Esaten dute Baltasar Garzón epaileak Kolonbiara egindako bidaia batean erabaki zuela frankismoaren kontrako auzia irekitzea, hainbat hilotzen exhumazioa bertatik bertara ikusi zuenean. Esaten dute Nobel saria irabazteko anbizioak bultzatzen duela. Zaila dirudi pentsatzea operazioaren atzean motibazio pertsonala soilik dagoenik eta politikaren azpijokoak eraginda ez denik. Dena den, Euskal Herrian bati baino gehiagori aurpegia aldatuko zitzaion Espainiako egunkarietan irakurtzean, frankismoaren krimenak epaitzeko auzia Garzónen “beste delirio bat” dela.
Espero zitekeen auzia
Joan den irailaren 1ean magistratuak diligentziak hasi zituen Gerra Zibilean errepublikarren bandoko desagertuen zerrenda osatzeko. Horretarako eskari zehatza egin zien hainbat erakunderi, tartean Espainiako Apezpikuen Konferentziari, eta hainbat udal, artxibo eta elkarteri. Garzónen ekimenak ez ditu den denak ezustean harrapatu, gerrako biktimen elkarteek askotan leporatu baitiote Argentinan edo Txilen gertatutakoari kasu egitea, eta aldiz, gertuago duenari bizkarra ematea. Gainera, Memoria Historikoaren Legeak gizarte sektore zabaletan utzitako zapore mikatzak auzia arlo judizialera eramateko bidea ireki zuen.
Guztira 114.000 pertsonen datuak jaso ditu epaileak. Eusko Jaurlaritzak 1936 eta 1942 urteen artean hildako 8.650 lagunen izenak helarazi zituen eta Nafarroako hildako eta desagertutako senideen elkarteak beste 3.431renak. Datu horiek eskuetan, auzia ikertzeko gai dela adierazi du Garzónek urriaren 16an, 68 orriko auto batean. Horrela, hemeretzi hobi komunetan gorpuak lurpetik ateratzeko lanak baimendu ditu, Ezkabako gotorlekuan dagoena kasu, eta Errepublikaren kontrako altxamenduan parte hartu zuten 35 goi kargu jo ditu desagerpen horien arduradun, Francisco Franco diktadorea tartean dela. Jakina, pertsona horiek guztiak hilda daude eta hori egiaztatzen duenean, epaileak haien ardura penala bertan behera utziko du halabeharrez.
Ezpatak dantzan Entzutegi Nazionalean
Kontu honek guztiak hautsak harrotu ditu Entzutegi Nazionalean eta Javier Zaragoza fiskalaren eta Garzón epailearen arteko harremana gaiztotu du erabat. Gizateriaren kontrako krimena edo delitu arruntak diren, 1977ko Amnistiaren Legea aplikatu behar ote den, Entzutegi Nazionalak hilketa horiek ikertzeko eskumena duenentz... Epaitegia bi oilarren ringa bihurtu da eta inork ulertzen ez dituen ukabilkada judizialak entzuten dira. Ez ote da gerrako biktimen duintasuna zauriturik gertatuko borroka horretatik?
Magistratuaren prozeduran dauden hutsegiteak aparte utzita, ekimenak, nola ez, eskuinaren kritika uholdea ekarri du. Betiko leloa: “Aspaldi itxitako zauriak irekitzen ditu”. Gerrako hilketen ardura, hiltzaileena da noski, baina eskuina ez dago lasai. Izan ere, Garzónen autoak ataka bat zabalik utzi du frankismoan aurrera egindako krimenak ikertzeko –besteak beste, 1951 arte Falangeko buruak zein ziren jakin nahi du epaileak–. Trantsizioan izandako beste krimenak ere ikertuko ote ditu? Bizirik al daude horien arduradunak?
Eta bitartean Eliza isilik dago. Euskal Herrian izandako gerrako fusilaketa askoren informazioa Elizbarrutietako artxiboetan egon liteke, eta horiek historialariei irekitzea denbora kontua izango da. Auzia hasi zenean begirada guztiak Elizaren eta haren artxiboetara zuzendu ziren, Apezpikuen Konferentziak baina, purrustada lausoak besterik ez ditu bota eta gerran hildako elizgizonen beste “multibeatifikazio” bat izan da erantzun garbi bakarra. Nabarmena da Zapateroren Gobernuak ikara diola eskuinari, ikara Elizari. Horregatik egin du fiskaltzak hain bizkor Garzónen kontra –mihi gaiztoek itxura kontua dela diote–, eta hain mantso Memoria Historikoaren Legearekin.
Balio sinboliko handia
Duela urte bete onartu zen arren, Memoria Historikoaren Legea ez da hain erraz ezarriko eta gainera hutsune ugari ditu, batez ere justiziaren arloari dagokionean. Frankismoaren zigorrak bidegabeak direla dio Legeak, baina ez ditu baliogabetzen eta horrek sumindura sortu du. Lotsagarria da, baita ere, hobi komun ugari oraindik bere horretan egotea, non eta oraindik ez den hildako eta desagertutakoen errolda ofizialik egin.
Biktimen senideen ustez auzia irekitzea urrats garrantzitsua izan da, Estatuak egin ez duena agerian utzi baitu. Euskal Herrian mesfidantza da nagusi, beste “iruzur” bat izango ote den. Hala ere, elkarte eta alderdi gehienek begi onez ikusi dute Garzónen ekimena. Ez da ahaztu behar desagertuen senideek hamarkada askotan isilik egon behar izan dutela, dolurik gabe, “suzko armaz zauritua” adierazten duen heriotza akta bat besterik ez dutela, kasurik hoberenean. Horregatik, Garzón-Zaragozaren arteko kontu teknikoen osinetan lokaztetik harago, frankismoa epaitzeak balio sinboliko itzela dauka.
Gaitz erdi
Elkarteak herri akusazio bezala aurkeztuko dira auzian, Ahaztuak elkarteak ere hori iragarri du. Baina Entzutegi Nazionaleko magistratuen plenoak lehenago edo beranduago esango du Garzónek ez duela eskumenik hori ikertzeko. Itxaropen faltsuak sortzea da epaileari egotzi zaion beste arantzetako bat. Gaitz erdi honek guztiak hobi komunak ireki eta gertatutakoa ikertzen segitzeko balioko badu.
Aditu talde batek lagunduko ei du ikerketa aurrera eramaten. Francisco Etxeberria auzitegiko medikua batzorde horretan egotea berme handia da. Bai berak eta baita Euskal Herriko beste zenbait historialarik diote akatsak daudela Garzóni bidalitako desagertuen zerrendetan eta desagertuak zein diren definitu beharko dutela lehenbizi. Memoria historikoaren “politika publikoak” falta dira Etxeberriaren ustez. NaBaik proposatu duen Nafarroako Memoria Historikoaren Institutuak balioko al du gabezia hori nolabait betetzeko? Espero dezagun PSOEren borondate politiko eza agerian uzteko baino gehiago balio izatea.
Dena den, memoria historikoaz hitz egiten den bakoitzean hamaika irrintzi entzuten da, horixe gertatu zen iaz Legearekin, horixe gertatu da aurten Garzónen auziarekin. Picassoren zaldiak zauriak irekita dituelako izango da.
Irakurri:
Fusilatuen hobiak irekitzea denbora kontua da