Jon Hernaez/ Argazki Press
ELAk, Euskal Herriko sindikatu nagusiak –ia 110.000 afiliatu–, XII. Kongresu Nazionala egingo du azaroaren 26 eta 27an Bilboko Euskalduna Jauregian. Azken hilabeteotan piztu eta industrian eta langileengan eragina izaten hasi den mundu mailako krisi finantzario handiaren erdian burutuko da kongresua. Zalantzarik gabe, krisiaren aurkako kongresua izango da.
XII. Kongresu honetan Jose Elorrietak idazkaritza nagusia utziko du, eta 1999an abiatu zen belaunaldien erreleboaren adierazpena da, urte horretan batzorde nazionaleko kide izateko 58 urteko muga ipini baitzen. Muga hori dela eta utziko du kargua Elorrietak. German Kortabarriak ere halaxe egin zuen duela urtebete. Belaunaldien erreleboak, ordea, azken urteotan Elorrieta buru izan duen taldeak sindikatu abertzalean ezarritako estrategia sindikal eta politikoaren jarraipena dakar berekin. ELAko idazkaritza nagusiko eta batzorde exekutiboko kide izango direnek behintzat horixe esan dute Kongresua baino lehen. Eta hori ondoriozta daiteke militantziak eztabaidatu duen eta Kongresuan onartuko den txostena kontuan hartuz gero.
Sindikatuaren zuzendaritzan hamar kide berriak sartzen direnean, 76ko belaunaldia delakoaren ordezkaririk ez da geratuko. 1976an, erregimen frankistaren gainbeheran, sindikatuak Kongresua egin zuen Euba auzoan (Zornotza, Bizkaia), eta bertan ELAren ezaugarriak birfundatu zituzten. Adolfo Muñozek, idazkari nagusi berria izango denak, Kongresu horretan parte hartu zuen, baina soilik militante moduan, 17 urte baino ez zituela.
“Langile ekin”
Hauxe da ELAren XII. Kongresurako aukeratu duten leloa. Lelo horren bidez, sindikatuaren arduradunek “bizi baldintzen defentsan sindikatu abertzaleak langileekin duen konpromisoa” ikusarazi nahi dute. Eta, horrekin batera, “langileei deialdia egin nahi zaie, jasaten dituzten lan baldintza eta baldintza sozial bidegabeak ezerezteko borroka daitezen”. Ordezkari sindikalek uda ondoren eztabaidatutako txostenean –karguak utziko dituen Batzorde Nazionalak onartua–, egoera sozioekonomikoa eta Hego Euskal Herriko gobernu eta administrazioen nahiz patronalaren jokaera aztertu dute. Zentzu horretan, “patronala eta gobernuak eskutik doazela” da ondorioetako bat. Txostenaren arabera, gobernuek “kapitala kontzentratzea eta diruaren zirkulazio askea bultzatu dute eta kapitalak espekula dezan eta mozkin handiak lor ditzan onartu dute”. Gobernuek “kapital espekulatibo horren aldeko politika publikoak egin dituzte, behar gehien dutenak aintzat hartu ordez”, gaineratu dute.
Egoera horren aurrean, sindikatu abertzaleak enpresak sindikalizatzearen aldeko apustua egiten du, izan ere “sindikatuek egoera honi erantzuteko antolatu behar dugu”. Horregatik, bere estrategiari eutsiko dio negoziazio kolektiboan. Halaber, sindikatu abertzaleak “beste gizarte eredu bidezkoagoaren” aldeko apustua egin du, “bestelako politika soziala posible delako, baina euskal administrazio publikoek ez dute egin nahi”. Eraginkortasuna hobetzearren, beste sindikatu batzuekin lan egitearen alde agertu da, politika sozial publikoak alda daitezen lortzeko.
Sindikatuan egindako eztabaidan, bereziki azken hilabeteotan, ziurra da militanteek krisi finantzarioa eta gobernuak kapitalismoa “erreskatatzeko” egiten ari diren politikak kontuan izan dituztela. Txosten orokorra idatzi zenean, krisia oraindik ez zen gaurko indarrez ageri. Eta batez ere, une honetan, ELAren Kongresuak krisi finantzarioa enpresetan eta langileengan izaten ari den ondorioak aintzat hartuko ditu. Eta, ondorioz, dagozkion neurriak erabakiko ditu.
Apustu politikoa: Lizarra-Garazi
ELAren estrategia politikoari dagokionean ere jarraipenaren aldeko apustua egingo da. Jakina da aurreko batzorde exekutiboa Lizarra-Garaziko Akordioaren defendatzaile nagusietakoa izan dela, akordioan zuzenean parte hartu eta gero. Zentzu horretan, txostenak azaltzen du, Espainiako Estatuaren itxikeriaren aurrean, “subiranotasunaren aldeko prozesua aurrera eramateko aukera bakarra Lizarra-Garaziko Akordioan” dagoela. Sindikatu abertzale honek ez du inoiz sinetsi Ibarretxe lehendakariak aldarrikatutako “kontsultan” eta, beraz, oso kritiko agertu zen proposamen horrekin. Beste bide batzuen aurreko urrats gisa, indar subiranistak pilatzearen alde egin du beti.
Sindikatua datutan
Aurtengo iraileko datu ofizialen arabera, 109.318 afiliatu ditu ELAk, 2004ko kongresuan emandako datuetan baino %4,42 gehiago. Ipar Euskal Herrian, ordea, ez dauka, esaterako, LABek duen egitura. Dena den, Euskal Herriko sindikaturik handiena da, eta Hego Euskal Herrian ordezkari gehien dituena.
2004ko kongresuan eskainitako datuak:
- Afiliatuak: 104.695.
- Bizkaia: 48.752 (%46,57). Gipuzkoa: 32.846 (%31,37). Araba: 13.456 (%12,85). Nafarroa: 9.641 (%9,21).
- Gizonezkoak: 68.663 (%64,76) eta emakumezkoak 37.362 (%35,24).
35 urtetik beherakoak: 11.278 (%10,64).
Afiliatuak sektoreka:
- Metala: 31.203 (%29,80).
- Gizalan: 28.905 (%27,61).
- Hainbat: 22.782 (%21,76).
- Zerbitzuak: 21.805 (%20,83).
Sindikatuen ordezkaritza Hego Euskal Herrian (2007-12-31)
- ELA: %35,62.
- CCOO: %21,08.
- UGT: %17,51.
- LAB: %16,02.
- Besteak (ESK, STEE EILAS, USO...): %9,74.
Batzorde exekutibo berria
Batzorde exekutibo berriak 41 urteko batez besteko adina du eta 35 urtez azpiko hiru kide izango ditu. Ondokoak dira karguak:
- Adolfo Muñoz, Txiki, idazkari nagusia.
- Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren albokoa eta diruzaina.
- Patxi Agirrezabala, komunikazio arduraduna.
- Alazne Alonso, Genero, Gazte eta Laneko Osasuneko Politiken arduraduna.
- Xabier Anza, Lanbide Heziketako arduraduna.
- Txema Laiseka, Afiliazio eta Hauteskunde Sindikaletan arduraduna.
- Mitxel Lakuntza, Nafarroako Koordinazio arduraduna eta Immigrazio arduraduna.
- Mikel Noval, Gizarte Politikako, Ikerketa Bulegoko eta Ingurumen arduraduna.
- Leire Txakartegi, Zerbitzu Juridikoen eta Euskararen arduraduna.
- Eustakio Uranga, Antolakuntza arduraduna.
- Joseba Villarreal, Negoziazio Kolektiboko arduraduna.