Hamaika bideko norabidea

Euskal Herria amesgai
Dani Blanco
Eskuko hatzez ezin kontatu, eta hamaikagarrenak balio sinbolikoa hartu zuen. Pluraltasun horrek erakarrita, hamaika ataletan banatu dugu Euskal Herria. Kapitulu bakoitzean gaia xehatuta duen pertsona banari bere ikuspegia paperean islatzeko eskatu diogu. Beste herrialde batzuetako errealitateekin erkatu dute gurea zenbaitek; amestutako egoerekin beste batzuek. Era batean zein bestean, etxekoa nola hobetu inspirazio iturri izatea du asmo esku artean duzun iritzi bildumak.
Demokrazia ekonomikorik bai? (Nekane Jurado)
* Ekonomialaria eta Elkartzen-eko kidea

Herrialdeen demokrazia ekonomikoaren maila aztertzeko balio duten hainbat adierazle daude, baina guztiek dute oinarri berbera: Errentaren lehenengo banaketa ezagutu behar da, hau da, sektore publikoak errenta banatzeko esku hartu baino lehen izaten den banaketa. Banaketa perfektua balitz, pertsona bakoitzak per capita BPG horrenbeste izango luke: ekonomian sortutako aberastasun osoa zati biztanle kopurua egin eta hortik ateratzen den kopurua, alegia. Hego Euskal Herrian datu hori Europar Batasuneko altuenetakoa da, hain zuzen ere urtean 32.970 euro egokituko litzaizkioke EAEko pertsona bakoitzari; Nafarroan, aldiz, pixka bat gutxixeago. Bestela esanda, hiru kideko etxe bati ia 99.000 euro dagozkio, baina denok dakigu zein den Euskal Herriko etxeetan bizi dugun egoera. Balio horretatik zenbat eta urrutirago egon, errenta orduan eta okerrago banatuta dagoela esan nahi du, edo berau zenbait pertsonetan kontzentratuagoa dagoela.

Sektore publikoaren oinarrizko zereginetako bat, teorian behintzat, jatorrizko desberdintasunez arduratu eta errentak birbanatzea da. Hiru bide daude horretarako:

1.- Lan arloko legeria eta gutxieneko soldatak
Sortzen ditugun ondasun eta zerbitzuak kapitalaren eta lanaren artean modu bidezkoagoan banatzeko, funtsezko giltzarria esku-hartzea da. Baina gure herrialdean legeria hau atzerakorra da, kapitalaren ondasunak gero eta gehiago nabarmendu eta enplegu baldintza guztiak eskasten baititu: lanaldi luzeagoak, segurtasun gutxiago, soldaten erosahalmen txikiagoa. Gure LGSa EBko batez besteko LGSa baino %30 eskasagoa da eta, Frantziako LGSarekin alderatuta, berriz, %50 baxuagoa.

2.- Zerga politika
Batez bestekoaren gainetik dauden errentei zerga gehikorren bidez, kopuru bat kendu eta batez bestekoaren azpitik daudenen artean birbanatzea da.

Horretan ere gure sistema atzerakoia da: autonomia fiskala daukagun arren, pentsio eta inbertsio funts espekulatzaileek %1eko zergak ordaintzen dituzte irabaziak edozein izanda ere. Lanak, aldiz, %23ko zergak ordaintzen ditu lehenengo eurotik bertatik (%15etik 23ra igo da ordaindu beharreko zerga), eta %45 arte irits liteke gainera (milioika eta milioika euroko soldatetan, berriz, %56tik 45era jaitsi da ordaindu beharrekoa). Ondarearen gaineko zerga kendu egin da eta sozietateen gaineko zerga EBko bigarren baxuena da. Ondare sozietateek lehen %40 ordaintzen zuten eta orain, berriz, %18; tasa hori bera ordaintzen dute kapital errenta guztiek, zenbatekoa edozein dela ere.

3.- Gastu soziala eta errenten bermea
Zergen bidez bildutakoa errenta txikiei itzuli behar zaie, pentsio duinen, langabezia estaldura unibertsalaren eta osagarrien bidez, batez bestekoarekin oreka lortu eta inor pobreziaren atalasearen azpitik ez gelditzeko.

Baina jarduera ildo honetan, beste behin ere gehien duena da gehien indartzen dena. Hori garbi ikusten da bankari eman zaion diru publikoarekin, baina gastuaren banaketa desorekatua etengabekoa izan da Euskal Herrian azken hamabost urteotan. Esate baterako, 1993an EAEko gastu soziala BPGaren %24koa izan zen (Nafarroakoa ere berdintsua izan zen), eta hamabost herrialdez osatutako EBko gastu soziala, berriz, BPGaren %29koa. Aldiz, 2003an gastu soziala %19,2koa izan zen EAEn, %19koa Nafarroan eta %27koa hamabosten EBn.

Europarekin alderatuta gastu sozialaren arloan daukagun aldea larriagoa da gastua zertara bideratzen den jakinda, izan ere gastu soziala kapitala indartzera bideratzen baita, horretarako kapitalak eskatzen dituen azpiegiturak erabiliz; hau da, irabazizko jarduerei diru-laguntzak emanez eta osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta, azken batean, gizarte-babesarekin lotutako guztia alde batera utziz.

Hortaz, sektore publikoaren esku-hartzearen ondoren –zergen bidez langileei kenduz eta gastu publikoaren bidez kapitalari emanez–, errenten banaketa negatiboagoa bihurtzen zaigu. Ikusi besterik ez dago Euskal Herriko errentaren banaketa EBko edozein herrialdetakoa baino okerragoa dela. Errentaren banaketa neurtzeko adierazlerik erabiliena Gini indizea(1) da.

Nazio Batuen Garapen Programak(2) muga garbirik ezartzen ez duen arren, 0,50etik gorako Gini koefizienteak dauzkaten herrialdeak desberdintasun handiak dituztenen kategorian sartzen direla esan daiteke. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko herrialdeek batez beste 0,37ko indizea izan zuten 2006an (Norvegiak 0,26koa, Alemaniak 0,28koa, Frantziak 0,32koa, Espainiak 0,34koa, Italiak 0,36koa eta Portugalek 0,38koa). Ameriketako Estatu Batuek, herrialde garatua izanik desberdintasun indizerik handienetakoa daukanak, 0,41eko indizea izan zuen. Bada, zerga iturrien arabera, 2001ean indize horrek 0,57ko emaitza eman zuen EAEn, aurretik aipatu herrialde guztietan baino okerragoa, eta ia Brasilen pare (0,58).

Gaur egun lau ekonomia dabiltza eskuz esku gure artean: beharrizanarena, gutxienekoarena, nahikotasunarena eta oparotasunarena. Lau ekonomia horiek ez dute batak bestea baztertzen, elkarrekin bizi ohi dira geografia esparru berean. Halaxe gertatzen da Europan nahiz Euskal Herrian ere; aberats eta pobreen arteko aldea etengabe areagotuz doa, eta zulo hori handitu egingo da finantza krisiarekin. Eusko Jaurlaritzak 2004an egindako pobreziari eta gizarte desberdintasunei buruzko azken inkestak(3) erakusten digu 45.804 etxe ingururi eta 110.000 bat pertsonari, bestela esanda euskal biztanleen %5,2ri zorrotz eragiten diela pobreziak eta 38.500 etxetan ez dagoela ziurtatuta egunean otordu bat izateko aukera. Gainera, urte hartan 200.000tik gora pertsona egon ziren gutxienez bi egunetik behin janarien proteina ekarpenik jaso gabe. Baina hala ere 29.000 etxetan bakarrik jaso zuten Oinarrizko Errenta.

Izen bat ateratzearren, Juan Carlos, 39 urteko bizkaitarra, urriaren 12an hil zen Bilbon, Gugenheimaren eta euskal finantzen hirian, osasun arazoak zituela, aterpetxe baten ate aurrean. Egoitza batean sartzeko itxaron zerrendan zegoen. Ez da kasualitatea; Espainiako Estatuan azken 18 hilabeteotan kalean hil diren 41 pertsonetatik %20 Bilbon hil dira. Bizkaiko hiriburuan biltzen da EAEko pobreziaren %37,4.

2008an argi geratu da kapitalismoa krisian dagoela, sistemak ez dauzkala egozten zaizkion bertuteak, aitortuak baino hondamendi gehiago eragiten dituela, eta suposatzen dugun baino euskarri ezegonkorragoetan oinarritzen dela. Kapitalismoak sistema gisa bizi duen krisia ezkutatzen da; krisia beharrean desazelerazioa eta urte txarrak aipatzen dira, eta sektore publikoari etengabe eskatzen zaio lege berriekin giza, natur eta ingurumen baliabideen esplotazio kota handiagoak ahalbidetu ditzala. Horrez gain, kapitalismoak sektore publikoari eskatzen dio diru publiko gehiago bideratu dezala negozio pribatuetara, eta zergak eta gizarte zamak arindu ditzala.

Eta hortxe dago koskaren koska, aldagai politikoan. Zergatik errepikatzen da behin eta berriz krisian dagoen sistema hau? Erantzuna hauxe da: egoera honi etekina ateratzen dioten gizarte klaseak eta interes ekonomikoak daudelako. Klaseez hitz egitea eta politika eta komunikabideen bidez erabiltzen den klase botereaz hitz egitea gaur egun politikoki okerra denez, ezin izaten dugu ulertu inguratzen gaituen errealitatea nolakoa den.

Beste zereginen artean Euskal Herriak badauka bat: botereari buruzko pentsamendu kritikoa erabiliz, lurraldeko ekonomia-politika berri bat garatzea. Sektore publikoa zer den erro-errotik ulertzeko erronka ere badaukagu. Hots, hauxe ulertu behar dugu: klase-oligarkiatik eraikita dagoen diseinu politiko-ekonomikoak gure izate osoa baldintzatzen du. Hori baliatuz, gure eguneroko harreman ekonomikoetan (lana, etxebizitza, kontsumoa, etab.) geure burua eraikiz joan behar dugu. Aurkikuntza hori egitea izugarria da, jakitera ematen baitigu gauzak, gu geu, beste era batekoak izan gintezkeela eta, hortaz, gai garela erabakizteko nolako sektore publikoa, zein ekonomia eredu eta nolako bizimodua nahi ditugun; azken batean, gure benetako autogobernua erabaki dezakegula.

1- 0 eta 1 arteko balioak izaten ditu. Indizea 0tik zenbat eta gertuago egon, orduan eta orekatuagoa da errentaren banaketa. Aldiz, indizea 1era gerturatzeak errentaren kontzentrazio prozesua adierazten du.

2- Giza Garapenari buruzko 2006ko Txostena. Nazio Batuen Garapen Programak argitaratu zuen.

3-  Inkestak ez du zehazten EBren atalasearen araberako pobrezia arriskua, hau da, erdibideko %60ra iristen ez direnen kopurua (%16 dira euskal gizartean); bizirauteko (janaria bakarrik, etxebizitza sartu gabe) gutxieneko gastua da zehazten duen bakarra. Bestela esanda, muturreko pobrezia azpimarratzen du.
Azken mohikanoa (Koldobika Jauregi)
* Eskultorea

Euskal kulturaz hitz egiteko garaian, zerekin uztartu etortzen zait hausnarketa, alde batetik azalean ikusten dugunarekin beharko luke uztartu eta bestetik, sakonean dagoen euskal harri lizunduarekin. Nire planisferio pertsonala azalduko dut:
Beste batzuek bezala nik ere izan nuen kanpora joateko aukera, eta horrela, sei urteko egonaldi luzea egin nuen Alemanian. 1990eko hamarkadan izan zen hori.

Azkar ohartu nintzen zenbait gauzez: expresionismo alemaniarra sortu bazen, halakoak zirelako zela, eta nire Baztango lainoak ez zirela hainbestekoak. Han, Alemanian eta atzerrian, euskaldun artista nintzela eta hemen berriz espainiarra.

Alemaniarren krudeltasuna kaleetan bizi daiteke, propagandetan, arropa zein koloreetan, eta abar. Baina “anekdotario” honen barruan badute alderdi sendo bat, kultur ekintzetan parte hartzearena. Kultur arlo guztiak interesatzen zaizkie, eta era berean, eztabaidatzearen ohitura guztiz barneratua dute.

Alemanian bakarrik galdetu zidaten zergatik sortzen nituen lan hauek eta ez besteak, hemen ez lehen eta ez gero, baina leku bakoitzean berea. Alemaniarren kuriositatea ez dago “unibertsitarioen” munduan bakarrik ordea, edozein herritarren artean zabaldua baizik.

Ni joan banintzen, lan bat egitera “mezenas” batek deituta izan zen. Halako pertsonaiarik ez nuen ezagutzen hemen, –antzerki honetan ni azaldu baino lehen ba ote zeuden?– baina ohartu nintzen Alemanian nahiko arrunta zela halako pertsonaien presentzia, bere garaian industrial, konstruktore edo bestela izandakoak, hemen zoritxarrez torlojutan soilik geratutakoak.
Beraien ondoan ere harro sentitzen nintzen nolabait. Kantari, beren herrietako soineko eta kapelak astintzen zituztenean, nik esaten nien euskaldunok halakoak ginela nolabait, baina “usteak erdi ustela”, zer pentsatua ematen du hainbeste urte pasa ondoren, instituzionalizatu ez dena euskal ghettoko frankotiratzaile batzuen eskuetan geratu baita.

Alemaniako artisten tradizioa sendoa da. Bakoitzak badaki zein den bere jatorria, nor izan den bere maisua eta baita bere maisuaren maisua nor izan zen, eta horrela arbola genealogikoa eratzeraino. Era berean, norberari berez datorkion sena baliatzea eta autodidakta bezala lan egitea oso kontutan hartzen da. Hemen ordea zer esango dut bada? Hori ere instituzionalizatu egin dugu, jakin arren gure orain arteko artistarik onenak hortik kanpo ibili direla.

Beuys artista alemaniarrak Dusseldorfeko Akademian teorikako klasea ematen zituen garaian, hurrengo zuzendari Luperhx-ek futbol taldea sortu eta hartan ibiltzen ziren ikasleak.

Alemaniatik akaso ikasi beharko genuke torlojuetan ez direla gauzak bukatzen.

Oraindik Alemanian nengoela, erakusketa bat egin nuen Euskal Herrian industriarekin lotuta dagoen Inasmet Fundazioan eta han azaldu zitzaigun gure lehendakari jauna, enpresariekin hitz egitera. Berak azaldutako eredua Alemania zen. Zergatik dira gure politikari guztiak totelak?

Ez da gitarra jotzeagatik, baina ziur al gaude kultur arloan asko aurreratu dugula azkeneko 30 urteetan?

Gurea adinako gobernua izan ez duten beste herriek ere jakin izan dute berea zaintzen eta ez dirudi okerrago gainera. Azpiegiturak dauzkagu, industria indartsua, banketxe fusioak… Eta kultura? Guggenheim al da gure kultura osoa? Hain emankorrak izan al gara gure kulturarekin?

Edozeinek daki, administrazio guztietan sailik tristeen eta interes gutxien sortzen duena Kultura Saila dela. Kultur gurdi alferra, dena inaugurazioko pintxoetan geratzen dena.

Orain urte batzuk aipatu nuen oraindik txapel azpitik atera gabeak geundela, baina hobeto esanda txapelik ere ez dugu behar bururik gabe gabiltza eta.

Herri honetan torlojuek gehiago balio dute ondare kulturalak baino, eta adibide gisa, ondarearen aurkako ekintzak. Norbaitek hemeroteka egin nahi badu hor dauka Praileaitzen kasua, eta bide batez, galdera: zertarako daude Euskal Gobernuko kultur asesoreak? Izan ere, gai honetan oraindik ere ez dira azaldu; ziur aski, aulkia berotzen izango dira, edo bestela, kargu paperaren gainean lotan.

Zenbait gai gauzatzen badira, denboraren poderioz sortutakoak dira, eta ez bultzaka ari garelako sortuak. Zenbait aurrerapauso berez datozkigu herri guztietan bezala, baina norberaren kultura, norberak landu eta bultzatu behar du.

Txapela erabiltzeak lotsatu egiten gaitu, kantu eta dantzak aspaldi xamar desagertu ziren gure bazkal ondoko mahaietatik, eta gainera, instituzionalizatu egin dira. Tristeak omen gara, oraindik hemen dabiltzan sasi-apaiz politikariak.

Argi dago gaur egungo eskuin jeltzaleak kapitalean duela jarria indarra, ez eta herri kulturan; eta ezker aldean ordea, gatazka politikoa dela eta ez dela, herri kultura maite dugunok hementxe gaude umezurtzen moduan.

Bata ala bestea egon, ezberdintasunik ez dugu sumatu herritarrok, hori bai, ikusi dugu urbanismo gaietan ere ados daudela ezker zein eskuin. Proiektu kulturalik baldin badago gustatuko litzaiguke ezagutzea.

Gaur Oteizari omenaldia, atzo zabarkeria, zenbat eta zenbat ahaztutakoak, euskara edo erdara, baina euskaldun sentimentuarekin, kultur egileak.

30 urte geroago ez du zentzurik dagoeneko, inoiz baino ahulduago gaude. Errepideak eta ordenagailuek komunikatuko gaituzte… Ez dugu asmatu erroak sendotzen eta gure buruzagiei esker globalizazioaren uholdearen erdian gaude nora ezean galdurik. Ez dakit, hemengo gatazkaren aitzakia bukatutakoan ez ote dugun osatuko Estampa Vascongada bat. Euskal Herriak logikarik izango al du orduan?

Nik maite dut mundu osoko kultura baina… ai! euskara maitea, nire gurasoengandik jasotako altxorra hor dijoa.

Ez. Ez dut maite euskal kulturaren sakabanatze hau eta aspaldi hasi nuen nire bidaia bakartia azken mohikanoaren moduan. Ez naiz urruti joango. Ez naiz beste zenbaitek egin duten bezala, euskaldun izateaz nazkatuko. Ez, bertan geratuko naiz, akaso belar xume bat besterik ez bihurtuta.
Zientziaren bideak eta bide bazterrak (Jesus Mª Ugalde)
* Jakiunde, Zientzia, Arte eta  Letren Akademiako jakituna

Duela gutxira arte sozietatea eta zientziaren artean zirauen harremana, “zientziaren kontratu soziala” zeritzon itunak gobernatzen zuen. Ez zegoen inon idatzita, baina indarrean bazegoen. Izan ere, sozietateak zientziari (zientzialariei, zehazkiago) behar zituen baliabideak ematen zizkion eta hark, sozietateak behar zituen ondo hezitutako pertsonak eta hainbat aurrerapen, “ematen” zizkion ordainetan (Gibbons, 1999). Bata besteari bizkarra emanda edo bizi baitziren.

Gaur egun, gauzak ez dira horrela. Gizarteak, ezagutu egin baitu zientziak mundua transformatzeko duen ahalmena. Hauxe da, hain justu, zientziaren ezagurri nabarienetarikoa. Arteek hunkitu egingo dute gizartea, pozak eta saminak piztuko dituzte, barreak eta negarrak eragin, baina nekez transformatuko dute mundua. Zientziak, ordea, bai. Zientziak mundua transforma lezake, eta honek sozietate eta zientziaren arteko harremanen aldatzea ekarri du.

Gaur egun zientziak agenda sozialera egin du jauzi eta egunero ditugu, esku artean, eduki zientifikozko gaiak, bai agintariek, baita herritar xumeok ere. Zientzia ez da jadanik sasi-ezkutuan egiten den zerbait, egun argiz eta agerikotasun larriz egiten baita gaur egun, eta zientziaren edo hobeto esanda zientziaren produktuen berri egunero eskaintzen digute komunikabideetan, zientziaren alderdi oparoa eta onuragarria erakutsiz batik bat. Ez dezagun ahaztu, hala eta guztiz ere, Ibarretxe Lehendakariak, Albert Einsteinen Annus Mirabilis izeneko kongresuan, herri honetan inoiz egin den zientzia bilerarik handiena, esandakoa: “Arrakastak izan baditugu ere, apal eta eskuzabal jarraitu behar dugu... Adimena (inteligentzia) erabiltzen jarraitzea da gure erronka eta gure erantzukizuna”. Azken esaldiko “gure” horrek gizarte osoari egiten dio aipamen. Izan ere, gizarteak zientzia-bidea arrasto honetatik barrena egin dezala da, zientzialari gehienok inoiz amestu egin dugun ametsik gozoena. Egungo sozietate modernootan oso garrantzitsua bada zientziaren papera, are inportanteagoa da hiritarren zientziaren ulermen maila eta zientziarekiko sentiberatasuna (Miller, 2004). Biak ala biak uztartuta datoz, ulermen maila handiagoak garrantzia areagotu egiten du, eta alderantziz. Honek, zientzia eta gizartea bakoitza bere lekuan kokatzen laguntzen du, muturreko jarreretatik urruti.

Bi dira nagusi gaur egun (Wilson, 1998), alde batetik naturalistak, zeinen ikuskeran bizia bera eta natura oso gertakizun bitxiak diren eta edozerk suntsitu ditzakeen. Beste aldean, exentzionalistak daude eta hauek gizateria naturatik aparte ikusten dute, liberatuak edo egongo bagina bezala haren morrontzatik, natura dominatzeko gaitasuna ere badugularik gainera, zientziaren bitartez, batez ere. Lehenengoen artean, besteak beste, aztikeriazaleak daude eta bigarrenen artean, teknokratak. Adimena erabiltzea da, ez zulo batean ez bestean eror ez gaitezen, bide-makulurik onena.

Bi dira zientziak kudeatu beharko dituen ingurune faktore garrantzitsuenak, bere etorkizun hurbileko bilakaeran, bai Euskal Herrian baita mundu zabalean ere. Lehenengoa, mugikortasuna gero eta handiagoa izateko joera: ekoizpenen mugikortasuna, finantza baliabideena, pertsonena, ideiena, kulturena eta aurrerapen zientifikoena ere bai. Bigarrena, munduko parteen arteko elkardependentzia eta beraien arteko elkarlanaren eta lehiaren areagotzea, bai ekonomia gaietan, bai komunikazioetan, eta pertsonen (zientifikoak barne) elkatrukaketetan. Honi guztiari globalizazioa deritzaio. Globalizazioa, kontura gaitezen, ez da bakarrik gertakizun ekonomiko bat, norbanako hiritar bakoitzarengan eta haien bizimoduan eragin nabarmena baitu. Hiritarrentzat, globalizazioak, lanbide, lanpostu, eta kontsumorako aukeren ugalketa ekarri du. Baina aldi berean, bizimodu berri honek eraginda, gero eta gehiagotan sentitzen ditugu konplexutasunen arantzen ziztadak, negoziobide hainbaten ahulkortasuna, sistema ekonomikoaren ezegonkortasuna eta kulturen arteko tentsioak, adibidez. Merkatu globalizatuan bizirautea ez da bakarrik zientzia aurreratua eta innobazio teknologikoa lagun izanda lortuko. Hobeto ezagutu behar izango dira kontsumitzaileen nahiak eta hobeto jakin beharko da diferentziak markatzen beste ondasun eta zerbitzuekiko. Honek zientzia naturalen eta sozialen arteko elkarlana eskatuko du, orain arte hain urria izan dena. Gainera, hartzen ditugun erabakiek, ekologikoki jasangarriak izateaz gain (Eizagirre eta Lizarralde, 2005), ekonomikoki onuragarriak behar dute izan, sozialki justuak eta kulturalki baliagarriak izan daitezen, zientzia, teknologia eta humanitateen arteko elkarlana guztiz beharrezkoa izango da.

Bestalde, herri txikiek, Euskal Herria bezalakoek, nazioarte sarean kokatu behar dute eta ingurune globalizatuan bide berriak garatu, bai jakituria eta bai gaitasuna baliatzeko. Horretarako ahalmen normatiboak eduki eta kulturarekiko sentiberatasuna agertu behar dute. Etorkizunean, gaitasunak bilakatzeko egitasmotan, gero eta gehiago inbertitu beharko da, non oinarrizko zientzia, gaitasun teknologikoa eta negoziorako sena, eskumen kultural eta legalekin egokitu behar izango diren. Honek zientzia politika egokiak eskatzen ditu, baina edozer baino lehenago politikoki garatzeko eta haien bilakera kudeatzeko eskuduntza eta hari dagozkion baliabideen jabe izatea.

Azkenik, ezin aipatzeke utzi, zientzian prestaketa maila egokia duten langileen merkatua, gero eta globalizatuago dagoela eta egongo dela. Zientzia eta teknologia alderdi gehienetara hedatuta izango den sozietateetan, hezitako langileen beharra gero eta nabariagoa izango da. Biztanlegoaren zahartzeak areagotuta, multikulturalismo positiboa bultzatu eta ongizate maila altuaz gain, ongi banatuta duen sozietateak abantaila handiak izango ditu. Datozenentzat erakargarria izango da eta bertakoak ez dira joango eskaintza hobeagoen bila.

Erreferentziak:
Gibbons, M. (1999), “Science's New Social Contract with Society”, Nature, 402, C81.
Miller, J. D. (2004), “Public understanding of, and attitudes toward, scientific research: what we know and what we need to know”, Public Understand. Sci., 13, 273.
Wilson, E. O. (1998), “Consilience. The Unity of Knowledge”, Alfred A. Knopf Press. New York. Eizagirre, I. eta Lizarralde, A. (2005), “Garapen Iraunkorra”, Alberdania, Zerberri Saila, Donostia.
Neoliberalismoaren porrota eta gizarte eredu berria eraikitzeko garaia (Paul Nicholson)
* EHNEko kidea

Azken hamarkadan mundu osoan –baita Euskal Herrian ere– min eta kalte itzela egin ondoren, kapitalismoaren babesean inposatutako neoliberalismoa krisialdian dago. Porrot honen eraginez, elikadura, energia, bioaniztasuna, klima, energia eta finantza krisialdiak areagotze prozesuan daude gaur egun. Hala eta guztiz ere, neoliberalismoak interes kate itogarria sortu du batez ere herrialde aberatsetan –Euskal Herria barne– eta lurralde pobre askoren elite politiko-ekonomikoetan. Gizarte eta ekonomia mailan beste eredu desberdin bat behar dugu, giza eskubideak bermatu, herrialde bakoitzaren populazioaren partaidetza bultzatu, herrialdeen arteko elkartasuna babestu eta naturaren alde jotzen duena, hain zuzen.

Baina, nondik hasi behar dugu lehen aipatu interes horiek gainditu eta eredu berrirantz urratsak ematen? Herrialde pobre gehienetan nagusi den eta neoliberalismoak kalte gehien egin dion sektoretik, hau da, nekazaritzatik. Bide hori jorratzen ari da Vía Campesina nazioarteko baserritarren mugimendua. Dagoeneko mundu osoko milioika baserritar ordezkatzen duen –eta kopurua gora doa– erakunde honek hamabost urteko ibilbidean aurrerapauso nabarmenak egin ditu hausnarketa, proposamen eta mobilizazioen bidez. Oso azpimarratuta geratu da hori Vía Campesinak Mozambiken egin berri duen V. Konferentzian. Bertan aipatu da baserritarren mugimendua indarberritu egin dela, sistema neoliberala gainditu eta gizarte eredu justuagoa lortzeko borrokatzen jarraitzeko beharra beste gizarte mugimenduekin batera.

Gizaki eta populazio guztiek behar duten eredu berri horren printzipio eta ardatz nagusi bat elikadura subiranotasuna da. Vía Campesinak sorturiko erreibindikazio honek gero eta onarpen gehiago du kontinente desberdinetako Gobernuen artean, euren legeetan printzipio hori sartzea lortu baita. Hori Latinoamerikako ALBAn (Ameriketarako alternatiba bolibariana) dauden herrialdeetan gertatzen ari da, baita Nepal, Senegal eta Malin ere. Pobrezia eta gosearekin amaitzeko elikadura subiranotasuna ezinbestekoa da. Herrialde bakoitzak bere populazioa era sustengarri eta osasuntsuan elikatzeko ahalmena izatea bermatzen duen subiranotasuna, hain zuzen. “Merkatu libre”-aren gezurra arras moztu behar da eta elkartasuna globalizatu behar dugu.
Zer egin dezakegun Euskal Herrian? Denok esandakoari buruz kontzientzia aktiboa hartu eta bakoitzak bere esparruan, elkarrekin plataforma eta iniziatiba kolektiboen bidez elikadura subiranotasunerantz pausoak eman behar ditugu. Hori lortzeko nekazaritza politika egokiak eskatzeaz gain, eguneroko arlo praktikoan ere asko egin dezakegu. Adibidez, hipermerkatuetan transnazionalen elikagaiak ahalik eta gutxien erosten saiatu. Aldi berean, bertako nekazari eta kontsumitzaileen artean sortzen ari diren sal-erosketa zuzenen sareetan sartzeaz gain, sare berriak sor ditzakegu.

Aro berri baten atarian gaude. Sistema neoliberalak ez du etorkizunik. Sistema horren elite politiko-ekonomiko eta militarrak gero eta gogorrago jokatuko dute sistema hori era baten edo bestean defendatzeko. Sistema aldatzeko prozesua beharbada luze eta dramatiko samarra izango da, eta segur aski sistema aldaketa hori ez dugu geuk ikusiko Euskal Herrian; baina denok batera eta etengabe aldaketa horren alde lan egiten badugu, beharbada geure seme-alabek edo hauen seme-alabek ezagutzeko aukera izango dute. Hala eta guztiz ere, aldaketa nabarmenak bat-batean ez direla ematen egia bada ere, aldaketa handiak txikien katearen ondorio dira eta hauek bai, egunez egun eta urtez urte ikusi ahal dira: geure barnean –benetako aldaketak geure buru, bizimodu eta ohituretatik hasi behar dira–, geure auzoan, herrian eta gizartean. Pertsona bakoitzaren esku dago, denon esku azken finean, eta geure erantzukizuna da. Hitzetatik ekintza koherenteetara pasatzeko garaia da.

Inoiz baino indartsuago azpimarratu behar dugu jaten duguna garela.
Quebec eredu (Patxi Juaristi)
* Soziologoa

Nori begiratu behar diogu ikuspuntu soziolinguistikotik? Noren itxura izan nahi dugu hizkuntzari dagokionez? Flandes, Israel… Nire ustez, Quebec da eredu egokiena euskaldunontzat. Izan ere, Quebeceko biztanleak gai dira frantsesez bizitzeko, ingeles mintzaira nagusi den Kanadako Estatuan. Euskal komunitateak bezala, Quebeceko biztanleek ere hizkuntza indartsua dute alboan, baina gehiengoa frantsesez bizi da.

Quebecen 7,5 milioi pertsona bizi dira, eta frantsesa da %81,2aren ama hizkuntza. Dena dela, apurka-apurka, frantsesez hitz egiteko gai direnen ehunekoa murrizten joan da Kanadan (1951ean, biztanleriaren %29a zen eta 2001ean %22,9a). Horrekin batera, ezin da ahantzi Ipar Amerika osoan frantsesez hitz egiten dutenen ehunekoa ez dela biztanleriaren %2ra ere heltzen, eta ingelesa oso hizkuntza indartsua dela komunikabideen ikuspuntutik zein ikuspuntu kultural eta ekonomikotik. Hain zuzen ere, Kanadan frantsesez ari direnek ingelesez aritzen diren 300 milioi hiztun dituzte inguruan.

Nola lortu dute frantsesez bizitzea ingelesa bezalako hizkuntza indartsua inguruan izanda? Quebeceko biztanleak aspaldi agertu zuten frantsesaren aldeko jarrera irmoa; eta, hortik abiatuta, gai izan dira frantsesa babestuko duten legeak sortzeko, politika linguistiko aktiboak bultzatzeko eta, ondorioz, hizkuntzaren normalizazioa lortzeko. Zehatzago esateko, 1961ean, Frantsesaren Quebeceko Bulegoa sortu zuten (Office québécois de la langue française) eta honen lana hizkuntza gaietan herritarrak, enpresak zein erakundeak aholkatzeaz gain, Frantsesaren Karta betetzen dela gainbegiratzea da; 1977an Frantsesaren Karta onartu zen eta azken 30 urteotan hainbat lege eta ekimen bultzatu dituzte frantsesa babesteko. Are gehiago, nahiz eta momentu honetan frantsesa den Quebeceko biztanle gehienen ama hizkuntza, ez dira lo gelditu, eta lege, ekimen eta pauso berriak bultzatu dituzte, aldaketa sozialei, kulturalei eta demolinguistikoei behar bezala erantzuteko. Izan ere, oso argi dute urteetan irabazitako eremuak galtzeko arrisku handia dagoela, alboan ingelesa izanda.

Quebeceko politika linguistikoari dagokionez, etorkinak frantsesera erakartzeko egin dituzten ekimenetatik asko ikas genezake euskaldunok. Azken urteotan, etorkin asko joan da bizitzera Quebecera. Batzuen ustez, 700.000 etorkin bizi da gaur egun bertan (biztanleria osoaren %10). Hauetariko asko, gainera, hobeto moldatzen da ingelesez frantsesez baino, batez ere hasierako momentuetan. Dena dela, Office québécois de la langue française erakundearen gidaritzapean, Quebeceko erakundeak eta Regroupement des organismes en francisation du Québec bezalako gizarte mugimenduak gai izan dira etorkinei adierazteko frantsesa ikastea ezinbestekoa dela Quebeceko bizitzan parte hartzeko eta integratzeko. Horrekin batera, etorkinentzako frantsesa ikasteko programa bereziak sortu dituzte (on-line ikasteko aukerak, bertara bizitzera joatea pentsatzen dutenentzako informazioa eta hizkuntza ikasteko aukerak jatorrizko herrialdean edo Quebecen bertan hizkuntza ikasteko aukerak), baita etorkinen seme-alabentzako material didaktiko bereziak eta eskoletan frantsesa ikasteko laguntzak ere.

Lan munduari dagokionez, legeak dio Quebecen kokatutako enpresen lan hizkuntzak frantsesa izan behar dela. Horrela, Quebeceko gobernuak enpresen beharrizanak kontuan hartzen dituzten frantsesezko ikastaro bereziak eskaintzen ditu, langileek frantsesa ikas dezaten. Modu berean, legeak dio 50 langile edo gehiago dituen enpresa batek, behin Quebecen kokatu ostean, sei hilabete dituela Office québécois de la langue française erakundean erroldatzeko, eta beste sei, bulegoaren laguntzarekin, bere egoera soziolinguistikoa aztertzeko, ostean, eta beharrezkoa balitz, enpresan frantsesaren erabilera ziurtatuko duen plan bat egin dezan. Pauso hauek eman ondoren, enpresei bi edo hiru urte ematen zaizkie frantsesa enpresako lan hizkuntza bihurtzeko.
Etorkinen inguruan eta lan munduan bultzatu dituzten ekimenekin batera, aipagarria da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen inguruan eman dituzten pausoak. Zentzu honetan, Quebeceko enpresek frantsesa erabili behar dute egiten dituzten iragarkietan zein enpresa ezagutarazteko erabiltzen dituzten bitartekoetan, interneten, adibidez. Hori ziurtatzeko, Office québécois de la langue françaisek enpresen jarraipena egiten du, eta legea jarraitzen ez duten enpresak salatzen ditu. Horrela, euren produktuak iragartzerakoan frantsesa erabiltzen ez duten enpresei 500 $ eta 1.400 $ bitarteko isunak jartzen zaizkie lehen lege haustea egiten dutenean, eta 1.000 $ eta 7.000 $ bitarteko isunak bigarrenean. Bestalde, Quebecen saltzen diren produktuen etiketa, estalki, kaxa eta produktuaren erabilera adierazten duten dokumentuek frantsesez egon behar dute. Ingelesa edo beste edozein hizkuntza batzuk ere erabili ditzakete, baina, beti ere, frantsesak duen erabilpen bera badute.

Pauso adierazgarriak eman dira Quebecen ikuspegi soziolinguistikotik etorkinekin, lan munduan eta baita kontsumitzaile eta erabiltzaileen inguruan ere. Han ere txakurrak ortozik ibiltzen direla ahantzi gabe, begitantzen zait zerbait ikasi genezakeela bertatik.
Gure ispilu ekologikoak (Iñaki Barcena)
* EHUko irakaslea eta  Ekologistak Martxan-eko kidea

Ezkertiarren partetik askotan entzun ohi dugu, ez dakigula etorkizuneko sozialismoa nolakoa izango den, ongi ezagutzen ditugu sozialismoaren adibide endekatu eta zapuztuak, ordea. Aldiz, ekologismoaren baitan, etorkizuneko arkadia sustengarriaz berba egiten denean, nire aburuz, atalka eta modu positiboan, munduan topatzen ditugun adibide edo ispilu ederren bilduma egiten da maiz. Eta bat nator jarduera eredugarrietatik ikasi eta publizitatea egiteko jokamolde horrekin, hots, nahiz eta tokikoa eta partziala izan. Aspaldian gezurtatu da, ekologismoari –batez ere ekologismo antinuklear eta antikapitalistari– erantsi nahi izan zaion negatibismoa, hau da, modernizazio eta aurrerapen teknologiko guztien aurka EZ! ozen batekin erantzutearena.

Azken 30 urteetan esfortzu ikaragarria egin da energia, garraio, nekazaritzan zein ekonomian eredu ekologiko berriak lantzeko. Jakina, nire lagun libertarioek diotenez, ez dago uharte, alternatiba edo irteera posiblerik, bizi dugun kapitalismo global honetatik ateratzeko, ez baldin badago masa mugimendu erraldoi bat gauzak erraietatik iraultzeko. Eta bitartean… zer? Ikas dezagun munduko bizimodu eta praktika ekologikoetatik, eta saia gaitezen ikusi eta ikasitakoa martxan jartzen.

3 milioi pasatxoko herri txikia gara, eta gure erreferentzia eta norabideak egokiak izateko, nolakoak garenari tamainaz, klimaz eta orografiaz, erreparatu beharko diogu. Ekonomiko zein teknologikoki nolako errekurtsoak ditugun eta zertan garen kontsumistak eta dependienteak oso, energia alorrean adibidez. Egia esan, azken urte hauetan, Europako Batasuna izan da gure ispilu eta lider paradigmatikoa. Esaterako, Europako parametroak jarraituz, beste eskualde eta autonomiek baino interes gehiago jarri dugu gure ingurumen adierazleak ezagutzeko. Ongi dakigu uretan, zaraman, energian, lurren zementazioan edo garraioan zenbateko kopuruak ditugun. Ondo legoke hortik abiatuta, munduan dauden irizpide justuak eta ekosistemekiko errespetagarriak direnak kopiatzea. Hori bai, eskalak eta oinarrizko ezaugarriak kontutan hartuta. Ezin dugu gu baino ehun aldiz handiagoak diren herrialdeekin erkatu geure burua, ezta baliabide energetiko fosilen erretserba handiak dituztenekin ere. Gauza franko daukagu ikasteko eta aldatzeko… baina baita zer edo zer erakusteko ere, noski.

Energia, garraioa eta nekazaritza oso alor garrantzitsuak dira gaur egungo mundu globalizatuan, herri baten osasun ekologikoa neurtzeko. Garraioaren hazkundea eta honen ondorioak arazo ekologiko nagusi bihurtu zaizkigu. Abiadura Handiko Trena dugu egun garraio proiektu eztabaidagarriena, baina ez bakarra. Bizkaian eta Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan errepide berrien proiektuak ez dira gelditzen. Zergatik ez dugu Suitzatik pixka bat ikasten? 7 milioi biztanleko herri menditsu hartan aspaldi erabaki zuten ez zutela nazioarteko merkantzien trafikoa kamioiez egiterik onartuko, eta derrigorrez trenetan sartzen dituzte kamioiak. Irlandan (3,5 milioi biztanle) enpresetan dauden automobilen aparkalekuen gainean zerga bat sortu berri dute. Hartara, garraio publiko eta kolektiboak indartu nahi dituzte lanerako joan-etorrietan. Danimarkan, eta baita Holandan ere, ia edonora trenez joan daitezke biztanleak eta gainera, bizikletaren erabilera oso hedatua da. Bai, oso lauak eta aldaparik gabeak direla esango didazue, baina klima gogorragoa dute eta hemen duela 100 urte trenbide gehiago ziren gaur baino. Gainera AHT-ren proiektua dela eta, ez da beste tren edo garraio publikoaren garapenik bultzatzen. Noizko Europako adibide horiek jarraitzea?

Iragan mendeko azken hamarkadan, Sobiet Batasuneko laguntza galdu zutenean 11 milioi kubatarrek, behar izanetik bertutea eginez, erakustaldi eredugarria egin zuten nekazaritza biologiko eta tokikoa antolatuz. Gurean, Iparralde zein Hegoaldean, ez dira faltan botatzen gure elikadura subirotasunaren defentsan baserritarren ekimen eredugarriak, baina ez zaie ez laguntza ezta ez kasu nahikorik egiten. Txinatik ekarrita eta kultibo biologikoetan ekoiztutako indabak ikusi ditut hemengo lagun baten dendan. Biologikoak bai baina motxila ekologiko onartezina dakarte. Tokiko nekazal produktuen babesa, etorkizunerako asegurua dugu eta baita bertoko ekonomia eta lanpostuen bultzada ere. Kubatik ere asko ikas dezakegu alor honetan.

Energia alorrean daukagun erronka erraldoia da, baina txarto gabiltza Al Goreri izugarrizko dirutza ordaindu behar badiogu Iberdrola eta Gamesaren dohainak gogoratzeagatik. Energiaren negozioaren gainetik ez baditugu zerbitzu publikoa eta desafio sozio-ekologikoak jartzen, ez goaz inora. Gas naturalaren aukera, teknologikoki egokia izan daiteke, baina gero eta proiektu berri gehiagorekin (Lantaron, Pasaia, Lemoiz, Castejon…) elektrizitatearen exportadoreak bihurtuko gara. Nafarroa izan da eredu garrantzitsua mundu osoan energia berriztagarrien alorrean (eolikoa, fotovoltaikoa, minihidraulikoa, biomasa,…) baina Castejoneko termikekin eta Itoitzeko urtegiarekin sustengagarritasunari kale egin diote. Nafarroan ere nekazal erregaien produkzioa dugu, modu kooperatibistan. Orain berriz, Bilboko superportuan ukondoka dabiltza Eusko Jaurlaritza (EVE) eta multinazionalak nor heldu lehenago nekazal erregaien (diesel/etanol) instalakuntzak eraikitzera, agian Al Goreren aholkua jarraituz.

Antza oraindik ez zaio inori bururatu aldaketa klimatikoari eusteko isurketak etxean gutxitu beharko ditugula eta hori soilik energia gutxiago errez lortzen dela. Asko daukagu munduko ispiluetan ikasteko baina izan gaitezke eredugarri ere eta ibil gaitezke haize, itsaso eta eguzkiaren energia berriztagarrien bidetik. Errekurtso ekonomiko eta teknologikoak gure eskuetan daude. Galdetu bestela, Iberdrola eta Gamesari.
Demokrazian sakontzeko unea (Asier Blas)
* Politika eta Administrazio zientzien  saileko irakaslea

30 urte pasa dira Euskal Herrian demokrazia parte-hartzaileaz hitz egiten hasi zenetik. Hegoaldean Trantsizio garaia zen, eta sarritan herritarrek okupatzen zituzten udaletako osoko bilkurak politikariekin batera deliberatzeko. Zinegotzien eztabaidetan herritarren parte-hartzea sustatzearen beharra aipatzen zen, eta kalean, elkarteek, herri-mugimenduek, asanbladek, herri batzarrek edota auzolanek zuten protagonismoa herrigintzan.

Ordutik gauzak nabarmen aldatu dira, gaur egun ordezkagarritasuneko demokraziak du protagonismoa, nahiz eta hau larriki pobretzen ari den Hego Euskal Herrian Ezker Abertzalearen legez kanporatzea gertatu denetik. Winston Churchill-ek azaldu bezala, sistema guztien artean kalte txikiena sortzen duena delakoan ematen zaio legitimazioa; baina horrek ez du esan nahi erregimen “on” bezala definitzen denik inondik inora. Duen izaera demokratiko eskasari zuzentzen zaizkio kontrako kritika nagusiak. Ohiko salaketa da herritarrek bozkatu egiten dutela lau urtetik behin, eta segidan, botereak euren nahiak eta iritziak ahaztu egiten dituela enpresa handiekin eta botere ekonomikoa dutenekin harremanak estutzen dituen bitartean.

Egoera horri irtenbide gisara batzuk, eta gizartea eraldatzeko asmoz beste askok, 1990eko hamarkadan berrindartzen saiatu ziren demokrazia parte-hartzailearen bandera. Ordukoak dira lehenengo aurrekontu parte-hartzaile(1) saiakerak. Aurreko esperientziekin konparatuz, esperientzia berriek desberdintasun nagusi bi zituzten: alde batetik, arlo metodologiko eta komunikatiboak zainduago zeuden, eta bestetik, pertsona arteko eta kolektibo arteko harremanek leku berezia zuten prozesuetan indibidualismo berriari aurre egiteko modu gisa. Izan ere, ez dago komunitatetik komunitatearentzako erabaki bat hartzeko modurik, gai ez bagara ondokoaren egoeran jartzeko.

Parte hartzea amaigabeko prozesu pedagogiko bezala ulertzea eskatzen du horrek halabeharrez: Entzun (bestearen legitimitatea onartuz elkarbizitza errazteko), hitz egin (printzipioen, ideien eta ikuskeren aniztasuna errespetatuz), eztabaidatu eta aztertu (ez bakarrik sintomak baita ere egiturazko kausak), eta erabaki kolektiboak hartu eta hauek izango dituzten ondorioak baloratu.
Beraz, ariketa parte-hartzaileak kooperazio kolektiboa eta komunitate sentimendua irmotzeko denbora, lana eta errespetua behar ditu. Ildo horretan, pertsona guztiek ez dutelako parte-hartzeko aukera berdina, herritar parte-hartzea sustatzeko esparruek ahaleginak egin behar dituzte aukera berdintasuna segurtatzen; hau da, gizartean dauden desoreka ekonomiko, politiko eta sozialei aurre egiten ahulenen edota baztertuenen egunerokotasunera gerturatuz eta hauen parte-hartzea bereziki bultzatuz.
Horretan aritu dira Euskal Herriko zenbait udal. Donostiak urteak daramatza gaia lantzen eta bere eredua bilatzen. Hernanin, Alegian, Beran, Diman, Arrigorriagan eta beste zenbait herritan izan dira edo prestatzen ari dira aurrekontu parte-hartzaileak. Baina ez dira bakarrak, beste askok erabili izan dituzte tresna parte-hartzaile bezala Tokiko 21 Agendetako foroak edota Eusko Jaurlaritzak bakegintza eta normalizazioari buruz bultzatutako elkarrizketa-foroak. Zenbaitek arrakasta handiagoa izan dute beste batzuen alboan, baina guztiek izan dute helburu demokrazian sakontzea ikuskera parte-hartzailetik, hau da, pertsonen arteko elkarrekintza bultzatzetik. Hastapenak izan dira eta oraindik lan asko dago egiteko.

Oro har, demokrazian sakontzeko bi proposamen daude. Alde batetik, zuzeneko demokrazia indartzea; eta bestetik, demokrazia parte-hartzailea bultzatzea. Biak ez dira baztertzaileak eta ziur aski bien arteko konbinaketa bat egitea komeniko litzateke. Zuzeneko demokrazia parte-hartzailea sustatzen duten ereduen artean aurki genitzake Suitza, baita Eslovenia, Austria eta Amerikako Estatu Batuetako zenbait estatu ere. Ikuskera honetan helburua erabakitzea da. Horretarako jendea gerturatu egiten da hautestontzietara eta bozkatu egiten du erreferendumetan. Ez dago elkarrekintza askorik eta askotan hartutako erabakiek ez dute izaten inolako begirunerik ondokoarekiko.

Izan ere, ez da komeni egungo gizarte indibidualistetan demokrazia izatea lehentasunen agregazio hutsa. Zuzeneko demokrazian sakontzeko planteamenduak arriskutsuak izan daitezke baldin eta harreman pertsonal eta kolektiboen dimentsioa garatzea proposatzen ez bada. Suitzan, adibidez, emakumeek ez zuten bozkatzeko eskubidea lortu 1980ko hamarkada arte, behin eta berriro erreferendumetan ukatu zitzaielako.

Alde horretatik, interesgarriagoa iruditzen zait demokrazia parte-hartzailearen diskurtsoak egiten dituen proposamenak. Honen arabera, demokrazia parte-hartzaileak izan behar du tresna publiko eta politiko bat gobernua eta biztanleriaren artean pertsonen beharrak eta politikaren norakoa eztabaidatzeko. Horrela, egungo demokraziak hiru botere aurreikusten baditu (legegilea, betearazlea eta judiziala), demokrazia parte-hartzaileak bat gehiago erantsi nahi dio: herritarra. Bestela esanda, Estatuko aparatutik kanpo, gizarteak estatua kontrolatzeko sortutako eremu publikoa izan behar dute esparru parte-hartzaileek.

Klabe honetan ari dira lanean Uruguain. 1990an Frente Amplio-k irabazi zituen hauteskundeak Montevideoko Udalean eta segidan jarri zituen herritarren parte-hartzea bultzatzeko politikak: aurrekontu parte-hartzaileak eta dezentralizazio politikoa, soziala eta parte-hartzailea hiriko barruti desberdinetan. Arrakasta izan zuten eta horri esker, besteak beste, koalizio horrek irabazi zituen gehiengo osoz 2004ko hauteskunde presidentzialak. Halere, betiko arazoarekin egin zuten topo: Nola sustatu parte-hartze politikak estatu mailan? Zaila da erantzuna topatzea, baina garbi dagoena zera da: bai tokiko administrazioan, bai eta besteetan parte-hartzeak arrakasta izango badu bertan hartutako erabakiek azken erabakian eragina izan behar dutela. Ez da baldintza nahikoa arrakastarako, baina bai ezinbestekoa, beharrezkoa.

1- Aurrekontu parte-hartzailea prozesu demokratiko zuzena, borondatezkoa eta unibertsala da herritarrek udalaren aurrekontu eta politika publikoak eztabaidatu eta definitu ahal izateko. Hau da, udalerriaren gastuak erabaki eta kudeaketa kontrolatzeko. Eta horretarako, zuzeneko demokrazia eta ordezkapenezko demokrazia uztartzen ditu.
Amesten dugun Euskal Herria feminista (Josune Muñoz)
* Skolastikako kidea

Ezer esan baino lehen, amesten dugun Euskal Herria feminista emakume askoren amets kolektiboa dela azpimarratu behar dugu, hori dela kausa idatzi dugu askoren artean artikulu hau, taldeka amesten, eztabaidatzen eta lanean aritzen baikara.
Egia esan, geuk amesten dugun Euskal Herria, feminista baino postfeminista da, feminismoa gaindituta egongo bailitzateke.

Hau da, teoria feministek proposatzen dituzten jendarte aldaketak arlo guztietan ezarri eta onartuta egongo lirateke. Hau argitu ondoren, esan behar dugu amesten dugun Euskal Herri postfeministan egongo ez litzatekeena dela gure ametsak gehien pizten dituena. Bagara, ostera, patriarkal ez den Euskal Herri guztiz berria irudikatzeko gai? Boterea ardatz nagusitzat ez duen jendarte bat? Patriarkatuak gure irudimena guztiz idortu ez duelakoan badoaz irudi berri batzuk…

Etxetik irtetean edo etxera bueltatzean ez genuke begiratuko ea atarian dagoen txoko ilunean itzal mehatxugarririk dagoen, kalean ibiltzean eta terraza baten aurretik igarotzean ez genuke begiluzeen errepasorik jasan beharrik izango arnasari eutsiz, ikastetxera edo lanera ailegatzean ez genituzke leku periferikoak bakarrik edukiko aisiadirako, ezta jarrera erasokor eta lehiakorra derrigorrez izan beharko, ezindu intelektual eta fisiko edo ume handiaren sentsazioa ere ez genuke edukiko, isilik geratzeko beharrik ez genuke sentituko, autoritatea edo boterea besteak duela pentsatu ere ez genuke egingo. Norberak bere identitatea aukeratu eta eraikitzeko askatasuna izango luke eta sexualitatea bizitzeko aukera aniztasuna bermatua legoke.

Ez genituzke ikus-entzunezkoetan emakumeak soilik “lorontzi” edo objektu sexual moduan ikusiko, ezta normala eta anormala kontzeptuak erabiliko ere, hitz egiterakoan emakumearen presentzia eta irudi femenino positiboak erabiliko genituzke ahotan eta tradizioaren izenean inposatutako kateak apurtuta egongo bailirateke aspaldian. Tabernetan adin, genero eta kultura desberdinetako pertsonak ibiliko lirateke ligatzen, dantzan edo kantuan; eta kalea eta gaua seguru eta atseginak izango lirateke denontzat.

Telebista guztiak apurtu eta kaleen artean mila gune sozial izango genituzke solasaldiak izateko, irakurketak egin eta konpartitzeko, geure ahotsa ozenki zabaltzeko. Beno, eta behin suntsitzen hasiz gero, dendak, kontsumismo eta materialismo kateak hautsiko genituzke, hitz batekin, keinu batekin, kantu batekin, marrazki batekin, dantza batekin… AEBetatik urrundu fisikoki eta ideologikoki.

Bestearen (gizonaren, erbesteratuaren, bizilagunaren, aita/amaren, eta abar) singularitatea ikusi ahal izango genuke, bere ahotsa entzun, azala ukitu eta sentitu… eta kontzientzia indartsu horrekin biziko ginateke, irribarre txiki eta sakon batekin beti. Eta etxeko ispilu narzisista guztiak ura bezala urtu eta desagertuko lirateke. Gure izena ez genuke hainbeste paper burokratiko nahiz auto-erreferentzialetan jarri beharko, huts-betearen izena izango genuke; Joxe eta Miren izaki bera izango litzateke.

Begiraden Euskal Herria izango genuke, milaka begi nini ezberdinez elikatua. Itxurek baino begirada konplizeek eta irribarre alaiek gehiago balioko lukete. Euskal Herri alaia eta soziala, muga pertsonalik gabea eta aniztasuna balore garrantzitsutzat ulertzen duena.

Kalea elkar aurkitzeko gune bilakatuko litzateke eta ez elkar aztertu edota presaka elkarri begiratu gabe gurutzatzekoa.

Familia edota bikote (hirukote, etab.) eredu anitzak ohikoak lirateke eta kalean lasaitasunez gurutzatuko ginateke; nor bere identitatearekin gustura eta askatasunez biziko litzateke.

Botere eremu zentralizaturik ez legoke, herriak izango luke boterea eta horretarako hainbat eztabaida, ikas eta sormen gune berezi izango genituzke.

Seguraski txiki-txikitatik beste aitormen eta heziketa jasoa izango genituzke eta betirako lurperatuak gutxiago izatearen konplexuak. Eta jakina, berdin horniturik berdin jokatzera derrigortuak geundeke amatasunaren eta zaintzaren errepublika konpartituan. Horrek askatasunaren estatusa emango liguke are eta berdinago edota ezberdinago izateko, baina beti ere hautuen aurrean. Gauzak horrela, idazteko, pentsatzeko, gozatzeko, hitz batean, historia bestela eraikitzeko eta kontatzeko aukera izanik gure herri honi beste herrialde bat eranstea proposatuko nuke. Zortzigarrena, Oh!ama: Ameslari, deserriratu, leku guztietan gaizki ikusitako elbarri, zahar, gizen, itsusi, emakume, etorkin, langabetu… guztientzako paradisu. Euskal Herri Feministaren zortzigarren herrialdean Oh!ama, Obabatik paseran, Osamak eta Obamak arrotz diren deslekuan…

Eta guzti-guzti hau ez da utopia, guztion artean egin baitezakegu…



* Skolastikako kidea; Amaia, Ainhoa,
Ainara, Gema, Iratxe, Eli, Elena, Lutxi, Pilar,
Karmele, Mikel, Ana eta beste 17 kideren izenean
Internet eta komunikazioa etorkizunari begira (Eneko Astigarraga)
* CodeSyntax-eko kidea eta  Deustuko Unibertsitateko irakaslea

Gu geu gara sarea (“We Are the Web”), esan zuen Kevin Kelly-k Wired aldizkariko artikulu famatuan eta seguruenez esaldi horretan dago komunikazioa eta Interneten etorkizunaren gakoetariko bat.

Aspalditik –1789 urtetik– datorren Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen gaineko Adierazpenak herritar guztiek libreki hitz egin, idatzi eta inprimatu dezaketela jasotzen zuen; ideiak zabaldu eta komunikatzeko eskubidea azken finean.

Eskubide formala, baina hiritarrek eskubide hori gauzatzeko aukera errealak izan behar zituzten, eta ez taldeek edo eliteak bakarrik. Gertaera ez da eman ia XXI. mende arte. Estatistika institutuek diote 2008 urtean Euskal Herriko familien ia %50ak etxean Internet duela, eta seguruenez portzentaia nabarmen igoko da datozen hamar urteetan.

Horri esker, gaur egun, herrialde garatuetan behinik behin, eduki sorkuntzarako blog, foro, wiki, CMS, bideo, argazki, podcast eta Interneteko bestelako sare sozialak agertu eta populazioaren artean zabaldu direnean, XVIII. mendean aldarrikatzen zen komunikazio eskubidea gauzatzeko aukera errealak eskaini zaizkigu.

Edozein gairi buruz salaketak publikatu, aholkuak eman, norberaren berri eman, ideiak elkartrukatu, ezaguera partekatu... dezakegu. Tresna hauei esker, neurri batean aldaketa hasi da.

Internet sareko eginkizun nagusia edukiak bilatu, aurkitu, erabili, sortu, birmoldatu, elkartrukatu eta zabaltzea da. Salmenta ere badago jakina Interneten, baina marketing adituek ondo ezagutzen duten Cluetrain Manifesto famatuaren lehen tesiak dioen moduan “merkatuak elkarrizketak dira”. Eta egia esan merkatu-plazak, azokak, baloreen burtsak... era batera edo bestera, elkarrizketa, eztabaida eta komunikazioa izan dira beti.

Interneten komunikazioa, ideien trukaketa eta lana era kolaboratiboan egiteari “2.0” deitu izan zaio. Baina Web 2.0 delakoa aldiko “izen”, “marka” edo “moda” baino gehiago da. Sarea eta komunikazioa eraikitzeko eta ulertzeko modu berria eta inposatu(ko) dena da. Internetera salto egoki egin duten komunikabide tradizionalekin batera, munduko webgunerik bisitatu eta erabilienak sorkuntza kolaboratiboaren bitartez eraikitzen den web 2.0 amaraunean koka daitezkeenak dira.

Teknikoki, badirudi etorkizunean Internet sistema eragile orokorra izango dela, nonahi erabiltzeko aukera izango duguna. Kapazitate gehiagokoa, askoz azkarragoa eta aplikazio aurreratuak (laborategi birtualak, telemedikuntza, teleinmersioa...) garatzeko eta erabiltzeko balioko diguna.

Ziurrenik, etorkizuneko Interneten ezaugarri nagusiak zabaltasuna, azkartasuna eta ubikuotasuna izango dira. Eta mugikortasunarekin askoz gehiago lotzeaz aparte, zenbaiten ustean hurrengo hamarkadetan gure gorputz eta zentzuetaz gain, gure buruen parte ere izango da.

Bestalde, hurrengo urteetarako kezka garrantzitsuak dirudite norberaren pribatutasuna eta datuen jabetasuna mantentzea, sistema eta datuen segurtasuna gordetzea, eta informazioaren antolaketa egokia sareko datu base erraldoia edo web semantikoaren bidez.

Gauzak horrela, garapenerako izango duen garrantziagatik, etorkizunerako erronketariko bat informazio eta komunikazio gizartean sortzen den haustura digitala gainditzean datza, hau da, Internet duten eta ez duten komunitateen artean ezartzen den ezberdintasuna atzean uztea. Haustura teknologikoa, sozioekonomikoa eta agian linguistikoa ere gainditzea, alegia.

Etorkizunaren aztertzaile adituek hiru eszenategi edo aukera aurreikusten dituzte medio edo komunikabideetan geroan: mundu mailako konzentrazioa, askoren arteko lehiakortasuna eta hiritarren aniztasunaren oinarritutako etorkizuna.

Seguruenik hirurak elkarrekin bizi daitezkeelakoan nago. Hau da, hein batean edo bestean denak emango direla, baina beharbada aro eta eremu ezberdinetan.

Komunikazio munduan sartu beharra dugun Google erraldoia ia monopolioa da zenbait alorretan, lehia gogorra ezagutzen ari gara telebista edo irratien artean –AVS vs. Mediapro, Canal 13 vs. Telefé, eta abar– eta era berean, Interneten norbera da bere esparruaren berriemaile eta kudeatzaile, eta hiritarraren errealitateari egokitutako tokiko komunikabide txikiak ari dira sortzen egunero –Goiena, Zingizango, Karkara, Baleike, Abarrak, Kitto, Ttipi-Ttapa... batzuk soilik aipatzeagatik–.

Herri eta komunitate bezala aldaketetara egokitzeko azkar eta argi ibili beharko dugu, Internet eta komunikazio aro berriak aukera asko eskaintzen dizkigu eta neurri batean aprobetxatzen dihardugu. Internetek eskaintzen dituen aukerei esker inoiz baino jende gehiago dabil ideiak zabaldu eta komunikatzen euskaraz, sarearen askatasunari eta software libreari esker, euskaraz (ere) dauden aplikazio teknologiko askorekin gainera. Baina eremuak eta teknologiak gero eta azkarrago aldatzen dira, horregatik ondo hezi eta etengabe jarraitu beharko dugu aro berriei egokitzen eta ahal badugu hauei aurrea hartzen. Aldaketa eta sorkuntzarako, euskarazko sorkuntzarako, trebatu eta prest izan behar dugu.
Medikuntza eta Euskal Herria (Julian Bereziartua)
* Medikua eta kirurgian espezializatua

Nire herria, Euskal Herria, modu berezian ulertu eta bizitzeko aukera izan badut, dudan lanbideari esker izan da; izan ere, medikua eta kirurgian espezializatua naiz.

Pribilegiatua izan naiz, aukera izan baitut nire arraza beste herrienarekin alderatuta aztertzeko, kanpotik, gorputzari dagokionez. Izan ere, lehenik, pertsona moduan jokatu behar izan dut, eta gero, kirofanoan, bisturiarekin haien arazo fisikoak konpondu ditut.

Operazioaren ondorengo egunetan, berriz, hitzez lagundu diet.

Behin, zorigaiztoko galdera hau jaso nuen:

- Julian, modu berean operatzen al duzue gaixo partikularra eta asegurukoa? Hau da, aparte ordaintzen duena eta soldata barruan sartzen zaizuena?

Harritu egin ninduen haren eraso horrek. Eta aitortu behar dut, min handia eman zidan.

Labur erantzun nion: “Bai, noski! Ez duzu usteko, bada, tumorea erauzi edo zauria josi bitartean, lanaren truke jasoko dudan diruan pentsatzen dudanik!”.

Lagunak duda hori izateak tristatu egin ninduen.

Medikuntza ikasketetan zoriontsu izateko, nahitaez izan behar zaio leial Hipokrates-en zinari. “Etxe batera sartzen naizenero, gaixoaren mesedetan sartuko naiz”, esan zuen Hipokratesek orain dela 2.005 urte. “Isilean gordeko dut dakidana, jendeak entzunez gero gaixoarentzat lotsagarria izan badaiteke”.

Dudarik gabe, medikuntzak aurrera egin du, euskal herritarren mesedetan. Hala ere, jende asko ez da oraindik gutaz fidatzen. Munduan bizi gehien salbatu duen gizonak, penizilinaren asmatzaile Fleming-ek, hau esan zuen behin: “Sendatu, jendea sendatzen du penizilinak; baina, zoriontsu, ardoak egiten ditu”.

Osasun laguntza oso modu desberdinetan ematen duten hainbat herrialde ezagutu ditut nik, eta, denekin erabat ados ez banago ere, uste dut derrigorrezko gaixotasun asegurua dela asmatu den gauzarik onena; izan ere, poliki, baina hobetzen ari da, nik ezagutu dudan denboran (mende erdian).

Nire ustez, eta inon horrelakorik irakurri ez badut ere, medikuntzatik medikuek, erizainek eta, batez ere, gaixoek bizi beharko lukete, eta inondik ere ez atez-ate heriotzaren beldurra zabalduz aberasten direnek. Ez dakit ziur nire iritzi hori leialtasunez betetzen ote den; dena den, ez dago dudarik osasun laguntza merkeagoa litzatekeela, medikuak gaixoak etxean bisitatu besterik ez balu egingo. Merkeagoa bai, baina eskasa izango litzateke.

Euskal Herrian, harro gaude, adibidez, munduan giltzurrun-transplante gehien egiten duen zentroa edukitzeaz. Handia da hori gero!

Bide onetik goaz. Euskal profesional bikainenak ari dira mundu osoan lanean. Ona litzateke gu guztiontzat Euskal Herrira lanera bueltatzeko aukera balute! Horretarako, baina, dirua mahai gainean jarri behar da.

Beste erkidegoetatik gurera etorritako batzuk esan izan didate beren etxeetan baino maila hobea dugula osasun alorrean. Nola ez poztu, horrelakoak entzunda!

Hala ere, ezin gara bertan gozo gelditu, badugu eta zer hobetu. Lehenik eta behin, gaixoak libreki hautatu ahal izan behar luke bere medikua, bai etxeko medikua, baita espezialista ere. Ez esan posible ez denik.
Euskal Hezkuntza Sistema propio bat XXI.menderako (Abel Ariznabarreta)
* EHUko irakaslea

Gizarteak bere kideen heziketaz izan duen borondatea islatze aldera, honako xede hauek esleitu dizkio hezkuntzari historian zehar:

- Norbanakoa pertsona bezala heztea.

- Norbanakoa hiritar edo gizatalde bateko kide bezala trebatzea.

- Norbanakoa lan munduan txertatzeko prestatzea.

Aurrerantzean badirudi xede bertsuak ezartzen dizkiogula egungo hezkuntza sistemari, eskolari alegia. Horrela dirudi behintzat Europak 2010erako hezkuntza sistemak neurtzeko ezarritako adierazleen arabera.

Aldaketa handiak gertatzen ari dira azken hamarkadetan munduan eta Euskal Herrian. Gizarte aldaketa azkar horien eta globalizazioaren eta dinamika sozial berrien ondorioz erronka berriak agertzen zaizkigu. Aldi berean, bai familien tipologia eta ikastetxeekiko harremanak aldatzen ari dira, baita hezitzaileen zeregin eta formazio-beharrak ere. Egoera horri aurre eginez erantzun egokia eskainiko dion hezkuntza sistema asmatzerakoan, badaukagu hasiera beretik gainditu beharreko oztopo bat: Euskal Herriak, gaur egun, ez du hezkuntza sistema propiorik. Azken hamarkadetan sistema berri hori eraikitzeko bidean emandako urrats guztiak aintzat hartuz, Hezkuntza Sistema propioa garatu beharra dugu.

Zeintzuk lirateke Hezkuntza Sistema horren funtsezko ezaugarri edo oinarriak? Zutabe nagusiak aipatzekotan, Nazio Eztabaida Guneko Hezkuntza Batzordearen ekimenez eta hezkuntzako hainbat eragile desberdinen artean osatu eta adostutako Euskal
Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa baliagarritzat jotzen dugu ardatz moduan:

1.- Eskubideetan oinarritutako Hezkuntza sistema
Hezkuntza ikuskera propio horren gauzatzean, Euskal Hezkuntza Sistemak, euskal herritar guztiei, nazioarteko oinarrizko eskubideen hitzarmenetan jasotako eskubide unibertsalak aitortzeaz eta bermatzeaz gain, honako eskubide hauek bere egin beharko lituzke, gure ustez:.

- Ikasleek hezkuntzaren bidez beren ahalmen guztiak garatzeko duten eskubidea, pertsona kritiko eta aske izateko bidean.

- Eskolaren bidez euskalduntzeko eta Euskal Herriko curriculum propioaren arabera hezteko eskubidea.

- Euskal gizartera heldu berriak izan eta eskolatzen direnen ama hizkuntza eta kultura errespetatuko zaizkienaren eskubidea aitortzea eta bermatzea.

- Parekidetasuna lortzeko didaktikan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea.

- Oinarri demokratikoen arabera antolatutako eta kudeatutako hezkuntza komunitate bateko partaide eraginkorra izateko eskubidea.

2.- Euskal Curriculuma oinarrizkoa eta komuna definitzeko eta ezartzeko konpromisoa
Curriculuma hezkuntza praktika gidatzen duten helburu eta edukien arrazoizko programazio tekniko huts bat baino askoz gehiago da. Curriculuma gizatalde baten gizarte –eta kultur– egitasmo propioak eskola eremuan duen adierazpen gisa uler daiteke.

Baina Curriculum propioa definitzean, ikuspegi berritzailearekin etorkizunera begira egingo den hezkuntza sistemaren berrikuntza orokorra sustatu behar dugu, egungo eta biharko euskal gizartearen beharrizan sozial desberdinei irtenbideak eskaini ahal izateko modukoa, alegia. Horregatik, Euskal Curriculuma eraikitzerakoan, berreskurapen eta kultur integrazio inklusiboaren ereduen arteko uztarketa egiteari ezinbestekoa deritzogu. Zergatik eredu hori? Gure hizkuntza eta kultura asimilazio prozesu baten ondorioz minorizazio egoeran daudenez, horiek mantentzeko eta indartzeko berreskurapen kulturalaren eredua hartu dezakegulako abiapuntutzat. Baina etorkizuna eraikitzeko, kultur integrazio inklusiboaren bidea jarraitzea proposatzen dugu; hau da, batasuna eta aniztasuna bateratzen dituen bidea. Planteamendu horrekin landu da oraintsu gizarteratutako Euskal Curriculuma, bere inguruan hezkuntzako hainbat eragile desberdinen babesa eta aplikatzeko konpromisoa bildu dituena, hain zuzen.

3.- “Hezkuntza Publikoa” kontzeptuaren birdefinizioa
Hezkuntza Publikoa-k herrien eta herritar guztien garapenerako beharrak asetzen dituen hezkuntza izan behar du, aukera berdintasunean eskubide guztiak ziurtatuko dituen kalitatezko zerbitzua, alegia. Beraz, Euskal hezkuntza publikoa “publiko-herritar” ikuspegian kokatzen dugu; hots, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahi baitugu. Horregatik, horren diseinua, antolaketa, planifikazioa, kudeaketa eta garapena botere publikoei eta hezkuntza komunitate osoari dagozkiela deritzogu. Edozelan ere, ukaezina da botere publikoek duten betekizuna guztion hezkuntza eskubideak bermatzekotan. Finantziazioak eta kontrolak, esaterako, publikoak izan beharko lukete; eta hezkuntza publikoaren gestioak eraginkorra, gardena eta jarraipen soziala duena. Ikastetxeen titularitateak eta kudeaketak, berriz, hauen eta botere publikoen arteko hitzarmenean oinarritutakoak.

4.- Eskola-erakunde bakoitzaren autonomia eta protagonismoa
Eskubideak berma daitezen, heziketa prozesua hobetzea eta egokitzea izango da eskola-erakunde bakoitzaren egitekoa. Bide horretan ezinbestekotzat jotzen dugu Hezkuntza Proiektu propioa izatea, zeinetan bilduko diren eskola-erakundearen identitate ezaugarriak eta xede partekatuak, hezkuntza komunitateko partaide guztiena izango dena eta gestio eta gainbegiratze demokratikoak izango dituena.

Horretarako, hezkuntza sistema berriak gaurkoa baino kudeaketa-eredu askoz ere deszentralizatuago bat garatu beharra du. Ezinbestekoa da ikastetxe guztiek autonomia maila ahalik eta handiena izatea arlo guztietan (antolaketan, hezkuntza –zein ikasketa– proiektu arloan, hezkuntza-berrikuntzan, giza- zein finantza-baliabideen kudeaketan,…), baina baita, ikastetxeen aldetik, autonomia maila hori onartzeak eta kudeatzeko konpromisoa bere egiteak suposatzen duten erantzukizunari aurre egiteko borondate praktikoa agertzea ere.

5.- Hezkuntzaren lehentasun soziala
Gizartea kohesionatzeko hezkuntzak lehentasun soziala izan behar du eta beharrezkoak dituen baliabide eta inbertsio egokiak jaso ere. Horrek, Barne Produktu Gordinaren terminotan hitz eginda, zera esan nahi du: Europar Batasuneko %5,1eko batez bestekoa gaindituz, egungo inbertsioak suposatzen duen %3,8tik abiatuz (EAEko datuen arabera), Europa iparraldeko herrialdeetara begiratu behar dugula. Ibilbide luze xamar horretan, tarteko erreferentzia izan beharko luke, jada Delors Batzordeak bere garaian gomendio bezala iragarri eta, ondoren, Lisboako Akordioek (2000) ezarri zuten BPGaren %6ra iristeko konpromisoa 2010. urterako.

Amaitzeko, gure herriarentzako zer-nolako hezkuntza sistema nahi dugun eztabaidatzeko eta adosteko unea dela uste dugu. Bide horretan eman ditzakegun urratsak, egin ditzakegun ahaleginak bateratzeko garaia, alegia.

Azkenak
2024-12-12 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak kudeaezin bihurtu dezake

Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Osakidetzako oposizioen filtrazioen ikerketa errudunik gabe itxi du epaileak

Blanca Ester Díaz Pulido epaileak Osakidetzako 2018ko oposizioen filtrazioen inguruko ikerketari amaiera eman dio, sei urte eta erdi igaro ondoren. Akusatu guztiak absolbitu dituzte, 22 guztira, nahiz eta bi kasu behin-behingoz artxibatu dituzten.


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?

Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan, ustez puntako teknologia “jasangarria” duten baina elektro-intentsiboak... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da

Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Palestinarekin elkartasunez, McDonald’s berriari boikota egitera deituko dute Santutxun

Abenduaren 13an mobilizazioa antolatu dute Santutxun (Bilbo), enpresa amerikarra palestinarren aurkako genozidioaren parte dela salatzeko. Auzoko kideek azpimarratu dute ez dutela nahi auzoan sarraskiari sostengua ematen dion enpresa multinazionalik.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko

Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


Eguneraketa berriak daude