«NaBai benetako oposizioa balitz Barcina urduri litzateke»

  • Faltzes, 1954. Historian lizentziatua. Faltzesko zinegotzia izan zen 1982an eta egun halaxe da Iruñeko Udalean, ANVren izenean. Yolanda Barcina alkateak talde honen bulegoa prezintatu zuen ekainean. Istiluak izan ziren eta fiskaltzak hamaika lagun inputatu zituen, horien artean ANVko Mikel Gastesi zinegotzia. Pueyo eta Gastesi zinegotzi atxiki gabeak dira egun.
Marine Pueyo
Josu Santesteban
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Marine Pueyo langile munduan hasi zen politikan, herri mugimenduan murgiltzeko ondoren. HBko zinegotzia izana da Iruñeko Udalean eta EHko legebiltzarkidea Nafarroako Parlamentuan. Ezker abertzaleaz mintzatu gara abiaburuan EAE-ANVko zinegotziarekin: “Uneon, duela 30 urte bezala, ez Nafarroan ez Euskal Herri osoan, ez dut herri hau argi eta garbi bidera dezakeen proiekturik ikusten ezker abertzaletik kanpo”.

Aralar alderdia aipatu diogu ezker abertzaleko beste erreferente bat bezala: “Haiek beren burua ezker abertzaletzat jotzen badute, ni ez naiz nor etiketarik inori jartzeko. Dena dela, Aralarrek ezker abertzalearen bestelako proiektu estrategikoa dauka. Denbora behar izan da beraiek horrela dela esateko, baina orain argi dago. Aralarren proiektu estrategikoak ez die erantzuten nire printzipio demokratikoei ez ideal politikoei. Printzipiotan, oroz gainetik, pertsona guztien erabakimen eskubidea dago. Iruñeko Udalean Aralarrek hori aho txikiarekin defendatzen du, alegia, hainbat gaietan nahiz ideal politikoetan printzipio horiek ez ditu praktikara eramaten”.

Udaleko ANVren bulegoaren afera dela-eta, hamaika lagun dira auzipetuak. Azaldu iezaguzu afera hau.


Yolanda Barcina alkateak gure bulegoa prezintatzeko agindu zuen, Garzonen autoak hori zioelakoan, hori zioenentz ez zegoen garbi halere. Guri deus adierazi gabe bulegoa prezintatu zuten, oharra ez ziguten helarazi ere egin. Mikel Gastesi zinegotziak biharamunean prezintua kendu zuen geure gauzak ateratzeko –beste hamar lagun bertan ziren, lanean ari ziren bi kazetari barne–. Prezintua kentzea delitutzat jo dute, beste egoera batean akats arintzat joa delarik. Gu biok Udaletik kanpo eta kargu gabetuak izateaz gainera, hamaika lagun horiek espetxera ditzakete.


Erabakia alkatearena dela diozu.


Bai. Barcinaren helburua ANV Udaletik kanporatzea da. Oso gaizki darama gu Udaletxean bertan egotea. Iruñeko Udalak ezker abertzaleko hautetsiak dituen hiriburu bakarra dela dio. Horretan gutxienez Hego Euskal Herria errekonozitzen du.


Zertan da afera?


Epaiketaren zain [Udaletxeko fotokopiagailuen gelan] gaude. Arautegi organikoaren arabera bulego bat onartu beharko litzaiguke, horrela dio Udaleko idazkariaren txostenak.


PSNren jarrera zein izan da?


PSNk Udaleko funtsezko gauzetan ituna du UPNrekin. Bere diskurtsoan Gobernuaren alternatibako hamalau botoen artean direla diote, baina PSN ez da UPNren oposizioa.


NaBai nola ikusi duzue afera honetan?


Ez diote inolako laguntzarik ekarri gure salaketari. Esan bai, Alderdien Legearen aurka daudela diote, baina Alderdiaren Legean eta Garzonen autoetan oinarritzen diren ekimen guztiei men egiten diete inongo trabarik gabe. Areago, egoera baliatu dute beren interesen alde egiteko.

NaBairen jarrera salatzen duzue etengabe Iruñerriko udaletan.


Bai. Guk koherentzia eskatzen diogu, besterik ez.


Baten batek ANV oposizioaren –NaBairen– oposizioa zaretela dio.


Gure objektiboa ez da NaBai. Haiek gu horrela izatea nahiko luketen arren. Gainera, beraien xedea ez da oposizioa egitea. Osoko Bilkurak oso argigarriak dira. NaBaik aldaketarako egiten dituen proposamenak eta ezker abertzaleak egiten dituenak oso ezberdinak dira. NaBaik udal honetan egiten duen oposizioa marketin hutsa da. Atsekabe handiz esaten dut, nahiago nuke horrela ez izatea. Alkateak oposizio erreala egiten dionari dio benetako beldurra. NaBai benetako oposizioa balitz, Barcina urduri jarriko litzateke. Barcinak ez luke bere kortijo partikularra –etekin oparoak ateratzen ari da– egingo hiriaren kontura. Iruñea ez da, berak agertu nahi bezala, Europako kultur hiriburua hondamendiarena baizik.


Iruñerriko beste udaletan ere diferentzia nabarmenak dituzue NaBairekin.


Bai, baina harremanak ez dira berdinak denetan. Iruñeko Udaleko gertaerek oihartzun handiagoa dute hedabideetan. NaBai hemen areago aldendu da bere jatorrizko posiziotik, ia beste muturrera joan da. UPNren eta PSNren gaitzespen mozioen proposamenak izenpetzera iritsi da. Hau da, Estatuko indar armatuen sostengua emateraino, “Zuzenbidezko Estatu” honekin kolaboratzeraino. NaBaik boterean egotea du helburu.


Zuek ere bai, ezta?


Bai, baina gizartearen aldaketa erreala eta demokratikoa eman dadin, ez da gauza bera. Eta hori ez da soilik boteretik lortzen.

Dena dela ere, San Fermin Txikito festaren karietara PSN, NaBai eta ANV batu zineten UPNren aurka.


San Fermin Txikito antolatzen duten herri taldeak udal taldeengana zuzendu ziren, baita mozio bateratu bat adosten saiatu ere. Logikoa, normala eta demokratikoa. Ez zen lortu. PSNk uko egin zion, baita NaBaik ere. Gero, Osoko Bilkuran NaBairen mozioa bozkatu zen “oposizio”ko lehen taldea delako. Mozioa ez zen PSNrena ez NaBairena, alde zaharreko Gora Iruña talde antolatzailearena baizik. Baina, NaBaik bere egiten du.

“NaBai eta ANVren artean harremanik ez dago, eta une honetan Iruñeko taldearekin haserre nago. Ez dituzte beraien erantzukizunak onartzen”, esan zigun orriotan Uxue Barcosek.


Baina nork eten du harremana? Aurreko legealdietan, ETAren su-etenik gabe, nik ez nuen honelako jarrerarik bizi ezkertiarrak edota abertzaleak omen diren taldeen aldetik. Horrek kezkatzen nau, baita demokraziaren maila eskasak ere. Guk talde guztiekin lan egin nahi dugu, egoera edozein dela ere. Haiek ez datoz guregana eta hori sintoma txarra da.

Hori indar korrelazioen araberakoa dela esango nuke. Durangoko Aralarreko zinegotzi bakarrak (Dani Maeztu) esan zigunez, ANVkoek baztertzen dute.


Kosta egiten zait hori sinestea, gure militantziarengandik arraroa iruditzen zait. Nire praktika politikan ez dut hori egundo ikusi. EAk zinegotzi bakarra zeukan garaian guk ez genuen baztertu, alderantziz. Osoko Bilkuratik arrastaka atera gintuztenean NaBaik ez zuen txintik esan. Ni egoera horretan ez nintzen isilik egongo. Bilkura burutzeko zorian ginen, ez genuen ordenagailurik, ez boligraforik, ez paperik, baina ez ziguten “hartu behar duzuena” esan ere. Jarrera politikoaz gainera pertsonak gaude.

NaBaik Txantreako izen frankistak dituzten kaleko izenen aldaketa proposatu zuen eta PSNk baiezkoa eman zuen. ANV abstenitu zen. ANVk gertatuaren bertsio guztiz alderantzizkoa eta interesatua eman zuen, Barkosen hitzetan.


Uxue Barkos oso abila da lengoaian, baina produktu mediatikoa da. Barcinak kaleen izenak aldatzeko sententzia Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aginduz eman zuen. Nork jarri zion sententziari heletegia? Jose Abaurreak, ezker abertzaleko zinegotziak. Ez berak bakarrik, Txantreako auzo mugimenduak landu zuen gaia bereziki. Auzo mugimenduak mozioa aurkeztu zuen, mozioa ez zen udal taldearena izan. Aurreko legealdian Udalean zeuden zinegotzi hauetako batzuek ez zuten inolako helegiterik jarri, ezker abertzaleak jarri zuen mozioa. Baina guk ez dugu borroka horren bandera hartzen, bataila hori herri mugimenduak irabazi du. Udalean lortu diren garaipen hauek ez dagozkio NaBairi, nahiz horrela agerrarazi nahi duen. Aurreko hartan abstenitu ginen, mozio hura moldatu zutelako. Ez zen beren mozioa, San Fermin Txikitorena izan ez den bezala.

Euskara hizpide: Aranguren, Beriain, Noain Elortzibar eta Galar herriak ez dira eremu mistora pasa. Nola baloratzen duzu gertatua?


Ez dira pasa eta denok badakigu zergatik. Nork bere gain hartu behar du erantzukizun politikoa.


Txentxo Jimenez aferaz ari zara?


Bai... Hanka sartze larria izan zen, baina guk ez diogu zuhaitz eroriari egur eginen. PSN ondo ezagutzen dugu, badakigu nola funtzionatzen duen eta nola baliatzen dituen unean uneko zirkunstantziak. Oso erne izan behar duzu zerbait aldatzeko aukera dagoenean. PSNren jarreraren arabera aldaketaren bat etor daitekeela pentsatzea alferrikakoa da, ez baitu jarrera politiko finkorik.

Herri eta auzo mugimendua aipatzen duzu. Berriki milaka lagun manifestatu dira euskararen ofizialtasunaren alde.


Bai. Gizartearen eta Gobernuaren artean dikotomia dago, hainbat gaietan ez datoz bat. Euskararen kasua oso nabarmena da. PSNk euskararen aurkako jarrera hartu du eta gizartean nahigabe handia dago bere aurka. PSNk hizkuntzaren gaia manipulatu du. Gizartearen gehiengoa normalizazio linguistikoaren alde dago. Euskararen ofizialtasunaren aldeko agiria eragile politiko eta elkarte gehienek bultzatuta dago. Duela 30 urte gizarte eragileek ez zuten euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen. Horretan asko aurreratu da, urratsez urrats, eta badago aurrerago joatea, elkarrekin segitu behar dute lanean.

Gizarte mugimenduan kohesioa dago orduan, baikorra zara.


Ni ez naiz herri mugimenduan ari, baina uste dut indar metaketa egin behar dugula xede eta arazo zehatzen inguruan. Gai honetan zehaztu da “zer”: euskara. “Zertan”: koofizializazioa. “Nola”: herri mobilizazioen bidez. Eta ez da mundu abertzalera mugatzen, PSNko sektore batzuk oso haserre daude gai honi buruz alderdiak hartzen duen jarrerarekin.


Polo subiranozalea antolatzeko indar metaketa aipatu ohi duzue ezker abertzaletik, baina Nafarroan zuek zarete alderdi abertzaletik at dabilen bakarra.


Polo subiranozalearen kasuan zailagoa da norabidea zehaztea. Indar metaketa egiteko ezin da baldintzarik jarri. Gu indar metaketaren alde gaude baina proiektu argi eta zehatz batekin. Ikusi NaBain zer-nolako barne gatazkak diren. NaBairekin jende asko zapuztuta dago, ez dugu guk esaten bere bozemaileek baizik. Euren nahikundea hauteskundeen bidez boterera iristea zen, egingarria zela uste zuten. Abentura ez da iritsi espero zuten tokira eta proiektua dezepzio bidean doa. Gizartean desenkantua zabalduta dago.

Azkenak
Hezkuntzaren merkantilizazioa eta noraezaren aurrean, HezkuntzArtea sortu da!

Ez dakit nondik hasi, egia esan. Ordezkoa naizen heinean –irakaskuntzan ikasturte gutxi batzuk daramatzat lanean– eskola ugari ezagutu ditut Nafarroa, Bizkai eta Araban zehar. Lankide izan ditudan irakasleekin euskal eskolak dituen gabezien inguruan hitz egiten... [+]


EAEko Osasun Saila mediku euskaldun bila

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]


Martxan dago euskarazko film laburren Laburbira zirkuituaren 22. edizioa

35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.


Zilbor-hestea

Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak: bi kate. Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”. Hala dio Mikel Laboaren kantak; hala izan da belaunaldiz belaunaldi, egun arte.

Gogoan dut nire gurasoak askotan joaten zirela... [+]


Kaleratzeak Stop-ek PSE-EEri leporatu dio EAJren Etxebizitza Legea “puntuz puntu” betetzea

Plataformak "atzerapausotzat" hartu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri agendako sailburu Denis Itxasok berriki iragarri izana lurzoru urbanizagarrietako etxe babestuen proportzioa %75etik %60ra jaistea. Pradales agintera iritsi zenetik alokairu soziala eskatzen... [+]


Pintaketa faxistak egin dituzte Maulen aldarri feministen aurka

Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.


Haur eskoletan euskarazko ehun plaza gehiago eskainiko ditu Iruñeko Udalak hurrengo ikasturtean

Euskarazko eskaintza handitzeko akordioa erdietsi dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak


2025-03-10 | Behe Banda
Kartoizko eta prezintuzko eskultura, ama, ni eta pailazo bat

Behe bandako zutabea bezain erlojuaren aurka prestatzen ditut mozorroak, korrika, aztoratuta, zalantzaz, erretxin, estropezuka eta sarri arrakasta ez erabatekoarekin; adibidez, zutabe hau eta biharko mozorroa. Oraindik ez dakit bietako zein bukatuko dudan lehenago. Baina... [+]


Alemaniako poliziak istiluak eragin ditu M8ko manifestazioan, Palestinaren aldeko mezuengatik

Berlinen martxoaren 8an izandako manifestazioa gogorki erreprimitu du Poliziak. Palestinaren aldeko aldarriak zeramatzaten manifestariek. Agintariek Alemanian arabierazko abestiak eta diskurtsoak debekatu dituzte manifestazioetan, "segurtasun publikoko" arrazoiak direla... [+]


Israelek Gazari argindarra moztu dio Hamas estutzeko, Netanyahuren hitzetan

Israelek Gazarako su-etenaren urraketa ugari egin ditu urtarrilaz geroztik: zerrendako palestinarrak oinarrizko laguntzarik jaso gabe egon dira ia astebetez, eta Netanyahuk azken egunetan mehatxu egin ondoren, argindarrik gabe utzi ditu orain. Dohan ordezkari estatubatuarrekin... [+]


Gasteizko greben bideo ezezagunak aurkitu ditu Martxoak 3 elkarteak Erresuma Batuko artxibo batean

Hiru bideo dira (albiste barruan ikusgai). Batak jasotzen du, grebak antolatzea leporatuta, Carabanchelen espetxeratu zituzten Jesús Fernandez Naves, Imanol Olabarria eta Juanjo San Sebastián langileak espetxetik atera ziren unea, 1976ko abuztuan. Beste biak Martxoak... [+]


85 urteko espetxe zigorra eskatu dute Hondarribiko surf irakasle erasotzailearentzat

11 adin txikikori sexu erasoak egiteagatik 85 urteko kartzela zigorra galdegin du Gipuzkoako fiskaltzak. Astelehenean hasi da epaiketa eta gutxienez martxoaren 21era arte luzatuko da.


Al-Assaden ehunka jarraitzaile eta zibil hil ditu Siriako armadak, “mendeku gisa”

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak salatu du gobernuko indarrek gutxienez 800 zibil hil dituztela Latakia probintzian, "odol hotzean". Ahmed al Sharaa Siriako behin-behineko presidenteak iragarri du "batzorde independente" bat eratuko dutela gertatutakoa... [+]


Eguneraketa berriak daude