“El Eternauta”: komikia, literatura eta izua Argentinan

  • Duela 30 urte, 1978an, militar argentinarrek hil zuten Héctor Germán Oesterheld idazle eta komikigilea. Bere lau alaba gazteak ere desagerrarazi zituzten betiko, bi biloba moduan. Oesterheldek El Eternauta komikian Hego Amerikako diktadurak marraztuak zituen... gertatu aurretik.
El Ethernauta

Oesterheldarren akaberak izua eragiten du irakurri hutsarekin. 1976 eta 1978 artean Argentinan diktadura antolatu zuten militarrek bahitu, torturatu eta hil egin zituzten Héctor Germán Oesterheld (HGO) idazlea –El Eternauta klasikoa eta beste askoren egilea– eta 18-24 urteko lau alaba gazteak, Beatriz, Diana, Estela eta Marina. Suhi bat eta biloba txiki bi ere bai. Elsa emaztea baizik ez zuten utzi bizirik, emakume bati ezarri dakiokeen torturarik latzena bizitarako erantsita.

“HGO da XX. mendeko abentura sortzaile bikainenetakoa. Heroiaren profila aldatu zuen. El Eternautak, bere sorkuntza nagusia, iragarpenez betetako fikzio zirraragarria, muga politikoak eta literatur generoak zeharkatzen ditu eta klasiko bihurtu da gero eta irakurle gehiagorentzako. Komikien obra homerotar honek gizatasunari egiten dio galde”. Hori idatzi zuen Manuel Rivas idazle galiziarrak El País egunkariaren igandetako gehigarrian plazaratutako El desaparecido HGO artikuluan. Geroztik idazlana webgune ugaritan irakur daiteke, beste titulu honekin: Un caso estremecedor de aniquilamiento de una familia de gente progresista, de artistas.

1919an sortua, HGOk aita judu alemana zuen eta ama euskal jatorrikoa, Puyol abizenekoa. Geologia ikasi ostean, lehenbiziko lanak alor horretan egin zituen, lur eta mineralen analisietan. Baina idazteari lotu zitzaion gaztetatik. Geologia utzita ere, beti jarraituko zuen munduko aldizkari zientifiko aurreratuenak irakurtzen.

Hasieran, haurrentzako asko idatzi zuen. Ia beti seudonimoz, hemen ere duela gutxi arte ohitura izan den moduan. Anaia Jorgerekin laster sartu zen liburugintzan, argitaletxe propioa antolatuta. Komikietan murgildu zen, gidoigintzan, eta hogeita hamar urtetan 150 obratan hartu zuen parte, ehun marrazkilari baino gehiagorekin, tartean Hugo Prattekin.

Argentinan komikigintzak urrezko urteak bizi zituen, eta HGOk maite zuen formula: “Goiko eta beheko kulturen dilema gezurtia hautsi nahi zuen. Ez zuen aurreiritzi elitistarik. Jendearengana hurbildu nahi zuen eta hori bateragarri uste zuen kalitatearekin. Horra El Eternautaren lezioa: abangoardiako obra jendeari iritsi zitzaion, abentura handia eta literatura bikaina”.

El Eternauta izenez bi obra daude bataiatuta, biak ere HGOren gidoia dutenak. Lehena 1957koa da, Francisco Solano López-ek marraztua. Etorkizuneko Argentinak jasan behar omen duen inbasioaren fikziozko kronika distopikoa da El Eternauta. Denboran edo eternitatean barrena aurrera eta atzera dabilen Juan Salvo eternautak gidoigileari kontatuko dio berak etorkizunean ikusi duen katastrofea.

Zientzia fikzioaren osagai klasikoz josia dago obra. Elurte batek iragartzen du urrutiko alienigenen etorrera. Klase ezberdinetako soldadu eta armak usatzen dituzte atzerritarrek Argentinako herritarrak zanpatzeko. Hauetako batzuek erresistentziazko gerra antolatuko dute, baina behin eta berriro eroriko dira inbasoreek ezarritako zeladetan. Soldadu etsaiak, gainera, ikusiko da bertakoak direla, inbasore ezezagunek esklabutzat hartu, itxuraldatu eta anai-arrebak txirtxilatzera igorri dituzten izaki errobotizatuak.

Komikiaren barruan erakutsiko du bere burua gidoigileak. Bukaera aldean, 1963an gertatu behar omen duena 1957an kontatu dion eternautak ez du gehiago ezagutuko idazlea: denboran atzera egitean memoria galdu du. Azkenean, informazio guztia jaso duen idazlea bihurtu da Eternauta.

Izuaren gordelekuetan preso

1976an publikatu El Eternauta II. Lehenaren jarraipena zen, hura bezala Solanok iruditan ipinia. Baina bitartean, asko aldatuak ziren gauzak. Bigarren liburukian Argentinako eguneroko biziezinari buruzko loturak askoz nabarmenagoak dira, erreferentzia politikoak gardenagoak.

Oso bestela bizi zen HGO ere 1976an. Montonero mugimenduan sartua, atzetik zebilzkion poliziak eta militarrak. Diote testuak batzuetan telefonoz diktatzen zituela karriketako kabinetatik. Argitaletxera azaltzekotan desorduetan egiten zuela. Hark zientzia fikzioan asmatutako munstroak haragi eginak ziren.

1976ko ekainean Beatriz alaba harrapatu zuten militarrek. 19 urteko neskaren gorpua izango zen ama Elsa Sánchezek berreskuratu ahal izango zuen bakarra. Uztailean harrapatu zioten Diana, 23 urte eta haurdun. 1977ko apirilean Héctor. Azaroan Marina, 18, eta abenduan Estela, 24. Urte haietan eman zuen epaia Ibérico Saint Jean jeneralak: “Primero mataremos a los subversivos; después a sus simpatizantes, y por último a los indiferentes”.

Manuel Rivasek kontatu ditu HGOren desagertualdiko –horrela deitu beharko zaio, legezko atxiloketarik ez zenez izan– xehetasun surrealistak. Zeren eta Sheraton hotelean beste askorekin batera desagertuta zeukaten denboran lana ere eman baitzioten militarrek. Aurretik, beste obren artean Che Guevararen biografia komikirako egokitua zen HGO, arrakasta handia lortuz gainera. Amerikanoek enbaxadara deitu omen zioten gero, Kennedyrekin gauza bera egin zezan, baina Oesterheldek uko egin. Evita Peronena idatzia zuen, baina ez zen argitaratu. Militarrek, preso zeukatela, Juan San Martinen biografia egiten jarri omen zuten. Umore beltza.

Gainerako 30.000 desagertuak bezala Oesterheld ere torturatu egin zuten. Denetan torturarik gogorrena harekin preso egon eta bizirik ateratzeko zoria izan zuen batek kontatu du: lau alaba hilen gorpuei eginiko argazkiak erakutsi omen zizkioten.

Beste behin biloba eraman zioten zulora. Martin izeneko hiru urteko honekin ordu luzez hizketan egoten utzi zioten. Egun hartan bertan hilak zizkioten gurasoak. HGOren beste bi bilobek desagertuta bukatu zuten, Argentina osoan 800 gehiagorekin gertatu bezala, baina Martin amatxiren etxean entregatu zuen militarren batek... eta gaur bizirik da.

Iaz eta aurten Héctor Germán Oesterhelden heriotzaren 30. urteurrena eta El Eternautaren 50.a ospatu dituzte Argentinan, hitzaldi, erakusketa, birrargitalpen eta abarrekin. Horien aitzakian bildu ditu Manuel Rivasek lekukotasun bat baino gehiago. Inportanteena, alargunarena. Elsa Sánchez oraindik harrituta bizi da senarra eta lau alaben galerari gaina hartu eta iraun duelako. Paradisua ezagutu zuten elkarrekin, Argentinak inoiz eduki duen belaunaldirik onena, bizimodu ona, sexualitatearen askapena, kulturaren loraldia, artisten arteko zoriona... Eta infernua ondoren.

Berrikitan, Elsa alargunari desagertuta egondako emakume bat hurbildu omen zitzaion, medikua bera. Escuela Mecánica de la Armada famatuan zegoelarik atxilo, hango hiltzaile handienetakoa zen Alfredo Astiz –Angel de la muerte– ofizialak bulegora deitu eta mahaiko kajoitik aterata liburu bat eman omen zion. “Hartu eta irakur ezan, Argentinako libururik onena dun”. El Eternauta zen. Munstroak ondo ezagutzen zuen.

Argazki oina: Lerroon albokoak bi afixa dira, Héctor Germán Oesterhelderen heriotzaren 30. urteurrenaren eta El Eternautaren 50.aren ospakizunerako prestatuak. Komiki klasikoaren protagonista ageri da bietan. Behekoan Argentina zuritu duen elurte bitxia ikusi daiteke, diktaduraren etorreraren metafora. 1960 inguruko argazkian marrazkilariaren familia ageri da: Héctor, Elsa Sánchez emaztea eta lau alabak, Estela, Diana, Beatriz eta Marina. Sendiak urte zoriontsuak bizi zituen, baina urak gero eta arreago zetozen Argentinan. Ama ez beste bostak Montoneros taldera hurbilduko ziren. 1976an militarrek Proceso de Reorganización Nacional bataiatutako diktadura ezarri zuten. Milaka gehiagorekin batera suntsitu zituzten Oesterheldar familiako aita-alabak.
Informazio gehiago

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude