuklearraren buelta....

Eta ez dago zeri heldu.


Baikor suizida deitu nion neure buruari behin, eta ezkor aktibo, eszeptizismoaren kontrako terapia gisa. Postmodernismo dosi batzuk ondo datoz noizean behin, distantzia hartu eta denari barre egitea, baina ariketa errezegia egiten zait erreferente ezkertiar sendorik ez dagoenean.
 
Hala ere, lagun batek esan zidan bezala, sozialismoaren gidoia hor dago, gertatzen dena da errealizadoreak oso txarrak izan zirela. Eta horri heldu beharko diogu berriro, autogestioa bultzatuko duen komunismoan saioak eginez... Jakina, tokian tokiko kultura errespetatuz, lehen egindako akats izugarri horietatik ikasiz. Giza aurpegiko komunismoa, edota XXI. mendeko sozialismoa.
 
Musikaren inguruan egoera harago dago beti. Gerta daitezkeen ulertzeak jada gertatzen dira musikan. Ekarpen handiak egin ditzake.
 

Munduari tokian tokiko musikazale eta musikari konprometituen prismatik erreparatu diozula aipatu dugu. Zer ikusi ote dute haiek zure bidez?


Miresmen handia sumatzen da, alde batetik bide independenteari eutsi izanagatik eta bestetik hizkuntz minoritario batean abesteagatik. Islandiako Sigur Ros oraintsu atera den beste adibidea kenduta, ez baitago munduan hizkuntza urritu batean abestuz zirkuitu internazionalean mugitzen denik.
 
Gogoan dut Argentinan, Todos tus muertos taldeko abeslariak, beltza da bera, nondik datorren ere ez dakiela bota zidan, eta beregatik ere euskaraz abestu behar nuela.
 
Horrelakoetan Jamaika aipatzen dut nik beti, hango bihotzean sartu ginenekoa. Gure hizkuntzak, gure kulturak handik atera den musika moldeari egindako ekarpena txalotu eta miretsi ziguten.
 

Kemen handia transmititzen duten emakumeak nabarmentzen dira diskoan, bai musikalki, ahotsen bidez, baita estetikoki ere, diskoaren kaieratxoan, azalean…


Diskurtso guztien berritzea aldarrikatzen dut eta erne nago feminismoaren gaineko teoriei dagokienez ere. Generotik harago eraman nahi gaituen mugimendu abangoardistak, Queer deiturikoak eman zigun atentzioa G8ko kontra-gailurrean; bereziki haien harrotasunak, Kuban esaten den bezala, ‘Guaperia de barrio’ delakoak, “Eh, gu hemen gaude” esateak, eta zenbaitetan duten harrokeria puntuak. Bilbon ere badugu jada Queer Ekintza.
 
Musikalki beltzen mugimenduan ikusi dugu hori, James Brown edo Public Enemy-rekin. Euskal Herrian berriz, “Euskalduna naiz eta harro nago” esan zuen Negu Gorriak-ek orain dela 18 urte. Hizkuntzari buruz ari ginen, baina identitate politikora ere extrapola daiteke.
 
Diskoko irudietan agertzen diren emakumezko gehienak auzokoak dira, Irungo Moskukoak, Talka diskoetxearekin lan egiten dutenak, Sound Systemaren bat egiten dudanean dantza egitera ateratzen direnak, lesbianen ikusgarritasuna aldarrikatzen dutenak. Alardearen inguruko liskarrez geroztik, oso giro askea garatu da horrelako proposamenetarako. Horren ispilu duzu diskoa.
 
Eta berdin ahotsei dagokienez ere. Bajka, esaterako, Berlinen kontzertua eta gero, kantatzen hasi zen bat-batean. Txundituta gelditu nintzen, hori ahotsa! Sekulako erregistroak, beltzen musikaren liburu osoa du bere baitan. Nerea Olaxa ere, soinu-froga bat egiten ari nintzela, hantxe hasi zitzaigun oihuka... Harri eta zur utzi ninduen. Denbora gelditu egin zuen une batez. “Baina zer izan da hori?!”, esan nion gero, “lehoi emearen orroa!”.
 
Marina Ojos de Brujo, Milaka Bilakan kantatzen duena, ukitu flamenko horrekin, Miriam, Sorkun, Minsa, Kaori eta Ophelia, Dublingo neska hau... Ze indarra denek.
 
Rapean mugimendu handia sortu dute emakumeek, eta bereziki lesbianek.
 


Indartsu arabieraz mintzo diren raperoak ere.


Diskora ekarri dudan talde honekin izugarrizko harremana dugu. Parisen egiten den raparen eragin nabarmena dute. Batez ere, Palestinan baino lehen Aljerian hasi zirelako arabieraz rapean, rap frantsesaren eraginez.
 
New Yorken antolatutako rap konferentzian Public Enemy-ko abeslariak esan zuenaren haritik, raparen ardatza erabat aldatuta dago. Orain ardatza periferietan, Herri arabiarretan eta Afrikako taldeetan dago, molde honen jatorria, bozeragailu izate hori berreskuratzen ari baitira.
 


Eta hemengo hip hopa?


Hemengo hip-hopa euskaraz garatzen ez den bitartean, gazteek gaztelaniaz hitz egiten jarraituko dute, nahiz eta euskaldunak izan. Gazteek rapa entzuten dute batez ere, baina gaztelaniazkoa, hori da haien erreferentzia. Horri buelta eman behar zaio, bestela jai daukagu.
 
Orain dela 18 urte, euskarazko hip hopak sekulako booma izango zuela esan nuen. Bertsolariak, Sarasua, Maia, Lujanbio, Peñagarikano eta konpainia, rapeatzen ikusi genituen Negu Gorriak taldearen ondoan. Gero Selekta Kolektiboa sortu zen, baina banandu egin ziren, eta orain MAK besterik ez da gelditzen euskaraz.
 
Denbora pasa da eta oker nintzela esan behar, edo erdizka asmatu nuela, leherketa hori berehalakoa izango zela uste nuelako. Baina heldu beharko du beranduago bada ere. Areago, bultzatu egin behar da. Zenbait musikari, gaztetxe, programatzaile eta eragilek hori indartzeko ahalegina egin behar dugula esango nuke nik. Hemen estrategiko hitza erabiltzen denean, ni futitzen naiz. Orain edozeri estrategiko hitza aurretik ipini eta aurrera, denok men egin behar dugu.
 
Horixe da, hain juxtu, sustatu beharrekoa eta ez karpa erraldoia. Izenak bakarrik nekea sortzen dit...
 

Asma eragiten dizu.


Horixe bera! Ongi etorriak parke jurasikora, barkatu, karpa erraldoira. Museoa aipatzen dut nik, bisitan joatea ongi da, baina bertan bizitzen gelditzea, gehitxo, aizu!
 
Gauza berriak egin nahi ditugu, mundua etengabe ari da mugitzen. Ea mende hasierako despiste orokor hau, perspektiba falta hau behingoz apurtzen dugun. Eta bitartean, kontzertu erraldoiek, barra erraldoiek, txosnetan betiko musika jartzeak ez du batere laguntzen. Niretzat aspaldi bukatu zen hori. Orain demasakoa iruditzen zait.
 
Bultzadarik gabe ez dago talde gazte erakargarririk aurkitzerik. Gogoan dut Mikel Antzak Argiarako Kortaturi eginiko elkarrizketa hura, maketa besterik ez genuenean.
 

Beste hainbatetan bezala, aipamen literarioz josita datoz zure letrak, baina poetikoagoak dira oraingoan, interpretazio desberdinetarako bidea ematen dutenak. Non gelditu da Fermin kategoriko hura?


80ko hamarkadan Gerra Hotzean ginen, blokeko politikan. Kortatu hasi zenean Nikaragua sandinista kontren aurka ari zen borrokan. Orduan hogei urte nituen eta orain 45, eta ez gara berdinak, ez ni eta ez mundua. Munduarekin batera aldatzen gara, eta momentu jakin batean esandakoarekin orain ez nago ados, testuingurua erabat aldatu delako. Horixe aldarrikatzen dut marxismotik, momentu zehatz bakoitzean analisi zehatza egitea. Badakizu, bi ildo filosofiko jarraitu izan ditut beti, marxismoa eta existentzialismoa. Eta oraindik ere horiei heltzen diet.
 
Dena den, zenbaitetan kategoriko izaten jarraitzen dut. Begira, bestela, disko honetako Ez sailkatu abestiari edota aurten eginiko honi: Gelditu AHT, aditu al duzue? Gelditu AHT!
 

Zer iruditu zaizu Arnaldo Otegiri Garan eginiko elkarrizketa?


Milaka Bilaka atera zenekoan esana da, kolpeari kolpeka erantzuteak ez gaitu inora eramango. Beste mugimendu bat antolatu beharko da ahalik eta azkarren, baina dagoena hor dago, ez dut galdutzat eman nahi. Militarismoak behingoz kendu egin behar ditugula esan nuen Berrian, mugimendu transbertsal zabala behar dugula. Geroztik herri soberanistaren inguruko hainbat gauza esan dituzte EAk, ELAk, Rafa Diezek... Hortik egin beharko da indarra, dudarik gabe.
 
Zure galderari erantzunez, ilusioa egin dit elkarrizketan irakurritakoak. Baina nire iritziz ausartagoa izan behar zuen, hortik egun batzutara Azpeitiko atentadu heldu zen, gainera.
 
Gehiengo sozial bat aldaketaren aldekoa dela dionean, gauza garrantzitsu bat esan gabe uzten du Otegik. Alegia, gehiengo sozial horrek borroka armatua gelditzea nahi duela. Ezker abertzaleak T4 eta gero esan zuena berriz esatea lortzen dugunean, ETAri su-etenaren parametroetara itzuli behar dela esaten zaionean, orduan lurrikara politikoa gertatuko da hemen. Bitartean, esaldi oso luzeak, deszifratzeko zailak. Sinesgarritasuna izateko gauzak argi eta garbi esan behar dira.

Lau urrats aurrerago zoaz beti. Diskoa aurkeztu berri zaren honetan, dagoeneko beste hainbat proiektutan sartuta zabiltza buru-belarri. Jamaikan errodatutako Bass-que Culture plazaratu zenuen, Mirant al cel luzemetraia eta aurretik beste zenbait laburmetraia musikatu dituzu, Palestinako musikariei buruzko dokumental batean ari zara orain jo eta su... Zineman murgiltzeko asmotan?


Palestinako dokumentalaren kasuan, leihoak irekitzea da ideia, ikusezin dena ikusgarri bihurtzea. Horixe da ekintzaile musikal garenok beste errealitateetan esku hartzeko dugun bidea. Entzun ahal izateaz gainera, han bizi duten egoera ikusaraztea. Oihartzun handia izango du, ziur naiz.
 
Musika eta zinema, nire bi pasio handiak uztartzeko aukera izan dut, beraz. Filmerik egingo ote nukeen? Gustatuko litzaidake, zalantzarik gabe. Maite dut istorioak entzutea, eta baita kontatzea ere. Film bat ikustea momentu majikoa da niretzat, berdin gustatuko ez bazait ere. “Ekin!” oihukatuz jartzen da dena martxan, izango ez da ba interesgarria! Fikziozko filmari heltzeko unea ere helduko den… Gustatuko litzaidake, bai... Demagun, bost-hamar urte barru?

Andoni Tolosaren hitzak erabiliz, zeu ere umezurtzago Mikel Laboa joan denez geroztik.


Agur zoragarria, Agiñako mendian eskaini zitzaiona. Diskurtso ofizialetatik at, hunkigarria oso. Artze “gure bazterrak” aipatzen hasi orduko seko hunkituta ginen denok. Atxaga, Oreka Tx... Ahantz ezina. El Paiserako kantuen aukeraketa bat egin nuen duela gutxi. Laboaren kanta jartzean, bere musikak Euskal Herria existitzen dela gogorarazten zidala aipatu nien. Eta hautsak aireratu zirenean, negar egiteari utzi genionean, menditik berrindartuta jaitsi ginen hor parte hartu genuen guztiok.
 
Mugimendu indartsuak aurrekoarekin apurtuz ateratzen dira. Geu ere horrelaxe irten ginen 80ko hamarkadan, aurrekoekin etena sortuz. Mikel Laboa izan zen lotura bakarra. Hein handi batean, The Clash eta Mikel Laboari esker ikasi nuen borroka kantuak egiten.
Nortasun agiria
1963an Irunen sortua. Buruargia, intuizio handikoa, karismatikoa. Che Guevararen antzean, asmatikoa eta aiurri bizikoa. Pedagogia ikasketak utzi eta panorama musikala berritzearen aldeko apustua egin zuenetik, etengabeak eta apartak izan dira bere ekarpenak: Kortatu, Negu Gorriak, Esan Ozenki... Izen eta kantu enblematiko ugari metatu ditu mende laurdeneko jardunean. Erne beti. Frontean beti.
Pentsatu globalki, ekin lokalki
”Seattlen ateratako kontsigna Big Beñat kantuan erabili nuen nik eta buelta emanda baliatzen du Irratia.com-ek ere: ‘Pentsatu lokalki, ekin globalki’. Oso interesgarriak biak ala biak, musikariekin maila horretan elkartzen zarenean etengabe ari baitzara globala eta lokala nahasten”.
Nostalgia atzerakoia
“80ko hamarkadako taldeak elkartu nahi izateak asma psikosomatikoa eragiten dit. Nostalgia atzerakoia iruditzen zait. Iraultzaileak bagara, berritzaileak bagara, ez gaitezen musikarekin atzerakoiak izan. Eta ez naiz Euskal Herriaz bakarrik ari, mundu osoko fenomenoaz ari naiz”.
Azken hitza
Katalanen irakaspena
“Katalanek irakaspen ederra eman digute berriz ere. Mikel Laboa edota Durangoko Azoka zela eta, jende asko atera ginen publikoki hizketan. Euskaraz aritu ginen ETB1en eta gaztelaniaz ETB2n. Lluis Llach eta Quim Monzó, berriz, katalanez aritu ziren eta azpititulatuta ikusi genituen bietan. Euskaldunok ETB2n ere euskaraz ateratzen ez garen bitartean, ahantz dezatela Ukan birusa edota Pixka bat es mucho bezalako kanpaina txepelak”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fermin Muguruza
2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Negu Gorriak taldea omenduko du Irungo Lakaxitak larunbat honetako Jaion! festan

Irungo Lakaxita gaztetxeak Negu Gorriak taldea omenduko du larunbat honetan ospatuko duen Jaion! festan. Urdanibia plazatik –alegia, Moskutik– abiatuko da festa eta hiria gurutzatuko du “Fight D Power_Kamioi System” kamioi musikalarekin.


2017-06-22 | Xalba Ramirez
Adarra Saria 2017
Ez da inoiz hilko

Micaela Chalmeta Bartzelonako Sants auzoko kooperatibista feministaren izena daraman Big Bandak beste maila batera igo ditu Fermin Muguruzaren ibilbide osoko kantuak. Victoria Eugenia jendez eta emozioz lepo izan da bart.


2017-06-22 | ARGIA
Gaztetxeei eta Le Bukowski aretoari eskaini die Adarra saria Muguruzak

Asteazkenean jaso zuen Fermin Muguruza musikari eta zinegile irundarrak Donostiako Udalak eman dion Adarra saria.


2017-06-21 | ARGIA
“Txosnetan betiko musika jartzeak ez du laguntzen”

Donostia Kulturaren Adarra saria jasoko du gaur Fermin Muguruzak. “Ea mende hasierako despiste orokor hau, perspektiba falta hau behingoz apurtzen dugun –esan zion Argiari–. Eta bitartean, kontzertu erraldoiek, barra erraldoiek, txosnetan betiko musika jartzeak... [+]


Bartzelonan bai jakin

Literaldia. Noiz: apirilaren 10etik maiatzaren 9ra. Non: Bartzelona. Webgunea: literaldia.com


Denontzat eskubide berdinak aldarri Arrazakeriaren Kontrako Egunean

Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, milaka herritarrek hartu dute parte asteburuan Euskal Herrian antolatu diren ekitaldietan.


2015-01-09 | ARGIA
Pablo Iglesias Bilboko manifestazioan? Fermin Muguruzak gonbidatu du behintzat

Fermin Muguruzak gonbidapen publikoa egin dio Pablo Iglesias Podemos alderdiko idazkari nagusiari larunbatean Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestazioan parte hartzeko.


2014-05-22 | ARGIA
Fermin Muguruza – Yalah Yalah Ramallah

Fermin Muguruzak Biladi Hadi proiektuari utzitako abestia, Palestinako Ramallah hiriari dedikatuta.


Fermin Muguruzaren
`No More Tour´dokumentala estreinakoz Euskal Herrian

Iragan azaroaren 1ean Bartzelonako In-Edit zinemaldian estreinatu ostean, Fermin Muguruzak Daniel Gomezekin batera zuzendutako dokumentala eskainiko dute gaur, ostirala, Donostiako Antzoki Zaharrean, arratsaldeko  19:30ean.


2013-10-14 | Myriam Garzia
Zuloak
‘Zarataren Erreginek’ agur esan dute

Irailaren 27an, Zuloak taldeak bere azken kontzertua eskaini zuen Donostiako Gazteszenan. Urtebete joan da Fermin Muguruzak zuzendutako izen bereko filma aurkeztu zenetik. Gauza asko gertatu da geroztik: filma aurkeztuz batera 64 kontzertu eman dituzte munduan barrena,... [+]


Eguneraketa berriak daude